
Nafar Parlamentuan “Vascuencearen legearen” eztabaida burutzekoa zela eta, legea bera zalantzan jarri du EHEk goizaldean Parlamentu aurrean burutu duen elkarretaratzean eta lurralde osoan euskararen ofizialtasuna exijitu du.
Argazki gehiago hemen ikus daiteke
Euskal Herrian Euskarazen oharra:
| e |
uskaldunok legearen aurrean bigarren mailako herritarrak garela behin baino gehiagotan azpimarratu behar izan dugu. Zehatzago, 22 urtez, Vascuencearen legeak ezarritako ildoen gerizpean, euskaldunon hizkuntza eskubideak urratuak izan direla baiezta dezakegu.
Vascuencearen legeak ezartzen dituen neurriak bidegabeak dira; eremukako (euskaldun,misto, erdaldun) banaketa sinesgaitz eta irreal bat eraman du nafar Gobernuak aurrera 22 urtez, eremuka aitortutako eskubideak ezberdinak izanik euskaldunontzat. Iruñetik Noainera 8km eskas badira ere, ez zaizkigu eskubide berdinak eskaintzen euskaldunoi: batean euskaraz ikasteko eskubidea izan badugu, eta bestean legearen arabera, ez. Hala ere, azken mugimenduek erakutsi diguten bezala, legea bera nahi duten moduan kudeatu izan dute; izan ere, pasa zen ikasturtean, D ereduko eskola bat ireki zuten Noainen. Mugimendu honen zergatia bakarra da: euskalgintzak urteetan euskaraz ikasteko, euskara ezagutzeko dugun eskubidea aldarrikatu izan du eta nafar gobernuak ezin izan dio horri muzin egin. Horrek, 22 urte luzez defendatu eta aurrera eraman izan duten legea ez betetzera eraman die, soilik euskalgintzako hainbat erakunde zein herritarren eskaerak isilarazteagatik.
Gaurkoan, urte guzti hauetan bazterketaren eta zapalkuntzaren iturri izan den lege hori eztabaidatu dute Parlamentuan. 1986an erabaki legean ezarritako mailakatzean, eremu mistoaren poltsa gizendu eta erdalduna argaltzearen terminoetan burutu da eztabaida. Eta hor kokatzen da arazo guzti honen gakoa, oinarrian: alderdi eta sentsibilitate ezberdinek legea bera zalantzan jarri eta euskararen normalizazioari eutsiko dioten bideak jorratu baino, euskararen marra gorrien mugetan kokatu dute ika-mika. Legea izan dute abiapuntu, euskarari jarri beharreko muga eta trabak adosteko. Eztabaida abiatzeko puntuan dago errorea, legea izanik oinarri, egungo egoera aldatzeko biderik ez delako eskaintzen. Nola da posible herrialde batean hiru eremu ezberdin eta hauen araberako eskumen ezberdinak aitortzea? Nola da posible Leitzan euskaraz ikasteko eskubidea izatea eta kilometro batzuk haratago, Zangozan, horretarako eskubiderik ez izatea, biak herrialde berberekoak izanik ere?
Vascuencearen legearekin amaitzearen beharrean kokatu behar dugu eztabaida. Vascuencearen legea da, indarrean dauden bestelako hizkuntza politika erasokorrekin batera, euskaldunon hizkuntza eskubideen urratzaile dena eta beraz, errotik aldatu beharrekoa. Euskaldunon hizkuntza eskubideak aitortuko dituen eskenatoki posible bakarra, egungo markoen gaindipena eman, euskararen estatusa aldatu eta Euskal Herri osoan bere ofizialtasuna aldarrikatuko duena da. Osterantzean, egungo egoera aldatzetik urrun izan eta euskaldunok bigarren mailako herritar izaten jarraituko dugu; osterantzean, ez dugu euskaraz bizitzeko eskubiderik izango; osterantzean, gure herriko berezko hizkuntza bakarra galbidera eramango dugu. Euskara ofiziala behar dugu, Euskal Herri osoan!
Iruñean, 2008ko urriaren 30ean
EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ
Jarraian ikus dezakezuena Kontseilua telebistaren lehen emanaldia da. Joan de urriaren 23an BEC-eko Bizkaia Arenan bildu zen Kontseiluko zuzendaritza osoa, leku horretan bertan abenduaren 13an egingo den ekitaldi jendetsua iragarri eta kartela estreinekoz erakusteko.

