Mezua: EHEk egoeraren larritasuna agerian utzi eta Euskal Herri euskalduna eraikitzen joateko dei egin du

2008-10-27

Permalink 18:08:18, Atalak: Berriak, Orokorra, 1177 hitz  

EHEk egoeraren larritasuna agerian utzi eta Euskal Herri euskalduna eraikitzen joateko dei egin du


Hasi berri dugun ikasturtean euskara ukituko duten aferen inguruan irakurketa orokorra eskaini eta beren posizioa finkatu du EHEk, datozen iruzurren aurrean salaketa egitearekin batera. Bestalde, urriaren 30ean Vascuencearen Legea eztabaidatzen ari den unean, Nafaroako Parlamentua parean egingo den elkarretaratzean parte hartzera deitu du euskal jendartea, Iruñean egin duen agerraldian.

Euskal Herrian Euskarazen oharra:

A

zken hiru hamarkadetan egindako bideari jarraiki, Euskal Herrian Euskaraz-etik egun gure hizkuntzak bizi duen egoera latza plazaratu eta horri aurre egiteko konpromisoa berretsi nahi dugu.

Euskara hizkuntza gutxitua da bere sorlekuan bertan, baina egoera hau ez da kasualitatez eragina izan. Urte luzez aplikaturiko asimilazio prozesuak, etenik gabe eman diren euskararen kontrako erasoak edota hizkuntza-politika iruzurtiak izan dira egun euskaldunon hizkuntzak bizi duen egoeraren erantzuleak; baina, era berean, urteetako borrokari eta irmotasunari esker, euskararen herria berreuskalduntze prozesu baten baitan da.

Euskararen kontrako erasoak anitzak izaten jarraitzen dute gaur bertan ere. Euskararen izenean garatzen ari diren iruzurrak birkokapen prozesu berri batean topatzen dira egun, aurretik datozen iruzurrak birmoldatuz. Iruzur horiek, bi helburu nagusi bilatzen dituzte funtsean. Batetik, Euskal Herria kolpatzen duen zatiketa administratiboetatik erditutako hizkuntza politiken bidez euskara normalizatzea posible dela sinestarazi nahi digute; eta bestetik, euskalgintzaren aldarrikapenak neutralizatzea eta euskalgintzan dihardutenen sinesgarritasuna higatzea dute helburu.

Euskara iruzurren jomugan

“Vascuencearen legea” dugu, 22 urteren bueltan jarraipena ematera doazen beste tranpa bat. 1986an euskara hiru eremutan banatzea erabaki zen, euskaldun, mixto eta erdaldunean, horietako bakoitzean aitortzen diren eskubideak ezberdinak direlarik. Beraz, bizi garen tokian bizi garela, ezberdinak dira euskaldunontzat ditugun eskubideak. Hiru egun barru, euskararen zatiketa eragin duen Vascuencearen legearen eztabaida burutuko da nafar Parlamentuan. Oraingoan, ezberdintasun egoera hori gainditu eta euskararen normalizazioa ekarriko duten urratsei begira egon beharrean, zonalde mixtoaren zabalpenaren inguruan egingo dute bira hitz-jarioek, hots, euskarari aurrez ipinitako mugen inguruan.

EHEk beti azaldu du Vascuencearen legeak euskaldunon hizkuntza eskubideak urratzen dituela. Vascuencearen legea da, egun, administrazio ezberdinetan euskara ez erabiltzearen erruduna, euskaraz ezin ikasi ahal izateko erruduna, gure herrian bertako hizkuntzan ezin hitz egin eta ezin bizi ahal izateko erruduna.

Vascuencearen legeak dituen zirrikituez ere konturatu dira; izan ere, legea bera apurtuz, D ereduko eskola bat zabaldu zuten Noainen. Hau, noski, euskalgintzak urtez urte egindako eskakizunei erantzunez egin behar izan zuten. Argi geratzen da legea bera komeni zaienean soilik baliatzen dutela.

Lege honen aurrean eman diren hainbat iritzi eta egin diren mugimenduek ere kezka sorrarazi digute; 22 urtez gauzatu den legearen luzapenaren aurrean egon gaitezke eta horrek konponezineko arazoak ekarri lituzke. Legea bera zalantzan jartzen ez bada, euskarak ez du aurrera egingo.

