Goizean Durangon izan naiz, urtero bezala. Lehenengo, goizeko 11:00etan, Gotzon Garateren omenezko ekitaldira joan naiz. Xumea eta polita izan da. Gustura egon naiz bertan. Eguerdian sartu naiz azokan eta hor ibili naiz batetik bestera. Jende dezente zegoen, jada, 12:00etan, eta, 13:00ak aldera, gehiegi, aukeran. Liburu batzuk erosi ditut eta disko bat ere bai: Rafa Ruedaren "Zuhaitz adar okerretan gora noa"; dedikatorioa eta guzti gainera, Rafa bertan zegoen eta. Baina, ez dakit nolako errotuladorea erabili duen idazteko, ze diskoan begiratu dudanerako, idatzitakoa zirriborratu egin da. Orain dela pare bat urte ere gauza bera gertatu zitzaidan Jabier Muguruzaren disko batekin. Agian beste errotuladore "permanent" horietako bat eman beharko liekete diskoak sinatu behar dituztenei. Ez al duzu uste?
Liburuak, berriz, batzuk neuretzat eta beste batzuk oparitzeko, honakoak: "Bilbao-New York-Bilbao", Kirmen Uriberena; "Munduko zazpi herrialdetako ipuinak" eta "Gau ilunekoak" Jose Sarrionaindiarenak; "Zoaz infernura, laztana", Anjel Lertxundirena eta "Mundua lo dagoen bitartean" Patxi Zubizarretarena. "Thebalde" aldizkariaren ale batzuk ere eskuratu ditut, beti bezala, debalde; eskerrik asko.
Beste kontu bat: banekienez gauza dezente erosi behar nuela, aurten neure poltsa eraman dut eta, horrela, ez dut hainbeste alferrikako zorro eskatu. Zein ekologikoa naizen, ezta? ![]()
Badakigu euskara batua zuzen idazten ikastea ez dela gauza erraza, baina Xabier Payak ARGIA adizkariko bere bertsoetan eskaintzen dizkigun aholkuak kontuan hartuz gero, gauzak aldatu egiten dira. Irakurri ( eta kantatu) bestela!
Ez badakizu bereizten letra
xehea eta larria,
ez badakizu zerbaiten faltan
uzten duzun elbarria,
ez badakizu zetaz apaindu
behar zenukeen txerria…
hona zuretzat euskara batu
sinplearen aldarria.
Bertsoak kantatzeko bi doinu aipatzen ditu Xaberrek : "Andre txarraren bentajak" edo "Pello Joxepe tabernan dala". Guk bigarrenaren doinua aurkitu dugu Ikasbilen>
Datorren asteartean, maiatzak 15, goizeko 10:00etan Angel Cuerdo tolosar abenturazale eta baidaiari handiak Mekong ibaira egindako bidaiaren diapositibak erakutsiko dizkigu euskaltegiko ikasleoi. Aukera polita da urruneko paraje hori ezagutu eta Angelen azalpen bizi eta atseginarekin gozatzek.
Bidaia horretaz eta beste batzuez gehiago jakiteko sartu bere web orrian: www.angelcuerdo.com

Ideia nahikoa sinplea da, baina pentsarazi egiten du, eta azaldu ere bai zergatik irakurritako hainbat kontzeptu edo ideia ez zaizkigun buruan guk nahi bezain ondo itsasten.

Honetaz gehiago jakin nahi izanez gero, jo karrajua blogean esperientziaren konoa artikulura
Jose Luis Azpillaga dut izena. Azpeitiarra naiz, baina Eibarren bizi naiz. Euskara irakaslea naiz eta Debabe Udal Euskaltegian egiten dut lan. Blogei buruzko ikastaro bat dela eta, sortu nuen blog hau. Gero, bolada luze batean, geldirik egon da, eta orain, beste ikastaro bat dela medio, berriz ekin diot. Ikusiko dugu zenbat irauten duen, baina oraingoz behintzat, tarteka bada ere, idazteko asmoa badut.