
Nafar Parlamentuan “Vascuencearen legearen” eztabaida burutzekoa zela eta, legea bera zalantzan jarri du EHEk goizaldean Parlamentu aurrean burutu duen elkarretaratzean eta lurralde osoan euskararen ofizialtasuna exijitu du.
Argazki gehiago hemen ikus daiteke
Euskal Herrian Euskarazen oharra:
| e |
uskaldunok legearen aurrean bigarren mailako herritarrak garela behin baino gehiagotan azpimarratu behar izan dugu. Zehatzago, 22 urtez, Vascuencearen legeak ezarritako ildoen gerizpean, euskaldunon hizkuntza eskubideak urratuak izan direla baiezta dezakegu.
Vascuencearen legeak ezartzen dituen neurriak bidegabeak dira; eremukako (euskaldun,misto, erdaldun) banaketa sinesgaitz eta irreal bat eraman du nafar Gobernuak aurrera 22 urtez, eremuka aitortutako eskubideak ezberdinak izanik euskaldunontzat. Iruñetik Noainera 8km eskas badira ere, ez zaizkigu eskubide berdinak eskaintzen euskaldunoi: batean euskaraz ikasteko eskubidea izan badugu, eta bestean legearen arabera, ez. Hala ere, azken mugimenduek erakutsi diguten bezala, legea bera nahi duten moduan kudeatu izan dute; izan ere, pasa zen ikasturtean, D ereduko eskola bat ireki zuten Noainen. Mugimendu honen zergatia bakarra da: euskalgintzak urteetan euskaraz ikasteko, euskara ezagutzeko dugun eskubidea aldarrikatu izan du eta nafar gobernuak ezin izan dio horri muzin egin. Horrek, 22 urte luzez defendatu eta aurrera eraman izan duten legea ez betetzera eraman die, soilik euskalgintzako hainbat erakunde zein herritarren eskaerak isilarazteagatik.
Gaurkoan, urte guzti hauetan bazterketaren eta zapalkuntzaren iturri izan den lege hori eztabaidatu dute Parlamentuan. 1986an erabaki legean ezarritako mailakatzean, eremu mistoaren poltsa gizendu eta erdalduna argaltzearen terminoetan burutu da eztabaida. Eta hor kokatzen da arazo guzti honen gakoa, oinarrian: alderdi eta sentsibilitate ezberdinek legea bera zalantzan jarri eta euskararen normalizazioari eutsiko dioten bideak jorratu baino, euskararen marra gorrien mugetan kokatu dute ika-mika. Legea izan dute abiapuntu, euskarari jarri beharreko muga eta trabak adosteko. Eztabaida abiatzeko puntuan dago errorea, legea izanik oinarri, egungo egoera aldatzeko biderik ez delako eskaintzen. Nola da posible herrialde batean hiru eremu ezberdin eta hauen araberako eskumen ezberdinak aitortzea? Nola da posible Leitzan euskaraz ikasteko eskubidea izatea eta kilometro batzuk haratago, Zangozan, horretarako eskubiderik ez izatea, biak herrialde berberekoak izanik ere?
Vascuencearen legearekin amaitzearen beharrean kokatu behar dugu eztabaida. Vascuencearen legea da, indarrean dauden bestelako hizkuntza politika erasokorrekin batera, euskaldunon hizkuntza eskubideen urratzaile dena eta beraz, errotik aldatu beharrekoa. Euskaldunon hizkuntza eskubideak aitortuko dituen eskenatoki posible bakarra, egungo markoen gaindipena eman, euskararen estatusa aldatu eta Euskal Herri osoan bere ofizialtasuna aldarrikatuko duena da. Osterantzean, egungo egoera aldatzetik urrun izan eta euskaldunok bigarren mailako herritar izaten jarraituko dugu; osterantzean, ez dugu euskaraz bizitzeko eskubiderik izango; osterantzean, gure herriko berezko hizkuntza bakarra galbidera eramango dugu. Euskara ofiziala behar dugu, Euskal Herri osoan!
Iruñean, 2008ko urriaren 30ean
EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ
Azken erantzunak
Herritarrok zeregin handia dugu. Euskararen ofizialtasuna, legedi berri baten aldeko aldarria eta azken batean hizkuntza eskubideak eremu eta lurralde guztietan errespetatzeko eskaerak kalean presente egon behar du. Euskal Herri osoan, herriz herri eta auzoz auzo. Historian zehar euskal jendartea izan da hizkuntzaren defentsan aitzindaria eta une horretan eta aitzinera begira ere herritarrok eta herri mugimenduak jokatzen dugun funtzioa ezinbestekoa suertatzen da. Bultza dezagun euskarak behar duen aldaketa. Jantzi ditzagun kaleak, errepideak, lantegiak eta ikastetxeak euskararen aldeko aldarrikapenekin. Euskaraz bizi nahi duen herri bat badela erakuts dezagun.
| Ast | Ast | Ast | Ost | Ost | Lar | Iga |
|---|---|---|---|---|---|---|
| << < | > >> | |||||
| 1 | 2 | 3 | 4 | 5 | ||
| 6 | 7 | 8 | 9 | 10 | 11 | 12 |
| 13 | 14 | 15 | 16 | 17 | 18 | 19 |
| 20 | 21 | 22 | 23 | 24 | 25 | 26 |
| 27 | 28 | 29 | 30 | 31 | ||