Artxiboak: Urtarrila 2008

2008-01-24

Permalink 12:16:09, Atalak: Arloka, 0 hitz  

Eskola honek ez du euskalduntzen

Euskararen etsaiak!



Permalink 11:31:20, Atalak: Arloka, 586 hitz  

Eskolak euskalduntzearen alde, kalera!

Hemen bildu garenak hezkuntza naiz euskalgintzaren arloan aritzen garen ikasle, irakasle, guraso eta herritarrak gara. Ikastetxeetan euskararen ofizialtasuna bermatzea nahi dugu, eskolak euskalduntzearen alde eta Hezkuntza Sistema Nazionala lortzeko helburuarekin lan egiteak batzen gaitu.

Egunez egun Euskal Herri osoko ikastetxeetan euskarak bere tokia izan dezan eta ikasle guztiek euskara ezagutu dezaten ahalegin osoa egiten dugu. Baina zintzoak izan gaitezen, azken urteotan behin eta berriz aldarrikatu dugu guk bakarrik ezin dugula hori guztia lortu, legedia eta instituzioak ere gurekin behar ditugula. Hala ere, ez legeek, ezta instituzioek ere ez digute lagundu: Euskararen Legea eta Vascuencearen Legea zein hauek sostengatzen diren Gernikako Estatutua eta Nafarroako Amejoramendua agortuta daude eta euskara berreskuratzea ezinezko egiten dute. Zer esanik ez Ipar Euskal Herrian indarrean dagoen legea Frantziako konstituzioa bada. Hori da, gaur egun Euskal Herriko eskoletan bizi dugun egoera latzaren erakusgarri, lege horiek eta instituzio horietako arduradunak dira gaur hezkuntza sistemek ikasleen %65ak euskara ez ezagutzearen errudun nagusiak.

Egoera honen berri aspaldidanik dakite erantzuleek. Guk herritar bezala 107768 sinadura utzi genizkien mahai gainean, herritarren borondatearen erakusle. Herritarren borondatea, hortxe izango dute, orain ere mahai azpian, kaxoi batean gorderik, ez baitugu aldaketarik ikusten eta ikusten ditugunak ez zaizkigulako gustatzen.

Lurraldez lurralde

Euskal Herri osoan eta lurralde guztietan gure kezka areagotzen duten neurriak ari gara ikusten, konponbideen norabidean baino iruzurren norabidean egindako proposamenak. Hitz politak eta ekintza itsusiak.

Euskararen Erakunde Publikoak, 2020a bitarte iraunen duen “Euskara plana” aurkeztu berri du, euskararen ofizialtasuna lortzeari uko eginez eta jarritako helburu apalak lortzeko baliabiderik eskaini gabe, a ze plana. Hiru herrialdeetan hiltzear den hizkuntza gehiago zapaldu nahian ari dira!

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako eskoletan ereduen politikek izan duten porrot ikaragarria estali ezinik, eskoletarako hizkuntza proposamen berria aurkeztu zuen pasa den urtean Tontxu Camposek. Proposamen orokor hau eztabaidagai izan da azken hilabeteotan eta dagoeneko EAEko parlamentuak agindu bezala zehaztua eta aurkeztua egon behar zuen. Non dago? Guk ez dakigu, jakin badakiguna da ekainerako Lan Eskaintza Publikoan irakasle erdaldunentzat lanpostu ugari eskaini dituztela. Irakasle erdaldunak lehendik ere soberan daudenean!

Nafarroan ere gauzak ez daude batere ondo. Nafarron borondate eta eskubideen gainetik eskolak ez du euskalduntzen. Gaur egun, Derrigorrezko Hezkuntza amaitzean ( 16 urterekin) ikasleen %21ak soilik ezagutzen du euskara. Sakoneko aldaketak behar ditugu ez Vascuencearen Institutoak proposatzen duen erreforma hutsala. Argi eta ozen esan nahi diegu, euskararen ofizialtasuna herrialde osoan bermatu gabe ezinezkoa dela egoerari buelta ematea. Hori baino gehiago, euskarari eskoletan egunero eraso eginez euskararen deuseztapena besterik ez dute bilatzen:

Hello ereduko haur eskolen irekiera. Haurrek modu naturalean hizkuntzaz jabetzeko adinean Ingeles-Gaztelerako eskola berriak irekitzea, euskara baztertuz. Herritarren borondatearen gainetik, enborrari sustraiak errotik moztea du helburu Nafarroako Gobernuak.
British eredua Derrigorrezko Hezkuntzan. D ereduko eskaria gero eta handiagoa izanik eta berau bermatzeko baliabide aski eskaintzen ez diren bitartean Ingeles-Gaztelera hutsezko eredua bultzatzen ari dira.
Derrigorrezko Hezkuntza amaitzean. Lanbide Heziketa eta Unibertsitatean euskaraz ikastea ezinezkoa da.

