Hiru lankide bildu ginen, gaur zortzi, euskarazko urriko azterketak prestatzen hasteko. Izan ere, irailean ez baina, urrian dira euskarazko azterketak, bigarren deialdian.
Lankide batek testu bat mahairatu zuen: Orioko arraunlari Ibon Gaztañazpik idatzitako zutabea -Etzi, 1989-, bezperan Berria egunkariak plazaratua. Hango grazia eta poesia!
Ibonek kontatzen zuen nola 1989an, hamaika urte zituela, joan zen hamahiru urteko lagun batekin Oriotik Donostiara, Igeldon barrena, Kontxako estropadetako kanporaketa ikustera. Eta nola, bidean, ikusi zuten bazter batean auto bat geldi eta bertan «bikote bat arraun txikiarekin hamarrekoak jotzen».
Barre egin genuen hirurok. Argi zegoen zer jotzen ari zen bikotea. Baita arraun txikia zer den ere. Baina zer ote hamarrekoa? Esaldiaren plegu guztiak jiratu genituen: linguistiko, testual, testuinguruko... Ez alferrik!
-Zer iruditzen testua? -galdetu zuen lankideak-. Azterketetan erabil daiteke? Zein mailatan? Entzumena ala irakurmena neurtzeko?
Nire arreta, ordea, «hamarreko» hartan zegoen ordurako. Eta ez nuen onik izango, hura deszifratu arte. Zarautzera iritsita, baserritar adiskide batekin topo. Azaldu nion, ba, zertan ari nintzen; eta aire harrapatu hark «bikote bat arraun txikiarekin hamarrekoak jotzen» haren esanahia. Baita, barrez, azkar asko argitu ere hamarrekoena.
-Zera: hamarreko tandak. Patroiak arraunlariei eskatzen dizkien ekinaldi berezi horiek: bat, bi, hiru... Oriotar horiek asmatzen ez dituztenak!
Goizean baino ere barre handiagoa egin nuen. Behin behar eta, lezio ederra hartua dugu euskara-aztertzaileok.
PELLO ESNAL
Iturria: www.diariovasco.com
Hurrengo artikulua irakurri ondoren, egin ezazu testuaren gaineko laburpena, eta kontuan izan gehienez ere 40 hitz eduki behar dituela zure lanak.
1989ko abuztuaren 31, osteguna; goiko argazkiko lehorrak 11 urte, eta Egoitz adiskideak 13. Bazkalondoan, egunero bezala, bizikletarekin geratu ginen, planik ez eta herrian bazterrak nazkatzea baino zeregin hoberik gabe. Gazteenari bururatu zitzaion ideia: Igeldotik barrena Donostiara joatea, bizikletaz, Kontxarako sailkapen estropada ikustea. «Konforme». L formako aulkia zuen BH urdina eta marka bereko bizikleta arrosa hartu eta aurrera! Mendiko bideetan gora, kapitalera. Txanka, Andu, Aizperro, Sabe, Polipaso, Igeldo, Antigua... Kaira iritsi arte. Bidean, orduan garrantzi handia izan zuen ezustekoa gertatu zen: Itzaiztik Bentara daraman bidezidorraren bazterrean geldi zegoen autoko leihotik begiratu, eta, bizitzan lehen aldiz, gertutik bikote bat ikusi genuen arraun txikiarekin hamarrekoak jotzen.
Kontua da sasoi hartan batere sasoiko ez zebilen herriko trainerua sailkatu egin zela, eta bi mukitsuok pozak zoratzen itzuli ginela herrira, N-634 kamiotik. Ilunduta, bustita, auto batek laguna lurrera bota ondoren eta ongietorriaren izuz iritsi ginen etxera, 22:30 aldera. Gure amaren aurpegia!

Etzi, urtero bezala, 1989ko abuztuaren 31 izango da jende askorentzat. Arraunzaleak urteko egunik emankorrena biziko du, datozen bi igandeetako jendetza eta itxurakeriarik gabe. Uda osoan ikusi ez ditugun kazetariak kaian ibiliko dira. Ordezkarien artean libratzeko gogoa epidemia bihurtuko da. Entrenatzaileek sekula baino hitz gutxiagorekin apainduko dituzte estropada aurreko hitzaldiak. Arraunlari batzuek ilea txukunduko dute; besteek estropuak estreinatuko dituzte; askok jai hartuko du lanetik; bakarren batek maiteari Kontxan eramango zuela zin egin zion eskumuturrekoa edo belarritakoa jantziko du; eta guztiek beste edozein estropadatan baino azkarrago iritsi nahiko dute helmugara. Etzi umeek arraunlari izan nahiko dute handitan, Hondarribian, Pasaian, Orion, Zarautzen, Getarian, Zumaian, Ondarroan, Lekeition, Bermeon, Plentzian...
