Ez da batere erraza, gutun hau nori zuzendu behar jakon jakitea. Atzo, behintzat, asko ziren euren ordezkariek antolatu dabenagaitik haserre zeuden PNV-ko boto emaleak. Beraz, ez litzake bat be justua izango autoritarismo erakustaldi hau Igorreko PNV osatzen dauen kolektibo osoari leporatzea, eta jakina, ez dot egingo.
Baina, ze demontre, eurek egindakoa errepikatuko dot eta izen abizenak ipiniko dodaz ardurak banatzeko orduan: Andere Ortuzar. Bera da jelkideen (jaungoikoa eta lege-zarrak) bozeramalea udaletxean eta gainera kultura zinegotzia aurreko legealdian, beraz, zeozer jakingo dau honetaz. Berari zuzenduko najako ba.
Zorionak Andere, eta eskerrik asko. Barriro be, ezker abertzaleko zinegotziak auzi bidean ipini dozuez. Aurretik be gogor saiatu bazarie be ez dozue lortu, baina nork jakin, Andere, agian oraingoan lortuko dozue Galder, Oihane eta besteak gartzelarako bidean ipintea. Eta gero betiko leloa “epaileen erabakiagaz ez gatoz bat”. Bai zera!
Zorionak Andere eta eskerrik asko. Lortu dozue gure herria espainiar hedabide denetan agertzea eta gure herritarrak odolzale gisa agertaraztea. Orain, jaietan zehar gerta litekeen edozein istilu erabat justifikatuko dabe. Aresek, lasai asko bidal ditzake gure dabezan poliziak, horrek izango lituzkeen ondoriokaz. Txosnak polizi enkaputxatuez betetzen badira, zuen ardura izango da, Andere Ortuzar. Zuen ardura. Gero esango dozue ” Aresek egindakoagaz ez gatoz bat”. Bai zera!
Zorionak Andere eta eskerrik asko. Gure herriko udaletxearen irudia toki denetan irten da eta tartean, Manos Limpias-eko ultraeskuindarrek ikusi ahal izan dabe piperpotoa ez dagoela eskegita. Jakina, honen ondorioak gertatzerakoan, orduan be “ez gatoz bat” botako dozue, ezta?. Bai zera.
Zorionak Andere eta eskerrik asko. Basagoiti berak, zuen tesiak defendatu dauz, eta horren bitartez ezker abertzalea kolpatzeko argudio gehiago topatu dauz. Lortu dozue, beraz, ustez zuen aurkako politikoekaz bat egitea. Gero esango dozue “Basagoitik dinonagaz ez gatoz bat”. Bai zera.
Zorionak Andere eta eskerrik asko. Bide demokratikoak erabiliz lortu ez dozuena, epaileen eta enparauen indarkeriaren bidez lortu dozue. Igorreko jaiak nahastu dozuez, herritarren arteko apurketa faltsu bat eragiten saiatu zarie, eta espero dot lortu ez izana. Espero dot gainera, zuon jarrera autoritarioak, herriko jaietara batzuk eta besteen etorrera ez eragitea jaien zentzua erabat hondatuz.
Zorionak Andere eta eskerrik asko. Pregoi barik utzi dauz jaiak eskoi autoritarioak. Umeentzako hain garrantzitsua dan hori dana, Zuztertxu eta musika eta berba egiten dauen norbait eta txupina eta jaiak eta barrakak eta… eta agian hori dana poliziaz inguraturik. Eta jaiak izorratu badozuez? "Hau ez dogu gure izan" esango dozue orduan. Bai zera.
Baina Andere, dena den, herritarrok, bai jaien hasiera ekitaldira baita ekitaldi ezberdinetara lasaitasunez joaten saiatuko gara. Gora Igorre, gora sanantonioak eta gora igorreztar… danak!
Arratia, Gorbeiaren magaleko txoko zoragarria, parke naturalez inguratutako haran miragarria. Karlisten lurraldea omen. Eskubi politikoa jaun eta jabe da lurralde honetan, baina bagara egoera iraultzearen alde beharren gabizen beso, ahots eta buruak. Eta ziberespaziora jauzia emotea pentsatu dogu, gure herri zoragarri hau astindu gura dogulako, eta gure ahotsa sareratu; gure historia txikia aldatuko daben esku, beso, berba eta burmuinak izan gura dogu. Erdu geugaz!
BISITATU GAITUZTE, ESKERRIK ASKO DENOI