Euskal Herrian Euskarazek Vascuencearen Legeari aurre egiteko beste ekimen bat burutu zuen urriaren 25ean. Ostegunean Nafarroako Parlamentuan burutuko dute aipatu iruzurraren inguruko eztabaida eta EHEk markaje zuzena bideratu du proposamena eztabaidatuko dutenekiko.
Euskal Herrian Euskarazeko kideek osatutako talde batek Iruñeako kaleak zeharkatu zituen iragan larunbatean urriaren 30ean Vascuencearen Legea eztabaidatuko duten alderdiak zuzenean interpelatuz. UPN, EB, NaBAi, PSN eta CDN alderdien egoitzak geltoki bihurtuz, EHEko kideek eskuorriak banatu zizkioten oinezkoei euskararen aurka abian den iruzurraren berrikuntzaren aurrean irakurketa eskaini asmoz.
EHEk herritarrei helarazitako eskuorria duzue hurrengo lerroetan:
LEY DEL VASCUENCE PIKUTARA! EUSKARA OFIZIALA EUSKAL HERRI OSOAN!!!
Nafar Parlamentuan, euskararen zatiketa egoera ahalbidetu duen 1986ko legea eztabaidatzen dihardu azken hilabeteetan. Vascuencearen legea delakoak, euskara hiru eremutan (euskalduna, mistoa, erdalduna) banatu izan du urte guzti hauetan, horren ondorioz, eremu bakoitzean aitortzen diren eskubideak desberdinak direlarik. Oro har, Vascuencearen legeak ez ditu euskaldunon hizkuntza eskubideak errespetatzen; euskarari muga eta trabak besterik ez dizkio jartzen, euskararen normalizazioaren bideari atakak jarriz. Vascuencearen legea da, egun, administrazio ezberdinetan euskara ez erabiltzearen erruduna, euskaraz ezin ikasi ahal izateko erruduna, gure herrian bertako hizkuntzan ezin hitz egin eta ezin bizi ahal izateko erruduna! eta errudun dira Vascuencearen legea defendatu eta aurrera eraman izan duten guztiak, Euskararen herria eremu ezberdinetan bereizi eta euskararen aurkako ofentsibari gogor eutsi diotenak.
Gure herriak eta bertako herritarrek behar duguna, bertako hizkuntza bakarraren ofizialtasuna aitortzea da; eta Euskal Herri osoan. Honek ematen digu bermea euskaldunoi gure hizkuntza eskubideen defentsa eta babeserako. Euskal Herri euskalduna da euskaldunok euskaraz bizi eta aritzeko behar dugun eskenatokia. Eta horren bidean, beharrezkoa izango da Euskal Herriaren eta euskaldunon nahi eta beharren arabera gauzatutako hizkuntza politika. Gaur egun ezinezkoa zaigu egitate hori; bada, egin dezagun indar politika burujabearen alde.
Euskal Herri osorako izango den estatus ofiziala behar du euskarak; aitortza, babesa eta defentsa. Gure esku dago horren aldeko indarrak biltzea. Hori dela eta, nafar Parlamentuan Vacuencearen legea eztabaidatzen de egunean, elkarretaratzea burutuko dugu Parlamentu sarreran, urriaren 30a ostegunarekin, goizeko 9:00etatik aurrera.

Hasi berri dugun ikasturtean euskara ukituko duten aferen inguruan irakurketa orokorra eskaini eta beren posizioa finkatu du EHEk, datozen iruzurren aurrean salaketa egitearekin batera. Bestalde, urriaren 30ean Vascuencearen Legea eztabaidatzen ari den unean, Nafaroako Parlamentua parean egingo den elkarretaratzean parte hartzera deitu du euskal jendartea, Iruñean egin duen agerraldian.
Euskal Herrian Euskarazen oharra:
| A |
zken hiru hamarkadetan egindako bideari jarraiki, Euskal Herrian Euskaraz-etik egun gure hizkuntzak bizi duen egoera latza plazaratu eta horri aurre egiteko konpromisoa berretsi nahi dugu.
