Artxiboak: Azaroa 2008

2008-11-18

Permalink 19:14:21, Atalak: Berriak, Orokorra, Euskaraz bai, pauso bat harago, 269 hitz  

Kontseiluaren ekitaldiarekin bat egin du Eusko Alkartasunak

Argazkian, Unai Ziarreta EAren presidentea.

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua alderdi politiko eta eragile ezberdinekin biltzen ari da, datorren abenduaren 13an BECen arratsaldeko 18:00etan “Pauso bat harago” lelopean egingo duen ekitaldi jendentsuaren nondik norakoak azaltzeko. Orain arte, EAJko, ezker abertzaleko eta Eusko Alkartasuneko ordezkariekin egin ditu bilerak Kontseiluak, eta datozen asteotan eragile eta alderdi gehiagorekin elkartuko da.

BEC-eko ekitaldia izan dute hizpide gaur goizean, Gasteizen, EAko ordezkariekin izandako bileran. Kontseiluaren aldetik Xabier Mendiguren idazkari nagusia eta Koldo Tellitu lehendakaria joan dira, eta EAren aldetik, berriz, Unai Ziarreta presidentea eta Euskara nahiz Hezkuntza arduradun Onintza Lasa.

Mendigurenek bileraren ostean jakinarazi duenez, “bileran euskararen inguruko hainbat gai izan ditugu aipagai, baina batez ere abenduaren 13ko ekitaldiari buruz aritu gara”. Idazkari nagusiaren esanetan, “EAk erabateko babesa adierazi dio ekitaldi honi eta  jarraitzaile nahiz militanteei bertaratzeko deia luzatuko dietela ere adierazi digute”.

Gogorarazi duenez, datorren hilabetean Barakaldon egingo den ekitaldia datozen urteotan euskararen normalizazioaren alde eman beharreko urratsen abiapuntu izango da. “Izan ere, 'Euskaraz bai' esateko garaia iritsi da, alegia, euskararen aldekotasuna erakustetik euskararekiko konpromiso sendoak hartzeko garaia heldu da. Bizkaia Arenan, pauso bat harago joan beharra irudikatuko dugu, eta herritar guztiak gonbidatzen ditugu geurekin batera urrats hori eman dezaten”.

Kontseiluaren ustez, euskararen egoera ez da ona, eta egungo ereduari eutsiz gero mendeak beharko dira hizkuntza normaliza dadin. “BEC-eko ekitaldia egoera hori iraultzeko eman beharreko lehenengo pausoa izango da”, Mendigurenek esan duenez.

Ekitaldia abenduaren 13an egingo du Kontseiluak, Barakaldoko BECen. Sarrera doakoa izango bada ere, eskuratzea ezinbestekoa dela gogorarazi du Mendigurenek, www.nierebanoa.com webgunearen bitartez edo 902 820 240 telefonora deituta.

Gasteiz, 2008ko azaroaren 18an

Permalink 16:36:14, Atalak: Euskaraz bai, pauso bat harago, Soinu artxiboak, 107 hitz  

Kontseiluak "Pauso bat harago" kantua aurkeztu du

Argazkian, Kontseiluaren zuzendaritza Bizkaia Arenan.

Abenduaren 13a geroz eta hurbilago dugu. Kontseiluak halaxe jakinarazi digu "Pauso bat harago" kantua aurkeztu bezain laster. Egun horretan, milaka euskal herritar Barakaldoko BECen batuko gara Euskal Herri euskaldunerantz eman nahi dugun urrats berrian. Duela 10 urte Euskal Herriko estadioetan batu ginen "Bai euskarari" hitzen lemapean. Abenduaren 13an, berriz, pauso bat harago joan eta "Euskaraz Bai"ren atzean, euskaraz bizitzeko eta aritzeko konpromisoa berretsiko dugu. "One step beyond" kantu ezagunaren bertsioa dugu abestia. Bitartean, gaurkoan, abenduaren 13an BECera joatera deitu dute Ipar Euskal Herriko euskaltzaleek.

Entzun kantua!

Eman abenduaren 13rako izena www.nierebanoa.com helbidean!

2008-11-16

Permalink 11:27:29, Atalak: Berriak, Irakaskuntza, 800 hitz  

Eskolak euskalduntzeko duen beharraz ohartarazi du EEHEk


Argazkian, EEHEko kideak urriaren 1ean burutu agerraldian.

ESKOLAK EUSKALDUNDU Herri Ekimenak (EEHE) agerraldi masiboa eraman zuen burura larunbat eguerdian, eskolek euskalduntzeko duten beharraz ohartarazteko. Donostiako Antigua auzoko frontoian irakurri zuten agirian azpimarratu zutenez, "eskolak euskalduntzea nahia eta beharra" izateaz gain, "Euskal Herria euskalduntzeko mugarria" ere bada.

Alta, "lurralde zatiketak eta administrazio ezberdinen jokamoldeak arlo honetan eragin dituen hankasartzeak eta horiek ekiditeko alternatiba" aurkeztu zituzten jendaurrean Eskolak Euskaldundukoek. Hurrengo lerroetan duzuen agiriari ehundik gora lagunek (pdf) eman diote babesa eta agerraldian bertan, mugimendu ezberdinetako 60 bat kidek hartu zuten parte.

Eskolak Euskaldundu Herri Ekimenaren Agiria:

ESKOLAK EUSKALDUNTZEAREN ALDEKO AGIRIA

Eskolak euskalduntzea eskubidea, nahia eta beharra da, Euskal Herria euskalduntzeko gainditu beharreko mugarria. Dena den, eskubide honen zapalketa Euskal Herri osoan bizi dugu  lurralde administratibo bakoitzean modu ezberdinetan gauzatzen baldin bada ere.

Nafarroa. Eskolak 5 ikasletik 1 euskalduntzen du soilik. Alta “D” ereduaren matrikulazioak gora egiten jarraitzen duela ikusirik, Nafarroako gobernua erasoaldi berri eta sutsuan ari da, euskara bigarren mailako hizkuntza izatetik, hirugarren mailako hizkuntza izatera igarotzeko politikak sustatuz. Gobernuaren helburua gaztelera eta ingelera derrigorrezko hizkuntza bilakatzea da, euskara hautazko gisa utziz ( hegoaldean hori ere ez). Politika hauek haur eskoletatik unibertsitateraino ikus ditzakegu: Hello Haur Eskolak; British eredua; TIL eredua; edo Bologna legean oinarritutako unibertsitateak honen lekuko.

Nafarroako Gobernuari aski dela esan nahi diogu, Euskara horren egoera larrian utzi duen Vascuencearen legea bertan behera utzi beharra dago, erasoak eten eta euskalduntzea bermatzeko politikei ekiteko garaia da.

Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoa. Euskara hil zorian dago hiru herrialde hauetan, guraso-seme/alaba transmisioa etenda eta eskolak ikasleen %5 euskalduntzen duela. Frantziar Estatuaren hizkuntza politikaren helburuak betetzen ari dira euskara hiltzen ari delarik. Frantziako Gobernuari Euskararen Erakunde Publikoaren bidez egitena ari den marketin politika  errotik aldatzeko eta Euskararen Ofizialtasuna aitortzeko eskatzen diogu.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa. 26 urtetan indarrean egon den hizkuntza ereduen porrotaren ondoren, bidegurutzean gaude, eskolak EAEko ikasle guztiak euskalduntzea edo beste hamarkada batzutan egoerak bere horretan jarraitzea da hurrengo egunetan erabakiko dena, asko dago jokoan, erabaki historikoen garaia da. Zoritxarrez, Hezkuntza Sailak mahai gainean jarri duen proposamena ez da aski, proposamena zehazgabea da, malgua eta minimoki jaso beharko lituzkeen hainbat neurri falta zaizkio. Ondoko neurriak:

- Helburua argi zehaztea: B2 maila (ingeleseko First) minimo gisa ikasle guztiek lortzea.

- Eredu berria D ereduaren parekoa izatea gutxienez, orain arte ongien funtzionatu duen eredua delako: euskaraz emaitza onenak eman eta gazteleraz eredu erdaldunen pareko emaitzak emanez.

- Irakasle eta hezkuntzako langile guztiak euskaldunak izateko neurri zehatzak.

- Legea garatzeko finantziazioa eta ikastetxeek behar dituzten baliabideak esleitzea.

Manifestu honi atxekimendua ematen diogunok gaur egun eskolak euskalduntzearen aferak bizi duen egoera berezi eta garrantzitsuaz jabetzen gara eta helburu batek batzen gaitu: eskolak, hezkuntza sistemak, Euskal Herri osoko ikasle guztiak euskalduntzea

Goian azaldu dugun egoera ez da kasualitatearen ondorio, mendetako zapalkuntza bizi du euskarak, bai kalean eta baita eskoletan ere. Dena den, azken hamarkada luzetan lan handia egin du herri honek bere hizkuntza berreskuratzeko: Ikastolen sorrera eta loratzea; eskola publikoak euskalduntzeko lana; euskaltegietan herritarrak eta eskolak euskaldundu ez dituen ikasle kaltetuak euskalduntzen; etorkinak euskalduntzeko ahalegina; herri mugimenduaren ekimenak; etab. Herritarren borondatea argi erakusten dute ekimen hauek eta orain bi ikasturte 107768 herritarrek eskolak euskalduntzearen aldarriari emandako babesak herritarron nahia zein den berresten du, gure herrian egin den sinadura bilketa handienetako izaki.