Mobilizatzeko garaia da

Asteak daramatzagu, egoeraren arduradun nagusiak diren Tontxu Campos, Perez Nievas eta Max Brisson-i zuzendutako postalak biltzen. Dagoeneko milaka ditugu eta kanpaina amaitzear da, hala ere, guztiok postalak bete eta arduradun nagusiei berriz ere garbi esan behar diegu, IRUZURRIK EZ! ESKOLAK EUSKALDUNDU BEHAR DU.

Jakin badakigu, horrekin ez dela aski, gure aldarrikapenak kalera atera behar ditugu. Garai oso garrantzitsua bizi dugu, euskarak eskoletan behar duen legea lortzea posible eta beharrezkoa da, hala ere, instituzioetako arduradunak iruzur berriak prestatu eta saltzen ari dira. Ez gaude prest, beste 25 urte itxaroten egoteko! Gure aldarrikapenak ozen entzun daitezen manifestazioak izango dira, nagusiak, ostiralean, urtarrilaren 25ean: Iruñean, 18etan Autobus geltoki zaharrean; Gasteizen: 19etan Correosen.

Iruñean, 2008ko urtarrilaren 22an
Eskolak Euskaldundu Herri Ekimena
Permalink 11:26:37, Atalak: Irakaskuntza, 374 hitz  

Baina eskolak ez du euskalduntzen ala?

Arrasateko Euskal Herrian Euskaraz eta Euskal Herriak Bere Eskolako kideak.


Arrasateko eta orokorrean Debagoieneko haur eta gazteek ez al dute euskaraz ikasten ikastetxeetan edo? Ez al dira euskalduntzen? Eta orduan nolatan daude herritik, Iruzurrik ez! eskolak euskaldundu behar du! kartelak jarrita? Zer dela eta iruzurra? Zer dela eta eskolak euskaldundu behar duenaren inguruko horrenbesteko aldarrikapen eta kanpaina?

Batetik esan beharra dago, datu zehatzik eduki ez arren, gehienon sentsazioa bai dela gure herriko gazteek derrigorrezko hezkuntza bukatzean, hamasei urterekin, euskararen jakitun izaten direla orokorrean. Eta gure herri eta eskualdearen kezkak, euskararen jakintzaren ingurukoak izan beharrean bereziki erabileraren inguruan izaten direla. Argi dago, urtetako lana egin dela eta egiten jarraitzen ari dela, herri mailan, euskalgintzatik, euskararen erabilera zabaldu dadin. Denon lana izango dela erabileraren zabalpenean aurrerapausoak eman daitezen. Eskolan arduraz gaindi herriko ardura izango dela, eta hor txalotzekoa da gure herri eragileek, aisialdia euskaraz egon dadin egiten duten lana.

Baina tamalez, Euskal Herri osoko errealitatea oso bestelakoa da. Orain hiru urte, Aztikerrek eta hainbat erakundek Euskal Herri osoko gazteekin egindako azterketa batek azalarazi zituen datuak arduratzekoak baitira, hiru gaztetatik bi euskaldundu gabe ateratzen dira eskolatik, hau da %35 baino ez da euskalduntzen. Ereduen politikaren porrota azalarazi zuen eta aldaketa sakon baten beharra agertu ere. Datu horiek ardura ireki dute Euskal Herrian eta hori dela eta Eskolak euskaldundu behar duenaren ideia lau haizetara zabaldu da gure herrian. 

Eta horren adibide dira orain bi urte, 107768 herritarrek beraien sinadurekin, Euskararen Erakunde Publikoari, EAEko Hezkuntza Sailari eta Nafarroako Hezkuntza Sailari eskaturiko aldaketa. Eta zein izan da beraien erantzuna? Euskalduna izateko eskubidea bermatu ezin duten lege eta plan berrien aukera mahai gaineratzea. Hitz politak bai, baina neurri zehatzik eta bermerik, ez duten plan eta legeak.  Eta horregatik Max Brisson, Tontxu Campos eta Carlos Perez Nievasi aski dela esan nahi diegu. Kokoteraino gaudela iruzur eta inposaketez, herritarren hitza eta eskolak euskaldundua izateko eskubidea ez dutelako bermatzen beraien politikek.

Eta orduan, egungo agintariek iruzurra egiten badute, zein da arazoaren konponbidea?

Denon artean euskaldunduko duen eskolaren alde Euskararen Ofizialtasuna bermatzeko eta Hezkuntza Sistema Nazionala eraikitzeko konpromisoa hartu eta Urtarrilaren 25an Baiona, Iruna eta Gasteizen egingo diren mobilizazioetan parte hartzea. Guk Arrasatetik, dei egiten dizugu, Urtarrilaren 25an arratsaldeko 6etan arbolapetan denok elkartu eta elkarrekin Gasteizera joateko. Iruzurrik onartuko ez dugulako! Eskolak euskaldundu behar du!

