Goian, Ahmeden aurpegia. Behean, berriz, gure istorioa.
AHMEDEKIN
Azken Eguberrietan kide berria izan genuen gure artean. Familian lau gara: ama, aita, nire ahizpa txikia, Nerea eta ni, baina orain bagenuen, egun batzuetarako besterik ez bazen ere, Saharakoa zen 9 urteko mutikotxo bat, Ahmed. Gurasoek erabaki zuten interesgarria izango zela denontzako Gabonetan beste herrialde bateko norbait izatea eta berarentzat baita ere ongi pasako zuelako. Baina, nire gurasoen ideia ez zitzaien beraiei bakarrik bururatu, izan ere, baziren hau egiten zuten beste hainbat familia.
Abenduaren 22an joan ginen Bilbora haren bila eta irrikaz jaso genuen gure lagun berria. Gure artean egoteaz pozik zegoela ematen zuen bere aurpegiko irribarrea ikusita, baina beldurtuta baita ere, eta ulergarria zen, ezagutzen ez zuen toki batean zegoen, inoiz ikusi ez zuen jendearekin. Baina, gu prest geunden egonaldia ahalik eta atseginen egiteko.
Autoz joan ginen Iruñera, gu bizi ginen hirira. Ahmed erabat zorabiatu zen, ez baitzegoen autoz ibiltzera ohituta. Horregatik, hainbatetan gelditu behar izan genuen, eta ustez bi orduko bidaia zena pentsatutakoa baino gehiago kostatu zitzaigun.
Berarekin ginen lehen eguna pasa zen eta elkarren arteko komunikazioa uste baino errazagoa zen. Ez zuen hizkuntza bera hitz egiten, baina keinuekin ez zen horren zaila. Izan ere, zerbait nahi zuenean hatzarekin seinalatzearekin nahiko zen. Oraindik ere, nabari zen ez zela oso eroso sentitzen, ez baitzuen ezer eskatzen, guk eskainitako gauza batzuk besterik ez zituen hartzen.
Hurrengo egunean igerilekura joatea erabaki genuen. Berarentzat dibertigarria izango zela pentsatu genuen eta hala izan zen. Hasiera batean ez zen sartzera ausartzen, beldurra emango ziolako ziurrenik. Lehen aldian, pixkanaka sartu zen. Ordu erdi beranduago, etengabe botatzen zen uretara, batzuetan bonba moduan eta bestetan itxura arraroak eginez. Inolako beldurrik gabe botatzen zen ordurako, eta denbora luze eman zuen uretan atera gabe, azala zimurtua zuen arte. Urpean ibiltzen zen, igeri egiten zuen, tranpolinetik botatzen zen… nabari zen oso ongi pasatzen ari zela eta ia behartuta atera behar izan genuen uretatik.
Egun gutxira iritsi zen Gabon Gaua, eta familia osoa bildu ginen amonaren etxean. Urtero bertan ospatzen genuen eta familiaka banatzen genituen eraman beharrekoak: batzuk lehen plateraz arduratzen ziren, besteak edariak… Nik izugarri atsegin nuen gau hura, izan ere, ez ginen denok batera oso maiz elkartzen eta lehengusu guztiekin egoteak asko pozten ninduen. Sekulako gaua zen, denetarik egoten zelako jateko: patea, otarrainxkak…
Ahmed gure artean genuen, denak beregana hurbiltzen ziren eta hari hitz egiten saiatzen ziren, baina edozein gauza galdetzen bazioten ere beti buruarekin baiesten zuen. Mahai osoa janariz betea zegoen eta begiak ireki-irekita begiratzen zuen, horrelakorik inoiz ikusi ez balu bezala. Gauza asko ez zituen probatu, arrotzak omen zirelako berarentzat.
Mahaian hainbeste gauza ikusita gaizki sentitu nintzen, denetarik eta nahi adina genuelako jateko eta Ahmed hor ikusteak barrenean zerbait sentiarazten zidan. Horrenbeste geneukan guk eta beste batzuk horren gutxi…
Baina azkenean primeran pasa nuen, lehertu arte jan nuen eta ondoren gabon kantak abestu genituen. Gure familian abesteko ohitura dugu, izan ere, nire lehengusuetako bat Iruñeko orfeoikoa zen eta beste guztiak ere oso onak ziren honetan, nire ahizpa eta ni izan ezik. Oso gaizki abesten dugu eta horregatik isilik geratzen naiz, lotsatzen naizelako. Aitak txantxetan dio amaren familiaren errua dela.
