22 urte igaro dira Nafarroako Parlamentuak Vascuencearen Legea
onartu zuenetik, eta hala, ordutik aurrera nafarron hizkuntza eskubideak sistematikoki urratuak izan dira. Hori dela eta, euskararen etorkizuna bermatuko duten sakoneko aldaketen alde manifestaldia deitu dute datorren azaroaren 22an Iruñean Euskaraz bizitzeko eskubidearen alde, euskara ofiziala orain
lelopean.
Oharra:
22 urte luze joan dira Nafarroako Parlamentuak Vascuencearen legea onartu eta Nafarroa hiru eskualdetan banatu zuenetik. 22 urte luze, beraz, euskal hiztunen eta nafar guztien hizkuntza eskubideak urratuz. 22 urte horietan lege horren emaitza aski ezaguna zaigu euskaldunoi: euskaraz ikasteko ezintasuna, isunak, euskarari zuzendutako diru-laguntzen murrizketa, administrazioarekin harremanak euskaraz izateko trabak? orriak eta orriak betetzeko adina eskubide urraketa. Azken batean euskaraz, hots, Nafarron hizkuntzan (Lingua Navarrorum), bizitzeko ezintasuna.
Lege urratzaile hori nahikoa ez eta, gainera, azken urteotan euskararen aurkako politika gordin eta sistematikoa jarri da indarrean. Euskara gure bizitzako alor guztietan bazterrera zokoratzeko nahia nagusitu da. Ez dute beren helburua lortu, ordea, euskaldunon lana, kemena eta borrokari esker. Gobernuak eta hizkuntza politika ofizialak oztopoak, maltzurkeria eta eskubideen murrizketa jarri duten tokian, nafar jendarteak eta euskaltzaleek izerdia eta lana jarri dute, eta baita ilusioa, irudimena eta bizipoza ere. Azken aldi honetan hainbat kontutan ere atzera egin behar izan dute, zenbait aldaketa aurrera eraman behar izan dituzte, eta hori, izan ere, etsi ez dugulako gertatu da. Euskaldunon eta euskaltzaleen ahaleginari esker eutsi dio euskarak etorri zaion zaparradari.
Ez dugu, nolanahi ere, beti horrela ibiltzerik nahi. Gure herrian, gure hizkuntzan normaltasunez eta osotasunez bizitzeko erabateko eskubidea baitugu. Horregatik guztiagatik, eta azken hilabeteotan legearen inguruan dabilen eztabaida gogoan izanda, horren gaineko gure ekarpena egin nahiko genuke.
Tokian tokiko aldaketetatik haratago, nafar gisa, lege baino gehiago eskubide urratzaile den hori atzean utzi eta hizkuntza politika berri baten bila joateko garaia da. Urrats txikiak eta egunerokoak behar ditu euskarak, baina horiek ez dira nahikoak; euskarak urrats sakonak eta handiak ezinbesteko ditu, iraupen hutsetik garapenerako eta berreskurapenerako jauzia egin nahi badugu. Eta, besteak beste, euskararen ofizialtasunean oinarrituta, euskararen berreskuratze prozesua bermatu, bultzatu eta gorpuztuko duen lege berri bat behar dugu. Bestela, Kontseiluak berak esan zuen, azken 15 urteetako bilakaera ikusita, 834 urte beharko genituzke euskararen ezagutza unibertsalera iristeko. Horiek horrela, nafar jendarteari dei egiten diogu, azaleko aldaketetatik haratago, euskararen etorkizuna bermatuko duten sakoneko aldaketen alde lan egiteko. Euskaltzale guztiok aktibatu eta benetako aldaketa baten aldeko indarrak biltzeko abagune ezin hobea da hau, honako hau aldarrikatuz:
Euskaraz bizitzeko eskubidearen alde, euskara ofiziala orain!
Joan den asteartean, azaroak 4, kontzentrazioa burutu zuen PNVren egoitza den Bilboko Sabin Etxean Euskal Herriak Bere Eskola (EHBE) erakundeak. Bertan azkeneko aste eta hilabete hauetan filtratu dituzten berriak salatu nahi izan zituzten. PNVk 107.768 herritarrek sinatutako eskariari muzin egin dio eta horren ordez interes politiko ezberdinak gailentzea erabaki dute, eskolaren bidezko euskalduntzea posible izan dadin galaraziz. PNV eta PSEk izandako jarrerek hain beharrezkoa den hezkuntza ereduen desagerpena berriro ere atzeratu du.
EHBEk zabaldutako oharra:
PNV iruzurrik ez! Eskolak euskaldundu behar du!
Gaur Sabin Etxean elkarretaratzea egiteko arrazoi ugari ditugu. Eskolak Euskalduntzea nahia, beharra eta eskubidea da, EAEn gainera legeak onartutako eskubidea. Indarrean dagoen legea, Euskararen Legea orain dela 26 urte onartu zen, hezkuntzan hizkuntza ereduen legea aplikatuz. 26 urte hauetan ikasleek euskara ezagutzeko duten eskubidea urratu egin da behin eta berriz, hala, 400.000 ikasletik gora gelditu dira euskara ezagutu gabe. 400.000 kasutan urratu du Eusko Jaurlaritzak euskalduntzeko eskubidea.
