Artxiboak: Uztaila 2008

2008-07-18

Permalink 21:16:36, Atalak: Atazak, 243 hitz  

Erlijioa eta janzkera

Hurrengo artikulua irakurri ondoren, egin ezazu testuaren gaineko laburpena, eta kontuan izan gehienez ere 40 hitz eduki behar dituela zure lanak. 

Gizonez jantzita ibiltzea beti izan da tabua emakumeentzat», Bego Muruagaren arabera. Deuteronomio izeneko liburuan zera esaten da: «Emakume batek ez du eramango gizonezkoen jantzirik, eta gizon batek ez du eramango emakumezkoen soinekorik». Erlijioak pisu handia izan du gizon-emakumeen janzkeran. «Biblian bertan, soinekoa gorputz sexuatuen ezaugarria eta bermea zen. San Paulok (korintoarrei egindako gutunean) esaten zuen gizonezkoek eta emakumezkoek desberdin jantzi behar zutela, zeren eta 'gizonezkoa Jainkoaren irudia eta isla da; emakumea, berriz, gizonaren isla'. Santo Tomasek ere emakumea gizonez janztea bekatu larria zela zioen».

«Claude Noirotek, 1609an, trabestismoaren izaera sakrilegoa azpimarratu zuen, eta subertsio politikoaren arriskua eta moralaren gainbehera aipatu zituen. Noirotek zioen gure gizaki itxura aldatzea Jainkoaren obra desitxuratzea zela. Egon da esan duenik ere gizonez jantzitako emakumeek lagundu egiten diotela Satani Jainkoak eraikitako ordena suntsitzen».

Hori bai, XXI. mendean ere bada galtzadun emakumea arriskutsua dela uste duenik: Suazilandiako (Afrika) erregearen irudiko, galtzak erabiltzen dituzten emakumeak dira munduko gaitzen erantzuleak: «Bibliak dio madarikazioa eroriko dela galtzak daramatzaten emakumeen gainean. Horregatik dago mundua dagoen bezala!». 2003an esan zuen hori.

Idoia Etxeberria

Iturria: www.berria.info

Hona hemen adibide bat:

Idazlearen iritziz erlijioak pisu handia izan du emakume eta gizonen janzkeran. Tesi hori argudiatzeko Deuteronomio izeneko liburuak, Bibliak, San Paulok, Santo Tomasek, Claudie Noirotek eta Suazilandiako erregeak esandako esaldi “ahanztezinak” aipatzen ditu.

2008-07-15

Permalink 18:31:48, Atalak: Atazak, 317 hitz  

Wonderfulandia zoragarria!

Hurrengo gutuna irakurri ondoren, egin ezazu testuaren gaineko laburpena, eta kontuan izan gehienez ere 40 hitz eduki behar dituela zure lanak.  

Gurean gertatzen direnak! Herri administrazioko funtzionario bazara, hogei lan-jardunetik bakarra euskaraz eginik «pixkabat es muuchooo» kanta dezakezu merezimendu osoz, bikaintasunaren ziurtagiriren bat jasotzeko arrisku ederra duzu. Politikaria bazara, eta hogei lanetatik bakarra euskaraz egiten baduzu, bikain ziurtagiria eskuratzeko izpi bat baino ez duzu eskas.

Gatozen enpresetara. Administrazioak laguntzak ematen dizkie euskara planak egin eta abian jartzeko. Iaz bederatzi enpresek lortu omen zuten Bikain ziurtagiria, besteak beste, Euskaltel eta Eroski-k. Euskaltel-ek ez zaituzte inoiz erdaraz hitz egitera gonbidatu edo/eta behartu, beti modu adeitsuan, noski? Honako hau behin baino gehiagotan. Usurbilgo Urbileko Eroskin (euskaldun mordoa ibiltzen gara) askoz arrisku gehiago daukazu kutxazain edo enplegatu elebakarrarekin topo egiteko elebidunarekin baino. Errotuluak euskara-erdara. Produktuen etiketak, Espainiako lau hizkuntzatan, lehena espainola, delako espainol guztien hizkuntza komunean, Espainiako Konstituzioarekin erara.

Guretik kanpo, enplegatuen hizkuntza profilagatik nabarmen baino nabarmenago Ez-nahikoa ziurtagiria legokioke; diru-laguntzak jaso eta errotuluetan elebitasunarekin betetzeagatik bikain ziurtagiria merezi du?, Espainiako Konstituzioa bikain betetzeagatik ez al lioke Espainiako administrazioak eman behar Bikain ziurtagiria eta ez EAEkoak? EAEko herri administrazioak jokabide horri bikaina irizten dio? Jendaurrean egoten diren enplegatu gehienak elebakarrak; errotuluak euskara-erdara, eta etiketak lau hizkuntzatan, lehena espainola.

