Eredu egokiaren bila
Zenbat buruhauste eta beharleku klaseak emateko orduan. Hona hemen eredu on bat.
Estatu batuarrak burutik jota daude
Entzun honako albiste "bitxi" hau.
http://www.ikasbil.net/audio/06560.mp3
Eta orain honako hau:
http://www.ikasbil.net/audio/01655.mp3
Zer gertatatzen ote zaie estatu batuarrei? Honaino helduko ote da gaixotasun hori?
Egin beharrekoak
Blogak helduen irakaskuntzan nola erabili lantzen gabiltza HABEk antolaturiko ikastaro batean, eta horren harira sortu behar izan dut honako blog hau.
Ez dakit zertaz idatziko dudan, baina helduen irakaskuntzan aspalditxoan nabilenez gero, arlo horri loturiko kontuak izango dira gehien bat. Gainera, ematen du azkenaldian gure mundu honetan - helduen irakaskuntzan, jakina- zerbait aldatzen ari dela. Une erabakigarrian gaude, kazetariek esango luketen moduan. Larregitxo aukeran, esango duzue; baina, badakizue, kazetariek ez dute jakiten neurria hartzen.
Bestetik, blogen kontu honek bazterrak nahasteko egokia ematen du; ikusita, gainera, perretxikoen antzera sortzen direla, neurri, kolore eta "zapore" guztietakoak: zapore ederrekoak, bikainak, "deliziosuak", jangarriak, "sukaldaritzarako" balio handirik gabekoak, toxikoak, eta baita pozoitsuak ere, oso pozoitsuak.
Lehenago, esaten zen bizitza honetan egin beharreko hiru gauza zeudela: umea ekarri, arbola sartu eta liburua idatzi. Samurrena arbola landatzearena izango da, seguruenik. Umea ekartzea, ordea, batzuei zailtxoagoa begitanduko zaie. Eta beste batzuentzat liburuak idaztea umea ekartzea baino errazagoa izango da beharbada (Euskal Herrian, bai- esango dute askok). Lehen apaizek horregatik idazten ote zuten hainbeste? (Konpentsatze aldera edo). Nire kasuan, ikastolan "ospatzen" genuen zuhaitzaren egun horietako batean aldatu nuen nire lehen zuhaitza. Umearena ere eginda daukat; seme-alaba bi ditut-eta. Liburua idaztea, berriz, -abade izateko bokaziorik inoiz izan ez dudalako edo- zail ikusten dut. Hori dela eta, liburuaren ordez bloga proposatuko nuke, liburua idatzi beharrean norberaren bloga sortu eta bertan idaztea. Hala, bizitza honetan egin beharrekoak hauexek izango lirateke: umea ekarri, arbola sartu eta norberaren blogean idaztea. Ondo geratzen da, ezta?