UROLAKO HITZAN TOPATU DUT ALBISTE HAU. INTERESGARRIA IZAN DAITEKE GURE SAIORAKO. BAINA EZ HORRELA EMANDA. EGOKITUKO DUGU IRRATIRAKO:
Hona hemen orijinala:
Urolako Hitzatik hartua.
Eskusoinu kontzertua izango da Aita Marin, 18:30ean; hemen duzue egunez eguneko egitarau zehatza
Guztira hamaika emanaldi izango dira Musika Astearen bigarren edizioan, eta lehenengo edizioan bezala, herriko musikariak izango dira protagonista nagusiak, baina ez bakarrak.
Zumaiako Musika Astea formato berri batekin aurkezten da aurtengoan. Aurreko urteetan emanaldiak antolatzen ziren arren, ez zeukaten loturarik bata bestearekin. Joan den urtean, Musika Astearen lehenengo edizioan, zenbait emanaldi bateratu antolatu zituzten. Aurten ordea, antolatzaileek emanaldi guztiak aste berean jartzea erabaki dute. "Musika Asteari indarra emateko, emanaldiek lotura izan behar zutela ohartu ginen, alegia, zerbait bateratua behar zuela izan eta horretarako aste osoko formatua hartzea pentsatu genuen", azaldu dute. Etorkizunean bide beretik jarraitzeko asmoa iragarri dute, "hori delako bide egokia".
Musika Astean Zumaiako musikariek protagonismo handia izango dute, hori baita beste helburuetako bat. Musika Patronatuko kideek (Musika Eskola, San Pedro Abesbatza, San Pedro Txiki Abesbatza, Beheko Plaza Jubilatuen Elkarteko Abesbatza, Udal Txistulari Banda eta Udal Musika Banda) formazio akademikoaz gain, ikasitakoa praktikan jartzeko beharra azpimarratu dute eta Musika Asteak horretarako aukera ematen die. Hala ere, beste herrietako musikariek ere izango dute bere tartea.
VI. Klarinete MaratoiaMusika Astearen barruan, VI. Klarinete Maratoiko entzunaldiak izango dira. Hiru egunetan, 80 parte-hartzaile baino gehiago ariko dira Klarinete Maratoian. Horietako asko zumaiarrak dira, baina Donsotiatik, Hendaiatik, Zumarragatik, Urretxutik, Azpeitiatik, Azkoitiatik, Legazpitik, Durangotik, Altsasutik edo Tolosatik gerturatuko dira klarinetea jotzera. Lehenengo saioa ostegunean, azaroaren 22an, izango da, arratsaldeko 19:30ean Ubillos Musika Etxean. Bigarrena, azaroaren 23an (ostirala), izango da leku eta ordu berean. Klarinete Maratoiko Amaiera Kontzertua, berriz, igandean izango da, azaroaren 25ean, eguerdiko 12:30ean Maria eta Jose Aretoan.
EGITARAUA, EGUNEZ EGUNAstelehena 19Emanaldia: Eskusoinu kontzertua
Musikariak: Amaia Zubimendi, Aritz Iturralde, Maria Zubimendi eta David Gordo
Lekua: Aita Mari zinema
Ordua: 18:30
Musika Astearen bigarren edizioa lau musikari gaztek zabalduko dute, Amaia Zubimendik (Zumaia, 1999), Maria Zubimendik (Zumaia, 1994), Aritz Iturraldek (Hondarribia, 1997) eta David Gordok (Gasteiz, 1982). Gazteak izan arren, eskarmentu handikoak dira eta zenbait lehiaketetan sari garrantzitsuak irabazitakoak. Besteak beste, Amaiak, Mariak eta Aritzek Gipuzkoako Akordeoi Lehiaketan Urrezko Dominak jaso dituzte, eta Davidek Arrasateko Akordeoi Lehiaketa ospetsuan lehenengo saria irabazi zuen 2003 urtean.
Emanaldian La niña de las cejas negras (Errumaniako abesti herrikoia), Minueto (L. Mozart), Una historia de piratas (Badett/Iturralde), Capricho (A. Repnikov) edo Preludio y fuga (J.S. Bach) bezalako piezak entzuteko aukera izango da.
Asteartea 20Emanaldia: Musika Eskolako Jaialdia
Musikariak: Musika Eskolako ikasleak
Lekua: Maria eta Jose aretoa
Ordua: 18:30
Musika Eskolako ikasleak izango dira bigarren eguneko protagonistak. 200 neska-mutil baino gehiago pasako dira Maria eta Jose aretoko oholtza gainetik, orain arte ikasitakoa eskaintzeko.
Asteazkena 21Emanaldia: Musika Eskolako ikasleen entzunaldia
Musikariak: Musika Eskolako ikasleak
Lekua: Maria eta Jose aretoa
Ordua: 18:30
Musika Eskolako irakasleek ikasleekin prestatzen dituzten emanaldiak ikusteko aukera izango da. Besteak beste, lengoaia musikala, gitarra, klarinetea, pianoa edo saxofoia bezalako instrumentuak entzuteko aukera izango da.