Euskara hizkuntza gutxitua da bere sorlekuan bertan, baina egoera hau ez da kasualitatez eragina izan. Urte luzez aplikaturiko asimilazio prozesuak, etenik gabe eman diren euskararen kontrako erasoak edota hizkuntza-politika iruzurtiak izan dira egun euskaldunon hizkuntzak bizi duen egoeraren erantzuleak; baina, era berean, urteetako borrokari eta irmotasunari esker, euskararen herria berreuskalduntze prozesu baten baitan da.
Euskararen kontrako erasoak anitzak izaten jarraitzen dute gaur bertan ere. Euskararen izenean garatzen ari diren iruzurrak birkokapen prozesu berri batean topatzen dira egun, aurretik datozen iruzurrak birmoldatuz. Iruzur horiek, bi helburu nagusi bilatzen dituzte funtsean. Batetik, Euskal Herria kolpatzen duen zatiketa administratiboetatik erditutako hizkuntza politiken bidez euskara normalizatzea posible dela sinestarazi nahi digute; eta bestetik, euskalgintzaren aldarrikapenak neutralizatzea eta euskalgintzan dihardutenen sinesgarritasuna higatzea dute helburu.
Euskara iruzurren jomugan
“Vascuencearen legea” dugu, 22 urteren bueltan jarraipena ematera doazen beste tranpa bat. 1986an euskara hiru eremutan banatzea erabaki zen, euskaldun, mixto eta erdaldunean, horietako bakoitzean aitortzen diren eskubideak ezberdinak direlarik. Beraz, bizi garen tokian bizi garela, ezberdinak dira euskaldunontzat ditugun eskubideak. Hiru egun barru, euskararen zatiketa eragin duen Vascuencearen legearen eztabaida burutuko da nafar Parlamentuan. Oraingoan, ezberdintasun egoera hori gainditu eta euskararen normalizazioa ekarriko duten urratsei begira egon beharrean, zonalde mixtoaren zabalpenaren inguruan egingo dute bira hitz-jarioek, hots, euskarari aurrez ipinitako mugen inguruan.
EHEk beti azaldu du Vascuencearen legeak euskaldunon hizkuntza eskubideak urratzen dituela. Vascuencearen legea da, egun, administrazio ezberdinetan euskara ez erabiltzearen erruduna, euskaraz ezin ikasi ahal izateko erruduna, gure herrian bertako hizkuntzan ezin hitz egin eta ezin bizi ahal izateko erruduna.
Vascuencearen legeak dituen zirrikituez ere konturatu dira; izan ere, legea bera apurtuz, D ereduko eskola bat zabaldu zuten Noainen. Hau, noski, euskalgintzak urtez urte egindako eskakizunei erantzunez egin behar izan zuten. Argi geratzen da legea bera komeni zaienean soilik baliatzen dutela.
Lege honen aurrean eman diren hainbat iritzi eta egin diren mugimenduek ere kezka sorrarazi digute; 22 urtez gauzatu den legearen luzapenaren aurrean egon gaitezke eta horrek konponezineko arazoak ekarri lituzke. Legea bera zalantzan jartzen ez bada, euskarak ez du aurrera egingo.
Era berean, politika hau aurrera eroateko sortutako erakunde eta kontseiluek bertan behera laga behar dira. Iaz sortutako Euskarabidearen afera dugu, esaterako; Vascuencearen legea oinarritzat izanda, Hezkuntza Sailaren politika justifikatuko duen tresna kontsultibo gisa jarduten du, erabakitzeko ahalmenik ez duela. Eta maila berean kokatze da, ikasturte hasieran deitu zuten “Euskararen Kontseilua;” euskararen etsai nagusienez osatua egoteaz gain, etorkizun gutxi duen erakundea dugu berau.
Hezkuntzan ere euskararen aurkako ofentsiban bete-betean sartuak dira; Perez Nievasek aipatu bezala, D eredua desagertu eta gaztelera-ingeles/ ingeles-euskarazko irakaskuntza batuko dituen ereduari egingo diote indar orain. Euskararen ezagutza oztopatuz, honen aurkako ofentsiban urratsak ematen jarraitzen dute.
