Gabon eta ongi etorri gure dokugunera. Gure etxekoandreek helburu berria dute gaur. Eta horren ondorioz Donostiarantz abiatuko dira. Hiru ikasle dituzte zain ikasle pisu batean. Kontxik eta Anek ez dakite baina pisua hankaz gora dagoela. Etxekoandreek lan handia izango dute, eta hala beharrez trebeziaz jokatu beharko dute gure mutilekin trakets zamarrak baitira. Hiru gazte horiek zein baldintzatan bizi diren ikustean nola erantzungo ote dute gure etxeko andreek? Ikus dezagun zer egiten duten gure etxekoandre kementsuek.
Gabriel Aresti Euskaltegiko aldizkariak kontakizun-lehiaketa antolatu du. Nahi duten ikasleek hartuko dute parte eta haiek aukeratuko dute istoriorik onena. Saria izango da irabazlearentzat. Zure istorioa e-mailez bidal dezakezu. Hau da izenburua:
Haiek bai izan zirela jai ahaztezin eta harrigarriak!
Aupa:
Zer moduz? Barkatuko duzue lehenago ez idatzi izana, baina nahikoa lan izan dut. Kontua da nire bikotekidearekin arazo dezente izan ditudala azkenaldi honetan… ez dakit nondik hasi. Mezu asko jasotzen zituen bere eskukoan eta azkenean jakin nuen ezagutzen dudan pertsona batek bidaltzen zizkiola… ez diot ezer galdetu eta berak ere ez dit ezer esan, baina… konturatu naiz konfiantza galdu dudala eta ez diodala ezer sinesten. Zuek zer pentsatzen duzue?
Mesedez, eskertuko nizueke zuen iritzia ematea… ahaztu egin behar al dut kontua? Ala hobe da hitz egitea? Ez dut Josu galdu nahi, asko maite dut eta… zuen laguntza behar dut, esan zeozer, mesedez.
Ahal duzuenean, kasu egin, ados?
Muxu
Iraia
Idazlearen istorioa irakurri ostean, saia zaitez amaiera egokia idazten.
Ikasturte berriarekin iritsi ziren. Herri txikia zen, eta berehala ohartu ziren bertakoak etorreraz. Horietako bat, gainera, herriko eskolara etorria zen lanera, eta, beraz, laster izan zuen harremana herriko guraso askorekin. Neska jatorra zela esaten zuten, zortea izan zutela; irakasleen joan-etorri handia izaten zela herri hartan, ez zutela hara joan nahi herri txikia eta zokoratua zen aldetik... Urruti zegoen toki guztietatik, bai.

Beste neskak ez zuen bertan lan egiten. Arratsalde partean iristen zen, eta egiten zuen lehendabiziko gauza dendara joatea zen, afaltzekoak erostera. Ez zitzaizkion galderak gustatzen. Deserosoa zitzaion dendariak galderak egiteko zuen joera eta erosleek jartzen zuten arreta. Nolanahi ere, atseginak ziren harekin. Jende atsegina zen. Adeitsua. Jende berrira ez oso ohitua, apika. Nobedade gutxi izaten zen herri hartan, bai.
Une jakin batean, ordea, herritarrek haiekiko jarrera aldatu zuten. Askoz ere jarrera hotzagoa hasi ziren erakusten haiekiko, ulertzen ez zuten arrazoi bategatik. (...)
Egilea: Castillo Suarez
Iturria: www.berria.info
Hiru lankide bildu ginen, gaur zortzi, euskarazko urriko azterketak prestatzen hasteko. Izan ere, irailean ez baina, urrian dira euskarazko azterketak, bigarren deialdian.
Lankide batek testu bat mahairatu zuen: Orioko arraunlari Ibon Gaztañazpik idatzitako zutabea -Etzi, 1989-, bezperan Berria egunkariak plazaratua. Hango grazia eta poesia!
Ibonek kontatzen zuen nola 1989an, hamaika urte zituela, joan zen hamahiru urteko lagun batekin Oriotik Donostiara, Igeldon barrena, Kontxako estropadetako kanporaketa ikustera. Eta nola, bidean, ikusi zuten bazter batean auto bat geldi eta bertan «bikote bat arraun txikiarekin hamarrekoak jotzen».
Barre egin genuen hirurok. Argi zegoen zer jotzen ari zen bikotea. Baita arraun txikia zer den ere. Baina zer ote hamarrekoa? Esaldiaren plegu guztiak jiratu genituen: linguistiko, testual, testuinguruko... Ez alferrik!
-Zer iruditzen testua? -galdetu zuen lankideak-. Azterketetan erabil daiteke? Zein mailatan? Entzumena ala irakurmena neurtzeko?
Nire arreta, ordea, «hamarreko» hartan zegoen ordurako. Eta ez nuen onik izango, hura deszifratu arte. Zarautzera iritsita, baserritar adiskide batekin topo. Azaldu nion, ba, zertan ari nintzen; eta aire harrapatu hark «bikote bat arraun txikiarekin hamarrekoak jotzen» haren esanahia. Baita, barrez, azkar asko argitu ere hamarrekoena.
-Zera: hamarreko tandak. Patroiak arraunlariei eskatzen dizkien ekinaldi berezi horiek: bat, bi, hiru... Oriotar horiek asmatzen ez dituztenak!
Goizean baino ere barre handiagoa egin nuen. Behin behar eta, lezio ederra hartua dugu euskara-aztertzaileok.
PELLO ESNAL
Iturria: www.diariovasco.com
:: Hurrengo orrialdea >> Azken erantzunak
Iraia Biteri naiz eta Basauriarra naiz.Euskara irakasle gisa lan egiten dut Gabriel Aresti Euskaltegian 2006tik. Nire blogean jorratuko ditudan gaiak, gai zabalak izango dira, baina beti izango dute harremana hizkuntza berarekin. Bi urtez Santiago de Txilen egon nintzenez, biziki interesatzen zait Hego Amerika, eta horren berri ere nire blogean emango dut. Bestetik, nire formakuntza akademikoa ahaztu gabe, Psikologia eta Lingüistikako lanak argitaratzen saiatuko naiz. Beraz, hemen duzu aukera bikaina hizkuntzan trebatzeko, pixka bat bidaiatzeko eta gure psikiak nola funtzionatzen duen ikertzeko. Ongi etorri!
| Ast | Ast | Ast | Ost | Ost | Lar | Iga |
|---|---|---|---|---|---|---|
| << < | > >> | |||||
| 1 | 2 | 3 | 4 | 5 | ||
| 6 | 7 | 8 | 9 | 10 | 11 | 12 |
| 13 | 14 | 15 | 16 | 17 | 18 | 19 |
| 20 | 21 | 22 | 23 | 24 | 25 | 26 |
| 27 | 28 | 29 | 30 | 31 | ||