Egunak pasatzen joan ziren eta gauza asko egin genituen Ahmedekin, hala nola, hiria erakustea, kaleak eta eraikuntzak nolakoak ziren ikus zezan; Donostiara joan ginen beste egun batean, hemengo hondartzak nolakoak ziren ikusteko eta eskiatzera beste behin.
Konturatu orduko, Errege Eguna iritsi zen. Txikiak ginenetik opariak eskatzen genituen, orain dela bi urte arte. Zegoeneko ez genuen erregeengan sinesten eta horregatik gurasoek esaten zuten tontakeria zela horrekin jarraitzea. Eta arrazoi zuten, erregeen ondorengo egunean merkealdiak hasten dira eta zentzugabekeria izango litzateke ezer erostea hurrengo egunean prezio erdian egongo denean. Hori zela eta, ez genuen materiala zen ezer eskatu, gainera, eskatzekotan ez genekien zer eskatu denetarik baikenuen. Orduan, Nereak beste motatako oparia eskatzea erabaki zuen. Mahaia jasotzeko edota gauean ohera beranduago joateko txartelak eskatzea erabaki zuen. Ez genuen gauza materialik behar, behar genuen guztia eta gehiago geneukalako. Horregatik nire ahizpak hori eskatu zuen. Gurasoek eskaera onartu zuten eta horrela egin genuen. Baina ilusiorik ematen ez duela zirudien arren, ez zen horrela. Gauean, egindako txartelak egongelako mahaian utzi genituen ahizpak eta nik eta “erregeen” esku zegoen hauek sinatzea edo ez. Hurrengo goizean, jaikitzean denak sinatuak zeudela ikusi genuen, azterketa batean gutxiegi ateratzeko baimena ematen zuen txartela kenduta. Opari bakarrak Ahmedentzat izan ziren, izugarrizko ilusioz jaso zituenak, berak benetan balioetsiko zituelako.
Iritsi zen azkenean, gurekin egon ondoren Ahmed bere herrira itzultzeko orduan. Sekulako pena eman zigun joateak. Oso gustura egon ginen berarekin eta berak ere oso ongi pasa zuen gure artean. Baina pena handia eman zidan hizkuntza bera ez hitz egiteak, horrela izan ez balitz, bere herrialdeaz eta bere ohiturez gehiago jakiteko aukera izango genukeelako.
Halaber, pentsatzen egon nintzen eta ez nekien egindakoa ongi zegoen ala ez. Saharako mutikotxo bat ekartzea ongi ote zegoen? Hemen egon ondoren, hainbesteko oparotasunen artean, gero bere herrialdera itzuli behar izatea gogorra izan zitekeen berarentzat. Baina, pentsatzen dut hemen gauza material asko izanda ere, gustura itzuliko zela bere herrialdera, bere familia eta lagunekin egotera.
MENDI MADARIKATUA
Orain dela 200 urte, mendi galdu batean agure zahar bat bizi zen. Agurea oso itsusia eta maltzurra zen, eta ez zuen inorekin hitz egin nahi, horregatik beti bakarrik zegoen. Mendiak kolore arraro bat zuen, ez zen beste mendiek duten kolorea, mendi horrek kolore itsusi eta zakar bat zuen; horregatik, hain zuzen, biztanleak ez ziren mendi horretara igotzen. Urtero, otsailaren 13an, gauza arraroak gertatzen ziren eta biztanleak ez ziren egun horretan beren etxetik ateratzen. Gau batean, Luisak Mariorekin ume bat izatea erabaki zuten, baina ume hori egun desegokian jaio zen, otsailaren 13an, hain zuzen ere. Egun horretan, Mario paper batekin iritsi zen etxera eta Luisari irakurri zion: (paper horretan honako hau jartzen zuen):
-Zuek, zuek izan zarete familiarik gogaikarrienak, eta egun honetan zuen semea jaio behar al zen?...
