Artxiboak: 2006

2006-10-04

Permalink 17:56:51, Atalak: Itzubaltzeta  

2 urtez zirikatzen... eta urte askotarako!

Itzubaltzeta gaztetxea, Itzubaltzetan (Erromo) kokatuta dagoen gaztetxea, izango da irailaren 30ean Getxoko udalerriko historian zehar bigarren urteurrena ospatuko duen gazteen topagune okupatu bakarra. Ertzaintzak 2004ko irailaren 27an Itzubaltzetako gaztetxe zaharra desalojatu eta hiru egunetara, Errekagane kaleko aroztegi zaharrean Itzubaltzeta gaztetxe berria ireki zuten herriko gazteek.

Ordutik hona eta lehenengo hilabeteetan garbiketa lan gogorrak igarota, makina bat jarduera burutu dituzte Itzubaltzeta gaztetxeko lagunek: mota guztietako tailerrak, bideo emanaldiak, hitzaldiak, kontzertuak, gaztetxeko egitura hobetzeko auzolanak... eta era berean hainbat talde ezberdinei beren azpiegitura utzi diete jarduerak egiteko. Horren lekuko izan dira jai batzordeak, antzerki taldeak, musikariak, kultur eta gazte mugimenduak, euskalgintza, internazionalistak, software askearen aldekoak, sindikatuak, kirolzaleak, presoen aldekoak, pertsonen laguntzarako elkarteak eta abar luze bat. Ibilbide hori gogoratzeko, hobetzeko eta saritzeko bi asteburuko programa jarri du abian zentro okupatuak.

Bi urteko eskarmentua aintzat hartuta hausnarketa egin zuen Itzubaltzeta gaztetxeko asanbladak irailaren 15, 16 eta 17an, antolaketa hobeago baten zutarriak jartzeko zein autogestioa, parekidetasuna, euskararen normalizazioa, gaztetxeen arteko zein preso sozial eta politikoekiko elkartasuna eta ekologian urrats berriak emateko.

Jaia, borroka eta kultur egitarau zabala

Baina, mundu honetan guztia hausnarketa ez dela kontuan hartuta, datorren irailaren 29tik urriaren 8ra, guztientzat interesgarria izango den borroka eta kultur eskaintza oparituko dio bere buruari bi urte betetzear dagoen Itzubaltzeta gaztetxeak. Astea lelo komuna izango du: “2 urtez zirikatzen… eta urte askotarako”, izan ere, herriko gazteek bide luzea aurreikusten diote gaztetxeari.

Irailaren 29an, orain dela bi urteko desalojoa eta birrokupazio gogoan hartuz, manifestazioa izango da Itzubaltzeta / Erromoko Santa Eugenia plazatik. Manifestazioa bukatzean, luntxa izango da gaztetxean.

Hurrengo astean, berriz, kirola, kultura, aldarrikapena zein umeentzako aisialdirako tartea izango dute Santa Eugenia plazan. Horrela, astelehenean, urriak 2, bideo emanaldia izango da 20:30ean. Asteartean, ping-pong lehiaketa izango da eta asteazkena mahai-futbol lehiaketa, biak 18:00etan. Ostegunean, berriz, Uribe Kostako gaztetxeen eta gazte asanbladen proiektuei buruzko mahai ingurua egingo da 19:30etik aurrera. Beranduago bideo emanaldia izango dela. Ostiralean, 18:00etatik aurrera magoak eta pailazoak izango dira umeentzat zein hain txikiak ez direnentzat. Ondoren, 20:00etan txokolatea banatuko diete umeei. Ordu bat beranduago, gaztetxea hartuko du antzezlan batek, geroago eskenatokia irekia geldituko dela nahi duenak bertatik adierazteko nahi duen eran.

Kontzertua: Txapel Punk, Macarrada eta Okupando Rom@

Hurrengo egunean ere, larunbatean, ekitaldi pila bat izango da. Goizean, 12:00ak aldera, hainbat lehengai eta materialen azoka izango da Santa Eugenia plazan, tartean, sagardoa, txistorra eta piperrak. Bitartean, tiragoma eta soka lehiaketak egingo dira eta baita ping-pong eta mahai-futboleko finalaurrekoak eta finalak burutu ere. Beranduago, 14:30ean, herri bazkaria izango da bertan, 5 euroren truke. Arratsaldean, berriz, sari banaketa egin ostean, jolasteko aukera egokituko zaie han bildutakoei, prestatutako gazte olinpiadak direla medio.