Eraman itzazue, eta esaiezue uretan intxaur azalak diruditen kolorezko ontzietan ametsak daramatzagula itsasora. 1989ko arratsalde hartakoa bezalakoak.
Egilea: Ibon Gaztañazpi, Orioko arraunlaria
Iturria: www.berria.info
Hona hemen adibide bat:
Orioko arraunlariarentzat oso garrantzitsua da 1989ko abuztuaren 31. Data horretan, Kontxarako sailkapen estropada ospatzen da Donostian. Testuan ageri den bezala, arraunzaletasuna txikitandik datorkio Gaztañazpiri. Artikulu honen bidez, gurasoei zuzentzan zaie arraunlariak, eta haien umeak estropadetara eraman ditzaten animatzen ditu. Haren ustez, txikitako zaleak etorkizuneko arraunlariak izan daitezke.
Bikote heterosexualen arteko genero-indarkeriari aurre egiteko proposamen garbia eta zakarra azaltzen du Iñaki Segurolak, irratsaio honetan. Filologoaren esanetan, biolentziaren erabilera orekatua, tamainakoa, komenientziazkoa, bi aldetakoa, jasangarria eta iraunkorra beharrezkoa da, batzuen pitokeriaz eta besteen alukeriaz bukatzeko.
http://www.ikasbil.net/audio/genero_indarkeria_070328_1634.mp3
Oharra: Klikatu helbidea.
Azkoitiako Udalak berriki plazaratu duen logo korporatiboarekin, oso haserre agertu da Iñaki Segurola. Euskarazko logoak “Azkoitia, Kultura eta artearen txokoa” du izena. Erderazko logoak berriz, “Azkoitia, universo del arte y la cultura” izendatu dute boterean dauden handiustek.
http://www.ikasbil.net/audio/azkoitixe_070329_1649.mp3
Oharra: Klikatu helbidea.
Hurrengo artikulua irakurri ondoren, egin ezazu testuaren gaineko laburpena, eta kontuan izan gehienez ere 40 hitz eduki behar dituela zure lanak.
Erraustegiak martxan jartzeko asmoak eztabaida sutsua piztu du gizartean. Aldeko eta aurkako iritziak entzun ahal izan dira komunikabideetan, foroetan, kalean eta etxeetan.
Nolanahi ere, oso gutxi entzun da arazoaren muinaz. Alegia, galderak ez luke izan behar zer egin zaborrarekin, erre ala ez erre. Oinarrizko galdera hau da: zer egin zabor gutxiago sortzeko? Ez da galdera hutsala; hondakinen sorrera murrizteko posible da neurri zehatzak eta eraginkorrak hartzea. Adibidez, Belgikan zigortuta dago produktuei behar baino bilgarri gehiago jartzea. Horren ondorioa antzemateko modukoa izango da, bilgarriak etxeko hondakinen herena baitira hemen.
Berez, hiri-hondakinak kudeatzeko planetan ere aipatzen da helburua “zero zaborra botatzea” dela. Hori lortzeko, hainbat neurri ere proposatu dituzte. Besteak beste, enpresekin eta erakundeekin hitzarmenak sinatzeko asmoa dute, erabiltzen dituzten poltsak eta ontziak berriro erabil ditzaten; postontzietara iristen den publizitatea arautu nahi dute; herritarrak sentsibilizatzeko jarduerak sustatuko omen dituzte...

Alabaina, oraingoz ezer gutxi jakin du gizarteak proposamen horien gainean. Ez dira asmo txarrak, inolaz ere ez, baina eraginkorrak izan daitezen bidea jarri behar da. Esaterako, itzultzeko ontziak erabiltzea sustatu nahi bada, aukera eman beharko da. Ez da hain zaila, ezta berria ere, lehen ere egiten baitzen. Hala ere, sistema hori berriro martxan jartzeko, lehenengo ahalegina administrazioak egin beharko luke. Hitz politak ez dira nahikoa.
Antzera gertatzen da berrerabiltzeko eta birziklatzeko neurriekin. Asmoak, onak; bitartekoak, eskasak. Azkenean, kontsumitzailearen esku gelditzen da arduraz jokatzea, baina, aukera emanez gero, jendearen erantzuna uste baino hobea da askotan. Horretaz konturatzeko, nahikoa da birziklatze-tasa zenbat igo den ikustea.
Ekintza horiek guztiak eraginkorrak izateko erraustegiak eraikitzeko bezainbat ahalegin eta diru bideratuko balitz, agian ez lirateke beharrezkoak izango erraustegi guztiak. Edo, gutxienez, ez litzateke hainbeste zabor iritsiko labeetara.