Eta zurrunbilo guzti horretan, Eusko Jaurlaritzak aurrera daramaten hizkuntza politika kokatzen da. Euren mezua zein den eta norantz jo nahi duten argi geratu da burutu dituzten azken ekimenetan: elebitasuna, gazteleraz eta euskaraz biziko den jendartea. Bi hizkuntzak maila berean kokatzen dituzte, alta, eurek ere badakite hori gezurra dela; euskara espainiar konstituzioari men egin beharrean dago, etengabeko desgastea ematen dela horrela. Eta bestetik, jendarte elebiaz ari bagara, beharrezkoa da bi hizkuntzak maila berean kokatzea; eta eurek ere badakite hori gezurra dela. Gaur gaurkoz, hizkuntza zapaldu eta zapaltzaileaz hitz egin dezakegu dudarik gabe. Eta bestela, begira ditzatela Osakidetzaren LEPrako zabaldu dituzten perfilak; 2520 lanpostu eskaintzen badira, horietatik laurdenari soilik exijituko zaio euskara perfila izatea. Balora dezatela zein den hizkuntza zapaldu eta zein zapaltzailea.
Politika guzti hau proiektu ezberdinekin norabidetu nahi dute; eskolako ereduen eztabaida eta "XXI. mendekoa" izan omen behar duen hizkuntza politika berri baten eztabaida (Euskara21en izenpean) abiatu ditu azkenaldian, urtea bukatzerako dena prest izan eta datorren martxoko hauteskundeei begira. 30 urtetan egindako akatsak eta euskararen zapalkuntza ez onartzeaz gain, euskara eta gaztelania abiapuntu berean jarri dituzte eleaniztasunera urratsa egiteko orduan.
Eusko Jaurlaritzak, hizkuntza politikan eredu izate nahi horretan, beste herrialdeei lezioak emateko puntuan ikusi da; halaxe egin izan du Lapurdi, Baxenafarroa eta Xiberuarekin. Edozein mugimendu eman izan dela, hauek norabide faltsu batean kokatu nahi izatearekin.
Lapurdi, Baxenafarroa eta Xiberuan euskarak bizi duen egoera ere muturrekoa da. Frantses estatuak bere Konstituzioan euskara ondare gisa jaso zuen pasa zen uztailean, eztabaida eta kalapita ugariren ostean, 75.artikuluan; modu sinbolikoan, eta inolako zilegitasunik eman gabe, euskararekiko duten mespretxua argi azaldu zuten honen bidez. nazionalismo frantsesaren presentzia eta goraipamena etengabea izan zen, antza hizkuntza bat ezin baita defenditu frantsesaren nagusitasuna goraipatu gabe. Erreferentzia koadro bat osatuko zuten, lege gisa formulatua. Frantses gobernuaren xedea, izenak dioen bezala, hizkuntzei koadro bat eskaintzea da, hedabideetan (kuota eta orokortzerik gabe), irakaskuntzan (balio ez duen sistema elebidun batekin), seinaleetan (desorekatua) eta toponimian (berezko izenen folklorizazioarekin). Hau da, hizkuntza eskubideak jasotzen dituen elementurik deus.
Euskararen ofizialtasuna onartu nahi izateari ateak ixte zaizkio. Alta, Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) irudia indartzen da, azpiegitura eta ekonomia aldetik zeharo mugaturik dagoen tresna bada ere. Euskara aintzatesten ez duen administrazio baten aurpegi adeitsu eta atsegina besterik ez dugu EEP, euskararen normalizazioaren bidean indarrak metatu baino, euskararen aldeko mezu positiboa zabaltzera dedikatzen den erakunde bat besterik ez den bitartean. Abiapuntutik dator okerturik EEP, Parisetik zuzendua baitator; argi du EHEk Parisek (ez Madrilek ere) ez duela euskaldunok izan nahi dugunaren inguruan erabakiko; guk geurea behar dugu, bertatik bertarakoa.
Euskal Herri euskalduna eraikitze bidean tinko
Aipatu zatiketa administratiboak berreuskalduntze eta normalizazio prozesuak trabatzen baditu ere, euskaraz biziko den herria dugu helburu, eta zentzu horretan Euskal Herri euskalduna eraiki behar dugu egunez egun. Egoera honi buelta eman nahi badiogu, nahitaezko baldintza izango da egungo errealitatearen gaineko erroko aldaketa, egungo markoak gainditu eta eurek bultzatutako hizkuntza politikak alde batera utzi eta euskararen estatus aldaketa ekarriko duena: ofizialtasuna Euskal Herri osoan.