Eroski-k lortua du Bikain ziurtagiria. Ez du besterik egin beharrik, gauzak ongi egiteak ematen duen asetasun ederrean lokartu liteke bere jokabidearekin loriaturik. Baina, beharbada, ahalegin bereziren bat egin lezake, administrazioari diru-laguntza eskaturik, eta orduan, Bikainetan Bikain ziurtagiria jasotzeko arriskutan gerta liteke. Bistan da, EAEn Pixkabat es muuchooo-ren eta ez-nahikoa bikain den wonderfulandia zoragarrian bizi gara!

Pako Sudupe. Idazlea.

Iturria: www.berria.info

Hona hemen adibide bat:

Idazlearen iritziz, gaur egun Euskaltel eta Eroski bezalako enpresek oso gutxi egiten dute, euskara planak egin eta abian jarri arren. Hala ere, EAEko administrazioak Bikain ziurtagiria luzatzen die, jendaurrean egoten diren langile gehienak elebakarrak izanagatik, errotuluak euskara-gaztelaniaz agertzeagatik, eta produktuen etiketak Espainiako lau hizkuntzatan jartzeagatik.

2008-07-14

Permalink 17:07:14, Atalak: Atazak, 410 hitz  

Ez joan Avishai Cohen-en kontzertura

Gaur, uztailaren 10ean, Avishai Cohen israeldarraren taldeak kontzertua eskainiko du Getxoko jazzaldian. Avishai Cohen munduko baxujole trebeenetakoa da eta ez da faltako gaur bere musika entzutera joango denik, ez da faltako musika kontzertu hutsa dela gogorarazten digunik, ez eta musika eta politika, mesedez ez dezagula nahastu aginduko duenik ere.

Bateren bat haserretu ere, haserretuko litzateke, bere aisialdi eskubidea, ez musikaz, ez politikaz (ez ezertaz ere) ulertzen ez dugunok bortxatuko bagenu.

Hala ere, beste behin ere, euskal herritarrei kontzertura ez daitezela joan eskatzen diegu Askapenatik, bai eta Getxoko jazzaldiaren arduradunei artista israeldarrik ez dezatela gehiago gonbidatu ere, ez bada Israel estatu sionistari muzin egiten diotelako: Palestinako gizarte zibileko 100dik gora elkartek, sindikatuk, kulturgilek eta abarrek nazioarteko komunitateari boikota egiteko deiarekin bat datozelako, alegia.

Palestinarekin elkartasun aktiboa egiteko modua da boikota. Ez gara sartuko Avishai Cohenen gaineko balorazio pertsonaletan, ez bada, estatu horretako biztanlea den heinean horrelako Israel bati EZ esatea, boikot egitea, alegia, berari ere badagokiola esateko.

Israeli EZ esatea ez da «bakea»-ren alde agertzea, ez da nahikoa «bi estatu»-ren konponbidearen alde mintzatzea, ez da nahikoa unean uneko israeldar gobernuari kritika egitea, edo ejertzitoaren gehiegikeria bat gaitzestea. Hori denek egiten dute: oposizioan dagoen israeldar alderdi politikoak, Europar Batasunak, AEBek, NBEk, Eusko Jaurlaritzak...

Eta orduan zer? Bada: Israelek Nakba-n izan zuen erantzukizuna onartu behar du, hau da, Israelgo estatua sortu zuten bezala sortu izana dela gatazkaren erroa, eta hori konpontzean datzala konponbidea. Nakba-ren ondorioz daude 4 miloi errefuxiatu, apartheid harresia, Israelen bizi diren palestinarrak sistema arrazista batean bizitzea, etengabe kolonia berriak eraikitzea baita Gazan eta Zisjordanian ere, preso politikoak...

Israelek estatu-politika horri eman behar dio amaiera.

Bien bitartean Palestinatik zera eskatzen digute: «Hegoafrikako estatu arrazistari 80. hamarkadan egin zenioten boikota egin ezazue orain Israelek gurekiko zapalkuntza koloniala eten dezan».

Israeldar biztanlea den heinean, israeldar musikaren ordezkaria den heinean, israeldar kulturaren artista gorenetako den heinean, Avishai Cohenek badu ardura Palestinaren zapalkuntzan, eta geuk badugu ardura 60 urte dirauen genozidio honi amaiera emateko.

