Artxiboak: Apirila 2008

2008-04-30

Permalink 20:01:44, Atalak: Arloka, Erasoak, 387 hitz  

Iruzurrik ez! Urratsez urrats, Euskal Herri euskalduna eraiki!

Azkenaldian eman diren iruzurren aurrean, Nafarroako Euskararen Legearen berrargitalpena zein Eusko Jaurlaritzak abiatutako Euskara21 egitasmoa kasu, EHEk bere haserrea adierazi eta Euskal Herri euskaldunerantz metatu beharreko indarren beharra azaldu nahi du.

Pasa zen apirilaren 24an, ostegunarekin, Nafarroa Garaiko Euskararen Legea aldatzeko eztabaida hasi zuten foru parlamentuan. 1986tik ukitu gabe izandako legea erreformatzera etorri ziren honela. Ezbaian zegoena, 22 urtez indarrean egondako eremuen banaketa izan zen.

Hartutako erabakiekin, euskara hirutan zatitzen duen politikarekin jarraituz, eremu mistora bost herri gehiago batzea ebatzi zuten. Bozka ematean, PSN, NEB eta NaBai izan ziren honen aldeko bozka eman zutenak.

EHEtik gogor salatu nahi ditugu euskararen zatiketa eta bazterketa aurrera daroaten politika eta interesak. Zentzu horretan, euskara bigarren postuan mantentzearen alde egiten dutenen jarrera gaitzesten dugu. Oker dabiltza, euskararen lurraldea eta euskara bera bakarra izanik, honen banaketa eragin eta eremuka eskubide batzuk onartu eta beste batzuk deusezten dituztenak; horiek ez dute gure hizkuntza nazionalaren alde egiteko inolako asmorik azaltzen, are eta gehiago, neurri murriztaileak eta sakabanatzaileak bultzatzen dituztenei men egin eta beraien aurrean makurtzen dira, euskararen etorkizuna zalantzan jarriz.

Vascuencearen Legea”ren berrargitalpenaren aurrean gaude. Euskara menpeko hizkuntza izatea bideratzen duten neurrien aurrean gaude (Nafarroako Euskararen Legea edota atzokoan Eusko Jaurlaritzak abiatutako Euskara 21 ekimena, kasu). Egun ez dago euskararen normalizazioa lortzeari begira aurrera eramaten den politikarik.

Honen aurrean, hizkuntza politika eraginkor eta emankorrak behar ditugula adierazi nahi dugu. Lege berri bat behar dugu, euskarari estatus berri bat eman eta bere ofizialtasuna aitortuko duena, Euskal Herriko lurralde osoan.

Gaur gaurkoz, euskaldunok, ez dugu gure hizkuntzaren etorkizuna erabakitzeko eskubiderik Euskal Herrian; hau da, euskaldunok ez gara euskarak behar duen aldaketa libreki eta inongo eskusartzerik gabe erabakitzearen jabe. Burujabetza linguistikoa behar dugu euskaldunok, ezin gara espainiar eta frantziar legedi eta erabakien, zein botere autonomikoen aldetik datozen neurrien menpe egon, modu honetan gure herriak eta hizkuntzak ez baitute etorkizunik, modu honetan euskaldunok gure herrian bigarren mailako herritarrak izaten jarraituko baitugu.

Euskarak erroko aldaketa behar duela esaten dugu, Euskal Herri osorako lege babes propioa izanik aldaketarako oinarrizko pausua izango dena. Baina EHEk esan, eta aldaketa horren aldeko lana eta borroka egin nahi du Euskal Herriko ehunka herritan. Euskarak behar duen aldaketaren alde lan eginez, auzoz auzo, herriz herri. Administrazioen ahaleginak beste norabide batean begiratzen badute ere, Euskal Herri euskalduna eraikitzen jarraituko dugu, euskaldunon hizkuntza eskubideen alde, burujabetza linguistikoaren alde, auzolanean.

Urratsez urrats, Euskal Herri euskalduna eraikiko dugu!

Permalink 19:57:40, Atalak: Arloka, Irakaskuntza, Berriak, 451 hitz  

Herritarrei entzungor eginez, A eredua babestu du Getxoko Udalbatzak

ukberri.net

Argazkian, "Getxon ere eskolak euskaldundu behar du" lelopean hainbat lagun elkartu ziren udaletxe aurrean, osoko bilkura hasi baino ordu erdi lehenago.