Dena den, herritarren ahaleginak lege babesa behar du, hori baita gaur egun eskolak hiru ikasletik bakarra euskalduntzearen arrazoia, herritarren borondatea errealitate bilakatuko duen lege babesik eza. Ez dugu egun batetik bestera euskalduntzea lortuko, horregatik epe motzerako proposamenez gain, noizbait eskolak Euskal Herriko ikasle guztiak euskaldunduko baditu, politika burujabeak behar ditugu:

  • Euskara Ofiziala eta lehentasunezko hizkuntza izan behar da Euskal Herri osoan, hizkuntza politika egoki batek lagundua. Euskara dagoen egoeratik ateratzeko, menpekotasuna iraunarazten duten lege eta politikek ez dute balio.

  • Eskolaren arloan berriz, eskumen guztiak behar ditugu. Espainia eta Frantziako estatuek hezkuntzako eskumenak erabili dituzte erdarak inposatzeko.  Hezkuntza Sistema Nazionala behar dugu hezkuntzaren gainean euskaldunok erabakitzeko.

Gauzak horrela, herri honetako ikasle guztien euskalduntzea bermatzera goaz, eskolak euskalduntzeko proposamen nazionala errealitate bilakatu dadin pausua bizkortzera goaz, administrazioen zain egon gabe. Proposamen nazional horrek zutabe nagusi batzuk behar ditu:

- Euskal Herri osorako proposamena eta ikasle guztiak euskalduntzeko helburua.

- Euskaldun eleanitzak. Euskara ardatz eta lehentasunezko hizkuntza nagusia izan behar du, gainontzeko hizkuntzei tokia gordez.

- Eskolako bizitza euskaraz egiteko berme gisa hezitzaile eta langile guztiak euskaldunak izan behar dira.

- Euskara hizkuntza propio gisa ikasi eta erabiltzeko euskal kulturan eta  identitatean oinarritutako eskola behar dugu, Euskal Curriculuma behar dugu.

Ez da txikia aurrez aurre daukagun erronka. Proiektu haundi honen alde egiteaz gain, guk orain arte bezala ikastetxean, euskaltegietan eta kalean egunero euskalduntzearen alde urrats bat gehiago egiteko konpromisoari eutsi eta eskolak euskalduntzeko aldarrikapena zazpi haizetara zabaltzen jarraituko dugu. Herritarrei ere euskararen alde lanean jarraitzeko eta administrazioetatik datozkigun iruzur eta eraso berriak salatzeko dei egiten diegu.

Donostian, 2008ko azaroaren 15ean

Eskolak Euskaldundu Herri Ekimena

2008-11-14

Permalink 21:15:36, Atalak: Bideoak, Korrika 16, 0 hitz  

Korrika 16 - Aurkezpena

Permalink 20:53:10, Atalak: Berriak, Ezagutza eta Erabilera, Korrika 16, 968 hitz  

Apirilaren 3an izango da gurean Korrika 16

ukberri.net



"Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira" lelopean aurkeztu dute gaur Bilbon Korrikaren 16. edizioa, 2009ko martxoaren 26tik apirilaren 5era Tutera eta Gasteiz lotuko dituena. Lelo horrekin, Euskal Herrira etorri, euskarara hurbildu, ikasi eta seme-alabei transmititu dietenei esker ona adierazi nahi dietela azaldu du Edurne Brouard Korrikaren arduradunak. Gainera, Euskal Herritik kanpora abiatu behar zirenei zein Frankismoaren eta jokabide jakobinoen eraginez euskara galdu zuten eta berreskuratu duten makina bat familiei ere egindako ahaleginagatik "eskerrik zintzoena" eman eta bere omenaldi xumea egin nahi izan die AEKk Korrika honen bidez. Korrika Laguntzaile kanpaina ere aurkeztu dute. Uribe Kosta eta Erandiori dagokionez, Korrikak apirilaren 3an, ostirala, izango da gurean.

Eskualdeko ibilbidea ohikoa izango da eta, hortaz, Andrakatik sartuko da goiz edo eguerdi aldera, Lemoiz, Gorliz, Plentzia, Barrika, Urduliz, Sopela, Berango, Algorta, Neguri, Itzubaltzeta / Romo eta Areeta zeharkatzeko. Azken edizioetan ez bezala, Korrikak ez du Ibaizabal handik gurutzatuko eta, beraz, Leioa eta Erandiora segidan abiatuko da, 18:40ak aldera Bilbora sartzeko.

Erriberako "egoera latza"

Aurkezpenean, AEKren Artezkaritza Kontseiluko Fernando Landaburu, Oskar Elizburu, Aitziber Sarasola, Jakes Bortairu, Asier Amondo eta Mertxe Mujika AEKren koordinatzaile nagusia izan dira, Korrika 16ren arduraduna den Edurne Brouardekin batera.

Bestalde, Tuteran hastea eta 2.000 kilometro baino gehiago zeharkatu ondoren Gasteizen bukatzea ere ez da kasualitatea. Erriberako "egoera latzean" euskararen alde jarduten duten euskaldun guztiei errekonozimendua erakutsi nahi izan diete. Era berean, Gasteiz "barne eta kanpo migrazio gehien jaso duen hiria" izanda hartutako leloarekin bat hobekien datorren hiria dela iritzi diote.

Korrika Laguntzaile kanpaina

Azkenik, Korrika martxan jarri ahal izateko baliabideak eskuratzeko asmoz oraingoan ere Korrika Laguntzailea kanpaina abiaraziko du AEKk urtarrilean. Hamabi euroren truke, laguntzaileek Korrikarekin kolaboratzearen ohoreaz gain, pin bat eta hainbat dendetan beherapenak edukitzea ahalbidetuko duen txartela eskuratuko dute, berau erabiltzeko katalogoarekin batera. Aurreko edizioan laguntzaileak izan direnak, etxean jasoko dute aurten ere laguntza emateko gonbitea, gutunez. Bestelakoek, AEKren euskaltegietan, Korrika Laguntzailea ikurra duten guneak edo www.korrika.org webgunean eskuratu ahal izango dute. Korrika laguntzeaz gain Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko euskaltegiak finantzatzeko ere erabiliko dute Korrika Laguntzaile kanpainan bilduko duten dirua.


Korrika eta AEKren oharra:

AEK-k 2009ko martxoaren 26an Tuteran hasi eta apirilaren 5ean Gasteizen bukatuko den Korrika 16ren ardatz nagusiak eta “Korrika Laguntzailea” kanpaina aurkeztu ditu gaur Bilbon egin duen prentsaurrekoan. Aurkezpen ekitaldian, AEKren Artezkaritza Kontseilukoa Fernando Landaburu, Oskar Elizburu, Aitziber Sarasola, Jakes Bortairu, Asier Amondo eta Mertxe Mujika, AEKren koordinatzaile nagusia, egon dira Korrika 16ren arduraduna den Edurne Brouardekin batera.

Korrika, bi urterik behin AEK-k antolatu eta Euskal Herri osoan zehar egiten den euskararen aldeko lasterketa erraldoia da. Gure hizkuntzaren aldeko kontzientzia suspertzea eta gau-eskola zein euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea ditu helburu. 1980an Oñatitik Bilbora Euskal Herria zeharkatu zuen lehenengo Korrika antolatu zenetik, euskararen alde antolatzen den ekitaldirik jendetsuena eta garrantzitsuenetakoa ez ezik, munduan parekorik ez daukan ekitaldia bihurtu dela ere esan dezakegu.

2009ko martxoaren 26an Tuteran hasita, 11 egunez eta gelditu gabe, Euskal Herria zeharkatuko du hamaseigarrenez Korrikak. Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira lelopean, 2.000 kilometro baino gehiago euskararen alde, adin eta mota guztietako milaka korrikalarirekin, apirilaren 5ean Gasteizera heldu arte.

Mezua

[ongi etorri. interj. Etorri berria abegitsu hartzen dela adierazteko esapidea]

Hizkuntza bat galtzeko arriskuan dagoenean, hizkuntza hori salbatzeko lehenengo baldintza berau dagoen herriak berreskuratu nahi izatea da. Euskararen kasuan, herriak sarri erakutsi du euskara berreskuratu nahi duela. Korrika, hain zuzen ere, borondate horren adierazpen grafikoa da. Baina nahi izatea ez da nahikoa. Gure mezua, gure ongietorria, harago doa. Herritarren borondateari atxikirik, Korrika 16ra etorri ez ezik, Korrikan azaleratuko den nahiari kasu egiteko deia luzatu nahi diegu Euskal Herriko norbanako, erakunde eta administrazio guztiei. Erakunde eta administrazioek euskararen normalizazioa bultzatzea nahi dugu, euskaldunok leku guztietan (lantokian, kalean, etxean,…), euskara erabiltzea nahi dugu, eta euskaldundu nahi dutenek euskara ikastea nahi dugu. Euskarak, Korrikak bezala, pausoa arin eta gelditu gabe egin behar du aurrera, aurreraka ez doana atzeraka hasteko arriskua baitago. Eta horretarako denok parte hartzea derrigorrezkoa da. Korrikan bezala, lekukoa lurrera eror ez dadin, esku guztiak dira beharrezko.

