Udalaren jarreraren aurrean, Gurekin Jai-k beheko adierazpena atera dugu, elkarte eta norbanakoen atxikimendua jasotzeko. Garrantzitsua da ahal den jende gehien biltzea udalari ozen esateko Jai herritar eta parte-hartzaileak nahi ditugula!
Herritik eta herritarrentzat antolatzen ditugu San Pelaio eta Euskal Jaietako festak. Festa eredu parte hartzailean sinesten dugulako eta herritarron inplikazioz herriko jaietan giro alaia eta sortzailean eraiki nahi izan dugulako. Denon artean egiten ditugu jaiak eta lan asko ematen badute ere gustura egiten dugu lan. Parte hartzen dugun eragileak urtean zehar gure lanak aurrera eramateko bitartekoa delako eta gure lanaren erakusle delako.
Aspaldi sortu zen txosna gunea, San Pelaiotan munoan eta Euskal Jaietan herriko gune ezberdinetan. Milaka lagun eta herritar eskertu beharrean gaude, guztiok izan baikara gune honen eta festa eredu honen sortzaile. Eskerrak eman behar dizkiegu egitaraua prestatzeko bileretan parte hartu izan dutenei. Eskerrak hainbeste urtetan zehar gunetik igaro diren musika talde eta jaiei musika jarri dien txaranga, zanpanzar eta abarrei. Batez ere herriko musika taldeei musutruk beren ekipoak eta tresneria hartu eta ilusioz igo direlako eszenatokira. Eskerrak turnoak egitera hurbiltzen diren guztiei. Baltsa karrera antolatzen dutenei edota paella leihaketarako suak eta tresneria ekartzeaz arduratzen direnei. Nola ez antzerkiz, keinuz eta dantzaz jaiak girotu, alaitu eta poza sortu dutenei. Urte guzti hauetan gunera hurbildu eta jaiaren parte izan zareten, garen eta izango garen guztiei bejondeizuela bihotz bihotzez.
Jaiak herritarren parte hartzetik sortu behar direla ulertzen dugu eta balore eraldatzaileetan oinarrituko diren ekintzak eta egitaraua osatzen saiatzen gara. Jaiak edukiz jantzi nahi ditugu eskubideen urraketak salatuz eta aldarrikatuz. Jaiak herriko kulturaren parte dira eta herri justu baten bidean jai eraikitzaileen aldeko apustua egiten dugu. Beti asmatu ez arren horretan saiatzen gara.
Eredu eta herritar askoren borondatearen aurka Zarauzko Udalak urtetik urtera Gurekin Jai txosna batzordearekiko jarrera gogortu, zorroztu eta gaiztotu du. Hasieran fidantza izugarri garestiak jarriz, pixkanaka ematen zizkiguten diru laguntzak bahituz eta azpiegiturak lortzeko zailtasun nabarmenak areagotuz. Azken batean edozein aitzakia txiki nahikoa izan da gure arteko harremana txartzeko eta Gurekin Jai batzordearen jai ekimenak itotzen ahalegintzeko.
Ikasturte honetan Udaleko kideen aldetik gure aurkako hainbat akusazio gogor entzun behar izan ditugu. Hauen aurrean, eta Udalak jai eredu parte hartzaile eta herrikoien aurka duen jarreraren aurrean, zenbait eskaera zehatz egin nahi ditugu:
Errespetua eskatzen dugu, zenbait herritarrek egiten dugun lanaren errekonozimendua eta babesa. Baldintzak denon artean negoziatuz, azpiegiturak erraztuz eta elkarlana bultzatuz.
Herritik sortzen diren ekimen parte hartzaileen sustapena eta indartzea. Auzo eta jai batzorde ezberdinek antolaturiko festak antolatzeko eta hauetaz gozatzeko.
2009ko apirila
Gurekin Jai Batzordea.
Herri mugimenduan lanean ari garen talde ezberdinek osatzen dugu Gurekin Jai. Emakumeen eskubideen alde, euskarari bultzada eman nahian, gazteen aldarrikapenak kaleratuz edota presoen eskubideen aldeko borroka aurrera eramanez urte osoan zehar lanean ari garen herri eragileak gara.
Orain dela urte asko txosna gunea sortu zen zarautzen eta ordutik hona urtero urtero Zarauzko jaietan, San Pelaio eta Euskal Jaietan jaiak antolatu izan ditugu. Saiatu izan gara egitarau partehartzailea eta herritarra sortzen. Hau egiteko herritar mordo baten laguntza, borondatea eta konpromisoa behar izan ditugu.
2004tik aurrera, eragile guztiak batu eta GUREKIN JAI BATZORDEA sortu genuen. Gure helburuak, jai herrikoien antolaketarekin jarraitzea eta txosna gunea giro alai eta erakargarria bihurtzea ziren. Ordutik hona, lanean aritu gara, egitarau freskoa eta partehartzailea aurrera eramanez eta herritarrei jai giro goxo bat eskaini nahian. Jaietan ere gure aldarrikapenak presente egoten dira, festak ere aldarrikatzeko espazio eta eskubideen urraketei aurre egiteko aukera gisa ulertzen ditugulako. Alternatibak sortzea da gure bidea eta balore berrietan oinarritutako harremanetan sinesten dugu.
Herri mugimenduan lanean ari garen talde ezberdinek osatzen dugu Gurekin Jai. Emakumeen eskubideen alde, euskarari bultzada eman nahian, gazteen aldarrikapenak kaleratuz edota presoen eskubideen aldeko borroka aurrera eramanez urte osoan zehar lanean ari garen herri eragileak gara.