Imanol Landa Getxoko alkateak Udal Gobernuarekiko keinutzat hartu ei zuen, apirilaren 24ko osoko bilkuran, Bizarra Lepoan euskara elkarteak 430 lagun eta elkarteen babesarekin aurkeztutako adierazpena. Getxoko Alderdi Popularrak aurkeztutako A ereduaren aldeko mozioak akuilatuta, "egungo irakaskuntza ereduak gainditu eta euskaldunduko duen eskola sistema, hots, hizkuntza eredu bakarra eta euskalduna" aldarrikatu zuten euskaltzaleek. Landak, baina, irakaskuntza ereduen politika "krisian" dagoela eta "birplanteatu" behar dela aitortu arren, ez zuen zalantz izpirik izan B eta D ereduak sustatzeko "1+1=bi" kanpaina sutsuki defendatu eta, zehazki, B eredua "etorkinentzako eredu egokia" dela adierazteko. Eusko Abertzale Ekintzak ere oneritzia eman zion Bizarra Lepoanek galdera eta eskaeren txandan irakurritako idatziari. Bitartean, PP eta PSE-EEren botoak nahikoak izan ziren "A ereduaren defentsarako" mozioa onartzeko. Hori arrakasta izanda ere, maila sinbolikoan baino ez du eraginik izango erabakiak.

Getxoko PPk aurkeztutako mozioaren bitartez egin zuen salto Gasteiztik Negurira irakaskuntza ereduen gaineko eztabaidak. Hizkuntza Aukeratzeko Askatasunaren Aldeko Ekimenarekin bat eginez (ez zuten hitzik hartu), "hainbat familia getxoztarren ezinegonak" bultzatuta planteatu zuten ereduen aldeko "aukera berdintasuna" eta "bata edo bestea aukeratzeko askatasuna bermatzeko" eskaera popularren. Eurek esandakoaren arabera, udalerriko 800 familia daude aipatu kolektiboan. Luis Almansa PSE-EEko bozeramailea, ordea, urrunago joan zen: "hirukoaren erradikalizatze bidean" kokatu zituen Eusko Jaurlaritzaren Curriculuma eta Getxoko Udalak bultzatutako B eta D ereduak sustatzeko "1+1=bi" kanpaina. Are gehiago, A eredua "desagertarazi" nahi izatea egotzi zien EAJ, EA eta Ezker Batuari Almansak. Ondoren argituko zion Koldo Iturbe Euskara zinegotzi jelkideak erdaraz ikasteko "inolako arazorik ez" dagoela Getxon. "Inguruko udalerrietatik gurea da A ereduko eskaintzarik handiena duena, EAEko bataz bestekoaren gainetik ere badago", gaineratu zuen udal gobernuko ordezkariak.

Almansaren "beldurra"

Iñaki Urkiza EBko tokiko zinegotzi bakarra izan zen irakaskuntza ereduen sistemari aurka egin zion lehena, baina ez popularrek argudiatutakoarengatik. Ereduak "agortuta" daudela adierazi zuen berak: "ikasketak bukatutakoan neska-mutilek euskaraz zein erdaraz jakitea zen helburua eta hori ez da bete. Beste eredu bat behar dugu, oinartezina baita ikasle bakar bat ere eskararik ez jakitea. Ikasketak bi hizkuntzak menperatzen amaitu ditzatela eta ondoren erabakiko dute zein erabili nahi duten", azaldu zuen alderdi federalistako kideak. Bitartean, "erradikalizazioarekin" tematuta zebilen Almansa. Udalak diruz "nahiko" laguntzen duen elkarte batek helarazitako gutuna "beldurra" eragin ziola ere adierazi zuen totiko PSE-EEko buruak. Dirudienez, Bizarra Lepoani buruz ari zen. Hitzok Iturbe sumintzea lortu zuten. A ereduaren gainean aurretik esandakotik oso urrun, egungo irakaskuntza sistemak neska-mutilak euskaldundu daitezela ez duela bermatzen aitortu zuen Euskara zinegotziak.

2008-04-23

Permalink 11:33:50, Atalak: Arloka, Irakaskuntza, Deialdiak, Berriak, 554 hitz  

Bihar, 10etan, "Eskolak euskaldundu behar du!" kontzentrazioa udaletxean!

2006ko martxoaren 25ean egin zen Bai Eskolak Euskalduntzeari! kanpainaren aurkezpena Algortan

Eskolak euskaldundu behar du! Euskararen erasotzaileei eta iruzurgileei stop


Bihar, osteguna, Getxoko Udalbatza bilduko da hainbat gai eztabaidatzeko. Haietako bat Alderdi Popularrek "2-3 urteko haurrentzako irakaskuntza-eredua" izenpean erdaraz aurkeztutako mozioa izango da. Jakin izan dugunez, mozio horren bidez hiru gauza nahi ditu Getxoko PPk:

- Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Gobernuak onartutako Curriculumaren aurka azaltzea.
- Udalerriko hezkuntza zentro guztietan A, B eta D ereduak eskaintzea.
- Alkarbidek eta Bizkaiko 45 toki erakundek egindako B eta D ereduen aldeko informazio kanpainari arbuioa adieraztea.

