Artxiboak: Apirila 2008, 30

2008-04-30

Permalink 20:01:44, Atalak: Iritzia, 387 hitz  

Iruzurrik ez! Urratsez urrats, Euskal Herri euskalduna eraiki!

Azkenaldian eman diren iruzurren aurrean, Nafarroako Euskararen Legearen berrargitalpena zein Eusko Jaurlaritzak abiatutako Euskara21 egitasmoa kasu, EHEk bere haserrea adierazi eta Euskal Herri euskaldunerantz metatu beharreko indarren beharra azaldu nahi du.

Pasa zen apirilaren 24an, ostegunarekin, Nafarroa Garaiko Euskararen Legea aldatzeko eztabaida hasi zuten foru parlamentuan. 1986tik ukitu gabe izandako legea erreformatzera etorri ziren honela. Ezbaian zegoena, 22 urtez indarrean egondako eremuen banaketa izan zen.

Hartutako erabakiekin, euskara hirutan zatitzen duen politikarekin jarraituz, eremu mistora bost herri gehiago batzea ebatzi zuten. Bozka ematean, PSN, NEB eta NaBai izan ziren honen aldeko bozka eman zutenak.

EHEtik gogor salatu nahi ditugu euskararen zatiketa eta bazterketa aurrera daroaten politika eta interesak. Zentzu horretan, euskara bigarren postuan mantentzearen alde egiten dutenen jarrera gaitzesten dugu. Oker dabiltza, euskararen lurraldea eta euskara bera bakarra izanik, honen banaketa eragin eta eremuka eskubide batzuk onartu eta beste batzuk deusezten dituztenak; horiek ez dute gure hizkuntza nazionalaren alde egiteko inolako asmorik azaltzen, are eta gehiago, neurri murriztaileak eta sakabanatzaileak bultzatzen dituztenei men egin eta beraien aurrean makurtzen dira, euskararen etorkizuna zalantzan jarriz.

Vascuencearen Legea”ren berrargitalpenaren aurrean gaude. Euskara menpeko hizkuntza izatea bideratzen duten neurrien aurrean gaude (Nafarroako Euskararen Legea edota atzokoan Eusko Jaurlaritzak abiatutako Euskara 21 ekimena, kasu). Egun ez dago euskararen normalizazioa lortzeari begira aurrera eramaten den politikarik.

Honen aurrean, hizkuntza politika eraginkor eta emankorrak behar ditugula adierazi nahi dugu. Lege berri bat behar dugu, euskarari estatus berri bat eman eta bere ofizialtasuna aitortuko duena, Euskal Herriko lurralde osoan.

Gaur gaurkoz, euskaldunok, ez dugu gure hizkuntzaren etorkizuna erabakitzeko eskubiderik Euskal Herrian; hau da, euskaldunok ez gara euskarak behar duen aldaketa libreki eta inongo eskusartzerik gabe erabakitzearen jabe. Burujabetza linguistikoa behar dugu euskaldunok, ezin gara espainiar eta frantziar legedi eta erabakien, zein botere autonomikoen aldetik datozen neurrien menpe egon, modu honetan gure herriak eta hizkuntzak ez baitute etorkizunik, modu honetan euskaldunok gure herrian bigarren mailako herritarrak izaten jarraituko baitugu.

Euskarak erroko aldaketa behar duela esaten dugu, Euskal Herri osorako lege babes propioa izanik aldaketarako oinarrizko pausua izango dena. Baina EHEk esan, eta aldaketa horren aldeko lana eta borroka egin nahi du Euskal Herriko ehunka herritan. Euskarak behar duen aldaketaren alde lan eginez, auzoz auzo, herriz herri. Administrazioen ahaleginak beste norabide batean begiratzen badute ere, Euskal Herri euskalduna eraikitzen jarraituko dugu, euskaldunon hizkuntza eskubideen alde, burujabetza linguistikoaren alde, auzolanean.

Urratsez urrats, Euskal Herri euskalduna eraikiko dugu!

Permalink 19:57:40, Atalak: Berriak, Irakaskuntza, 451 hitz  

Herritarrei entzungor eginez, A eredua babestu du Getxoko Udalbatzak

ukberri.net

Argazkian, "Getxon ere eskolak euskaldundu behar du" lelopean hainbat lagun elkartu ziren udaletxe aurrean, osoko bilkura hasi baino ordu erdi lehenago.