Era berean, politika hau aurrera eroateko sortutako erakunde eta kontseiluek bertan behera laga behar dira. Iaz sortutako Euskarabidearen afera dugu, esaterako; Vascuencearen legea oinarritzat izanda, Hezkuntza Sailaren politika justifikatuko duen tresna kontsultibo gisa jarduten du, erabakitzeko ahalmenik ez duela. Eta maila berean kokatze da, ikasturte hasieran deitu zuten “Euskararen Kontseilua;” euskararen etsai nagusienez osatua egoteaz gain, etorkizun gutxi duen erakundea dugu berau.

Hezkuntzan ere euskararen aurkako ofentsiban bete-betean sartuak dira; Perez Nievasek aipatu bezala, D eredua desagertu eta gaztelera-ingeles/ ingeles-euskarazko irakaskuntza batuko dituen ereduari egingo diote indar orain. Euskararen ezagutza oztopatuz, honen aurkako ofentsiban urratsak ematen jarraitzen dute.

Eta zurrunbilo guzti horretan, Eusko Jaurlaritzak aurrera daramaten hizkuntza politika kokatzen da. Euren mezua zein den eta norantz jo nahi duten argi geratu da burutu dituzten azken ekimenetan: elebitasuna, gazteleraz eta euskaraz biziko den jendartea. Bi hizkuntzak maila berean kokatzen dituzte, alta, eurek ere badakite  hori gezurra dela; euskara espainiar konstituzioari men egin beharrean dago, etengabeko desgastea ematen dela horrela. Eta bestetik, jendarte elebiaz ari bagara, beharrezkoa da bi hizkuntzak maila berean kokatzea; eta eurek ere badakite hori gezurra dela. Gaur gaurkoz, hizkuntza zapaldu eta zapaltzaileaz hitz egin dezakegu dudarik gabe. Eta bestela, begira ditzatela Osakidetzaren LEPrako zabaldu dituzten perfilak; 2520 lanpostu eskaintzen badira, horietatik laurdenari soilik exijituko zaio euskara perfila izatea. Balora dezatela zein den hizkuntza zapaldu eta zein zapaltzailea.

Politika guzti hau proiektu ezberdinekin norabidetu nahi dute; eskolako ereduen eztabaida eta "XXI. mendekoa" izan omen behar duen hizkuntza politika berri baten eztabaida (Euskara21en izenpean) abiatu ditu azkenaldian, urtea bukatzerako dena prest izan eta datorren martxoko hauteskundeei begira. 30 urtetan egindako akatsak eta euskararen zapalkuntza ez onartzeaz gain, euskara eta gaztelania abiapuntu berean jarri dituzte eleaniztasunera urratsa egiteko orduan.

Eusko Jaurlaritzak, hizkuntza politikan eredu izate nahi horretan, beste herrialdeei lezioak emateko puntuan ikusi da; halaxe egin izan du Lapurdi, Baxenafarroa eta Xiberuarekin. Edozein mugimendu eman izan dela, hauek norabide faltsu batean kokatu nahi izatearekin.

Lapurdi, Baxenafarroa eta Xiberuan euskarak bizi duen egoera ere muturrekoa da. Frantses estatuak bere Konstituzioan euskara ondare gisa jaso zuen pasa zen uztailean, eztabaida eta kalapita ugariren ostean, 75.artikuluan; modu sinbolikoan, eta inolako zilegitasunik eman gabe, euskararekiko duten mespretxua argi azaldu zuten honen bidez. nazionalismo frantsesaren presentzia eta goraipamena etengabea izan zen, antza hizkuntza bat ezin baita defenditu frantsesaren nagusitasuna goraipatu gabe. Erreferentzia koadro bat osatuko zuten, lege gisa formulatua. Frantses gobernuaren xedea, izenak dioen bezala, hizkuntzei koadro bat eskaintzea da, hedabideetan (kuota eta orokortzerik gabe), irakaskuntzan (balio ez duen sistema elebidun batekin), seinaleetan (desorekatua) eta toponimian (berezko izenen folklorizazioarekin). Hau da, hizkuntza eskubideak jasotzen dituen elementurik deus.