Era berean, Gasteizen osatutako eta A ereduaren alde agertu den Hizkuntza Aukeratzeko Askatasunaren Aldeko Ekimenak Udal Batzarraren galde-eskeen txandan parte hartzeko asmoa agertu du.

Gertaera horien aurrean, Bizarra Lepoan Getxoko Euskara Elkartearen ekimenez euskalgintzako talde eta pertsona ezberdinok testu bat (pdf) osatu dugu eskolak euskaldundu behar duela aldarrikatzeko. Zer esanik ez, Getxo udalerriko Euskal Herrian Euskaraz taldeak bat egin du idazki horrekin. Dena den, askotarikoen arteko orekak direla eta hainbat gauza dugu testu horri gaineratzeko. Horiek guztioiek kontuan hartuta, Getxo udalerriko Euskal Herrian Euskaraz-ek honakoa adierazten du:

- Ez gatozela bat Udalbatzak EAEko Curriculumaren aurka agertzearekin har dezakeen erabakiarekin, lehenengo aldiz euskara hizkuntz nagusia izan behar dela finkatzen baitu Euskal Herriko txoko baten curriculum horrek, baina ez dugu horren defentsa ere egingo, helburua betetzeko baliabiderik ez baititu ezartzen, hezkuntz zentroetako irakasle eta langile guztiak euskaldunak izatea edo eskolaz kanpoko orduak euskaraz garatzea ez duela finkatzen, eta zer esanik ez, oraingoz hezkuntz ereduak bere horretan mantentzen dituelako. Era berean, Euskal Herria desitxuratuta agertzen delako curriculum horretan.

- Milaka direla Getxok urtero-urtero sortzen dituen euskararen analfabetoak, bere lehenbiziko hizkuntz eskubidea den Euskal Herriko bertako eta berezko hizkuntza jakitea ukatuta duten haurrak. 2006an gure irakaskuntzaz arduratzen diren administrazioei Bai eskolak euskalduntzeari! zioten 107.768 sinadura eman zieten herritarrek, egungo ereduen haratago joateko, ume guztiak euskalduntzeko eta herritar orori euskara ezagutzeko eskubidea bermatzeko. Horregatik, gure umeen eskubideengatik, Getxoko eta Euskal Herriko eskolek euskaldundu behar dute eta horretarako eskolak euskaldundu behar dira. Hortaz, gure ezetza irmoa agertu nahi diogu PPren mozioari, orain arte Getxoko A eta B zentro publikoak Gasteiztik kudeatu dituzten alderdiei zein 107.768 herritarrei entzungor egin dieten administrazioei.

- Orain arte Alkarbidek eta hainbat toki-erakundek (tartean Getxo, Leioa eta Erandioko udalak zein Uribe Kostako Mankomunitatea) bultzatu duten B eta D ereduei arbuioa adieraztean bat gatoz PPrekin. Baina, jakina, ez arrazoi berberengatik. Izan ere, gure ustez, D ez diren bestelako ereduen aldeko kanpainekin bukatu ez eta euskararen analfabetoak sortzen dituzten ereduetara bidaltzea arduragabekeria izateaz gain, gure haurren hizkuntz eskubideak urratzea ere bada, haien etorkizuna hipotekatzea suposatzen baitu. Gainera, kanpainan gastatu denaz gain, biharko egunean euskaltegietan eta ikasteko liberazioetan gastatuko den dirutza botatzea baino ez da. Era berean, hainbat urtetan udalerriko gizarte zerbitzuetatik eta Hezkuntza Sailetik etorkinak A eredura bidaltzeko izandako grina deitoratu nahi dugu.

- Euskal herritar guztiontzako hizkuntz eskubideen aldeko urratsak emateko herri eskaera aktibatu denean eta administrazioaren batean herri eskaera horri nolabaiteko erantzuna ematea deliberatzen denean, horren aurkako ekimenak plazara atera direla historikoki. Egun gure umeei euskararen jabetza ukatu nahi dietenen izena Hizkuntza Aukeratzeko Askatasunaren Aldeko Ekimena edo "Plataforma por la Libertad de Eleccion Linguistica en la enseñanza" da. Hori baino ez dira, beste garaian Union Alavesa Olentzaroren aurka, Bertendonako irakasleak hizkuntz profilen kontra edo "El Correo Español" batueraren aurka izan ziren bezala.

