Artxiboak: Apirila 2008, 23

2008-04-23

Permalink 11:33:50, Atalak: Berriak, Irakaskuntza, 562 hitz  

Bihar, 10etan, "Eskolak euskaldundu behar du!" kontzentrazioa udaletxean!

2006ko martxoaren 25ean egin zen Bai Eskolak Euskalduntzeari! kanpainaren aurkezpena Algortan

Eskolak euskaldundu behar du! Euskararen erasotzaileei eta iruzurgileei stop


Bihar, osteguna, Getxoko Udalbatza bilduko da hainbat gai eztabaidatzeko. Haietako bat Alderdi Popularrek "2-3 urteko haurrentzako irakaskuntza-eredua" izenpean erdaraz aurkeztutako mozioa izango da. Jakin izan dugunez, mozio horren bidez hiru gauza nahi ditu Getxoko PPk:

- Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Gobernuak onartutako Curriculumaren aurka azaltzea.
- Udalerriko hezkuntza zentro guztietan A, B eta D ereduak eskaintzea.
- Alkarbidek eta Bizkaiko 45 toki erakundek egindako B eta D ereduen aldeko informazio kanpainari arbuioa adieraztea.

Era berean, Gasteizen osatutako eta A ereduaren alde agertu den Hizkuntza Aukeratzeko Askatasunaren Aldeko Ekimenak Udal Batzarraren galde-eskeen txandan parte hartzeko asmoa agertu du.

Gertaera horien aurrean, Bizarra Lepoan Getxoko Euskara Elkartearen ekimenez euskalgintzako talde eta pertsona ezberdinok testu bat (pdf) osatu dugu eskolak euskaldundu behar duela aldarrikatzeko. Zer esanik ez, Getxo udalerriko Euskal Herrian Euskaraz taldeak bat egin du idazki horrekin. Dena den, askotarikoen arteko orekak direla eta hainbat gauza dugu testu horri gaineratzeko. Horiek guztioiek kontuan hartuta, Getxo udalerriko Euskal Herrian Euskaraz-ek honakoa adierazten du:

- Ez gatozela bat Udalbatzak EAEko Curriculumaren aurka agertzearekin har dezakeen erabakiarekin, lehenengo aldiz euskara hizkuntz nagusia izan behar dela finkatzen baitu Euskal Herriko txoko baten curriculum horrek, baina ez dugu horren defentsa ere egingo, helburua betetzeko baliabiderik ez baititu ezartzen, hezkuntz zentroetako irakasle eta langile guztiak euskaldunak izatea edo eskolaz kanpoko orduak euskaraz garatzea ez duela finkatzen, eta zer esanik ez, oraingoz hezkuntz ereduak bere horretan mantentzen dituelako. Era berean, Euskal Herria desitxuratuta agertzen delako curriculum horretan.

- Milaka direla Getxok urtero-urtero sortzen dituen euskararen analfabetoak, bere lehenbiziko hizkuntz eskubidea den Euskal Herriko bertako eta berezko hizkuntza jakitea ukatuta duten haurrak. 2006an gure irakaskuntzaz arduratzen diren administrazioei Bai eskolak euskalduntzeari! zioten 107.768 sinadura eman zieten herritarrek, egungo ereduen haratago joateko, ume guztiak euskalduntzeko eta herritar orori euskara ezagutzeko eskubidea bermatzeko. Horregatik, gure umeen eskubideengatik, Getxoko eta Euskal Herriko eskolek euskaldundu behar dute eta horretarako eskolak euskaldundu behar dira. Hortaz, gure ezetza irmoa agertu nahi diogu PPren mozioari, orain arte Getxoko A eta B zentro publikoak Gasteiztik kudeatu dituzten alderdiei zein 107.768 herritarrei entzungor egin dieten administrazioei.

- Orain arte Alkarbidek eta hainbat toki-erakundek (tartean Getxo, Leioa eta Erandioko udalak zein Uribe Kostako Mankomunitatea) bultzatu duten B eta D ereduei arbuioa adieraztean bat gatoz PPrekin. Baina, jakina, ez arrazoi berberengatik. Izan ere, gure ustez, D ez diren bestelako ereduen aldeko kanpainekin bukatu ez eta euskararen analfabetoak sortzen dituzten ereduetara bidaltzea arduragabekeria izateaz gain, gure haurren hizkuntz eskubideak urratzea ere bada, haien etorkizuna hipotekatzea suposatzen baitu. Gainera, kanpainan gastatu denaz gain, biharko egunean euskaltegietan eta ikasteko liberazioetan gastatuko den dirutza botatzea baino ez da. Era berean, hainbat urtetan udalerriko gizarte zerbitzuetatik eta Hezkuntza Sailetik etorkinak A eredura bidaltzeko izandako grina deitoratu nahi dugu.

- Euskal herritar guztiontzako hizkuntz eskubideen aldeko urratsak emateko herri eskaera aktibatu denean eta administrazioaren batean herri eskaera horri nolabaiteko erantzuna ematea deliberatzen denean, horren aurkako ekimenak plazara atera direla historikoki. Egun gure umeei euskararen jabetza ukatu nahi dietenen izena Hizkuntza Aukeratzeko Askatasunaren Aldeko Ekimena edo "Plataforma por la Libertad de Eleccion Linguistica en la enseñanza" da. Hori baino ez dira, beste garaian Union Alavesa Olentzaroren aurka, Bertendonako irakasleak hizkuntz profilen kontra edo "El Correo Español" batueraren aurka izan ziren bezala.

Euskal Herri euskaldunaren bidean, Eskolak euskaldundu behar du!
Euskarari erasorik ez egiteko eta euskaldunek hizkuntz eskubideen urraketak ez pairatzeko, euskararen erasotzaileei eta iruzurgileei stop.

Azken erantzunak

EHEren logoa Herritarrok zeregin handia dugu. Euskararen ofizialtasuna, legedi berri baten aldeko aldarria eta azken batean hizkuntza eskubideak eremu eta lurralde guztietan errespetatzeko eskaerak kalean presente egon behar du. Euskal Herri osoan, herriz herri eta auzoz auzo. Historian zehar euskal jendartea izan da hizkuntzaren defentsan aitzindaria eta une horretan eta aitzinera begira ere herritarrok eta herri mugimenduak jokatzen dugun funtzioa ezinbestekoa suertatzen da. Bultza dezagun euskarak behar duen aldaketa. Jantzi ditzagun kaleak, errepideak, lantegiak eta ikastetxeak euskararen aldeko aldarrikapenekin. Euskaraz bizi nahi duen herri bat badela erakuts dezagun.hizkuntza bat, lurralde bat, legedi bat, ofizialtasuna!

guehe(a bildua)euskalerria.org
-----------------------------------
Creative Commons License

Apirila 2008
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
  1 2 3 4 5 6
7 8 9 10 11 12 13
14 15 16 17 18 19 20
21 22 23 24 25 26 27
28 29 30        

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

free 
website stats program

powered by
b2evolution