Ruben Sanchez Bakaikoa. Askapeneko kidea.

Iturria: www.berria.info

Egin ezazu ondorengo testuaren laburpena eta kontuan izan gehienez ere 40 hitz eduki behar dituela eta ezin jar ditzakezula jatorrizko testuaren zatiak elkarri lotuta; aitzitik, konposizio berria egin behar duzu, nahitaez. Hona hemen adibide bat:

“Gutun honen bidez, Askapeneko kide batek Avishai Cohen baxujole islaeldarrak Getxoko jazzaldian eman zuen kontzertura ez joatea eskatzen zien euskal herritarrei. Horrez gain, ekitaldiaren arduradunei gehiago gonbidatu ez zezaten eskatzen zien. Idazlearen ustez, horrelako ekimenek Gobernu israeldarrak palestinoekiko zapalkuntza koloniala eten ditzakete.”

2008-07-12

Permalink 13:04:57, Atalak: Hego Amerika, 197 hitz  

Pablo Neruda & Alicia Urrutia

 

1969an Pablo Neruda idazle txiletarrak eskuz idatzitako “Álbum de Isla Negra” liburua aurkitu du abokatu eta bildumagile txiletar batek. Pablok bere emazte Matildek zuen ilobari eskeinitako amodiozko olerkiak ditu liburuak. 60ko hamarkadan senar-emazteek Matilderen iloba eta haren alaba, Isla Negra herrian zuten etxean hartu zituzten. Garai hartan ilobak, Alicia Urrutiak, 25 urte baino ez zituen eta bere osabak aldiz 60. Hala ere, pasiozko harreman hark gutxi iraun zuen, Matilde jakinaren gainean zegoelako eta ohean aurkitu zituenean iloba etxetik bota zuelako.

Hona hemen 1971n Aliciak Pablori bidalitako ohar bat:

 

«Pablo amor, quisiera que esta carta te llegue el 12 de julio de tu cumpleaños. Pablo amor que seas feliz. Todas las horas del día y de la noche, estés donde estés y con quien sea, sé feliz, te recordaré, pensaré en ti alma mía. Mi corazón está tibio de amarte tanto y pensar en ti. Amor amado amor, te beso y te acaricio todo tu cuerpo amado. Amor amado amor amor amor mío amor. Tu Alicia que te ama».

 

Saia zaitez Aliciak idatzitako oharra itzultzen.

2008-07-02

Permalink 18:04:37, Atalak: Puntuazio-markak, 205 hitz  

MARRATXOZ eta LOTURIK

  1. Bereiz idatzi beharrekoak

 

    • Aposizioak: Ibaizabal ibaia, Zinkunegi kalea...
    • Postposizioak: ekonomia mailan, fisika arloan, diru falta, lan eske, nahi gabe…
    • egin, eman, hartu eta eragin aditzekin osatzen diren aditz elkarteak: lo egin, hitz egin, barre egin…
    • egin berri modukoak: Salbuezpena: ezkonberri
    • etxez etxe eta etxerik etxe moduko bikoiztapenak.
    • lehen osagaia erdal, euskal, giza eta itsas duten elkarteak, ihartuak ez diren neurrian: euskal idazleak, erdal kutsua, giza eskubideak..., baina itsasgizon, itasontzi...
    • lehen osagaiaren amaierako >a< galtzen denean: biologi azterketa, bidai agentzia, kultur astea, ekonomi azterketa, hizkuntz baliabideak...
    • Bi hitzak letra larriz hasten direnean hobe da, hala ere, marra gabe idaztea: Eusko Jaurlaritza, Ekonomia Saila..

 

  1. Loturik idatzi beharrekoak

 

    • Elkarte ihartuak: sagardo, errepide, lurrikara, ilegorri, elkarrizketa, gorabehera, udaberri, eskubaloi, saskibaloi, mukizapi, eskuohial...
    • Atzizkiak: zurgin, langile, atezain, ardozale, bizardun, lotsagabe, atsedenaldi, asteburu...
    • Aurrizkiak: berregin, desegin, aurrekontu, azpiegitura, gainegitura...
    • Jarleku moduko elkarteak: jesarleku, sorleku, egongela, ikasgela, helmuga, salneurri, idazlan...
    • Aldagaitz modukoak: irakurgaitz, sinestezin, ulerterraz, sentibera...
    • Odolustu moduko izen-elkarte arruntak: indargabetu, indargaldu, azpimarratu, aurreikusi...
    • Lauburu moduko elkarteak: hiruhortz, ehunzango, hirsuta, begibakar...