Euskaldunok ongietorria egiten diegu gure herrira, gure etxera, gure artera datozen lagunei. AEK-k berdin egin nahi du Korrika 16rekin: ONGI ETORRI! handi bat luzatu nahi die euskararen berreskurapenean lagundu behar duten erakunde guztiei, euskalgintzan dabiltzan guztiei, euskaltzale guztiei, euskaldunei eta euskaldundu nahi duten guztiei, bertokoei eta kanpotik datozenei.

Ongi etorri Korrikara!

Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira!

Ongi etorri euskaraz gozatzeko, lan egiteko, maitatzeko, saltzeko eta erosteko, negar egiteko, jolasteko… hautua egin dugunon herrira!

Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon artera!

Omenduak

Urtetan zehar ehunka mila izan dira Euskal Herrira lan bila, bizimodu hobe baten bila edo bizi ahal izateko leku bila, besterik gabe, bertaratu diren familiak. Eta horien guztien artean, hainbestek eta hainbestek, euskal herritarron ongietorria ongi baino hobeto hartuz eta ulertuz, ekarpen goraipagarria egin diote gure hizkuntzari. Euskal Herrira heldu, euskara ikasi eta erabili, umeei irakatsi, gure kulturaz gozatu, berari ekarpen euskalduna egin, eta belaunaldiz belaunaldi gure hizkuntza transmititu duten milaka familia horiek izan nahi ditu gogoan Korrika 16k aurtengo omenaldia gauzatzeko. Omenaldi hau bi ardatz nagusi kontuan harturik planteatu nahi dugu: batetik, egin duten ekarpenagatik gure eskerrik zintzoena eman nahi diegu; bestetik, beraien guztien ekarpena eta konpromisoa azaleratu nahi dugu, kanpotik datozen familientzako eta berton jaiotako eta hazitako familia oraindik ez euskaldunentzako eredu izan daitezen.

Bestalde, jakina da, Euskal Herriak kanpotik hainbat hartu baditu ere, kanpora hainbeste bidali dituela. Horien artean, askok eta askok, belaunaldien poderioz euskara galdu dute. Eta kanpora joan barik ere, horrenbeste izan dira, frankismoaren edo frantses estatuko lege jakobinoen erruz, euskara galdu duten familiak. Zorionez, horien artean badira euskara berreskuratzeko, euskara euren etxeetara itzul dadin, ahalegin aipagarria egin duten familiak ere. Horiek guztiak ahazteak ez lioke geure omenaldiari behar duen osotasuna bermatuko. Bihoakie beraz, euskara ikasi eta gero transmisioa bermatu duten familia guztiei, baita euskara galdu eta berrikasiz transmisioa ahalbidetu duten familia guztiei ere, Korrika 16ren omenaldi xumea.

Permalink 16:57:08, Atalak: Berriak, Irakaskuntza, 429 hitz  

Iruzurrek ez dute etenik Lakuako Hezkuntza departamendutik



Argazkian, "Getxon ere eskolak euskaldundu behar du" lelopean hainbat lagun elkartu ziren udaletxe aurrean, apirilaren 25ean / ukberri.net

I

ruzurra. Hori da Tontxu Camposen kontseilaritzak hezkuntzako eragile eta sindikatuei aurkeztu berri dien ereduen proposamenaren inguruan EHEk egin duen balorazioa. Duela hile batzuk proposamen horren inguruan lehen zertzeladak jaso genituen; proposamena, oro har, ez zela nahikoa baloratu zen garai hartan eragile ezberdinen eskutik. Eta orain balorazio are kaxkarragoa egin beharrean aurkitzen gara: alderdikoikeriaren mesedetan, proposamen malgutua eta ahula eskaini digute Lakuatik. EAJ eta EBk argi erakutsi dute ez dutela euskararen etorkizunerako inongo urratsik emango; halaxe erakutsi dute ereduen proposamen berria gauzatzen joan den ibilbide guztian. Eta EAk ere ez die eskaera horiei muzin egin, jaso berri dugun proposamenean argi geratzen den bezala. Baldintza gabeko aliatuak dituzte bide horretan gainera, izan ere, indar espainolistek betiko jarrera anti-euskalduna erakutsi baitigute behin eta berriz.

Hasieratik aipatu izan dugun bezala, proposamen honek abiapuntua du okerra. EHEk argi du eskolaren euskalduntzearen edozein proposamen egungo markoetan oinarritua dagoen bitartean, proposamen hori hankamotza dela, neurri horiek beti izango baitira euskaldunon komunitatearen eremu bati bideratutakoak.

1982an onartu zen gaur egun eskoletan ematen diren ereduen legea; 26 urte pasa dira eta eurek ere lege horrek suposatu duen kalte eta porrota onartzen dute. Bada, proposamen berriarekin bide beretik doaz. Euskarazko irakasgaien %60 euskaraz izateak, gaur egun indarrean dagoen B ereduaren oso antzekoa da; gogoratu behar dugu Aztiker-ek 2004an eginiko azterketan eredu horretan ikasitako hiru ikasletik bik eskolaldia euskaldundu barik amaitzen zutela. Bada, argi dago zein ondorio ekarriko dituen neurri horrek: etorkizunean eskolatik aterako diren ikasle guztiek euskara behar bezala ez ezagutzea.

Egoera benetan larria da. 26 urtez eskolak euskalduntzeko gabezi nabarmen batekin aurkitu izan bagara, egoera hori betikotzekotan dira Lakuatik bideratzen dituzten proposamenekin. Euskalduntzeko balio ez dituen neurri hauek onartuz gero eta aurrera eramanez gero, kasurik onenean 2025 arte ez dira guztiz ezarriak izango eskoletan. Baina era berean, orain arteko  araudiekin ere, ikasleen euskalduntzea ez da bermatzen eta ez da bermatuko.

Hortaz, gaiari behar bezala heldu eta eskolak, eta beraz ikasleak, euskaldunduko dituen benetako proposamen bat gauzatzeko dei egin nahi du EHEk. Nahikoa da iruzur berriez eta erdipurdiko proposamenez. Euskal Herriak eta eskolak behar dutena eredu berri bat da, eta euskalduna. Euskararen etorkizuna bermatzeko, Euskal Herri euskalduna eraikitzeko ezinbestekoa izango herritar guztiek euskara ezagutzea eta bide horretan, guztiz beharrezkoa da belaunaldi berrien euskalduntzea helburu izango duen politika berri bat gauzatzea. Ereduen nahas-masak eta ehunekoen banaketak ez du euskara kinka larritik aterako; okerrago, galera prozesua areagotu egingo du.

Egoera betikotzera edota okerrera eramatera eramango dituen bideak saihestu behar ditugu. Eskolak euskaldundu behar dute, eta orain.

 

2008ko azaroaren 14an

EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ

Permalink 13:21:52, Atalak: Berriak, Orokorra, Euskaraz bai, pauso bat harago, 575 hitz  

Kontseilua: "Denok batera, pauso bat harago"

Kontseilua



Argazkian, zuzendaritza Bizkaia Arenan.

Hamar urte igaro dira ordutik. Hamaika arlotan lan egin du ordutik euskalgintzak euskararen normalizazioa lortzeko, hau da, euskaraz naturaltasunez bizitzeko. Hamaika ahalegin egin arren, oraindik lortutakoa ez da nahikoa, euskarak gaur egun ez baitu etorkizuna ziurtaturik. Haatik, euskararen normalizazioa posible dela argi daukagu. Euskararen ezagutza eta erabilera areagotzea da klabea. Euskaraz naturaltasunez bizitzea lortzea posiblea delako, baina horretarako euskararen ezagutza areagotu behar dugulako, Kontseiluak 10 urte bete ondoren "Bai euskarari'"leloa pauso bat harago eraman du. "Euskaraz bai" esateko eta egiteko garaia da.

Kontseilua osatzen duten 46 bazkideetako zenbait ordezkarik azalduko dute zer esan nahi duen "Euskaraz bai" mezuak hamar arrazoiren bidez:

Mikel Arrizabalaga (Elkar)

"Euskaraz bai'" mezuaren bidez, euskal gizartearen euskararen aldeko jarrera erakutsi nahi dugu. Lelo honek euskararen aldeko jarrera argia erakusten du, konpromiso sendoa, eta euskaraz bizi eta euskara normalizatzen joateko urratsak egiteko prest gaudela.

Joanmari Larrarte (Berria)

Hamar urteren ondoren, bide berari jarraiki, alde egotea bera ere adieraz dezakeen leloa zehaztu eta konpromisoaren bidera lotuko dugu "Euskaraz bai" esanez. Alde egotea ez da nahikoa eta bakoitzak bere konpromisoak hartu behar ditu.

Igone Lamarain (EHE)

Esan bezala, hasierako mezuaren garapenean, Kontseiluaren mezua konpromisoarekin indartu da. Euskararen alde egotea ez da nahikoa eta, horrekin batera, euskararen aldeko konpromisoa behar da, izan norbanakoena, izan soziala edo izan politikoa. Konpromisoa eskatu zaio norbanakoari euskaraz bizitzeko hautua egin dezan (ikasi, erabili, kontsumitu, exijitu... egin ditzan); konpromisoa eskatu zaie eragile sozialei, euskaldundu eta euskaraz funtzionatzeko hautua egin dezaten (Bai Euskarari Ziurtagiria...); eta konpromiso politiko-instituzionala eskatu da hizkuntza-politika egokitu, plan zehatzak egin eta behar diren baliabideak jar daitezen.