Osteguna 22Emanaldia: Xixili eguna
Musikariak: Musika Patronatuko taldeak
Lekua: Herrian zehar
Ordua: 18:30
Musika Eskolako, San Pedro Abesbatzako, San Pedro Txiki Abesbatzako, Beheko Plaza Jubilatuen Elkarteko Abesbatzako, Udal Txistulari Bandako eta Udal Musika Bandako musikariak herriko kaleak alaituko dituzte Xixili egunean, hau da, musikarien egunean.
Osteguna 22Emanaldia: Klarinete Maratoiko entzunaldia
Musikariak: Herri ezberdinetako klarinete-jotzaileak
Lekua: Ubillos Musika Etxea
Ordua: 19:30
Ostegunekoa VI. Klarinete Maratoiko lehenengo entzunaldia izango da. Hiru egunetan 80 klarinete jotzaile baino gehiago entzuteko aukera izango da.
Ostirala 23Emanaldia: Klarinete Maratoiko entzunaldia
Musikariak: Herri ezberdinetako klarinete-jotzaileak
Lekua: Ubillos Musika Etxea
Ordua: 19:30
VI. Klarinete Maratoiko bigarren entzunaldia. Hiru egunetan 80 klarinete jotzaile baino gehiago entzuteko aukera izango da.
Ostirala 23Emanaldia: Xixili eguneko kontzertua
Musikariak: San Pedro Abesbatza
Lekua: Parrokia
Ordua: 19:45
San Pedro Abesbatzaren emanaldia bi zatitan banatu dute. Lehenengo zatia korutik abestuko dute eta pieza hauek eskainiko dituzte: Guztiz ederra, Gloria-Gloria, Veni Sancte Spiritus, Sanctus-Benedictus, Tu es sacerdos, Libera Me, Cantantibus Organis eta Poz Abestia. Lehenengo zati honetako bakarlaria Miguel Angel Manterola izango da eta organo-jolea, Mª Carmen Azpeitia.
Bigarren zatian abesbatzako partaideak aldaretik abestuko dute. Arri Zubimendik eta Iñaki Agirrezabalak egingo dituzte bakarlari lanak, Agustin Zubimendiren gidaritzapean. Bigarren zati honetan Señor, me cansa la vida, Bagare, Illunabarra, Goizian argi, Ku-Ku, Axuri beltza eta Herriko festa abestiak eskainiko dituzte.
Ostirala 23Emanaldia: Musikak eta hitzak
Musikariak: Carlos Casadó eta Damián Hernández
Lekua: Ubillos Musika Etxea
Ordua: 22:00
Carlos Casadók (klarinete baxua) eta Damián Hernándezek (pianoa) Musika eta hitzak izeneko emanaldi literarioa eskainiko dute. Musika eta literatura uztartuko dituzte. Horretarako Johan Favoreelen Zebus, Eugene Bozzaren Ballade, Francois Rasseren Lied,Carlos Guastavinoren Rosita Iglesias, Wolfgang Gabrielen Ballade Op. 23 eta Dirk Brosséren Elegy lanak eskainiko dituzte.
Larunbata 24Emanaldia: Santa Zeziliaren omenez
Musikariak: Zumaiako Udal Musika Banda
Lekua: Maria eta Jose aretoa
Ordua: 19:30
Marixi Sesmaren zuzendaritzapean, Udal Musika Bandak bost abesti eskainiko ditu: Concerto Für 2 Klarinetten (Carlos Casadó eta J.L. Barredo izango dira bakarlariak), Concertino (Asier Martinek egingo ditu bakarlari lanak), Combo Concertino (Joseba Kortak, Nagore Aizpuruak eta Nerea Alonsok egingo dituzte bakarlari lanak), Portrait of a city eta Overture to "Candide".
Igandea 25Emanaldia: Bazen behin opera
Musikariak: Belatrix taldea
Lekua: Aita Mari aretoa
Ordua: 12:00
Bazen behin opera haurrei zuzendutako opera didaktikoa da, neska-mutilak operaren munduan murgiltzeko ahalegin xumea. Kontatzen den istorioa Mozarten etxean gertatzen da, Musikaren espirituak Mozarti haurrekin hitz egiteko ahalmena ematen dionean. Mozartek operaren garai ezberdinak aurkeztuko dizkie ikusleei, eta adibide gisa, garai bakoitzean abesti bat joko dute Mozarten etxeko zerbitzariek. Antzezlana euskaraz da eta sarrerak -emanaldia doan da, baina ezinbestekoa da sarrerarekin joatea- dagoeneko Turismo Bulegoan eskuratu daitezke.
Igandea 25Emanaldia: Klarinete Maratoiko amaiera emanaldia
Musikariak: Herri ezberdinetako klarinete-jotzaileak
Lekua: Maria eta Jose aretoa
Ordua: 12:30
VI. Klarinete Maratoiko amaiera emanaldiarekin bukatuko da Musika Astearen bigarren edizioa.