Musikaren txanda 20:00etan izango da gaztetxean, Okupando Rom@ herriko talde lokalaren atzetik, Macarrada eta Txapel Punk arituko direla. Ondoren, gauari hasiera emateko erromeria hasiko da.

Igandean, berriz, egun lasaia izango da, eta 20:00etatik aurrera lehenengo zein oraingo gaztetxeen inguruko okupazio bideoak proiektatuko dira.

2 urtez zirikatzen... eta urte askotarako!

Itzubaltzeta gaztetxeko 2. urteurrenaren egitaraua:

Ostirala, irailak 29
21:00etan, manifestazioa (Santa Eugenia plazan) + luntxa (gaztetxean)

Astelehena, urriak 2
20:30ean, okupazioari buruzko bideo emanaldia (Santa Eugenia plazan)

Asteartea, urriak 3
18:00etan, ping-pong lehiaketa (Santa Eugenia plazan)

Asteazkena, urriak 4
18:00etan, mahai-futbol lehiaketa (Santa Eugenia plazan)

Osteguna, urriak 5
19:30ean, Uribe Kostako gazte asanbladen proiektuen mahai ingurua eta bideo-foruma

Ostirala, urriak 6
18:00etan, magoak eta pailazoak (Santa Eugenia plazan)
20:00etan, txokolatada (Santa Eugenia plazan)
21:00etan, antzerkia + eskenatoki irekia (gaztetxean)

Larunbata, urriak 7
12:00etan, azoka + sagardoa + txistorra + piperrak + tiragoma lehiaketa + soka lehiaketa + ping-pong eta mahai-futbol lehiaketen finalaurrekoak eta finalak (Santa Eugenia plazan)
14:30ean, herri bazkaria, 5 eurotan (Santa Eugenia plazan)
16:00etan, sari banaketa (Santa Eugenia plazan)
17:00etan, olinpiadak (Santa Eugenia plazan)
20:00etan, kontzertuak, 3 eurotan (gaztetxean)
- Txapel Punk
- Macarrada
- Okupando Rom@

Igandea, urriak 8
20:00etan, okupazioari buruzko bideo emanaldia (gaztetxean)

Itzubaltzeta gaztetxea
Errekagane 1-5. 48930 Itzubaltzeta / Erromo. Bizkaia.
Itzubaltzetagaztetxea[abildua]mundurat.net
http://www.blogari.net/itzubaltzeta
----------

2006-09-03

Permalink 10:51:02, Atalak: Itzubaltzeta  

Kurtsoa hasteko batzarra egingo dugu asteazkenean

Datorren asteazkenean, irailak 6, arratsaldeko 8etan, Itzubaltzeta gaztetxeak kurtso berria hasteko batzarra burutuko da. Batzarra horretara gonbidatuta daude gaztetxea erabiltzen duten kolektibo, kuadrila eta tailer guztiak zein interesa duen pertsona oro. Besteak beste, aurtengo tailerrak, eta lehenengo hilabeteen nondik norakoak zehaztuko dira bertan. Asteazkenera arte!Wink

Itzubaltzeta gaztetxea
Errekagane 1-5. 48930 Itzubaltzeta. Bizkaia
itzubaltzetagaztetxea[abildua]mundurat.net
http://www.blogari.net/itzubaltzeta

----------

2006-06-17

Permalink 09:03:03, Atalak: Itzubaltzeta  

Ekitaldi hau Poliziaren mehatxupean dago

1.- Getxoko Udal Gobernuak (EAJ, Eusko Alkartasuna eta Ezker Batua) polizia indarrak erabiltzeko mehatxua egin du, Itzubaltzeta gaztetxeak gaurko Autogestio Eguneko ekitaldiak bertan behera utziko ez baditu.

12:00. Arropa azoka Xake plazan.
13:00. Murala.
15:00. Herri bazkaria.
17:00. Olerkiak eta bakarrizketak.
19:30. Bideo emanaldia Itzubaltzeta gaztetxean.
20:00. Kontzertua Ehiztari, Noizean Behin eta Biok taldeekin.