Hari horri tiraka, euskaldunok izan behar dugu normalizazio prozesuaren aitzindari eta euskaldunok aldarrikatu behar ditugu gure hizkuntzaren etorkizunari dagozkion erabakiak kanpoko esku hartzerik gabe, hizkuntza burujabetzaren bidetik.
Euskararen eta euskal hiztunon eskubideen zapalkuntzari aurre egin behar diegu, hizkuntza eskubideen urraketak salatu eta eskubideen defentsa egin behar dugu, baina era berean berreuskalduntze dinamikak garatzea ezinbestekoa zaigu. Herriz herri eta auzoz auzo, egungo errealitatean oinarritutako egitasmoak eraman behar ditugu aurrera auzolanean, guztion parte hartze eta konpromisoarekin. Berebiziko garrantzia hartzen du normalizazioaren bidean aurrera atera beharreko egitasmoak auzolanean eta herritar guztion aktibaziotik sortutako parte hartzean oinarritzeak. Eta nola ez, euskaraz bizitzeko hautua egin behar dugu. Erabiltzeak ekarriko du unez une bere garapena eta aurrera egiteko grina, ez dago zalantzarik. Euskararen alde egon baino, euskararen alde egin behar dugu.
Lanari berehala ekin behar diogula uste du EHEk; unean uneko iruzurrak salatu eta hauei aurre egiteko garaia da. Zentzu horretan, datorren urriaren 30ean nafar Parlamentuan burutuko den Vascuencearen legea dela eta, elkarretaratzea deituko du EHEk “Vascuencearen legea pikutara! Euskara ofiziala Euskal Herri osoan!” lemapean, goizeko 9:00etatik aurrera Iruñean, Parlamentuan bertan.
Iruñean, 2008ko urriaren 27an
EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ

"Euskararen udal plana orain!" lelopean, Portugaleteko elkartegintzaren 32 talde batu dira gaur goizean Portugaleteko udaletxearen atarian euskararen inguruan dituzten kezka eta eskakizunak plazaratzeko eta Mikel Torres PSE-EEren alkateari horren berri emateko bilera eskatzeko. Alfre Elgezabal Bizkaia irratiko kidea eta plataformaren bozeramaileak jakinarazi duenez, bileraz gain hiru dira Torres eta Udalari egiten dizkieten eskaera zehatzak. Hasteko, batzorde bat eratzea eskatu dute. Bertan, administrazioak eta elkarteek, "lankidetzan", udal euskara plana diseinatu eta osatuko dute, geroago Udalbatzak onar dezan. Horrekin batera, egun Portugaleten ez dagoen Euskara Zerbitzua osatzea gura dute talde euskaltzaleek. Azkenik, eta aurreko bi eskaerak egingarriak izan daitezen, 2009ko udal aurrekontuetan "euskararen udal planak isla izatea" eta proiektu horientzako partida ekonomikoak gordetzea aldarrikatu dute: "bada sasoia euskarak Portugaleten duen egoera larriari" ekiteko, plataformaren ustez.
Alfre Elgezabalek gogoratu zuenez, udaberrian hasi zen euskararen aldeko plataforma biltzen eta sentsibilizazio jarduerak burutzen. Egun, honako 32 eragilek osatzen dute herri ekimena: Ballonti institutua, Kanpazar, Zubeldia, Asti-Leku eta Ibarrezkerra ikastolak, Elai Alai, Berriztasuna, Ikusgarri eta Gaurko Gazteak dantza taldeak, Los Barbis musika taldea, EHE, Xaribari AEK euskaltegia, Harribola euskara taldea, Andere Bidatz emakume taldea, San Nikolas arraun taldea, Gazte Asanblada, sei aisialdi talde eta Portugaleteko jaietako hamar koadrila.
