
Ohar honen bitartez, pasa zen apirilak 6, igandean burututako Hizkuntza Eskubideen eguna ekarri nahiko luke gogora EHEk, egunaren lehen balorazio eta hausnarketak egitearekin batera.
Azken bost urteetan ospatzen datorren legez, egun osoko egitaraua izan genuen egun horretan. Urtez urte heldutuz joan den egitasmoa dugu Hizkuntza Eskubideen egunekoa, beti ere, euskararen normalizazioa izanik helburu eta hizkuntza eskubideen bermearen exijentziapean. Ehunka euskaltzale batu zen igandean jaialdira, eta beraiek eskainitako euskaraz bizitzeko grina eta gogoa, bueltan igorri nahi dizkie EHEk gaurkoan, Euskal Herri euskaldunaren eraikuntzan indarrak metatzen jarraitu dezaten.
Aurtengoan ere, Hizkuntza Eskubideen aldeko Nazio Bilkura burutu zen, bosgarrena aidanez. Aurtengoan, bi ardatz nagusi izan zituen bilkura honek. Batetik, egungo hizkuntza politikek martxan diren hainbat proiekturi nola eragiten dien izan genuen aztergai. Horretarako Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioko lehendakaria Koldo Tellitu eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakaria Jon Bollar izan genituen mintzakide. Bakoitzak bere esparruan, egoera kokatu eta bidean aurkitzen dituzten oztopo eta traben inguruan mintzatu ziren. Bestetik, oztopo eta trabak besterik ekartzen ez dituzten hizkuntza politikak zalantzan jarri eta aurrera begira egoera iraultze aldera, beharrezko neurriak jarri ziren mahai-gainean. Eulate Zilonizaurrekoetxea arduratu zen EHEn gogoeta azaltzen.
Egun euskaraz bizi eta aritzeko dagoen ezintasuna agerian geratu zen; nabarmen suertatzen da errealitate hori egun martxan diren proiektu ezberdinetan, euskararen normalkuntza edota eskubideen bermea bilatzen duten egitasmoek lege mugaren batekin topatzen baitira. Estatu frantses eta espainiarreko legediek ez dute Euskal Herri euskalduna eraikitzea ahalbidetzen, ez dute Euskal Herri osorako normalizazio proiektu nazionalik gauzatzen uzten. Euskal Herrian uneotan diren administrazio ezberdinek ere, parametro berdinetan burutzen dute euren jarduna eta beraz, euskararen normalizazioa ez diren bestelako xede batzuk dituzte begi-artean.
Euskarak aldaketa behar du; berehalako aldaketa. Bizi dugun egoera denboran luzatuz gero, Europako hizkuntza zaharrenetariko baten galera biziko dugu.
Euskarak, beraz, hizkuntza politika berri bat behar du, Euskal Herri osorako izango dena eta eskubideen bermean oinarrituz, bere normalizazioa bilatuko duena. Horretarako ezinbesteko bost neurri izan beharko lituzke ezaugarri:
Aitzitik, aldaketarako neurriak zehazten baditugu ere, nabarmena da euskal herritarrok gure hizkuntza nazionalaren inguruan erabakitzeko ditugun zailtasunak. Bizi dugun menpeko egoerak ez du euskararen etorkizuna ziurtatzen, ezta honen gainean erabakitzea ahalbidetzen ere. Euskara bada Euskal Herriko hizkuntza, euskaldun egiten gaituena eta nazio gisa bizirauteko enbor nagusinetakoa, euskaldunok izan behar dugu honen gainean erabaki, antolatu eta garatzeko arduradunak; Euskal Herriarentzat eta euskararentzat, subirautza behar dugu, burujabetza behar dugu.
Euskal Herri euskaldunaren eraikuntzan hamaika proiektu dira martxan. Horien adibide dira igandean mintzagai izan genituen UEMA edota Ikastolak; herritarren inplikazio eta konpromisoaz hauek aurrera eramatea posible izan da. Horiek izan dira gaur egun arte eta izango dira etorkizunean ere euskalduntze prozesuaren protagonista.
Auzolanaren bidez, subirautza linguistikoa, euskarak behar duen lege berria? Euskal Herri euskalduna eraikiz joatea lortuko dugu! Manifestazioan zein egunean zehar bilduriko jende andanaz, bidea egiten hasiak gara, Euskal Herri euskalduneranzko urratsak emanaz hasiak gara.
Urratsez urrats lortuko genuela esan genuen Hizkuntza Eskubideen egunaren atarietan, eta gaur esan dezakegu, apirilaren 6an urrats oso garrantzitsua eman genuela bide horretan.
Orain, ibilbide horri jarraitzea besterik ez zaigu geratzen euskaltzaleoi. Auzolanaz, Euskal Herria euskalduna eraikiko dugu!Ez daude Erantzunak mezu honetan...
Azken erantzunak
Herritarrok zeregin handia dugu. Euskararen ofizialtasuna, legedi berri baten aldeko aldarria eta azken batean hizkuntza eskubideak eremu eta lurralde guztietan errespetatzeko eskaerak kalean presente egon behar du. Euskal Herri osoan, herriz herri eta auzoz auzo. Historian zehar euskal jendartea izan da hizkuntzaren defentsan aitzindaria eta une horretan eta aitzinera begira ere herritarrok eta herri mugimenduak jokatzen dugun funtzioa ezinbestekoa suertatzen da. Bultza dezagun euskarak behar duen aldaketa. Jantzi ditzagun kaleak, errepideak, lantegiak eta ikastetxeak euskararen aldeko aldarrikapenekin. Euskaraz bizi nahi duen herri bat badela erakuts dezagun.
| Ast | Ast | Ast | Ost | Ost | Lar | Iga |
|---|---|---|---|---|---|---|
| << < | > >> | |||||
| 1 | 2 | |||||
| 3 | 4 | 5 | 6 | 7 | 8 | 9 |
| 10 | 11 | 12 | 13 | 14 | 15 | 16 |
| 17 | 18 | 19 | 20 | 21 | 22 | 23 |
| 24 | 25 | 26 | 27 | 28 | 29 | 30 |