Artxiboak: Martxoa 2008

2008-03-14

Permalink 13:23:13, Atalak: jonantxia  

Baloraziotxoa

 

Erabilitako Moodle –erremintak:

  • Liburua: hiru “kapitulutan” landu beharreko unitatearen hiru atazak deskribatu ditugu. Zer egin nahi genuen.
  • Foroa: foro bakarra sortu dugu. Iragarkien gainean iritzia emateko sortutakoa. Berrien foroa ez dugu erabili. Erabili behar ote genuen?
  • Inkesta: iragarkiak ikusi ondoren Gozoa gazi unitatean planteatzen zen ariketa inkesta bihurtu dugu.
  • Pdf formatean Gozoa gazi unitatea eskura jarri dugu. Liburuarekin nahikoa genuen, beharbada.
  • jonantxia blogarekin lotzeko esteka. Hau ez dugu egin ikasleei begira, ikastaroko partaideei begira baizik.
  • Hot-potatoes motako ariketa bi. Batean irakurmena lantzen da: testuan falta diren psartean txertatzea. Eta bestean irratsaioa entzun ondoren, egia-gezurra motako ariketa jarri genuen.
  • Eginkizuna: ariketa osagarrietan  egun jakin baterako eginkizuna bidaltzeko esan diegu. Eginkizuna, gero, glasean landu genuen.

 

Ikasleen jarrera eta lanaren ebaluazioa

Ikasleen jarrera ona izan da. Moodle aurkeztu genienean eta plataformarekin lanean jardun zutenean gustura ibili ziren. Baina bestela izan zen etxean euren aldetik lan egin behar izan zuetnean, edo etxean lan egitea proposatu zitzaienean. Hor, zenbaiten kasuan, ezintasuna nabarmednu beharko genuke; ez zeuden Internet bidez lan egiteko prestatuta: batzuek ez zeukaten helbide elektronikorik, beste batzuen kasuan senarrak edo seme-alabek baino ez zuten erabiltzen;  bi ikasleren kasuan ikusi genuen aukera haiekin lan egiteko (Arantxa eta Lurdes). Horrek asko mugatu zuen esperimentua, taldea  osorik ezin baitzen inplikatu eta mugatu egin zuen dena.

Argi-ilunak: Eskaintzan txertatu nahi badugu, garbi izan behar da zein ikasle motarengan pentsatzen ari garen: teknología berri hauetan  moldatzeko gaitasuna edo  ibiltzeko ohitura duena, autonomoa, parte hartzailea (astirik  ez eta denborari “etekina” atera nahi diona)

Modu konbinatuan lan egiteko ahultasun eta indarrak: Heziketa kontua dela uste dut, neurri handi batean behintzat. Irakasleok eta ikasleok hezi beharra ikusten dut.

Tutorearen rola: Taldea dinamizatu, parte hartzera bultzatu, ikasleen autonomia eta estrategiak aktibatu.

Etorkizuneko aurreikuspenak: aurrera egin beharra dago, gure eskaintza osatu dezake edo autoikaskuntzaren garapen moduan ere aurkeztu daiteke. Azken batean, tecnología berriek eskaintzen dizkiguten baliabide horiek guztiak zergatik ez erabili jende gehiagorengana heltzeko eta jende gehiagori erantzun ahal izateko?

 

 