 

  1. Marratxoz idatzi beharrekoak

 

    • Bikoztapenak: gorri-gorria moduko bikoiztapen indargarriak
    • Seme-alaba, zuri-gorri modukoak: senar-emazteak, neba-arrebak...

 

Zuzen itzazu hurrengo hitz elkartuen idazkera

 

 

unibertsital esparruan

hezkuntz sistema

gutxi gora-behera

merkatal ganbara

finantz egoera

gorri gorria

monetal politika

filologi fakultatea

bapatean

sindikal arazoak

lan-bila

liburudenda

politiko arazoak

diru-eske

batezbeste

dei telefonikoa

zientzia-arloan

euskaldunberri

Permalink 17:01:14, Atalak: Puntuazio-markak, 328 hitz  

Komaren erabilera

Irakurketan egin behar diren pausaldi laburrak edo txikiak markatzeko erabiltzen da.

Honako kasu hauetan erabiltzen da batipat:

 

1. Enumerazioetan, esaldiko bi zati edo gehiago bereizteko, mota berekoak direnean eta segidan doazenean.

 

Adib.: Gaur goizean, azokan, harategian, arrandegian eta okindegian izan naiz. / Iruñea, Bilbo, Donostia eta Gasteiz dira Hego Euskal Herriko hiriburuak.

 

2. Klausula bateko esaldiak bereizteko, pausaldia egiten denean.

 

Adib.: Kalera bazoaz, eros ezazu egunkaria. / Eser zaitez, nekatuta egongo zara eta. / Bidaia batetik datorrenean, opariak ekartzen dizkie beti seme-alabei eta emazteari.

 

3. Deikia edo bokatiboa esaldiaren hasieran doanean, koma darama ondoan. Deikia perpausaren barnean dagoenean, koma artean jartzen da.

 

Adib.: Mikel, ekar itzazu oinetako horiek. / Aizu, Itziar, zatoz lehenbailehen.

 

4. Perpaus baten barruan, esandakoa argitzeko edo osatzeko beste esaldi bat tartekatzen denean, kontaera nagusia ebakitzen duen esaldi hau koma artean jartzen da. Parentesi artean edota bi marren artean ere jar daiteke.

 

Adib.: Koldo, Maiteren anaia, etxera joan da. / Laurak arte edo, nire iritzia hau da behintzat, ez da etorriko. / Zuk diozun hori, oker ez banago, orain dela urtebete gertatu zen.

 

5. Esaldiaren barruan daudenean koma artean eta esaldiaren hasieran daudenean koma ondoan dutela idazten dira gisa honetako molde eta lokailuak.

 

Adib.: hau da, hots, esate baterako, azkenik, azken finean, haatik, hala ere, izan ere, beraz, bukatzeko, adibidez, hala eta guztiz ere, dena dela, dena den, hortaz, nolanahi ere, orduan, bada, ordea, aldiz, berriz, besteak beste, bestalde, gehienetan, egia esan, otoi, gainera, alegia, -z gero, hain zuzen, esaterako etab.

 

6. Bai eta ez bat baino gehiago izanez gero koma jarriko dugu.

 

Adib.: Bai trena, bai autoa, bai hegazkina ere, oso gogoko ditut.

 

7. Aditz herbera duten esaldi-segidan elipsia egiten denean.

 

Adib.: Idazkariak zortzi telefono-dei jaso ditu; idazkari-laguntzaileak, bost; eta menpekoak, hamar.

 

8. Eta, edo eta ala partikulen ondoren, zenbait kasutan.

 

Adib.: Gaixorik zegoela eta, ez zen lanera joan.

 

9. Aposizioetan.

 

Adib.: Abenduaren 28an, Inuzenteen egunean, ederki sartu ziguten ziria.

 

Iturria: http://www.ikasbil.net/gramatika/habe.pdf

2008-07-01

Permalink 19:20:48, Atalak: Atazak, 428 hitz  

Iepa!, ... naiz

Azkenaldian sarritan entzuten dira ezinduen gizarteratzean eman diren aurrerapausoak. Hala da, askoz gehiago ere egin bazitekeen ere. Dena den, ez naiz egin direnak eta egin behar ziratekeenak aipatuz orria betetzen hasiko. Hala ere, interesgarria da gizarteak ezinduongan duen jarrera labur aztertzea. Orokorrean, jendeak laguntzeko joera izaten duela esango nuke, batzuetan lagundu nahi horretan astun jokatzearen beldurrak zalantzak sortzen baditu ere. Beste askotan, gabeziarik handiena noiz sentitzen dugun ez adierazteak eragiten ditu ustezko jarrera arduragabe horiek, guk argitu ezean, kasu askotan jendeak ezin baitezake nahi genukeen gisako jokaerarik har. Hutsune hori hein batean leuntzera datoz ondorengo lerro hauek.