Julen Etxeberria (Sortzen-Ikasbatuaz)

Aurreratutakoa kontuan izan eta normalizaziora iristeko bidea falta dela gogoan hartuta, oinarrizko ildo hauek jarraituko ditugu Kontseiluan etorkizunera begira: lehendabizi, euskararen berreskurapen-prozesua azkartzea ezinbestekoa da. Hau da, egun Euskal Herrian euskara ez dakitenek ikastea, eta, bere erabilera esparru eta eremu berrietan handitzea, ahalik eta eperik laburrenean. Ezagutza eta erabilera zabaltzeko aukera berriak sortzen jarraitu behar dugu.

Agurtzane Loidi (Elhuyar Aholkularitza)

Etorkizunari begira, funtzio sozial guztiak euskaraz garatzeko aukera lehenbailehen lortzea ezinbestekoa da, horrela lor baitaiteke euskararen normalizazioan benetako urratsak egitea.

Aritz Zerain (Bertsozale Elkartea)

Era berean, euskara lehentasuneko hizkuntza izatea lortu behar dugu, erdara (gaztelania zein frantsesa) bezala, horrela ziurta baitaiteke euskaldunen eta biztanle guztien hizkuntza-eskubideak bermatuta izatea.

Sebastien Castet (Euskal Konfederazioa)

Hori guztia egiteko, lan politiko-instituzionala eta lan soziala bideratu behar dira, biak ere norabide berean. Erakunde instituzionalek, eragile politikoek, ekonomikoek eta sozialek, norbanakoek eta euskalgintzak norabide berean lan egitea ezinbestekoa da, guztion arteko lankidetzak ziurta baitezake euskararen geroa eta Euskal Herri euskalduna.

Oskar Elizburu (AEK)

Denok euskara ikasten badugu hizkuntzagatik inor baztertuko ez den egoera batera iritsiko gara, bizikidetza hobetuko dugu; horregatik diogu "Euskaraz bai".

Koldo Tellitu (Kontseiluaren eta Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioaren presidentea)

"Euskaraz bai" esateko garaia da, hiru hizkuntza dituen komunitate batean, norbanako guztien eskubideak ziurtatu eta errespetatzeko eta inor ez baztertzeko, ezinbestekoa da komunitate horretako biztanle guztiek bi hizkuntzak ezagutzea, eta horrela bakarrik saihets dezakegu hizkuntzen arteko borroka. Horregatik, "Euskaraz bai" jarrera euskal herritar ororengana zabaldu behar dugu, bakoitzaren konpromisotik abiatuta, guztiok euskara ere ezagutuz, urrats handi bat egingo dugulako bizikidetzan.

Xabier Mendiguren (Kontseiluko idazkari nagusia)

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua osatzen dugun eragileok euskararen eremu osoan euskaraz normaltasunez bizitzeko ari gara lanean. Etorkizunerako, euskalgintzan ari garen erakunde eta lagunok lanerako ilusioa eta grina dugula berretsi nahi dugu. Ahalegin horretan batera jarduteko gonbita luzatzen diegu jendarte-eragileei, erakundeei, eta gizarteari oro har.


Euskararen Gizarte Eragileen Kontseilua

2008-11-13

Permalink 16:14:04, Atalak: Berriak, Irakaskuntza, 944 hitz  

EHBE: "Ezer alda ez dadin kafe deskafeinatuari esne gaingabetua bota diote"

Euskal Herriak Bere Eskola


Argazkian, azaroaren 4an, EHBEk Sabin Etxearen aurrean egindako elkarretaratzea.

Gaur prentsaren bitartez jakin izan dugu Tontxu Camposek zuzentzen duen Sailak Hizkuntza Ereduen Lege berria aurkeztekotan dela. Prentsaren bitartez jakin dugula diogu hezkunza eragileekin aurkezpena egingo zutela esan arren horietako gutxi batzuekin baino ez dutelako egin. Ez dugu, beraz, lege osoa ezagutzen, baina prentsaren bitartez irakurri eta entzundakoa nahikoa izan da prentsa ohar hau osatzeko.

Urteak daramatzagu milaka herritarrekin batera eta hainbat eragilerekin elkarlanean eskolak euskaldundu behar duela aldarrikatzen. Aldarrikapen hau ez da berria, noski! Azkeneko hamarkada hauetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan euskaldundua izateko eskubidea lortua zegoela zirudien arren argi zegoen hau ez zela horrela. Eusko Jaurlaritzak berak dituen datuen arabera hiru ikasletik bat baino ez da euskalduntzen gaur egun Euskal Herrian. A ereduak ez du inor euskalduntzen, orain martxan dagoen legea ere betetzen ez dutelarik. B ereduak ere 3 ikasletik bakarra euskalduntzen du, nahiz eta eurek diotenaren arabera eredu elebidun honetarantz jo beharko genukeen. D ereduak ere, guztia ikasgai bakarra ezik euskaraz izanez, 3 ikasletik 2 baino ez ditu euskalduntzen. Hau da, euren ereduen legeak porrot egin zuen hasieratik eta 26 urte behar izan dituzte zerbait berria proposatzeko!

Ikasturte honen hasieran Tontxu Camposek eginiko proposamenari hainbat kritika egiten genizkion. Kritika nagusia honakoa zen: nola da posible B ereduak euskalduntzen ez badu antzeko eredu bat unibertsalizatuz orain baino emaitza hobeak lortzea? Eta horri beste kritika batzuk egiten genizkion: maila minimo bat ez finkatzea (nahiz eta zeharka B2 maila aipatzen zen) edo legea betetzen ez zuten ikastetxe publikoekiko inongo neurririk ez hartzea. PNVk, gainera, PSErekin batera presioa egin zuen legea aurrera atera ez zedin, proiektu pilotoak eskatuz, adibidez.

Filtratu denaren arabera lege berriak PNVk eta PSEk egindako kritikak aintzat hartzen ditu eta jada deskafeinatua zen kafeari esne gaingabetua bota diote. Azter ditzagun jakin izan ditugun aldaketa nagusi horiek:

Baga: Lehen esaten ziguten hizkuntza maila zehatz batera heldu beharko zela. Hizkuntza maila hori ez zuten esplizituki aipatzen, baina hitzez deskribatzen zutena gaur egun Europan zehazturiko B2 maila litzateke. Berau betetzen zen edo ez maila ezberdinetan ebaluazioak egingo lirateke, beharrezko konponketak egiteko bidean. Erreferentzia hau ere ezabatu dute euren lege berritik. Ez da beharrezkoa euskararen inongo maila heltzea eta, beraz, ez da beharrezkoa inongo ebaluaziorik egitea! Harrigarria da proposamenean zegoen erdipurdiko hobekuntza zen bakarra ere kentzea.

Biga: Legeak bi neurri biltzen zituen berau betetzen ez zuten ikastetxeekiko. Kontzertatuak baziren kontzertua galtzeko aukera zegoen. Azken finean ikastetxeak hezkuntza lege bat beteko ez badu normala da sistematik at geratzea, ezta? Bigarren neurria hezkuntza publikoari zegokion. Gurasoek euren seme-alabak ikastetxe publiko batean euskalduntzen ez zirela uste bazuten ikastetxez alda zezaketen. Bigarren neurri hau sakon kritikatu genuen aurreko lege proposamena ezagutu genuenean: nola zen posible legeak ikastetxe publiko batek lege bat ez betetzea kontenplatzea? Ez al zegoen lege horiek betetzea titularraren esku, hau da, Eusko Jaurlaritzaren esku? Bada! Orain bi aukera hauek kendu dituzte. Hau da, ikastetxe kontzertatu batek oraindik ere nahi duena egin dezake, inongo arazorik gabe. Legea betetzen ez badute diru publikoa ematen jarraituko dute, oinarrizkoa den eskubidea (euskaldundua izateko eskubidea) bete ez arren! Eta ikastetxe publikoak ez badu betetzen, errua, noski, Eusko Jaurlaritzarena izaten jarraituko du, baina orain gurasoen ez dute protesta egin eta beste ikastetxe batera mugitzeko eskubidea ere! Laburbilduz, EAk eginiko lege proposamen berri hau ez badu inork betetzen ez da ezer ere ez gertatzen! Ezer ere ez!

Higa: Legea betetzeko 4 urte izango dituzte ikastetxeek. Epeen inguruan asko eztabaida daiteke, baina ez da oso normala ikastetxeei hain denbora handia ematea, batez ere ikastetxe publikoetan legea betetzea Hezkuntza Sailaren esku dagoenean bereziki. PNVk eskatzen zuenaren arabera 3 urtez proiektu pilotoak sartu beharko lirateke. EAren proposamenak 4 urte ematen ditu antzekoa den zerbait egiteko.

Laga: EA aurreko hauteskundetan PNVrekin aurkeztu zenean hezkuntzan euren lege izarra Hizkuntza Ereduen Lege berria egitea zen. Horrela jasotzen zen euren programan. Lau urte igaro dira ia-ia eta EAren esku egon den sailak hutsaren hurrengoa egin du ildo honetan. Orain, noski, kezkaturik daude eta abiada bizian ezer aldatzera ez datorren lege hau aurkeztu dute. Baina eurek ere badakite legea bera ez dela legealdi honetan onartuko. Hau da, espedientea bera betetzeko aurkeztu dute proposamena. Antza EAk bi legealdi gehiago Hezkuntza Saila kudeatzen jarraituko duela uste du. Bestela nola da posible legearen onarpena hurrengo legealdirako uztea eta 4 urte ematea (hau da, beste legealdi oso bat) berau betetzen den edo ez ikusteko?