Mehatxu hori atzo heldu zitzaigun dekretuz mozorrotuta:
 
“Dekretua: 3282/2006. Data: 15/06/2006. Gaia: Prohibiendo expresamente a ITZUBALTZETA GAZTETXEA celebración actos día 17 de junio de 2006. Arloa: Régimen Interior. Erref.: AC/AU/sa. Interesduna: Itzubaltzeta gaztetxea”.

EAJ, EA eta EB taldeek, egungo erregimeneko legerian babestuz, erabaki dute debeku horretaz “berri ematea Getxoko Udaltzaingoari eta Ertzaintzari, zehatz-mehatz bete dezaten”.

2.- Itzubaltzeta gaztetxeak EAJ, EA eta EB taldeei erantzuten die:

a) Jendarte zentro autogestionatua, edo gaztetxea, bertan parte hartzen duten pertsonen eskuetan dagoen tresna da. Hainbat eta pertsona gehiagok eta anitzagoek osatu, orduan eta hobeto. Horregatik, asanblada bidez eta aho batez erabakitzen duten bertako partaideek osatutakoak ez diren instituzioek edo erakundeek ezin izango dute kontrolatu. Jakina, diru laguntzarik ere ezin du jaso gaztetxeak...

b) Ez ditugu onartzen beraiek nahierara jarritako debekuak, herriko gazteria eta beste auzokideek batera erabakitzen dugunak baino ez gaituelako gidatzen.

c) Gainera, erabilitako argudioak barregarriak dira. Esan digute “hala plazak nola kaleak eta bideak tokiko erabilera publikoko ondasunak direla” eta plazez, kaleez eta bideez gozatzeko baimenak emateko ahalmena jarri diete beraien buruei. Horregatik, “hamar egun lehenago” baimena ez eskatzeagatik, EAJ, EA eta EBk debekatu dituzte Ibaiondo eta Xake plazako ekitaldi guztiak, nahiz eta autoen eta pertsonen trafikoa ez oztopatu  eta inori kalterik ez egin.

Era berean, beste lege bat erabili dute Itzubaltzeta gaztetxean burutzekoak diren zinema eta musika ekitaldiak haien nahiera makurtzeko. “Erakunde antolatzaileak behar bezala egiaztatu badu lokala edo instalazioa (...) erabilgarri dagoela” eta “eska daitezkeen segurtasun eta higieneko baldintzak betetzen dituztela” baieztatzea omen da aitzakia. Halere, dagoeneko Itzubaltzeta gaztetxeak mota horietako 100 ekitaldi baino gehiago burutu dituela gogoratu behar dugu. Itzubaltzeta gaztetxeak arduratsu eta ongi jardun du horietan eta herriko auzokideei ekitaldien berri eman die.

d) Ez da lehenengo aldia jokabide hauekin harritzen gaituztena. Herriko beste kolektibo batzuek bere baitan pairatu dituzte Udalak jarritako oztopoak, nahiz eta zegozkien baimenak eskatu.

3.- Itzubaltzeta gaztetxeak erabaki du:

a) Mantentzen ditugu eta mantenduko ditugu Itzubaltzetako gazteok asanblada bidez erabakitako jarduerak.

b) Gure auzokideak errespetatzeko diogun konpromisoari tinko heltzen segituko gara.

c) Zuen inposaturiko sistemari alternatibak sortzeko antolatzen jarraituko dugu.

Gora gaztetxeak! Gora bihotzak!

Itzubaltzeta gaztetxea
Errekagane 1-5. 48930 Itzubaltzeta. Bizkaia.
itzubaltzetagaztetxea@mundurat.net

----------

2006-06-08

Permalink 18:20:40, Atalak: Itzubaltzeta  

Ekainaren 17an autogestioan bi urtez aritu izana ospatuko du Itzubaltzeta gaztetxeak

Ekainaren 17an Autogestioaren Eguna ospatuko dute Itzubaltzeta / Erromo herrian zehar gaztetxeko kideek. Ekimen horrekin, Itzubaltzeta Gaztetxeak 2004ko ekainaren 19an herriko gazteriak okupatu eta 4 hilabete geroago Ertzaintzak eta Getxoko Udalak eraitsitako gaztetxearen proiektu berarekin jarraitzen duela islatu nahi du. Bi urte hauetan gaztetxea gazteen topagunea, aisi eta borrokagunea izan da eta izaten jarraitzeko asmoa du.