Euskararen ofizialtasuna onartu nahi izateari ateak ixte zaizkio. Alta, Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) irudia indartzen da, azpiegitura eta ekonomia aldetik zeharo mugaturik dagoen tresna bada ere. Euskara aintzatesten ez duen administrazio baten aurpegi adeitsu eta atsegina besterik ez dugu EEP, euskararen normalizazioaren bidean indarrak metatu baino, euskararen aldeko mezu positiboa zabaltzera dedikatzen den erakunde bat besterik ez den bitartean. Abiapuntutik dator okerturik EEP, Parisetik zuzendua baitator; argi du EHEk Parisek (ez Madrilek ere) ez duela euskaldunok izan nahi dugunaren inguruan erabakiko; guk geurea behar dugu, bertatik bertarakoa.

Euskal Herri euskalduna eraikitze bidean tinko

Aipatu zatiketa administratiboak berreuskalduntze eta normalizazio prozesuak trabatzen baditu ere, euskaraz biziko den herria dugu helburu, eta zentzu horretan Euskal Herri euskalduna eraiki behar dugu egunez egun. Egoera honi buelta eman nahi badiogu, nahitaezko baldintza izango da egungo errealitatearen gaineko erroko aldaketa, egungo markoak gainditu eta eurek bultzatutako hizkuntza politikak alde batera utzi eta euskararen estatus aldaketa ekarriko duena: ofizialtasuna Euskal Herri osoan.

Hari horri tiraka, euskaldunok izan behar dugu normalizazio prozesuaren aitzindari eta euskaldunok aldarrikatu behar ditugu gure hizkuntzaren etorkizunari dagozkion erabakiak kanpoko esku hartzerik gabe, hizkuntza burujabetzaren bidetik.

Euskararen eta euskal hiztunon eskubideen zapalkuntzari aurre egin behar diegu, hizkuntza eskubideen urraketak salatu eta eskubideen defentsa egin behar dugu, baina era berean berreuskalduntze dinamikak garatzea ezinbestekoa zaigu. Herriz herri eta auzoz auzo, egungo errealitatean oinarritutako egitasmoak eraman behar ditugu aurrera auzolanean, guztion parte hartze eta konpromisoarekin. Berebiziko garrantzia hartzen du normalizazioaren bidean aurrera atera beharreko egitasmoak auzolanean eta herritar guztion aktibaziotik sortutako parte hartzean oinarritzeak. Eta nola ez, euskaraz bizitzeko hautua egin behar dugu. Erabiltzeak ekarriko du unez une bere garapena eta aurrera egiteko grina, ez dago zalantzarik. Euskararen alde egon baino, euskararen alde egin behar dugu.

Lanari berehala ekin behar diogula uste du EHEk; unean uneko iruzurrak salatu eta hauei aurre egiteko garaia da. Zentzu horretan, datorren urriaren 30ean nafar Parlamentuan burutuko den Vascuencearen legea dela eta, elkarretaratzea deituko du EHEk “Vascuencearen legea pikutara! Euskara ofiziala Euskal Herri osoan!” lemapean, goizeko 9:00etatik aurrera Iruñean, Parlamentuan bertan.

Iruñean, 2008ko urriaren 27an

EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ

Erantzunak:

Ez daude Erantzunak mezu honetan...

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small, img>


authimage

Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)

Azken erantzunak

EHEren logoa Herritarrok zeregin handia dugu. Euskararen ofizialtasuna, legedi berri baten aldeko aldarria eta azken batean hizkuntza eskubideak eremu eta lurralde guztietan errespetatzeko eskaerak kalean presente egon behar du. Euskal Herri osoan, herriz herri eta auzoz auzo. Historian zehar euskal jendartea izan da hizkuntzaren defentsan aitzindaria eta une horretan eta aitzinera begira ere herritarrok eta herri mugimenduak jokatzen dugun funtzioa ezinbestekoa suertatzen da. Bultza dezagun euskarak behar duen aldaketa. Jantzi ditzagun kaleak, errepideak, lantegiak eta ikastetxeak euskararen aldeko aldarrikapenekin. Euskaraz bizi nahi duen herri bat badela erakuts dezagun.hizkuntza bat, lurralde bat, legedi bat, ofizialtasuna!

guehe(a bildua)euskalerria.org
-----------------------------------
Creative Commons License

Abendua 2008
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
1 2 3 4 5 6 7
8 9 10 11 12 13 14
15 16 17 18 19 20 21
22 23 24 25 26 27 28
29 30 31        

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

free 
website stats program

powered by
b2evolution