Laburbilduz:  Tontxu Camposek gaur aurkeztu duen legeak muzin egiten dio alde batetik herritarren gehiengoak eskatzen duenari (D ereduaren matrikulazioak gora eta gora egin du sortu zenetik) eta euskaldunduko duen eskola eskatzen zuten 107.768 sinadurak zaborretara bota ditu. Nahiago du PNV eta PSEk eginiko proposamen eskasetara hurbiltzea benetan euskaldunduko duen eskola eraikitzea baino. Nahiago dute Celaári kasu egitea milaka eta milaka guraso eta herritarrei baino.

Lege honek ez du ezer ere aldatzen: ez da beharrezkoa ikastetxeek legea betetzen duten edo ez neurtzea ez dagoelako zer neurtu ezta noiz neurtu ere. Dena aldatzen dute ezer ere alda ez dadin. Ikastetxe askotan 2 eredu mantentzen badituzte orain bakarra jartzerakoan masifikazioa etorriko da, baina inongo helbururik ez bazaio jartzen euskalduntzearen datuak baliteke txarragoak izatea.

Lege berri hau frakasora kondenatuta dago. Hilik jaio da. Izan ere inongo helbururik jartzen ez bada inork ez duelako ezer ere ez bete beharko.

Euskal Herriak Bere Eskolak, beraz, bi deialdi egin nahi ditu. Lehenengoa, argia eta ozena, euskaltzale orori egiten diogu, lege berri hau, iruzur berri hau, onar ez dezan. Euskal Herriak Bere Eskolak gaur bertan argitara eman du egoera konpontze bidean zein den bere alternatiba (http://www.euskaleskola.org). Bigarren deialdia zehatzagoa da, eta larunbata honetan eguerdiko 11:30tan Antiguako frontoian egingo den prentsa-agerraldi masibo eta herritarrean parte har dezan eskatu nahi dugu. Iruzurraren aurkako eta euskalduntzearen aldeko agerraldia izango da honakoa.

 
Iruzurrik ez!

Eskolak euskaldundu behar du!

 
2008ko azaroaren 13an

Euskal Herriak Bere Eskola

Permalink 12:41:57, Atalak: Berriak, Orokorra, 385 hitz  

Nafar Gobernuak euskarazko irakaskuntza desagertzeko emandako urrats berria salatu du EHEk


Nafar Gobernuak euskarazko irakaskuntza desagertzeko ahaleginetan urrats berri egin du. Atzokoan, Eguesibarren Euskaraz ere bai taldearekin bildu eta TIL eredua zabaltzeko duen asmoaz ohartarazi zien. Horren aurrean, hori salatu eta euskaldunduko duen lurralde osorako eredu bakarraren ezarpena exijitzen du EHEk.

Euskal Herrian Euskarazen oharra:

N

afar gobernuak D eredua desagerrarazteko urrats berri eman zuen atzokoan. D eredua hilda dagoela baieztatu eta TIL ezartzeko apustuan egin zuen indar Eguesibarren Euskaraz ere bai taldeko kideen aurrean. Sarrigurengo herriko eskolan ere TIL eredua ezarriko duela baieztatu zien hauei.

Ekinbide honen aurrean, salaketa egin nahi du EHEk. Eskolak ingelesez, eta gaztelaniaz edo euskaraz emateak zein ondorio ekarriko dituen argi dugu: orain arte euskara lehentasunezkotzat hartzen ez bazen, orain are eta gutxiago. TIL ereduaren ezarpenarekin euskarazko eskola orduak murriztu egingo dira; hala gertatzen da Elizondo bezalako herrietan, non eremu euskalduneko herria izanik, bertako eskolan euskarazko orduak murriztu beharrean aurkitu izan diren. Egoera okerragoa dute Tutera bezalakoetan, non eremu erdaldunekoa izanik, euskarak ez duen presentziarik ere. Aldiz, eremu mistoan aurkitzen direnetan, Eguesibarko eskualdea bezala, ez dago batere argi nola egingo duten TIL ezartzeko. Hori bai, bestelako eremuetan dagoen egoera ikusirik eta egun euskaraz ikasteko zailtasunekin aurkitzen bagara, aurreikustekoa da TILekin  ez direla gauzak erraztuko.

Salatzekoa da Perez-Nievasek erakusten duen jarrera. D eredua hilik dagoela baieztatu zien Sarrigurengo gurasoei; alta, D eredua eurek hil nahi dutela argi geratzen da. Herritarren gehiengoak euskaraz ikasi nahi du bertan, sinadura bilketak egin dituzte, udalak aho batez eskatu zuen D ereduaren ezarpena… Baina, Nafar gobernuak herritarren eskaerei entzungor egin eta euskara desagertzeko politikak eramaten ditu aurrera. Aipatu beharra dago, gobernuak argi utzi zuela atzokoarekin D ereduko hezigune gehiago ez duela zabalduko eta aldiz, TIL ereduaren zabalpenari ekingo diotela. Honen aurrean, horrek ekar litzakeen ondorio kaltegarriez kezka adierazi nahi du EHEk.

Euskal Herriak eta euskarak eskola eredu berria behar dute, eta euskalduna. Euskararen etorkizuna bermatzeko ezinbestekoa izango herritar guztiek euskara ezagutzea eta bide horretan, guztiz beharrezkoa da belaunaldi berrien euskalduntzea helburu izango duen hizkuntza politika eta berau arautuko duen euskararen legea, lurralde osoan. Benetako helburua euskalduntzea izanik, irakaskuntza indarrean jarri daiteken planteamendu zehatz eta arautua behar dugu. TIL, A, B, G, British… eta halako neurriekin, euskara gaur egun dagoen kinka larrira eraman dute; aldatu ezean, atzeraezineko galbidera eramango dute.

EUSKAL HERRI EUSKALDUNA ERAIKI!

EREDU EUSKALDUNA EUSKAL HERRI OSOAN!


2008ko azaroaren 13an

EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ

Permalink 12:29:17, Atalak: Berriak, Udal administrazioa, 505 hitz  

1000 ezabaketatik gora burutu dira 50 herri eta auzoetan


Hizkuntza zapalkuntza agerian geratu da, beste behin ere, pasa zen astean burututako Ezabaketa Astearen harira. Izan ere, helburu hori du urtez urte sendotuz joan den ekimen honek, euskaldunon eskubideen defentsaren aldarrikapena.

Hizkuntza zapalkuntza agerian geratu da, beste behin ere, pasa zen astean burututako Ezabaketa Astearen harira. Izan ere, helburu hori du urtez urte sendotuz joan den ekimen honek, euskaldunon eskubideen defentsaren aldarrikapena.

Ekimen andana burutu dira, batzuk aipatutako helburuei begira, besteak herritarrei begirako deialdiak; biak ere, argi laga dute hizkuntza zapaldu eta zapaltzaileen artean dagoen mailaketa. Guztira, 50 herri eta auzoetan burutu dira ekimenak eta 1000 seinale inguru izan dira ezabatuak. Horretaz gain, aipatu bezala, kolore guztietako ekimenen berri izan dugu; ezabaketa-kalejiretatik hasita, txirrindula martxak bitarte, eskuorri banaketak, elkarretaratzeak, pegada herrikoiak… Guztira 1500 pertsona inguru izan dira Euskal Herri osoan mobilizatu direnak. 

Egoera guzti honen aurrean kezka adierazi nahi du EHEk; izan ere, urtez urte sendotuz joan den ekimena bada ere eta geroz eta jende gehiago batzen bada ere, urteetan luzatze horrek ez du administrazioen aldetik inongo emaitzak ekarri; urtetik urtera ezabatu diren seinaleak kopuru berdinean ala handiagoan ezabatu dira, gutxiago izan behar balute ere. Alde horretatik, Administrazioetatik euskaraz biziko den herriaren alde egiten den lan urriaren ondoriora irits gaitezke. Erdara gailentzen dute bertakoa den hizkuntza bakarraren gainetik; horren adibide da Iruñetik Logroñora doan autobia: seinaleak erdara hutsean aurki genitzake.

Bestetik, horrelako ekinbideak egiteaz gain, hauek salatzeko egiten diren ekimenetan aurkezten duten jarrera ere salatu behar du EHEk. Ez da lehen aldia ezabaketak eta ekimenak egiten dituztenen aurka oldartzen direla, eta aurten ere izan dugu horren adibiderik. Tolosaldean, pasa zen larunbatean, txirrindula-martxa burutu nahi zen Tolosatik abiatuta Villabonaraino. Berau ezin izan zen burutu, izan ere, “Euskara ofiziala” zioten banderolak zeramatzaten hiru txirrindulari identifikatzeari jo baitzuen Ertzaintzak. Hauek erdara hutsean zuzentzeaz gain, 400 euroko isuna jarri zieten manifestariei. Gasteizen ere, udaltzaingoek, bi herritar identifikatu eta bat polizia-etxera eraman zuten euskaraz artatua izatea exijitu zuelako. Honek polizia-etxean itzultzaile bidez identifikatu behar izan zuen bere burua. Euskaldunon hizkuntza eskubideak errespetatuak izan daitezela exijitzen ibili behar izateaz gain, horregatik identifikazioak, isunak, irainak… jasan behar izatea oso larritzat jotzen du EHEk.