"Bi urtez autogestioan, Itzubaltzeta aurrera" lelopean, egitaraua zabala prestatu dute gaztetxeko kideek, tartean azoka txikia, herri bazkaria eta Ehiztari, Noizean Behin eta Biok taldeen kontzertua izango dela.

Egitaraua:

12:00. Arropa azoka Ibaiondon.
13:00. Murala Xake plazan.
15:00. Herri bazkaria Xake plazan.
17:00. Olerki eta bakarrizketa parte hartzaileak Xake plazan.
19:30. Bideo emanaldia Itzubaltzeta gaztetxean.
20:00. Kontzertua Itzubaltzeta gaztetxean: Ehiztari, Noizean Behin eta Biok (3 euro).
24:00. Jaialdia.

----------

2006-02-13

Permalink 18:16:27, Atalak: Itzubaltzeta  

Otsailaren 16an, osteguna, lan baldintzei buruzko bideoforuma

"¿Se entera o no se entera la clase obrera?" titulupean, bideo-foruma izango da ostegun honetan Itzubaltzeta gaztetxean, arratsaldeko 7etan. Horretarako, 1985ean ekoiztu zen “La Batalla de Euskalduna” 36 minutuko laburmetraia proiektatuko da. Horrezkero, eztabaida zabalduko da. Filmean kontatzen da Euskalduna ontzioletako langileen borroka, Madrilgo Gobernu "sozialistak" enpresa itxi ez zezan. Garai haietan, Europako Batasunak klub komunitarioan sartzeko Espainiako Estatua behartu zuen ontziolen ekoizpena erdira murrizten eta sektore gehienetan langileen eskubideak sano murrizten. Gaur egun, 14-D greba arrakastatsua ekarri zuen "Gazteriarentzako Lan Kontratua" Ipar Euskal Herrian ezarri dute eta zerbitzuen sektorean lan baldintzen behin-behinekotasuna ekarriko lukeen Bolkestein araua eztabaidagai dago Europako Batasuneko Kontseiluan, Espainia eta beste estatu batzuen oniritzirekin. Bestalde, Aldi Baterako Lan Enpresak (ABLE) hor jarraitzen dute...

Argazkia Diezpalabras-etik hartu dugu (mila esker!)

Itzubaltzeta gaztetxea

----------

2006-02-09

Permalink 14:25:39, Atalak: Itzubaltzeta  

Ziberespazioa ere okupa dezagun!

Itzubaltzeta gaztetxea ez da ziberespaziora heltzen den lehenengo gaztetxea eta ez da azkena izango baina Itzubaltzeta herritik gure harri-koxkorra ekarri nahi dugu okupazioaren, gazte sormenaren, jai eta kultur herrikoien, euskararen, parekidetasunaren eta autogestioaren zabalpenerako. Bitakora honen bidez gaztetxean egozten diren kontuen berri izango duzu. Hortaz, adi egon!

Itzubaltzeta gaztetxea

----------

Itzubaltzeta gaztetxea

Egungo Itzubaltzeta gaztetxea izen hori jaso duen bigarren gaztetxea da. Ertzaintzak EAJren oniritziarekin Santa Eugenia kaleko gaztetxea indarkeriaz hustu eta 3 egunetara, 2004ko irailaren 30ean okupatu zen egun gazteon topagunea den Errekagane 1-5eko gaztetxea. Bertan, antolakuntza, aisia eta borroka autogestionatua topatuko duzu. Itzubaltzeta izena herriko toponimo euskalduna da. Izan ere, Romo bezala ezaguna bada ere, gaztelerazko abizen hori zeukan enpresarioa lantegia eta langileentzako lehenengo etxeak (etxe merkeak) eratu baino lehen itzu beltza gune zen lurraldea.

Bilaketa

Atalak

Blog hau sindikatu

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

free 
website stats program

powered by
b2evolution