Euskal Herri euskaldunaren bidean, Eskolak euskaldundu behar du!
Euskarari erasorik ez egiteko eta euskaldunek hizkuntz eskubideen urraketak ez pairatzeko, euskararen erasotzaileei eta iruzurgileei stop.

2008-04-09

Permalink 23:03:26, Atalak: Deialdiak, Berriak, 633 hitz  

"Euskarak hizkuntza politika berri bat behar du"

Hizkuntza eskubideen eguna


Ohar honen bitartez, pasa zen apirilak 6, igandean burututako Hizkuntza Eskubideen eguna ekarri nahiko luke gogora EHEk, egunaren lehen balorazio eta hausnarketak egitearekin batera.

Azken bost urteetan ospatzen datorren legez, egun osoko egitaraua izan genuen egun horretan. Urtez urte heldutuz joan den egitasmoa dugu Hizkuntza Eskubideen egunekoa, beti ere, euskararen normalizazioa izanik helburu eta hizkuntza eskubideen bermearen exijentziapean. Ehunka euskaltzale batu zen igandean jaialdira, eta beraiek eskainitako euskaraz bizitzeko grina eta gogoa, bueltan igorri nahi dizkie EHEk gaurkoan, Euskal Herri euskaldunaren eraikuntzan indarrak metatzen jarraitu dezaten.

Aurtengoan ere, Hizkuntza Eskubideen aldeko Nazio Bilkura burutu zen, bosgarrena aidanez. Aurtengoan, bi ardatz nagusi izan zituen bilkura honek. Batetik, egungo hizkuntza politikek martxan diren hainbat proiekturi nola eragiten dien izan genuen aztergai. Horretarako Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioko lehendakaria Koldo Tellitu eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakaria Jon Bollar izan genituen mintzakide. Bakoitzak bere esparruan, egoera kokatu eta bidean aurkitzen dituzten oztopo eta traben inguruan mintzatu ziren. Bestetik, oztopo eta trabak besterik ekartzen ez dituzten hizkuntza politikak zalantzan jarri eta aurrera begira egoera iraultze aldera, beharrezko neurriak jarri ziren mahai-gainean. Eulate Zilonizaurrekoetxea arduratu zen EHEn gogoeta azaltzen.

Egun euskaraz bizi eta aritzeko dagoen ezintasuna agerian geratu zen; nabarmen suertatzen da errealitate hori egun martxan diren proiektu ezberdinetan, euskararen normalkuntza edota eskubideen bermea bilatzen duten egitasmoek lege mugaren batekin topatzen baitira. Estatu frantses eta espainiarreko legediek ez dute Euskal Herri euskalduna eraikitzea ahalbidetzen, ez dute Euskal Herri osorako normalizazio proiektu nazionalik gauzatzen uzten. Euskal Herrian uneotan diren administrazio ezberdinek ere, parametro berdinetan burutzen dute euren jarduna eta beraz, euskararen normalizazioa ez diren bestelako xede batzuk dituzte begi-artean.

Euskarak aldaketa behar du; berehalako aldaketa. Bizi dugun egoera denboran luzatuz gero, Europako hizkuntza zaharrenetariko baten galera biziko dugu.

Euskarak, beraz, hizkuntza politika berri bat behar du, Euskal Herri osorako izango dena eta eskubideen bermean oinarrituz, bere normalizazioa bilatuko duena. Horretarako ezinbesteko bost neurri izan beharko lituzke ezaugarri:

  • Berezko hizkuntza izendatu behar da euskara. Euskal Herria euskararen herria delako eta euskara delako Euskal Herriko berezko hizkuntza bakarra. Herritar eleanitzez beteriko herri elebakarra dugu helburu.
  • Ofiziala izendatu behar da. euskarak estatus bakarra eta hori bere lurralde osoan aitortua behar du izan. Hori baita bere normalizaziorako eta hizkuntza eskubideen bermerako eman beharreko lehen urratsa.
  • Lehentasunezko hizkuntza izendatu behar da. Urte luzez pairatutako bazterketa eta ukazioek ekarri gaituzte egun bizi dugun egoerara. Hau irauli eta lehentasunezko izendatuz, bizi izan dugun menpekotasun izaeratik aldenduko gaituzte.
  • Euskal herritar guztiek ezagutu beharrekoa. Euskara ezagutzea eskubidea dugu, beraz, helduen euskalduntze zein belaunaldi berrien euskalduntzea eskubide eta betebehar izan behar dugu. Hizkuntzaren ezagutza bermatu behar zaio herritar orori.
  • Euskal herritarron hizkuntza eskubideak Euskal Herri osoan aitortu behar dira. Euskal Herrian euskaraz bizi gaitezen, ezinbestekoa dugu gure eskubide guztien jabe izatea. Hizkuntza eskubideak ere, jabego horren parte izan beharko dira, ezinbestean.

