Aspalditik gatoz esaten, euskararen normalizazioaz ari garenean, egoera larria dela. Munduan galtzear diren 5000 hizkuntzen artean dago euskara eta hau ez gertatzeko ahaleginetan jarraitu behar dugu ezinbestean. Egungo agintariek, baina, ez dute Euskal Herriaren berreuskalduntze prozesuan sinesten; ez dute horretarako ahaleginik egiten bederen. Hizkuntza politika antzuak eta ez-emankorrak bideratzen dituzte, euskararen normalizaziora garamatzan bidegurutzean egoera nahaspilatzera eramaten dutelarik. Une hauetan, hizkuntza politika ezberdinak ditugu mahai gainean; bakoitza bere erritmora, bakoitza bere bidetik doana. Eta hauekin lortutako emaitza horixe da, euskararen zatiketa estrukturala, bere sendotasuna lortu bidean indarren galtzea eta, are eta larriagoa dena, euskal herritarron hizkuntza eskubideekin jolastea.
Euskararen eta Euskal Herriaren zatiketa administratiboa egiten duten politikekin amaitu ezean, euskaldunok ez dugu euskaraz bizitzea lortuko. Marko horien gaindipena egin ezean, euskarak ez du dagokion eremua eskuratuko. Beharrezkoa da, Euskal Herriaren osotasuna aintzat harturik erdietsiko den lege berri baten adostea. Honen ezean, euskarak ez baitu merezitako estatusa jadetsiko.
Egoera normalizaturako bideak ugariak badira ere, badira duten estrategikotasunagatik balantzan pisu handiagoa hartzen duten eremuak; eta horien artean kokatzen da, nola ez, hezkuntza. Umezarotik zahartzaroraino, guztiongan presente dagoen arloa dugu hezkuntzakoa, gure garapen integralaren eragile gisa. Baina hezkuntza, gaurko egunez, ez dela euskaldunontzat egina salatu beharrean gara. Egun, ez baitago ikasleak euskaldunduko dituen irakaskuntza eredurik. Badakigu zeintzuk diren honen erantzuleak, hain zuzen, politika hauek defendatu eta bultzatu izan dituztenak: Max Brisson, Carlos Perez-Nievas eta Tontxu Campos. Eskolak euskalduntzearen irakasgaian huts biribila atera dute, biribil-biribila.
Herritarren artean, aski ezaguna da eskolak euskalduntzen ez duenaren aldarria. Herri mugimenduak gogor egin du lan azken urteetan hau erakutsarazi nahian; eta honen ondorioz etorri da jendartean aldaketaren beharraren exijentzia. Gehiengo zabal batek, frogatu izan den bezala, eskolaren euskalduntzearen beharra azpimarratu izan du, ereduen politika ezabatu eta euskaldunduko duen eredu bakar bat exijituz.
Zentzu horretan, atzoko egunez Gasteizen abiarazitako kanpainarekin (atxikirik doakizue argazkia), EHEk historian zehar euskaldunoi egin zaigun iruzurrarekin amaitu beharra dagoela salatu nahi dugu. Eskolak, euskararen ezagutza bermatu behar du Euskal Herri osoan, salbuespenik gabe, gure eskubidea delako. Ezin dira zatiketan oinarrituriko neurriak hartu; euskalduntzeari begirako urratsak Euskal Herri osoan euskararen ofizialtasuna aitortzetik hasten dira, ez besterik. Zentzu horretan, alderdiei erantzukizunez joka dezatela exijitu nahi diegu, hizkuntza eskubideak Euskal Herri osoan bermatzeko borondatea eta ardura bere gain hartuz.
EHEtik, datorren astean Eskolak Euskaldundu herri ekimenetik deituriko mobilizazioetan parte hartzera deitu nahi du. Une hauetan, berebiziko garrantzia du eskolak euskalduntzeko aldarrikapena kalean izan eta honen gaineko erantzukizuna duten politikariei egoera aldarazteko neurriak har ditzatela exijitzea.
Azken erantzunak
Herritarrok zeregin handia dugu. Euskararen ofizialtasuna, legedi berri baten aldeko aldarria eta azken batean hizkuntza eskubideak eremu eta lurralde guztietan errespetatzeko eskaerak kalean presente egon behar du. Euskal Herri osoan, herriz herri eta auzoz auzo. Historian zehar euskal jendartea izan da hizkuntzaren defentsan aitzindaria eta une horretan eta aitzinera begira ere herritarrok eta herri mugimenduak jokatzen dugun funtzioa ezinbestekoa suertatzen da. Bultza dezagun euskarak behar duen aldaketa. Jantzi ditzagun kaleak, errepideak, lantegiak eta ikastetxeak euskararen aldeko aldarrikapenekin. Euskaraz bizi nahi duen herri bat badela erakuts dezagun.
| Ast | Ast | Ast | Ost | Ost | Lar | Iga |
|---|---|---|---|---|---|---|
| << < | > >> | |||||
| 1 | 2 | 3 | 4 | 5 | 6 | |
| 7 | 8 | 9 | 10 | 11 | 12 | 13 |
| 14 | 15 | 16 | 17 | 18 | 19 | 20 |
| 21 | 22 | 23 | 24 | 25 | 26 | 27 |
| 28 | 29 | 30 | 31 | |||