Bi oinarri xumetik abiatu dira talde guzti horiek, "euskara Euskal Herriko eta Portugaleteko berezko hizkuntza" dela eta "Portugaleteko hiritar guztiek euskara jakiteko eta erabiltzeko eskubidea dutela", alegia. Baina plana eskatzeko nahi beste argudio eta arrazoi dutela erakutsi zuten atzo. Eskubideak egoki bermatzeko beharrezkoak diren bitartekoak antolatzea, egungo legeria betetzea, euskarak udalerrian pairatzen duen "bazterkeriaz" ateratzea, Portugaletek gai honetan daramatzan 10 urtetako atzerapena konpontzea, euskara kohesio eta integrazio tresna izan beharra, dagoeneko udal euskara plana duten Enkarterrietako Mankomunitateak eta Sestao, Santurtzi, Urtuella edo Getxo bezalako udalerriak baino "gutxiago" ez izatea edota "euskaraz bizitzeko oztopoak" gainditzea dira Elgezabalek aletu zituen arrazoietako batzuk. Gainera, argi eta garbi utzi zuten hasieratik haien helburua Udal arduradunekin bat lan egitea dela: "euskara ez da soilik herri taldeena, ezta administrazioarena ere, baizik eta lankidetza eskatzen duena". Hortaz, "euskara normalizatzeko pausoak, ekintzak eta epeak adostea" euskara batzordeari egokituko litzaioke.
Euskara planaren onurak
Elkarteetako ordezkariek azpimarratu zutenez "orain da unea" euskararen gaiari ekiteko, 2009 urtean zehar zer edo zer egiteko borondaterik egongo bada, garai honetan eztabaidatuko baitira datorren urteko aurrekontuak. Beranduago egitekotan, "beharrezkotzat" jotzen dituzten Euskara Zerbitzuak eta "euskara plana osatzeko asmoz lankidetzan oinarritutako batzorde anitzak" ez lukete tresnarik izango euskara plana bera eta handik eratorriko diren diagnosia eta egitasmoak aurrera eramateko.
Baina Portugaleteko euskaldunek eta bestelako hiritarrek euskara planak beren bizitzan zelan eragingo lukeen jakiteko, Ezkerraldeko udalerri horren populazioa (10.000 biztanle baino gehiago) eta egoera soziolinguistika antzekoak (bataz beste %15a da euskalduna) dituzten udalerrietan egindakoak jarri dituzte adibidetzat. Eusko Jaurlaritzak Euskaraz Biziberritzeko Plan Nagusiaren A2 ereduko udalerriek honako helburuak dituzte, besteak beste: hizkuntz ereduen gaineko informazioa eman, herri euskaldunetako biztanleekin elkartrukeak egin, ekimenak euskaraz antolatzeko erraztasunak eman, hizkuntz irizpideak udal kontratazioetan kontuan hartu, euskal kultura sustatzeko ekimenak bultzatu, euskaltegietako ikasleentzako bekak handitu eta euskarazko hedabideak diruz lagundu.
Era berean, Portugaleteko erdaldunei propio zuzendu zaizkie eta plana abiatzea haien onurako ere izango dela jakinarazi diete. Euskara egun ez dakitenek orain ez dituzten lau abantaila eskuratuko dute laster batean: euskara ikasi eta hitz egiteko erraztasun gehiago, seme-alaben hezkuntz aukerei buruzko informazio gehiago, euskal kultura gertuagotik jarraitzeko aukera eta etorkinen integrazio errazagoa.
Udal Erregistroan sartutako eskaera:
Portugaleteko alkate jauna:
Behean sinatzen dugunok, hainbat elkarteren izenean, honako hau eskatzen dizugu:
• Aurrez aurreko elkarrizketa bat egitea gure eskakizunak azaltzeko.
• Bilera horretan, Portugaleten, Eusko Legebiltzarrean 1999an onartutako Euskara Biziberritzeko Plangintza Nagusiaren (EBPN) garapenaren ildotik, eta Euskararen Aholku Batzordeak eskatu bezala, Euskararen Normalizazio eta Berreskurapenerako Udal Plana diseinatzea eta abian jartzearen beharra eta horretarako zeintzuk izan daitezkeen urratsak, epeak, elkarlanak eta aukerak aztertuko genituzke.
Portugaleten euskararen onerako izango delakoan, zure erantzunaren zain geratzen gara.