Berdin zait zer esaten eta pentsatzen duzuen, baina ume horri Aritz izena jartzen ez badiozue, semeak 17 urte betetzen dituenean, akabo zuen eta bere bizitza…
Luisa ikaratuta gelditu zen, baina Mariok lasaitzen lagundu zion. Lasaitu eta gero eskutitza apurtu eta herriko norbaitek egun hori zenez, idatzitako broma nazkagarri bat izango zela pentsatu zuen. Beraiei Aritz izena ez zitzaien gustatzen eta Manex izena jarri zioten. Urteak pasatzen ziren eta Manex handitzen joan zen. Gurasoek ez zutenez beste inolako eskutitz arrarorik jaso, ez zioten Manexi ezer kontatu eta bizitza normal batekin jarraitu zuten. 17 urte betetzeko eguna iritsi zen, Manexek ez zekien mendi madarikatu horren inguruan ezer. Herri horretan 17 urterekin nahi zenuena egin ahal zenuen eta Manexen ilusio handiena betidanik mendi hori igotzea izana zen. Koadrilako inork ez zekien mendi horretako madarikazioa, familia guztiek beren semeak 17 urte bete arte ez zietelako gorputzean beldurra sartu nahi, eta betidanik hori 17 urterekin esaten zelako. Gaua iristerakoan, koadrila osoa herriko plazan elkartu zen. Mario eta Luisak Manexi deitu zioten mendiaren inguruko kontuak kontatzeko, baina Manex bere lagunekin bilduta zegoenez ez zen etxetik pasa eta gurasoek ez zioten deus kontatu. Gurasoak gaizki sentitzen ziren, ez ziotelako ezer kontatu baina ezin zuten ezer egin. Manex lagunekin bilduta zegoela, plan hau kontatu zien:
-Mendi hori igo eta goian zer zegoen ikusteko irrikan zegoela.
Lagunek baietz esan zioten eta mendi horretara abiatu ziren, baina lagun guztiak beldurra izaten hasi ziren; hala ere, Manex seguru sentitzen zen eta aurrera jarraitu zuen. Hiru ordu ibiltzen egin eta gero, Manex eta beste bi lagun goraino iritsi ziren, beste lagun guztiak erdian gelditu baitziren, nekatuak eta beldurtuak zeudelako.
Goian zeudela, etxe zahar bat ikusi zuten eta Manexek etxe horretan zer zegoen ikusteko gogo handia zuen, baina bi lagunek beldurturik Manex bakarrik utzi zuten. Manex, atea ireki eta agure zaharra ikustean, nahiz eta beldurra sentitu, aurrera sartu zen. Etxe horretan Manex eta agurea bakarrik zeuden eta, gainera, agurea haserre zegoela ematen zuen. Manex hitz egiten hasi zitzaion, baina agurea ez zion inolako erantzunik ematen eta bat – batean oihuka hasi zen. Manex ikaratu eta alde egiten saiatu zen, baina atea eta leiho guztiak itxita zeuden eta agurea barrezka hasi zen. Manexek ez zekien zer egin eta agureari zergatia galdetu zion. Agureak guztia kontatu zion eta Manexek ez zuen ezer ulertzen. Agureak bere gurasoak hiltzeko agindu zion eta, bi ordutan hiltzen ez bazituen, bera ere akabatuko zuela esan ondoren, atea ireki eta laban bat eman zion. Herrira abiatu zen, eta etxera iritsi zenean, asko pentsatu ondoren, ama hil zuen. Gero etxetik atera eta berriro mendira igo zen, baina agurea oso haserre zegoen ama bakarrik hil zuelako, aita hiltzeko ez zegoen denborarik eta agureak berak hil zuen oso modu nazkagarri batean. Manexek ez zekien zer egin eta etxeko izkina batean ezkutatu zen. Agurea etxean sartu zenean, Manex bilatzen hasi zen, aurkitu bezain laster ostikoka hasi zitzaion. Manex labana hartu eta agureari hanka moztu zion, agureak beste laban bat hartu zuen eta Manexi besoa moztu zion. Manexek ahal zuen moduan, berriro agurea jo eta hil zuen. Tximiniatik atera eta azkar batean harriraino jaitsi zen. Herriko guztiei dena kontatu zien, mendia agurea hil zenetik bere kolore berdera itzuli zen. Mundu guztiak Manexi lagundu nahi zion.
Gaur egun, herri hori Gipuzkoako Getaria da eta mendi madarikatua bertako sagua.
Hamasei urte betetzekotan eta begira ezazu nola nagoen. Badirudi bizitzak aurrea hartu nahi didala maitasun kontuetan. Gauza bat ikasi dut, ordea: tristurarik gabe ez dago pozik egoterik ez eta tristurarik pozaldirik gabe ere.
Poza eta tristura, tristura eta poza. Txanpon beraren bi aldeak:
Joan etorriak
datozkit burura
eta ihesi ezin,
solasean dabilzkit
pentsamendu
batzuk gustuko
eta beste batzuk, aldiz,
ezin burutik kendu eta,
inolako zoriontasunik
ematen dutenak.
Haien zioa,
pertsona
baten bizitzan
gertaturiko istorioa
da, Batzutan poz
eta bestetan
aurrera jarraitzen uzten ez digutenak
Eta hala ere, ezin eza
egin, gure suminari
aurre egiteko.
Hau blogaren deskribapen luzea da.