Batzuetan hitzez eta bestetan eskua jasoz edo aurpegiera aldatuz eginiko keinuen bitartez, eguneroko bizitzan etengabeak dira «Iepa!» edo «Beste batean egongo gaituk» bezalako agur azkarrak. Maiztasun horrek berak askotan beren balioa gutxiestea ere eragiten du. Egia esan, gauza txikiak dira, eta agian norbaiti tontakeria ere irudituko zaio horrenbeste arazok inguratzen gaituzten bizitza honetan halako txikikerietan erreparatzea. Ordea, era honetako gauzekin gertatu ohi den moduan, beren faltak uste baino hutsune handiagoa eragiten du berau nozitzen duenarengan. Horixe da lerro hauek idaztera bultzatu nauena.

Izan ere, maiz gertatu izan zait, jendez inguraturik egon arren bakar antzean sentitzea. Halakoetan, hurbileko lagunen agurrekin soilik konformatu behar izaten dut. Aldiz, etengabean sumatzen ditut taldeko adiskideak goian aipaturikoen moduko agurrak egiten. Ea nor ziren galdetu, eta besterik gabeko «ezagun batzuk» erantzuna jaso ohi dut gehienetan.

Eskertzekoa litzateke, komunikazio mota azkar hau ikusmen ezak edo bestelako ezintasunen batek galarazten duen kasuetan, jendea hurbildu eta agurtzea. Era honetan, aukera izango genuke beste edonork manten ditzakeen harremanak (oso gertukoak ez izanda ere) mantentzea. Horretarako nahitaezkoa da maiz ezinduen aurrean jendeak izaten duen beldurra edo nola jokatu jakin eza gainditzea. Azken finean, jendearekin nola jokatu, harremana izaten hasten garen momentutik ikasten da, eta gure kasua, noski, ez da salbuespena.

Uda iritsi zaigularik, aipaturikoak bezalako egoerak ugaritu egiten dira. Hortaz, une egokia izan daiteke hau, festa, parranda edo jendea erruz biltzen den kasuetan, itsuok, eta bestelako ezinduak ere, jendez inguraturik gaudenean, ezagunen hurbiltasunari esker erosoago senti gaitezen.

Oier Lakuntza. Iruñea.

Iturria: www.berria.info

Egin ezazu ondorengo testuaren laburpena eta kontuan izan gehienez ere 40 hitz eduki behar dituela eta ezin jar ditzakezula jatorrizko testuaren zatiak elkarri lotuta; aitzitik, konposizio berria egin behar duzu, nahitaez. Hona hemen adibide bat:

Oier Lakuntza Iruñeako itsu bat da eta gizarteak ezinduekin duen jarrera labur aztertu du hurrengo iritzi artikuluan. Haren ustez komunikazio azkarraren barruan, “Iepa” eta “Beste batean egongo gaituk” bezalako keinu txikiek, hurbiltasuna eta erosotasuna adieraz dezakete, ezinduen eta euren ezagunen artean.

Azken erantzunak

Camille Fauque

Iraia Biteri naiz eta Basauriarra naiz.Euskara irakasle gisa lan egiten dut Gabriel Aresti Euskaltegian 2006tik. Nire blogean jorratuko ditudan gaiak, gai zabalak izango dira, baina beti izango dute harremana hizkuntza berarekin. Bi urtez Santiago de Txilen egon nintzenez, biziki interesatzen zait Hego Amerika, eta horren berri ere nire blogean emango dut. Bestetik, nire formakuntza akademikoa ahaztu gabe, Psikologia eta Lingüistikako lanak argitaratzen saiatuko naiz. Beraz, hemen duzu aukera bikaina hizkuntzan trebatzeko, pixka bat bidaiatzeko eta gure psikiak nola funtzionatzen duen ikertzeko. Ongi etorri!

Uztaila 2008
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
  1 2 3 4 5 6
7 8 9 10 11 12 13
14 15 16 17 18 19 20
21 22 23 24 25 26 27
28 29 30 31      

Sortzailearen profila

Nire profila eta kontaktua

Camille Fauque

Kontaktu formularioa

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

free 
website stats program

powered by
b2evolution