Portugaleten, 2008ko urriaren 24an

Euskararen Gizarte Eragileen Kontseiluak datorren abenduaren 13an bere 10. urteurrena ospatuko du milaka euskaltzaleen artean Barakaldoko BEC-en dagoen Bizkaia Arena aretoan. Gaur, "Euskaraz bai, pauso bat harago" lelopeko ekitaldi horren nondik norakoen berri emateko Kontseiluaren Zuzendaritza osoa elkartu da bertan. Kontseiluaren eta Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioaren presidentea den Koldo Tellitu leioaztarraren esanetan, “abenduaren 13koa ospakizunaz harago doan ekitaldia izango da. Izan ere, Kontseiluak, orain arte bezala, euskararen normalizazioa erdiesteko lanean tinko jarraituko du datozen urteotan. Baina salto berri bat egingo du, %100ean euskaraz bizi ahal izatea lortu nahi badugu behar-beharrezko den jauzia, alegia”.
Koldo Telliturekin batera, Kontseiluaren Zuzendaritzako beste kideak ere izan dira gaur Barakaldon: Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusia, Aritz Zerain (Bertsozale Elkartea), Oskar Elizburu (AEK), Mikel Arrizabalaga (Elkar), Aitziber Martinez de Lagos (Sortzen-Ikasbatuaz), Joanmari Larrarte (Berria), Igone Lamarain (EHE), Agurtzane Loidi (Elhuyar Aholkularitza) eta Sebastien Castet (Euskal Konfederazioa), alegia.
"Bai Euskari"-tik "Euskaraz bai"-ra
BEC-en ospatuko den ekitaldia “mugarri gisa” uler daitekeela adierazi du Kontseiluko lehendakariak. "Abiapuntu izango da Kontseiluarentzat berarentzat, eta bai azken urteotan euskarari beren babesa adierazi dioten herritarrentzat ere. Orain 10 urte ‘Bai euskarari’ leloarekin abiatu zuen bere ibilbidea Kontseiluak, 20 urte lehenago egindako kanpaina baten leloa ikur hartuta. Eta ‘Bai euskarari’ izan da Kontseiluaren irudi nagusia azken urteotan. Orain, baina, aldaketarako garaia iritsi da, eta lelo hori berreginda irudikatu nahi izan dugu eman beharreko aurrera-pausoa. ‘Bai euskarari’ esatetik, ‘Euskaraz bai’ egitera igarotzeko garaia baita", gaineratu du.
Helburu horrekin bat datozen herritarrak, entitateak eta instituzioak bidaide izan nahi dituela esan du Kontseiluko lehendakariak. Bere hitzetan, “helmuga nahiz helburu potoloak dituen bidaia horren ibilbidea zein izango den partekatzeko deitu nahi ditugu abenduaren 13an BEC-era etor daitezen. Pauso bat harago joateko unea iritsi da, eta bide horretan herritarrak izan nahi ditugu lagun. Euskararen alde egotea ez baita nahikoa. Konpromisoak hartzea behar-beharrezkoa da: Norbanakoen konpromisoa, soziala nahiz politikoa”.
BEC-en abiatuko duten aroan “euskararen berreskurapen prozesua indartu eta areagotzea ezinbestekoa dela” argi du Kontseiluak, gaur azaldutakoaren arabera. Izan ere, “orain arteko bilakaerarekin jarraituz gero, mendeak beharko baitira normalizazio egoerara iristeko. Bi hizkuntza dituen komunitate batean norbanako guztien eskubideak ziurtatzeko eta inor baztertua izan ez dadin ezinbestekoa da biztanle guztiek bi hizkuntzak ezagutzea. Hori da bizikidetza egokirako bide bakarra. Baina herritarren eta gizarte-eragileen konpromisoa ez ezik, ezinbestekoa da konpromiso politikoa ere, hizkuntza-politika egokitu eta behar diren baliabideak ezarri daitezen”.
Hogei egunez Euskal Herriko hormak beteko dituen kartela
BEC-en hasi eta datozen urteotan, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua osatzen duten eragileek "ahalegin horretan batera jarduteko gonbita" luzatu diete jendarte-eragileei, erakundeei eta gizarte osoari. "BEC-eko ekitaldia izango baita eman beharreko aurrera-pausoen lehen urratsa", Koldo Tellituren arabera.
