La Caixa fundazioak aurkeztu berri duen
ikerketa dakart gaurkoan. Gazteek alkoholarekin duten harremana aztertu dute. Hausnarketa zabala egin dute, datu ugari jaso eta zenbait ondorio atera. Jarraian laburbilduko ditut:
KONTSUMOA, IGO ALA JAITSI? Azken 30 urtean helduen kontsumoa jaitsi egin da eta gazteena igo. Azken 10 urtean ordea, kontsumo tasa egonkorra omen da. Pertzeptzio distortsionatua dagoela dio ikerketak, gero eta gehiago kontsumitzen dela iruditzen zaiola jendeari. Ikerketa egileek edateko era eta unea aldatu dela diote.
EDATEKO ERA, UNEA, "PATROIA" Tradizionalki esan ohi izan da Europako iparraldeko ohitura asteburuetan eta festetan edatea zela, hau da, une zehatzetan kontzentratuta. Mediterranear ohitura berriz, festaz gain, eguneroko jatorduetan omen zen. Ikerketa egileek diote patroi horiek hurbiltzen eta bateratzen ari direla, gazteen joerak iparraldeko ohiturara lerratzen ari direla. Gazteen kontsumoa asteburuetan kontzentratzen da, "edanaldi" handietan, oso une laburretan kantitate handiak kontsumitzen dituzte. 1994an %20-22 noizbait mozkortu zen, 2004an %37, 14 urteko %15 azken hilabetean.
LEGE-HAUSTE ERRAZA Legez debekatuta dago 18 urtetik beherakoek edatea baina ia denek edaten dute asteburuetan. Egin duten galdeketan azken hilabetean adin txikikoen ia hiru laurdenek edan dutela aitortzen dute. %94k dio alkohola erostea erraza dela. Orain dela 15 urte %85k zioen erostea erraza zela -eta hori orduan legea laxoagoa izanda. Beraz, legeak ez dirudi eragin handirik duenik.
Alkohola denon eskura dago, eta gainera sozialki onartuta dago. Legea eta gizartea ez datoz bat.
NOIZ HASTEN DIRA? 12-13-14 urterekin hasten dira gazteak alkohola edaten. Hori ez da aldatu azken 10 urtean. Datu zehatzak hauek dira:
-12-13 urtekoen %7k asteburuetan gehiegi edaten du, mozkortu gabe bada ere.
-13-14koen artean %40k.
-15ekoen artean %58k.
-16koen artean %72k.
-17koen artean %78k.
-18koen artean %82k.
Neskek lehen mutilek baino gutxiago edaten zuten, orain berdinduta dago egoera.
ZERGATIK EDATEN DUTE? Gazteek beraiek diotenez: dibertitzeko, ongi pasatzeko, lagunekin egoteko, jendea ezagutzeko, hobeto erlazionatzeko, helduago sentitzeko, taldean integratzeko -izan ere edaten ez duena arraroa omen da.
Ezagutzen dituzte alkoholaren arriskuak -batez ere trafiko istripuak aipatzen dituzte-, baina hala ere edateko arrazoiek indar handiagoa dute.
BOTELLOIA Gazteek kalean edateko aipatzen dituzten arrazoiak azaleko samarrak iruditzen zaizkie ikerketa egileei: ostatuak garestiak direla edo sartzen ez dietela uzten. Benetako arrazoiak lehen aipatu ditudanak direla diote. Eta "talde ospakizuna" gehitzen diote. Baita "helduen kontrolik gabeko espazioa izatea" ere.
Helduen aldetik kezka nagusia kaleko istiluak dira, zarata, lo egin ezina, zikinkeria espazio publikoetan... eta batzuetan gazteen osasuna ere bai. Guraso direnek arazo eskizofreniko samarra dute, izan ere beraiek ere alkohola edaten dute! Nola atera kontraesan horretatik?
Beraz, helduen jokabidea zera da: politikoei arau gogorragoak eta debekuak eskatzea edo behintzat espazio publikoen, parkeen, enparantzen eta botelloi guneen kontrola. Beste alde batetik komunikabideei leporatzen diete errua -gazteei eskaintzen dieten eredu kaxkarra dela eta-. Azkenik eskolari hobeto hezitzeko eskatzen diote.
IKERKETAN ATERA DITUZTEN ONDORIOAK Kezkarria omen da egoera, baina batzuetan arazoa puztu egiten dela salatzen dute, manipulatzen erraza delako eta irtenbide hutsalak eskaintzeko joera ikusten dute. Izan ere, helduek ez dakitenez zer egin (zenbaiten ustez ezer egin behar den ere eztabaidatzen da), hausnarketarik gabeko soluzio ustelak proposatzen dira, batez ere komunikabideetan.
Zenbait proposamen egiten dute:
-gizartean aldaketa "estrukturalak" behar direla diote: gazteei eragiten dieten gaiak aipatuz, hala nola lan egoerak, etxebizitzak eta parte hartzea.
-arauek eta legeek ezin dezakete gizartea aldatu, besterik gabe. Horregatik gizartearen benetako jarrerarekin -ez anbiguetate eta hipokresiazko jarrerekin- bat datozen lege errealistagoak proposatzen dituzte. Izan ere, zertarako balio dute betetzen ez diren debekuek? "Pantaila" operazioa dela diote, hau da, itxura hutsa.
-eskolaren parte hartzea aipatzen dute, nola zehaztu gabe.
-azkenik, familiaren ardura, orain familiek ez dakitela nola jokatu esan eta indefinizo horri irtenbideak bilatu behar zaizkiola iradokiz.
HORRAINO DATUAK Horrainoxe dira ikerketak eskaintzen dituen datuak. Hausnarketa zabala egiteko ematen dute. Eskolen ardura zein neurritakoa ote da? Nola "hezitu" behar du eskolak alkohol kontsumoari dagokionez? Galdera erraza da, erantzuna da zaila.