Seinale guzti hauek ezabatzeak eta bestelako ekimenak egiteak agerian uzten du hizkuntza eskubideen urraketa larriak egiten direla. Administrazioek ahalbidetzen dute gainera egoera hori, euskara bigarren mailako hizkuntza bezala tratatuaz; ez dituzte bere etorkizuna bermatu eta euskaraz biziko den herriaren alde behar bezalako neurri eraginkorrik planteatzen. Alta, aurpegi onak eta jendarteari begira sinpatikoak suertatzen diren kanpainak abiatzen dituzte, Euskararen Erakunde Publikoaren sorrerarekin, Euskarabidearen garapenarekin edota Eusko Jaurlaritzak udaran amaitutako Ukan Birusaren kanpainarekin bilatu zuten bezala. 

Egoera aldatu beharra dago, eta denborarik galdu gabe. Ezabaketa Asteko ekimenetan bildu den jende andanak jada egin du apustu Euskal Herri euskaldunaren alde borroka egiteko; bada, horretan jarrai dezaten eta ekinbide horietara jende gehiago hurbil dadin deitzen du EHEk. Euskararentzat estatus aldaketa behar dugu, ofizialtasuna behar dugu eta lurralde osoan, Euskal Herri osoan. Euskarari lehentasuna emango dioten politikak inoiz baino beharrezkoagoak dira une hauetan, guztiok euskararen ezagutza izatea bermatuko dutenak; modu honetan lortuko dugu euskaldunon hizkuntza eskubideak onartuak izatea.

2008-11-11

Permalink 10:39:49, Atalak: Berriak, Udal administrazioa, 558 hitz  

Ekimen ugari herri eta auzoetan Ezabaketa Astearen karira

Argazki gehiago

Ezabaketa Astean murgilduta ibili da azken astean zehar Euskal Herrian Euskaraz. Herriz herri, auzoz auzo, hamaika ekimen eta hamaika ezabaketa burutu dira, lurralde osoan. Hizkuntza eskubideen zapalkuntzaren adibideak agerian utzi eta hauek posible egiten dituzten politikak salatzeari jo diote hainbat herritarrek.

Izaera, mota eta helburu ezberdineko ekimenak burutu dira aste osoan, nahiz eta ezabaketek duten nagusitasuna aste honetan zehar. Herritarrak aldarrikapen hauen inguruan batzeko asmoz deialdi ezberdinak burutu dira; txirrindula martxak, kalejirak ezabaketak burutuz, triki-poteoak, elkarretaratzeak, esku orrien banatzea… eta hauek helburu garbi batekin zabaldu dira: hizkuntza zapalkuntza burutzen diren guneak identifikatu eta salaketa egiteko asmoz. Horrela, administrazio ezberdinak markatu dira herri eta auzo ezberdinetan: udala, justizia, osasungintza, eskolak, merkatal guneak…

Iruñerrian, esaterako, TIL ereduko hainbat eskola markaturik agertu dira, Txantreako eskola moduan. Lea Artibain, aldiz, ekimen ezberdinak burutu dituzte aste honen karira; Ondarroan, txirrindula martxa burutu zuten atzokoan herrian zehar eta Lekeition kalejira egin zuten ezabaketak burutuz hankapaloez lagunduta. Gasteizen eta Altsasun ere, ezabaketa-kalejirak burutu zituzten atzo iluntzean; Oiartzunen, aldiz, aspaldian abiatua zuten Alcampo eta Carrefour merkatal gune erraldoien markajearekin jarraitu zuten. “Euskaraz eta kitto!” zioten pegatinaz josi zituzten gune hauek eta euskaraz erosteko duten eskubidea aldarrikatu zuten. 

Gaurko egunarekin ere ekimen ezberdinak ematen ari dira; batetik, ezabaketa-kalejira ezberdinak burutu dira Zornotzan, Durangon (elektrotunaz lagunduta), Soraluzen eta Andoainen. Tolosaldean txirrindula-martxa burutu nahi zen Tolosako Triangulo plazatik abiatuta Villabonaraino. Berau ezin izan da burutu, izan ere, “Euskara ofiziala” zioten banderolak zeramatzaten hiru txirrindulari identifikatuak izan dira Ertzaintzagatik Tolosatik irten bezain laster; Ertzaintzak erdara hutsean zuzendu dira hauengana eta tira-bira izan dute honen harira. 400 euroko isuna bana jarri die horietako bakoitzari. Ez da, hala ere, izandako istilu bakarra; asteartean ere, hilaren 4an, Gasteizko bi herritar identifikatu zituen udaltzaingoak; hauek euskaraz eskatu ezean ez zutela halakorik egingo jakinarazi, baina bere horretan jarraitu zuten udaltzainek. Azkenean, 30 minuturen ondoren, bere burua identifikatzera jo zuten bi kideek baina arazoren bat medio, udaltzainek berriz ere erdara hutsez jo zuten lagunengana. Hauek berriz ere beraien hizkuntza eskubideak errespetatzeko eta euskaraz hitz egiteko eskatu zieten, baina ordainetan, komisaldegian amaitu zuten; bertan, itzultzailearekin aritu behar izateaz gain, hizkuntzaren harira irainduak izan ziren. Zentzu horretan, EHEk, horrelako ekinbideen salaketa egin nahi du. Euskaldunon hizkuntza eskubideak errespetatuak izan daitezela exijitzen ibili behar izateaz gain, horregatik identifikazioak, isunak, irainak… jasan behar izaten ditugu. Salatzekoa da, ildo berean, Administrazioetan lan egiten duten langileek (bai indar autonomikoetatik eratorritakoek, bai udal administrazioetan lan egiten dutenek) euskararekiko duten jarrera.

Ezabaketa astearekin amaitzeko, biharko egunarekin, kalejira-ezabaketa burutuko dute Donostian Bulebar-etik abiatuta 11:00etan.

Gaur egun euskaraz normaltasunez bizitzea, ez da posible. Eremuz eremu topatu ditzakegu euskararen bazterketa eragiten duten adibideak, izan publiko edo pribatuan. Kaletik edota errepidetik goazela ere, gure hizkuntza eskubideen zapalkuntzaren adibideak topa ditzakegu; paisaia linguistikoari erreparatu besterik ez dugu. Ez dugu aurkituko, oro har, euskara hutsean idatziriko seinalerik Euskal Herri osoan; alabaina, erdara hutsean idatziriko seinaleak maiz kausituko ditugu. Eta hori larritzekoa da, benetan.  

Egoera hau ahalbidetzen duten errudunak egungo hizkuntza politikak eta hauek aurrera eramaten dituztenak dira. Politika horiekin aurrera eramaten dituzten ideia nagusiekin, elebitasunean eta euskararen marjinazioan oinarritutako ideiekin, euskaldunak bereizkeriara eramaten gaituzte. Euskara beti irudikatu dute bigarren mailako eta ondorioz, baita honen erabiltzaile izan diren, garen eta izango direnak ere; beti izan gara bigarren mailako herritar gure herrian bertan, beti izan gara baztertuak euskararena beharko lukeen herrian. Eta egoera hau aldatu beharra dago.

Euskal Herri euskalduna eraiki!

2008-11-06

Permalink 16:47:30, Atalak: Berriak, Orokorra, 391 hitz  

Euskararen ofizialtasuna aldarrikatuko dute Iruñean azaroaren 22an

Gaztesarea

22 urte igaro dira Nafarroako Parlamentuak Vascuencearen Legea onartu zuenetik, eta hala, ordutik aurrera nafarron hizkuntza eskubideak sistematikoki urratuak izan dira. Hori dela eta, euskararen etorkizuna bermatuko duten sakoneko aldaketen alde manifestaldia deitu dute datorren azaroaren 22an Iruñean Euskaraz bizitzeko eskubidearen alde, euskara ofiziala orain lelopean.

Eskuorria (pdf)

Oharra:

22 urte luze joan dira Nafarroako Parlamentuak Vascuencearen legea onartu eta Nafarroa hiru eskualdetan banatu zuenetik. 22 urte luze, beraz, euskal hiztunen eta nafar guztien hizkuntza eskubideak urratuz. 22 urte horietan lege horren emaitza aski ezaguna zaigu euskaldunoi: euskaraz ikasteko ezintasuna, isunak, euskarari zuzendutako diru-laguntzen murrizketa, administrazioarekin harremanak euskaraz izateko trabak? orriak eta orriak betetzeko adina eskubide urraketa. Azken batean euskaraz, hots, Nafarron hizkuntzan (Lingua Navarrorum), bizitzeko ezintasuna.

Lege urratzaile hori nahikoa ez eta, gainera, azken urteotan euskararen aurkako politika gordin eta sistematikoa jarri da indarrean. Euskara gure bizitzako alor guztietan bazterrera zokoratzeko nahia nagusitu da. Ez dute beren helburua lortu, ordea, euskaldunon lana, kemena eta borrokari esker. Gobernuak eta hizkuntza politika ofizialak oztopoak, maltzurkeria eta eskubideen murrizketa jarri duten tokian, nafar jendarteak eta euskaltzaleek izerdia eta lana jarri dute, eta baita ilusioa, irudimena eta bizipoza ere. Azken aldi honetan hainbat kontutan ere atzera egin behar izan dute, zenbait aldaketa aurrera eraman behar izan dituzte, eta hori, izan ere, etsi ez dugulako gertatu da. Euskaldunon eta euskaltzaleen ahaleginari esker eutsi dio euskarak etorri zaion zaparradari.