2004/11/17 | Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber | Imaz Amiano, Eneko | Kortabarria Olabarria, Beñardo | Roa Zubia, Guillermo | Galarraga Aiestaran, Ana |
Iturria: Zientzia.net
Hona hemen adibide bat:
Artikulu honen arabera, garrantzitsuagoa da zabor gutxiago sortzeko neurri zehatzak hartzea, erraustegiak martxan jartzea baino. Hondakinen sorrera murrizteko, Administrazioak kontsumitzaileen esku proposamen eraginkorrak jarri behar ditu abian.
Hurrengo iritzi artikulua irakurri ondoren, egin ezazu testuaren gaineko laburpena, eta kontuan izan gehienez ere 40 hitz eduki behar dituela zure lanak.
Euskal Herriak, gure herriak, barne eta kanpo mugez banatua jarraitzen du. Banaketa politiko, administratibo zein ekonomikoa. Ikuspegi administratibotik begiratuta Euskal Herria ondoko administrazioetan banatzen da: europarrean, espainiarrean, frantziarrean eta autonomietakoan (EAE eta Nafarroakoan). Ondorioz, egindako analisi eta ikerketak administrazio horietako bakoitzak bizi duenaren isla dira gehienetan eta herrialdeko errealitate sozio-ekonomikoa, beste errealitate batzuk bezala, bakoitzaren ikuspegitik analizatzen da. Beraz desitxuratu egiten da errealitatea, Euskal Herria lausotua eta banatua erakutsiz. Hori aldatzeko beharrezkoa da, beste ezer baino lehen, gure herrialdearen errealitate nazionalaren jakitun izan eta Euskal Herri oso, bakar eta erabatekoa eraikitzeko lan egitea. Egia esan, ez dago lan horretarako egitura askorik, administrazio bakoitzak bere lurralderako baino ez baitu egiten lan.
Badago, ordea, horretan lan egiteko konpromisoa hartu duen euskal erakunde gaztea: euskal behategi sozio-ekonomikoa edo Gaindegia. Azken egunotan aurkeztu ditu, hain zuzen ere, Euskal Herriko sozio-ekonomiako 22 adierazle nagusiak. Euskal Herri osoarenak. Bost arlotan bildu ditu: ingurune ekonomiko orokorra, enplegua, berrikuntza eta ikerkuntza, ekonomiaren erreforma eta gizarte kohesioa eta ekonomiaren erreforma. Euskal Herriko egoera sozio-ekonomiko erreala ezagutarazten hasteko modua da. Eta hori ere Euskal Herria eraikitzea da. Horrela lan egiten dutenek euskal gizarte osoaren babesa merezi dute.
Juan Mari Arregi
Hona hemen adibide bat:
Euskal Herria hainbat administraziotan banatuta dagoenez, hari buruzko analisiak hamaika izaten dira, idazlearen esanetan. Arregiren ustez, Gaindegia erakundeari esker, Euskal Herriko egoera sozio-ekonomiko errealagoa ezagutzeko aukera izango dugu, hemendik aurrera.
AEBetako unibertsitate batean 32 pertsona erail ditu gazte batek. Gazte horrek bere buruaz beste egin du jarraian. Gertaera latz horiek suertatu eta gero, guztia dakiten eta azaltzen duten sasi jakintsu eta aditu agertzen dira milaka arrazoi eta faktore ezberdinak emanez. Idazlearen iritziz, ordea, arma gehien duen Estatua imitatzen saiatzen da gizabanako armatua.
http://www.ikasbil.net/audio/orojakileak_070427_1139.mp3
Oharra: Klikatu helbidea.

Azken erantzunak
Iraia Biteri naiz eta Basauriarra naiz.Euskara irakasle gisa lan egiten dut Gabriel Aresti Euskaltegian 2006tik. Nire blogean jorratuko ditudan gaiak, gai zabalak izango dira, baina beti izango dute harremana hizkuntza berarekin. Bi urtez Santiago de Txilen egon nintzenez, biziki interesatzen zait Hego Amerika, eta horren berri ere nire blogean emango dut. Bestetik, nire formakuntza akademikoa ahaztu gabe, Psikologia eta Lingüistikako lanak argitaratzen saiatuko naiz. Beraz, hemen duzu aukera bikaina hizkuntzan trebatzeko, pixka bat bidaiatzeko eta gure psikiak nola funtzionatzen duen ikertzeko. Ongi etorri!
| Ast | Ast | Ast | Ost | Ost | Lar | Iga |
|---|---|---|---|---|---|---|
| << < | > >> | |||||
| 1 | 2 | 3 | 4 | 5 | 6 | 7 |
| 8 | 9 | 10 | 11 | 12 | 13 | 14 |
| 15 | 16 | 17 | 18 | 19 | 20 | 21 |
| 22 | 23 | 24 | 25 | 26 | 27 | 28 |
| 29 | 30 | |||||