Egoera honek erantzule nagusi bat dauka: EAJ-PNV. EAJ-PNVren label abertzaleagatik ez balitz ez litzateke posible izango EAEn hainbeste urtetan hizkuntza ereduen politika iraunaraztea ez eskuin espainolak ez eta PSOEk ere beraiek bakarrik ezin izango luketelako lege hori abiarazi eta gutxiago mantendu. Euskararen etsaien pozerako eta euskaltzaleon tristurarako hizkuntza ereduak gaur arte indarrean egon dira.
Gauzak horrela, herri mugimenduaren urtetako lan eta borrokaren ondorioz, hizkuntza ereduen politika guztiz desprestijiatua gelditu da jendartean eta zer esanik ez hezkuntza munduan. Horren erakusle dira, Euskal Herri osoan eskolak euskalduntzeko 107768 herritarrek instituzioei eginiko eskaria edo pasa den ikasturte amaieran Kontseiluak hezkuntzako eragile eta sindikatu gehienak D ereduaren pareko eredu bakarraren alde bildu izana. Herritarrek badakite, eskolak ikasleak euskaldundu gabe, ez dago herria euskalduntzerik.
Bazirudien egoera nahiko helduta zegoela, 26 urtetako odol uzteari aterabidea aurkitzeko, gutxienez EAEn epe motzean sakoneko aldaketa bat egiteko baldintzak bazeuden eta badaude. Dena den, Tontxu Camposek zuzentzen duen Hezkuntza Sailak proposamen malgu, zehazgabe eta hutsunez betea aurkeztu zuen irailean, hezkuntzako gehiengoaren eskariei muzin egin eta aldaketa sakona erreforma ahulean utziz. Hezkuntza Sailak gutxienez, ateak irekita utzi zizkien eragileei, ekarpenak egin eta proposamena aurrera ateratzeko.
Egoera honetan, PNVk bere esku zegoen guztia egin du gobernukidearen proposamena zapuzteko: uztailean El Correo Españolera Tontxu Camposek aurkeztutako dokumentu pribatua filtratuz, egunkari Ultraespañarrari erreformaren aurkako kanpainari ekiteko ateak irekiz; eta ondoren PSOEk eskatu bezala, proposamenarekiko aurkakotasuna azalduz.
PSOE eta PNV elkarrekin ikusi ditugu Hizkuntza Ereduen erreforma txikiena ere ekiditeko saiakeran. Euskal Herritar guztie esan nahi diegu egoera oso larria dela. Legea dagoenetan uzteak 26 urtetako hizkuntza eskubideen zapalketa iraunaraztea esan nahi du, datarik jarri gabe gainera. Egoeraren erantzule nagusia PNV da, iraganean egindako iruzurrak, errepikatuz eta euskararen etorkizuna hipotekatuz, urtero 15000 ikasle gehiagori euskara ezagutzea ukatuz.
Gauzak horrela, gaurko eguna PNVren afiliatu euskaltzaleei deialdia egiteko ere aprobetxatu nahi dugu, ez ezazue utzi zuen alderdia berriz ere iruzur hau egiten! Era berean, hurrengo egunetan PNVren Batzoki guztietan EHBEren gutuna jasoko dute, afiliatu euskaltzaleek alderdiaren zuzendaritzari presioa egin diezaioten.
Euskal Herritar guztiei, deia egin nahi diegu eskolak euskalduntzearen alde lanean jarrai dezaten, iruzur eta erasoie aurre eginez eta Hezkuntza Sistema Nazionala eraikiz. Alderdi interesen gainetik eskubideak eta herritarren borondatea irabazle aterako dira!
Euskal Herriak Bere Eskola
2008ko azaroaren 4an
Azken erantzunak
Herritarrok zeregin handia dugu. Euskararen ofizialtasuna, legedi berri baten aldeko aldarria eta azken batean hizkuntza eskubideak eremu eta lurralde guztietan errespetatzeko eskaerak kalean presente egon behar du. Euskal Herri osoan, herriz herri eta auzoz auzo. Historian zehar euskal jendartea izan da hizkuntzaren defentsan aitzindaria eta une horretan eta aitzinera begira ere herritarrok eta herri mugimenduak jokatzen dugun funtzioa ezinbestekoa suertatzen da. Bultza dezagun euskarak behar duen aldaketa. Jantzi ditzagun kaleak, errepideak, lantegiak eta ikastetxeak euskararen aldeko aldarrikapenekin. Euskaraz bizi nahi duen herri bat badela erakuts dezagun.
| Ast | Ast | Ast | Ost | Ost | Lar | Iga |
|---|---|---|---|---|---|---|
| << < | > >> | |||||
| 1 | 2 | |||||
| 3 | 4 | 5 | 6 | 7 | 8 | 9 |
| 10 | 11 | 12 | 13 | 14 | 15 | 16 |
| 17 | 18 | 19 | 20 | 21 | 22 | 23 |
| 24 | 25 | 26 | 27 | 28 | 29 | 30 |