Bizkaia Arenan egindako aurkezpenean, abenduaren 13an BEC-en egingo den ekitaldia iragarriko duen kartela erakutsi dute Kontseiluko zuzendaritzakideek. Xabier Mendiguren idazkari nagusiak azaldu duenez, kartelean, Neil Armstrong-ek ilargian utzitako lorratza ikus daiteke, "Euskaraz bai” leloa irudikatzen duen eguzkiaren alboan eta "Pauso bat harago" izenburupean.
Mendigurenen esanetan, "aurkeztu dizuegun kartelean irakur daitekeen bezala, Kontseilua, hamargarren urteurrenarekin batera, pauso bat harago emateko prest dago. Eta euskararen normalizazioaren bidean urrats sendoak eman beharra irudikatu nahi izan dugu ilargiko lorratzaren argazkiaren bitartez".
Gaineratu duenez, "urrats hori ez da Kontseiluaren azken helburua, erdibidea baizik. Urratsaren bitartez, euskararen normalizazio osoa eman dadin hartu beharreko konpromiso sendoa irudikatu nahi izan dugu. Baina eguzkia dugu helmuga, 'Euskaraz bai' idatzita duen eguzki hori, alegia. Kontseiluaren helburua euskal herritar orok euskara jakin dezan da, hori baita Euskal Herrian hitz egiten diren hiru hizkuntza nagusien arteko bizikidetza egokirako bide bakarra".
Idazkari nagusiak aurreratutakoaren arabera, “Eguzkira iristeko bidaia hori ez da BEC-eko ospakizun ekitaldian amaitzen. Alderantziz, ekitaldi horretan hasten da benetako bidaia. Edo, hobe esanda, BEC-en emango diogu orain arte egindako lanari jarraipena. Ezin ahantzi ditzakegu orain arteko lanen ondorioz jasotako uztak. Baina inongo uztarik oparoena jasotzeko, ezinbestekoa da eguzki horren izpiak indartzea, ‘Euskaraz bai’ esan eta eginez. Horregatik, BEC-en hasi eta datozen urteotan, Kontseiluak abiaraziko duen ontzira igotzeko deia luzatu nahi diegu euskal herritar guztiei".
Abenduaren 13an, gehiago
"Gaur hizpide izan dugun mezua ikusgarritasunez irudikatuko dugu abenduaren 13an, arratsaldeko seietan, bertaratuko diren lagunen aurrean. Euskalgintzak orain arte arte egindako lanaren atzera begirakoa egiteaz gain, 'Euskaraz bai' eguzkira bidean jarriko gaituen ontzia bilakatu nahi dugu Bizkaia Arena. Datorren astean jakinaraziko dugu bidaia txartela eskuratzeko modua. Doako ekitaldia izango bada ere, sarrera eskuratzea beharrezkoa izango baita. Milaka lagunentzako tokia dago ontzi honetan, eta nahi duen oro gonbidatzen dugu bidaiaren hasiera izango den ekitaldira etor dadin", aurreratu du Xabier Mendigurenek.
:: Hurrengo orrialdea >> Azken erantzunak
Herritarrok zeregin handia dugu. Euskararen ofizialtasuna, legedi berri baten aldeko aldarria eta azken batean hizkuntza eskubideak eremu eta lurralde guztietan errespetatzeko eskaerak kalean presente egon behar du. Euskal Herri osoan, herriz herri eta auzoz auzo. Historian zehar euskal jendartea izan da hizkuntzaren defentsan aitzindaria eta une horretan eta aitzinera begira ere herritarrok eta herri mugimenduak jokatzen dugun funtzioa ezinbestekoa suertatzen da. Bultza dezagun euskarak behar duen aldaketa. Jantzi ditzagun kaleak, errepideak, lantegiak eta ikastetxeak euskararen aldeko aldarrikapenekin. Euskaraz bizi nahi duen herri bat badela erakuts dezagun.
| Ast | Ast | Ast | Ost | Ost | Lar | Iga |
|---|---|---|---|---|---|---|
| << < | > >> | |||||
| 1 | 2 | 3 | 4 | 5 | ||
| 6 | 7 | 8 | 9 | 10 | 11 | 12 |
| 13 | 14 | 15 | 16 | 17 | 18 | 19 |
| 20 | 21 | 22 | 23 | 24 | 25 | 26 |
| 27 | 28 | 29 | 30 | 31 | ||