Aitzitik, aldaketarako neurriak zehazten baditugu ere, nabarmena da euskal herritarrok gure hizkuntza nazionalaren inguruan erabakitzeko ditugun zailtasunak. Bizi dugun menpeko egoerak ez du euskararen etorkizuna ziurtatzen, ezta honen gainean erabakitzea ahalbidetzen ere. Euskara bada Euskal Herriko hizkuntza, euskaldun egiten gaituena eta nazio gisa bizirauteko enbor nagusinetakoa, euskaldunok izan behar dugu honen gainean erabaki, antolatu eta garatzeko arduradunak; Euskal Herriarentzat eta euskararentzat, subirautza behar dugu, burujabetza behar dugu.

Euskal Herri euskaldunaren eraikuntzan hamaika proiektu dira martxan. Horien adibide dira igandean mintzagai izan genituen UEMA edota Ikastolak; herritarren inplikazio eta konpromisoaz hauek aurrera eramatea posible izan da. Horiek izan dira gaur egun arte eta izango dira etorkizunean ere euskalduntze prozesuaren protagonista.

Auzolanaren bidez, subirautza linguistikoa, euskarak behar duen lege berria? Euskal Herri euskalduna eraikiz joatea lortuko dugu! Manifestazioan zein egunean zehar bilduriko jende andanaz, bidea egiten hasiak gara, Euskal Herri euskalduneranzko urratsak emanaz hasiak gara.

Urratsez urrats lortuko genuela esan genuen Hizkuntza Eskubideen egunaren atarietan, eta gaur esan dezakegu, apirilaren 6an urrats oso garrantzitsua eman genuela bide horretan.

Orain, ibilbide horri jarraitzea besterik ez zaigu geratzen euskaltzaleoi. Auzolanaz, Euskal Herria euskalduna eraikiko dugu!

2008-04-01

Permalink 12:01:53, Atalak: Berriak, 85 hitz  

"Euskaraz bai" adierazpenarekin bat egiteko eskatuko diete eragileei Kontseiluaren sortzaileek

berria.info

Duela hamar urte erakunde horren eraketan parte hartu zuten lagunek egingo dute deialdia.

Hamar urte beti ditu Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, eta urteurren horren harira, erakundearen sorreran parte hartu zuten hainbat lagun bilduko dira gaur Donostian, eta Euskaraz bai adierazpenarekin bat egiteko eskatuko diete eragileei. Euskarak aurrera egiteko erabilerarako jauzia egin behar duela nabarmentzen da adierazpen horretan, eta, beraz, funtzio sozial guztiak euskaraz garatzeko aukera sortu behar dela lehenbailehen.


Euskaraz bai adierazpena iazko abenduaren 19an aurkeztu zuen Kontseiluak, Bilbon, Euskalduna Jauregian, 10. urteurrena ospatzeko ekitaldian.

:: Hurrengo orrialdea >> Azken erantzunak

EHEren logoa Herritarrok zeregin handia dugu. Euskararen ofizialtasuna, legedi berri baten aldeko aldarria eta azken batean hizkuntza eskubideak eremu eta lurralde guztietan errespetatzeko eskaerak kalean presente egon behar du. Euskal Herri osoan, herriz herri eta auzoz auzo. Historian zehar euskal jendartea izan da hizkuntzaren defentsan aitzindaria eta une horretan eta aitzinera begira ere herritarrok eta herri mugimenduak jokatzen dugun funtzioa ezinbestekoa suertatzen da. Bultza dezagun euskarak behar duen aldaketa. Jantzi ditzagun kaleak, errepideak, lantegiak eta ikastetxeak euskararen aldeko aldarrikapenekin. Euskaraz bizi nahi duen herri bat badela erakuts dezagun.hizkuntza bat, lurralde bat, legedi bat, ofizialtasuna!

Creative Commons License

| Hurrengoak >

Apirila 2008
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
  1 2 3 4 5 6
7 8 9 10 11 12 13
14 15 16 17 18 19 20
21 22 23 24 25 26 27
28 29 30        

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

free 
website stats program

powered by
b2evolution