Ez dugu, nolanahi ere, beti horrela ibiltzerik nahi. Gure herrian, gure hizkuntzan normaltasunez eta osotasunez bizitzeko erabateko eskubidea baitugu. Horregatik guztiagatik, eta azken hilabeteotan legearen inguruan dabilen eztabaida gogoan izanda, horren gaineko gure ekarpena egin nahiko genuke.

Tokian tokiko aldaketetatik haratago, nafar gisa, lege baino gehiago eskubide urratzaile den hori atzean utzi eta hizkuntza politika berri baten bila joateko garaia da. Urrats txikiak eta egunerokoak behar ditu euskarak, baina horiek ez dira nahikoak; euskarak urrats sakonak eta handiak ezinbesteko ditu, iraupen hutsetik garapenerako eta berreskurapenerako jauzia egin nahi badugu. Eta, besteak beste, euskararen ofizialtasunean oinarrituta, euskararen berreskuratze prozesua bermatu, bultzatu eta gorpuztuko duen lege berri bat behar dugu. Bestela, Kontseiluak berak esan zuen, azken 15 urteetako bilakaera ikusita, 834 urte beharko genituzke euskararen ezagutza unibertsalera iristeko. Horiek horrela, nafar jendarteari dei egiten diogu, azaleko aldaketetatik haratago, euskararen etorkizuna bermatuko duten sakoneko aldaketen alde lan egiteko. Euskaltzale guztiok aktibatu eta benetako aldaketa baten aldeko indarrak biltzeko abagune ezin hobea da hau, honako hau aldarrikatuz:

Euskaraz bizitzeko eskubidearen alde, euskara ofiziala orain!
Permalink 16:33:05, Atalak: Berriak, Irakaskuntza, 507 hitz  

PNV iruzurrik ez! Eskolak euskaldundu behar du!


Joan den asteartean, azaroak 4, kontzentrazioa burutu zuen PNVren egoitza den Bilboko Sabin Etxean Euskal Herriak Bere Eskola (EHBE) erakundeak. Bertan azkeneko aste eta hilabete hauetan filtratu dituzten berriak salatu nahi izan zituzten. PNVk 107.768 herritarrek sinatutako eskariari muzin egin dio eta horren ordez interes politiko ezberdinak gailentzea erabaki dute, eskolaren bidezko euskalduntzea posible izan dadin galaraziz. PNV eta PSEk izandako jarrerek hain beharrezkoa den hezkuntza ereduen desagerpena berriro ere atzeratu du.

EHBEk zabaldutako oharra:

PNV iruzurrik ez! Eskolak euskaldundu behar du!

Gaur Sabin Etxean elkarretaratzea egiteko arrazoi ugari ditugu. Eskolak Euskalduntzea nahia, beharra eta eskubidea da, EAEn gainera legeak onartutako eskubidea. Indarrean dagoen legea, Euskararen Legea orain dela 26 urte onartu zen, hezkuntzan hizkuntza ereduen legea aplikatuz. 26 urte hauetan ikasleek euskara ezagutzeko duten eskubidea urratu egin da behin eta berriz, hala, 400.000 ikasletik gora gelditu dira euskara ezagutu gabe. 400.000 kasutan urratu du Eusko Jaurlaritzak euskalduntzeko eskubidea.

Egoera honek erantzule nagusi bat dauka: EAJ-PNV. EAJ-PNVren label abertzaleagatik ez balitz ez litzateke posible izango EAEn hainbeste urtetan hizkuntza ereduen politika iraunaraztea ez eskuin espainolak ez eta PSOEk ere beraiek bakarrik ezin izango luketelako lege hori abiarazi eta gutxiago mantendu. Euskararen etsaien pozerako eta euskaltzaleon tristurarako hizkuntza ereduak gaur arte indarrean egon dira.

Gauzak horrela, herri mugimenduaren urtetako lan eta borrokaren ondorioz, hizkuntza ereduen politika guztiz desprestijiatua gelditu da jendartean eta zer esanik ez hezkuntza munduan. Horren erakusle dira, Euskal Herri osoan eskolak euskalduntzeko 107768 herritarrek instituzioei eginiko eskaria edo pasa den ikasturte amaieran Kontseiluak hezkuntzako eragile eta sindikatu gehienak D ereduaren pareko eredu bakarraren alde bildu izana. Herritarrek  badakite, eskolak ikasleak euskaldundu gabe, ez dago herria euskalduntzerik.

Bazirudien egoera nahiko helduta zegoela, 26 urtetako odol uzteari aterabidea aurkitzeko, gutxienez EAEn epe motzean sakoneko aldaketa bat egiteko baldintzak bazeuden eta badaude. Dena den, Tontxu Camposek zuzentzen duen Hezkuntza Sailak proposamen malgu, zehazgabe eta hutsunez betea aurkeztu zuen irailean, hezkuntzako gehiengoaren eskariei muzin egin eta aldaketa sakona  erreforma ahulean utziz. Hezkuntza Sailak gutxienez, ateak irekita utzi zizkien eragileei, ekarpenak egin eta proposamena aurrera ateratzeko.

Egoera honetan, PNVk bere esku zegoen guztia egin du gobernukidearen proposamena zapuzteko: uztailean El Correo Españolera Tontxu Camposek aurkeztutako dokumentu pribatua filtratuz, egunkari Ultraespañarrari erreformaren aurkako kanpainari ekiteko ateak irekiz; eta ondoren PSOEk eskatu bezala, proposamenarekiko aurkakotasuna azalduz.

PSOE eta PNV elkarrekin ikusi ditugu Hizkuntza Ereduen erreforma txikiena ere ekiditeko saiakeran. Euskal Herritar guztie esan nahi diegu egoera oso larria dela. Legea dagoenetan uzteak 26 urtetako hizkuntza eskubideen zapalketa iraunaraztea esan nahi du, datarik jarri gabe gainera. Egoeraren erantzule nagusia PNV da, iraganean egindako iruzurrak, errepikatuz eta euskararen etorkizuna hipotekatuz, urtero 15000 ikasle gehiagori euskara ezagutzea ukatuz.

Gauzak horrela, gaurko eguna PNVren afiliatu euskaltzaleei deialdia egiteko ere aprobetxatu nahi dugu, ez ezazue utzi zuen alderdia berriz ere iruzur hau egiten! Era berean, hurrengo egunetan PNVren Batzoki guztietan EHBEren gutuna jasoko dute, afiliatu euskaltzaleek alderdiaren zuzendaritzari presioa egin diezaioten.

Euskal Herritar guztiei, deia egin nahi diegu eskolak euskalduntzearen alde lanean jarrai dezaten, iruzur eta erasoie aurre eginez eta Hezkuntza Sistema Nazionala eraikiz. Alderdi interesen gainetik eskubideak eta herritarren borondatea irabazle aterako dira!

Euskal Herriak Bere Eskola
2008ko azaroaren 4an

2008-11-03

Permalink 22:06:55, Atalak: Bideoak, Euskaraz bai, pauso bat harago, 0 hitz  

“Pauso bat harago” flash animazioa

Permalink 19:54:15, Atalak: Berriak, Orokorra, Euskaraz bai, pauso bat harago, 704 hitz  

Dagoeneko Kontseiluko 10. urteurrenerako sarrerak eska daitezke


Argazkian, ezkerretik eskuinera, Haritz Rodriguez Kontseiluko komunikazio arduraduna eta Xabier Mendiguren erakundeko idazkari nagusia.

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak bere hamargarren urteurrena ospatu eta datozen urteotan egin beharreko ibilbidearen berri emateko, ekitaldi jendetsua deitu du datorren abenduaren 13rako, 18:00etatik aurrera, Barakaldoko BECen. Ekitaldia dohainik izango bada ere, sarrera eskuratzea beharrezkoa da, eta gaur aurkeztu ditu Miramongo Zientziaren Kutxagunean (Donostia) gonbidapenak eskatzeko bideak, telefonoz nahiz webgune bidez eskatu ahal izango baitira. Bi bidetatik eskuratu ahal izango dira: nierebanoa.com izeneko webgunea edo 902 820 240 telefono zenbakira deituta. Eskabideak egiteko epea abenduaren lehen astean amaituko da, eta, beraz, sarrerak agortu baino lehen eskaria egitera animatu dituzte herritar guztiak.

Xabier Mendiguren idazkari nagusiak hartu du hitza lehenengo, gaur Kontseiluak emandako prentsaurrekoan. Bere esanetan, “orain bi aste aurkeztu genizuen abenduaren 13an Barakaldoko BECen Kontseiluak bere hamargarren urteurrenaren harira egingo duen ekitaldi jendetsua. Ospakizuna gauzatuko den lekuan bertan azaldu genizkizuen ekitaldiaren nondik norakoak eta ekitaldiaren beraren irudia izango den kartela, eta aurreratu genizuen bertaratzeko beharrezkoa izango dela sarrera-txartela eskuratzea. Esan bezala, sarrera doakoa izango baita, ez da ordaindu beharko, baina behar beharrezkoa izango da gonbidapena eskuratzea”. Bizkaia Arenan egingo duen ekitaldian “euskararen normalizazioan 'Pauso bat harago' joatea ezinbestekoa dela” adieraziko du Kontseiluak. Mendigurenek gaur gaineratu duenez, “kartelean ikus daitekeen bezala, urrats sendoak emanez soilik lortuko dugu helburu hori. 'Pauso bat harago' joateko, ezinbestekoa da euskararen aldeko jarrera azaltzetik euskara erabili eta ikastera igarotzea. Horregatik berregin dugu orain arte erabilitako 'Bai euskarari' leloa, 'Euskaraz bai' bilakatuz”.