----------

2008-03-12

Permalink 16:41:36, Atalak: jonantxia  

Kontu eta komeriak

Ikastaroa bukatzeko ez da asko falta, hori dela-eta zenbait kontu aipatu nahi nituzke:
  • Norentzat izan daiteke egokia horrela lan egitea? Ikasleak berak ikusten ote du horren beharrik? Izan daiteke, ikasleak astirik ez duelako-edo horrela lan egin nahi izatea, etxean egin dezakeena etxean egin (audio, bideo, idazlan...) eta aurrez aurrekoa elkarreragina lantzeko edo taldean lan egiteko aprobetxatzea. Beharbada, teknologia berrien bultzadari jarraituaz, lan egiteko modu hori erakargarria gerta dakioke. Edo zenbait urte barru gure ohiko ikasleak horrela lan egiteko eta ikasteko trebatuta egongo direla uste dugu, eta bide hori jorratzea aurretiko pausoak egitea dela uste dugu; gu haien maila berean egon gaitezen. (Teknologien gizartea deituriko hori ez da erakutsi nahi diguten bezain ederra, oraindik asko falta dugu horretara heltzeko).
  • Autonomia ezinbestekoa. Horixe dugu gainditu beharreko ikasgaia. Ikasle autonomoak behar ditugu horretarako, edo dauzkagunak hezi egin behar ditugu autonomoago izan daitezen. Lan egiteko modu horretara, hein batean autoikaskuntzarekin gertatu den bezala, egoerak bultzatuta etorriko direla uste dut. Ezinbestean autonomo bihurtu behar izan dute autoikaskuntzako ikasleak (ez denak baina).
  • Autoikaskuntzaren anaia nagusia izan daiteke blended learning hori; eta autoikaskuntzarekin gertatu bezala, gure eskaintzan txertatu beharko genuke; baina ez beste erremediorik ez dagoenean eskaintzeko; horrela egingo bagenu marketing eskasa izango litzateke; horretan sinesten ez dugula pentsatuko du hainbatek.
  • Horretarako, konpromisoa ezinbestekoa da. Sistemak funtzionatuko badu, ikasleek eta irakasleak konpromisoa hartu beharko dute bakoitzak bere eginkizunak bete ditzan.
  • Nire ikasleak ez dira, beharbada, "eredugarrienak" talde mistoan lan egiteko; edo oraindik ez daude gertatuta horrela lan egiteko, ez die inork irakatsi, ez diegu irakatsi. Azken batean, horrela ikasi ote daiteke? (Betiko galdera). Baietz erantzun beharko diegu; horretarako ikasten ikastea bezalako kontzeptuak barneratu beharko lituzkete gure ikasleek. Euskal Herriko zortzi probintziek eskaintzen dituzten baliabideei etekina ateratzen asmatzea ederra izango litzateke.
----------

2008-03-04

Permalink 15:40:57, Atalak: jonantxia  

Ikasleei plataformaren berri eman diegu

Ikasleekin ariketa txiki bat egin dugu Moodle plataforman. Hala, plataforma hori nola dabilen eta zertarako erabil daitekeen erakusteko aprobetxatu dugu. Hona hemen zer egin genuen:

  • Ikasbil webguneko ariketa hau egin genuen. Bideo ikusi aurretik testua osatu behar izan zuten. Ondoren, bideoa ikusi eta testua ondo osatuta zeukaten egiaztatu zuten. Ondo moldatu ziren ariketa egiten. Ariketa hot-potatoes formatora pasatu nuen, politagoa geratzen da-eta.
  • Ondoren, foroan iritzia eman zuten. Binaka jarri nituen, eta honako gidoitxoa:   Zeri begiratzen diozu autoa aukeratzeko orduan? (prezioa, kolorea, tamaina, erosotasuna, segurtasuna, abiadura...). Foroan, beste taldeetakoek idatzitakoa ere ikusi ahal izan zuten, eta konparatu.
  • Inkesta egin zuten: Zeintzuk dira dieselaren eta gasolinaren abantailak eta desbantailak?  (Honako hau moldatu nuen)
  • Azkenik, hiru egoera emanda, gomendioak idatzi zituzten. Pertsona bakoitzari zein auto aholkatuko lioketen eta zergatik. (Hemen duzue ariketa)
Moodle plataforma ezagutzeko modu sinple eta praktikoa izan zen. Ikasleak gustura ibili ziren, batzuei nabari zitzaien ez zeukatela makinaz idazteko ohitura handirik eta denbora pixka bat galdu zen horretan. Bestela, ohiko klaseetan bezala jardun zuten lanean: hiztegia alboan hartuta, han ibili ziren  foroan idazten; talde batekoek, gainera, Firefoxen euskalbar baliabidea ezagutzeko "aukera" ere izan zuten.

Klasea amaitutakoan, ikasle batek honako komentarioa egin zidan: Jon, zuri horrelako gauzak, ordenagailuak eta, asko gustatzen zaizkizu. Nabaritzen da.

Egia esanda, ez dut uste hainbesterako denik.
----------

jonantxia blog

Bilaketa

Atalak

Blog hau sindikatu

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

free 
website stats program

powered by
b2evolution