Azkenaldian eman diren iruzurren aurrean, Nafarroako Euskararen Legearen berrargitalpena zein Eusko Jaurlaritzak abiatutako Euskara21 egitasmoa kasu, EHEk bere haserrea adierazi eta Euskal Herri euskaldunerantz metatu beharreko indarren beharra azaldu nahi du.
Pasa zen apirilaren 24an, ostegunarekin, Nafarroa Garaiko Euskararen Legea aldatzeko eztabaida hasi zuten foru parlamentuan. 1986tik ukitu gabe izandako legea erreformatzera etorri ziren honela. Ezbaian zegoena, 22 urtez indarrean egondako eremuen banaketa izan zen.
Hartutako erabakiekin, euskara hirutan zatitzen duen politikarekin jarraituz, eremu mistora bost herri gehiago batzea ebatzi zuten. Bozka ematean, PSN, NEB eta NaBai izan ziren honen aldeko bozka eman zutenak.
EHEtik gogor salatu nahi ditugu euskararen zatiketa eta bazterketa aurrera daroaten politika eta interesak. Zentzu horretan, euskara bigarren postuan mantentzearen alde egiten dutenen jarrera gaitzesten dugu. Oker dabiltza, euskararen lurraldea eta euskara bera bakarra izanik, honen banaketa eragin eta eremuka eskubide batzuk onartu eta beste batzuk deusezten dituztenak; horiek ez dute gure hizkuntza nazionalaren alde egiteko inolako asmorik azaltzen, are eta gehiago, neurri murriztaileak eta sakabanatzaileak bultzatzen dituztenei men egin eta beraien aurrean makurtzen dira, euskararen etorkizuna zalantzan jarriz.
“Vascuencearen Legea”ren berrargitalpenaren aurrean gaude. Euskara menpeko hizkuntza izatea bideratzen duten neurrien aurrean gaude (Nafarroako Euskararen Legea edota atzokoan Eusko Jaurlaritzak abiatutako Euskara 21 ekimena, kasu). Egun ez dago euskararen normalizazioa lortzeari begira aurrera eramaten den politikarik.
Honen aurrean, hizkuntza politika eraginkor eta emankorrak behar ditugula adierazi nahi dugu. Lege berri bat behar dugu, euskarari estatus berri bat eman eta bere ofizialtasuna aitortuko duena, Euskal Herriko lurralde osoan.
Gaur gaurkoz, euskaldunok, ez dugu gure hizkuntzaren etorkizuna erabakitzeko eskubiderik Euskal Herrian; hau da, euskaldunok ez gara euskarak behar duen aldaketa libreki eta inongo eskusartzerik gabe erabakitzearen jabe. Burujabetza linguistikoa behar dugu euskaldunok, ezin gara espainiar eta frantziar legedi eta erabakien, zein botere autonomikoen aldetik datozen neurrien menpe egon, modu honetan gure herriak eta hizkuntzak ez baitute etorkizunik, modu honetan euskaldunok gure herrian bigarren mailako herritarrak izaten jarraituko baitugu.
Euskarak erroko aldaketa behar duela esaten dugu, Euskal Herri osorako lege babes propioa izanik aldaketarako oinarrizko pausua izango dena. Baina EHEk esan, eta aldaketa horren aldeko lana eta borroka egin nahi du Euskal Herriko ehunka herritan. Euskarak behar duen aldaketaren alde lan eginez, auzoz auzo, herriz herri. Administrazioen ahaleginak beste norabide batean begiratzen badute ere, Euskal Herri euskalduna eraikitzen jarraituko dugu, euskaldunon hizkuntza eskubideen alde, burujabetza linguistikoaren alde, auzolanean.
Urratsez urrats, Euskal Herri euskalduna eraikiko dugu!
Ez daude Erantzunak mezu honetan...
Azken erantzunak
Herritarrok zeregin handia dugu. Euskararen ofizialtasuna, legedi berri baten aldeko aldarria eta azken batean hizkuntza eskubideak eremu eta lurralde guztietan errespetatzeko eskaerak kalean presente egon behar du. Euskal Herri osoan, herriz herri eta auzoz auzo. Historian zehar euskal jendartea izan da hizkuntzaren defentsan aitzindaria eta une horretan eta aitzinera begira ere herritarrok eta herri mugimenduak jokatzen dugun funtzioa ezinbestekoa suertatzen da. Bultza dezagun euskarak behar duen aldaketa. Jantzi ditzagun kaleak, errepideak, lantegiak eta ikastetxeak euskararen aldeko aldarrikapenekin. Euskaraz bizi nahi duen herri bat badela erakuts dezagun.
| Ast | Ast | Ast | Ost | Ost | Lar | Iga |
|---|---|---|---|---|---|---|
| << < | > >> | |||||
| 1 | ||||||
| 2 | 3 | 4 | 5 | 6 | 7 | 8 |
| 9 | 10 | 11 | 12 | 13 | 14 | 15 |
| 16 | 17 | 18 | 19 | 20 | 21 | 22 |
| 23 | 24 | 25 | 26 | 27 | 28 | 29 |
| 30 | ||||||