Webgune edo telefono bidez

Ekitaldira joateko gonbidapena bi bidetatik eskuratu ahal izango da. “Jendeak 'ni ere banoa' esatea nahi dugu, 'ni ere banoa BECera' eta 'ni ere banoa pauso bat harago'. Horregatik sortu dugu nierebanoa.com izeneko webgunea. Bertan dagoen eskaera orria osatu ondoren, eskatzaile guztiei etxera bidaliko zaie sarrera. Eta, webgunearen bitartez ez ezik, 902 820 240 telefono zenbakira deituta ere egin ahal izango dute eskaera”, gaineratu du Kontseiluko idazkari nagusiak. Mendigurenek euskal gizarte osoari luzatu dio abenduaren 13an BECera joateko gonbidapena. “Sarrera lehenbailehen eska dezaten gomendatzen diegu, milaka lagunentzako tokia egongo den arren, sarrera gabe gera ez daitezen”, erantsi du.

Kontseiluko komunikazio arduradun Haritz Rodriguezek, bestalde, nierebanoa.com webgunearen xehetasunak azaldu ditu eta BEC-eko ekitaldia iragarriko duen flash animazioa ere aurkeztu du. Bideoa, beste gune batzuetan ez ezik, nierebanoa.com helbidean dago ikusgai multimedia atalean. Eta nahi duenak bertatik jaitsi dezake bere ordenagailura. Rodriguezen arabera, “902 820 240 telefono zenbakira deituz gero, eskatzailearen datuak jasoko ditugu eta, ondoren, emandako helbidera, alegia, etxera bidaliko zaizkie sarrerak eskatzaileei. Webguneari dagokionean, berriz, bost atal nagusi ditu. Lehenengoan, 'Gonbidapenak' izena duen horretan, nahi duenak formularioan eskatzen diren datuak idatziz eskuratu ahal izango ditu sarrerak. Eskabidea bete bezain pronto, e-posta helbidean berrespen mezua jasoko dute eskatzaileek. Hortik aurrera, Kontseiluak etxera bidaliko dizkie eskatutako sarrera guztiak ahal bezain pronto. Eskabideak egiteko epea abenduaren lehen astean amaituko da, eta, beraz, sarrerak agortu baino lehen eskaria egitera animatzen ditugu herritar guztiak”.

Atal gehiago

Webguneko bigarren atalak “Euskaraz bai” du izena, eta bertan Kontseiluak bere 10. urteurrenaren harira egindako hausnarketaren ondorio den agiria irakur daiteke. Erabiltzaileek agiri hori ezagutu eta bere atxikimendua helarazteko bidea aurkituko dute atal horretan.

“Albisteak” atalean, bestetik, Kontseiluaren azken berriak daude irakurgai. Bertan jarraitu ahal izango du, nahi duenak, hamargarren urteurrenari buruzko informazio eguneratua. Multimedia izeneko sailean, berriz, hamargarren urteurrenaren eta abenduaren 13ko ekitaldiaren inguruko euskarri ezberdinak daude: flash animazioa, Kontseilua Telebistako bideoak, bannerrak, audioa eta kartela PDF formatuan eskuratu daitezke bertan, besteak beste.

Babesleen sailean, bestetik, BECeko ekitaldia babestu duten enpresa, hedabide eta instituzioak daude zerrendaturik, bakoitza bere irudi korporatiboarekin. “Biziki eskertu nahi dugu horiek guztiek ekitaldia antolatu eta zabaltzeko eskaini diguten laguntza”, esan du komunikazio arduradunak. Azkenik, “Nola iritsi” izena duen atalean, Barakaldora bertaratzeko argibideak ematen dituen mapa txertatu dute.

“Euskal herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu gurekin batera 'pauso bat harago' eman dezaten, 'ni ere banoa' esanez. Hori da 'Bai euskarari' azaltzetik 'Euskaraz bai' egitera pasatzeko lehenengo urratsa. Pertsona bakoitzeko gehienez 5 sarrera banatuko ditugu. Elkarte edo erakunderen batek sarrera gehiago nahi baditu, telefonora deitu eta azaldu besterik ez du egin behar. Sarrera mugatua denez, zinez eskertuko dugu eskatutako sarrerekin BECera joatea. Ez genuke nahi inor bertaratzeko aukerarik gabe geratu dadin beste batzuek sarrerak eskatu eta joango ez direlako”, gaineratu du Kontseiluko Komunikazio arduradunak.

Permalink 19:06:09, Atalak: Berriak, Irakaskuntza, 96 hitz  

Eskolak euskaldundu behar duela esango diote bihar PNVri Bilbon


Eskolak euskaldundu behar duela aldarrikatzen jarraitzen du Euskal Herriak Bere Eskolako kideek. "Azkeneko aste hauetan kezka ezberdinak agertu dira Tontxu Camposek egin behar zuen proposamen murriztua ez ote zen beherapen berrietan eroriko, eta guztia PNVk eginiko presioak direla eta. Antza PNVk oraindik ere denboran luzatzea eskatu dio Tontxu Camposi, proiektu pilotoak martxan jar ditzan eskatuz eta beste 3 urtez gutxienez eskolak euskaldundu ez dezan lortuz", adierazi dutenez. Hori guztia salatzeko kontzentrazioa deitu dute biharko,  azaroak 4, Bilbon dagoen Sabin Etxearen aurrean. "PNV, iruzurrik ez! Eskolak euskaldundu behar du!" lelopean. Bertaratzeko deia luzatu dute.

Permalink 18:45:13, Atalak: Berriak, Udal administrazioa, 20 hitz  

Ezabaketa Asteari hasiera emanez ekintza burutu du EHEk


Hizkuntza zapalkuntza agerian utzi eta politika arrotzak agerian utziko dira gaurtik aurrera eta igandera bitarte, EHEk deituriko Ezabaketa Astearen karira.

2008-11-02

Permalink 18:47:00, Atalak: Berriak, Udal administrazioa, 205 hitz  

Aurtengo Ezabaketa Astea abiatuko da astelehenean


Azken urteotan tradizio bilakatzen ari da azaro aldean burutu ohi den Ezabaketa Astea. Aurten, azaroaren 3tik 9ra bitartean  ekimen andana izango da Euskal Herriaren luze eta zabalean. Izan ere, herri honetako kaleetan ematen diren hizkuntza-urraketak salatzeko tartea zabaldu du EHEk lau haizetara, eta gure paisaia linguistikoan eraginez Euskal Herri euskaldunaren bidean hizkuntza zapalkuntzari aurre egin eta berau agerian uzteko deia helarazi dio jendarteari.

Urteroko kontua da jada EHEk azaroaren bueltan deitzen duen  Ezabaketa Astea. Egitasmo honek hizkuntza eskubideen aldarrikapena du helburu nagusi, baina era berean, Euskal Herri euskalduna eraikitze bidean, auzolanaren bidez urratsak emateko tresna bilakatu da. Euskal Herriko luze eta zabalean hainbat hiri, herri, auzo eta karrika bustiko dituen Ezabaketa Astea astelehenean hasiko da urratsak egiten, azaroak hirugarrena duela, eta 9an izango du amaiera.

Tarte horretan, euskal hiztunon hizkuntza eskubideen aldarria kaleratzearekin batera, EHEren ekimenak agerian utziko ditu Euskal Herriko kaleetan ematen diren hizkuntza eskubideen urraketak, eta zentzu horretan, euskaldunok euskaraz aritzeko eta bizitzeko ditugun zailtasun ugariak nabarmenduko ditu. Era berean, euskarak bizi duen zapalkuntza eta inposaketa azaleratzen dituen paisaia linguistikoan eragiteko beta izango dute egitasmoarekin bat egiten duten herritarrek, euskararen normalizazioa baldintzatzen duten eta egun indarrean diren iruzurrei aurre egiteko eta Euskal Herri osorako euskararen estatus ofiziala aldarrikatzeko baterajotze honen bidez.

Permalink 18:24:21, Atalak: Berriak, Orokorra, 686 hitz  

Jaso Gu EHEk zabaltzen dituen berri garrantzitsuenak zure telefonoan!

Getxo udalerriko Euskal Herrian Euskarazek (Gu EHE) zabaltzen dituen berririk garrantzitsuenak dagoeneko eskuragarri daude zure sakeleko telefonoan. Urrats erraz batzuk direla medio Getxo udalerrian, Uribe Kosta eskualdean edota Euskal Herri osoan ematen diren hizkuntza eskubideen urraketen, euskarari egindako erasoen eta euskalgintzak bultzatutako ekimenen berri momentuan eta euskaraz jaso ahal izango dituzu inora konektatu gabe, zure telefonora helduko diren SMS mezuen bitartez. Prezioari dagokionez, zerbitzuak hutsaren hurrengoa den kostea dauka, behin Erresuma Batura SMS bat bidaltzearen salneurria baino ez baitu etengabeko zerbitzu honek, zure telefonoan zerbitzu hori aktibatzeko mezuaren prezioa, alegia. Hortik landa doan jasoko dituzu albiste guztiak. Bestalde, Gu EHEk albisterik garrantzitsuenak soilik bidaltzeko konpromisoa hartzen du, jasotzaileari zerbitzu lagungarri