Imanol Landa Getxoko alkateak Udal Gobernuarekiko keinutzat hartu ei zuen, apirilaren 24ko osoko bilkuran, Bizarra Lepoan euskara elkarteak 430 lagun eta elkarteen babesarekin aurkeztutako adierazpena. Getxoko Alderdi Popularrak aurkeztutako A ereduaren aldeko mozioak akuilatuta, "egungo irakaskuntza ereduak gainditu eta euskaldunduko duen eskola sistema, hots, hizkuntza eredu bakarra eta euskalduna" aldarrikatu zuten euskaltzaleek. Landak, baina, irakaskuntza ereduen politika "krisian" dagoela eta "birplanteatu" behar dela aitortu arren, ez zuen zalantz izpirik izan B eta D ereduak sustatzeko "1+1=bi" kanpaina sutsuki defendatu eta, zehazki, B eredua "etorkinentzako eredu egokia" dela adierazteko. Eusko Abertzale Ekintzak ere oneritzia eman zion Bizarra Lepoanek galdera eta eskaeren txandan irakurritako idatziari. Bitartean, PP eta PSE-EEren botoak nahikoak izan ziren "A ereduaren defentsarako" mozioa onartzeko. Hori arrakasta izanda ere, maila sinbolikoan baino ez du eraginik izango erabakiak.

Getxoko PPk aurkeztutako mozioaren bitartez egin zuen salto Gasteiztik Negurira irakaskuntza ereduen gaineko eztabaidak. Hizkuntza Aukeratzeko Askatasunaren Aldeko Ekimenarekin bat eginez (ez zuten hitzik hartu), "hainbat familia getxoztarren ezinegonak" bultzatuta planteatu zuten ereduen aldeko "aukera berdintasuna" eta "bata edo bestea aukeratzeko askatasuna bermatzeko" eskaera popularren. Eurek esandakoaren arabera, udalerriko 800 familia daude aipatu kolektiboan. Luis Almansa PSE-EEko bozeramailea, ordea, urrunago joan zen: "hirukoaren erradikalizatze bidean" kokatu zituen Eusko Jaurlaritzaren Curriculuma eta Getxoko Udalak bultzatutako B eta D ereduak sustatzeko "1+1=bi" kanpaina. Are gehiago, A eredua "desagertarazi" nahi izatea egotzi zien EAJ, EA eta Ezker Batuari Almansak. Ondoren argituko zion Koldo Iturbe Euskara zinegotzi jelkideak erdaraz ikasteko "inolako arazorik ez" dagoela Getxon. "Inguruko udalerrietatik gurea da A ereduko eskaintzarik handiena duena, EAEko bataz bestekoaren gainetik ere badago", gaineratu zuen udal gobernuko ordezkariak.

Almansaren "beldurra"

Iñaki Urkiza EBko tokiko zinegotzi bakarra izan zen irakaskuntza ereduen sistemari aurka egin zion lehena, baina ez popularrek argudiatutakoarengatik. Ereduak "agortuta" daudela adierazi zuen berak: "ikasketak bukatutakoan neska-mutilek euskaraz zein erdaraz jakitea zen helburua eta hori ez da bete. Beste eredu bat behar dugu, oinartezina baita ikasle bakar bat ere eskararik ez jakitea. Ikasketak bi hizkuntzak menperatzen amaitu ditzatela eta ondoren erabakiko dute zein erabili nahi duten", azaldu zuen alderdi federalistako kideak. Bitartean, "erradikalizazioarekin" tematuta zebilen Almansa. Udalak diruz "nahiko" laguntzen duen elkarte batek helarazitako gutuna "beldurra" eragin ziola ere adierazi zuen totiko PSE-EEko buruak. Dirudienez, Bizarra Lepoani buruz ari zen. Hitzok Iturbe sumintzea lortu zuten. A ereduaren gainean aurretik esandakotik oso urrun, egungo irakaskuntza sistemak neska-mutilak euskaldundu daitezela ez duela bermatzen aitortu zuen Euskara zinegotziak.

Azken erantzunak

EHEren logoa Herritarrok zeregin handia dugu. Euskararen ofizialtasuna, legedi berri baten aldeko aldarria eta azken batean hizkuntza eskubideak eremu eta lurralde guztietan errespetatzeko eskaerak kalean presente egon behar du. Euskal Herri osoan, herriz herri eta auzoz auzo. Historian zehar euskal jendartea izan da hizkuntzaren defentsan aitzindaria eta une horretan eta aitzinera begira ere herritarrok eta herri mugimenduak jokatzen dugun funtzioa ezinbestekoa suertatzen da. Bultza dezagun euskarak behar duen aldaketa. Jantzi ditzagun kaleak, errepideak, lantegiak eta ikastetxeak euskararen aldeko aldarrikapenekin. Euskaraz bizi nahi duen herri bat badela erakuts dezagun.hizkuntza bat, lurralde bat, legedi bat, ofizialtasuna!

guehe(a bildua)euskalerria.org
-----------------------------------
Creative Commons License

Apirila 2008
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
  1 2 3 4 5 6
7 8 9 10 11 12 13
14 15 16 17 18 19 20
21 22 23 24 25 26 27
28 29 30        

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

free 
website stats program

powered by
b2evolution