Hiru lankide bildu ginen, gaur zortzi, euskarazko urriko azterketak prestatzen hasteko. Izan ere, irailean ez baina, urrian dira euskarazko azterketak, bigarren deialdian.
Lankide batek testu bat mahairatu zuen: Orioko arraunlari Ibon Gaztañazpik idatzitako zutabea -Etzi, 1989-, bezperan Berria egunkariak plazaratua. Hango grazia eta poesia!
Ibonek kontatzen zuen nola 1989an, hamaika urte zituela, joan zen hamahiru urteko lagun batekin Oriotik Donostiara, Igeldon barrena, Kontxako estropadetako kanporaketa ikustera. Eta nola, bidean, ikusi zuten bazter batean auto bat geldi eta bertan «bikote bat arraun txikiarekin hamarrekoak jotzen».
Barre egin genuen hirurok. Argi zegoen zer jotzen ari zen bikotea. Baita arraun txikia zer den ere. Baina zer ote hamarrekoa? Esaldiaren plegu guztiak jiratu genituen: linguistiko, testual, testuinguruko... Ez alferrik!
-Zer iruditzen testua? -galdetu zuen lankideak-. Azterketetan erabil daiteke? Zein mailatan? Entzumena ala irakurmena neurtzeko?
Nire arreta, ordea, «hamarreko» hartan zegoen ordurako. Eta ez nuen onik izango, hura deszifratu arte. Zarautzera iritsita, baserritar adiskide batekin topo. Azaldu nion, ba, zertan ari nintzen; eta aire harrapatu hark «bikote bat arraun txikiarekin hamarrekoak jotzen» haren esanahia. Baita, barrez, azkar asko argitu ere hamarrekoena.
-Zera: hamarreko tandak. Patroiak arraunlariei eskatzen dizkien ekinaldi berezi horiek: bat, bi, hiru... Oriotar horiek asmatzen ez dituztenak!
Goizean baino ere barre handiagoa egin nuen. Behin behar eta, lezio ederra hartua dugu euskara-aztertzaileok.
PELLO ESNAL
Iturria: www.diariovasco.com
Ez daude Erantzunak mezu honetan...
Azken erantzunak
Iraia Biteri naiz eta Basauriarra naiz.Euskara irakasle gisa lan egiten dut Gabriel Aresti Euskaltegian 2006tik. Nire blogean jorratuko ditudan gaiak, gai zabalak izango dira, baina beti izango dute harremana hizkuntza berarekin. Bi urtez Santiago de Txilen egon nintzenez, biziki interesatzen zait Hego Amerika, eta horren berri ere nire blogean emango dut. Bestetik, nire formakuntza akademikoa ahaztu gabe, Psikologia eta Lingüistikako lanak argitaratzen saiatuko naiz. Beraz, hemen duzu aukera bikaina hizkuntzan trebatzeko, pixka bat bidaiatzeko eta gure psikiak nola funtzionatzen duen ikertzeko. Ongi etorri!
| Ast | Ast | Ast | Ost | Ost | Lar | Iga |
|---|---|---|---|---|---|---|
| << < | > >> | |||||
| 1 | 2 | 3 | 4 | 5 | 6 | 7 |
| 8 | 9 | 10 | 11 | 12 | 13 | 14 |
| 15 | 16 | 17 | 18 | 19 | 20 | 21 |
| 22 | 23 | 24 | 25 | 26 | 27 | 28 |
| 29 | 30 | |||||