2008-01-18

Permalink 14:47:34, Atalak: Irakaskuntza, Berriak, 396 hitz  

Eskolak euskaldundu behar du! Max Brisson, Tontxu Campos eta Carlos Perez-Nievas euskararen etsaiak!

Erdal eredurik ez!Aspalditik gatoz esaten, euskararen normalizazioaz ari garenean, egoera larria dela. Munduan galtzear diren 5000 hizkuntzen artean dago euskara eta hau ez gertatzeko ahaleginetan jarraitu behar dugu ezinbestean. Egungo agintariek, baina, ez dute Euskal Herriaren berreuskalduntze prozesuan sinesten; ez dute horretarako ahaleginik egiten bederen. Hizkuntza politika antzuak eta ez-emankorrak bideratzen dituzte, euskararen normalizaziora garamatzan bidegurutzean egoera nahaspilatzera eramaten dutelarik. Une hauetan, hizkuntza politika ezberdinak ditugu mahai gainean; bakoitza bere erritmora, bakoitza bere bidetik doana. Eta hauekin lortutako emaitza horixe da, euskararen zatiketa estrukturala, bere sendotasuna lortu bidean indarren galtzea eta, are eta larriagoa dena, euskal herritarron hizkuntza eskubideekin jolastea.

Euskararen eta Euskal Herriaren zatiketa administratiboa egiten duten politikekin amaitu ezean, euskaldunok ez dugu euskaraz bizitzea lortuko. Marko horien gaindipena egin ezean, euskarak ez du dagokion eremua eskuratuko. Beharrezkoa da, Euskal Herriaren osotasuna aintzat harturik erdietsiko den lege berri baten adostea. Honen ezean, euskarak ez baitu merezitako estatusa jadetsiko.

Egoera normalizaturako bideak ugariak badira ere, badira duten estrategikotasunagatik balantzan pisu handiagoa hartzen duten eremuak; eta horien artean kokatzen da, nola ez, hezkuntza. Umezarotik zahartzaroraino, guztiongan presente dagoen arloa dugu hezkuntzakoa, gure garapen integralaren eragile gisa. Baina hezkuntza, gaurko egunez, ez dela euskaldunontzat egina salatu beharrean gara. Egun, ez baitago ikasleak euskaldunduko dituen irakaskuntza eredurik. Badakigu zeintzuk diren honen erantzuleak, hain zuzen, politika hauek defendatu eta bultzatu izan dituztenak: Max Brisson, Carlos Perez-Nievas eta Tontxu Campos. Eskolak euskalduntzearen irakasgaian huts biribila atera dute, biribil-biribila.

Herritarren artean, aski ezaguna da eskolak euskalduntzen ez duenaren aldarria. Herri mugimenduak gogor egin du lan azken urteetan hau erakutsarazi nahian; eta honen ondorioz etorri da jendartean aldaketaren beharraren exijentzia. Gehiengo zabal batek, frogatu izan den bezala, eskolaren euskalduntzearen beharra azpimarratu izan du, ereduen politika ezabatu eta euskaldunduko duen eredu bakar bat exijituz.

Zentzu horretan, atzoko egunez Gasteizen abiarazitako kanpainarekin (atxikirik doakizue argazkia), EHEk historian zehar euskaldunoi egin zaigun iruzurrarekin amaitu beharra dagoela salatu nahi dugu. Eskolak, euskararen ezagutza bermatu behar du Euskal Herri osoan, salbuespenik gabe, gure eskubidea delako. Ezin dira zatiketan oinarrituriko neurriak hartu; euskalduntzeari begirako urratsak Euskal Herri osoan euskararen ofizialtasuna aitortzetik hasten dira, ez besterik. Zentzu horretan, alderdiei erantzukizunez joka dezatela exijitu nahi diegu, hizkuntza eskubideak Euskal Herri osoan bermatzeko borondatea eta ardura bere gain hartuz.

EHEtik, datorren astean Eskolak Euskaldundu herri ekimenetik deituriko mobilizazioetan parte hartzera deitu nahi du. Une hauetan, berebiziko garrantzia du eskolak euskalduntzeko aldarrikapena kalean izan eta honen gaineko erantzukizuna duten politikariei egoera aldarazteko neurriak har ditzatela exijitzea.

2008-01-15

Permalink 18:38:08, Atalak: Berriak, 206 hitz  

Kontseiluak 10. urteurrena ospatuko du bihar Euskaldunan

Berria.info

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak 10 urte bete ditu eta data gogoangarri hori oroitzeko ospakizuna egingo dute Bilboko Euskalduna Jauregian. Kontseiluak sorreratik gaur egun arte burutu duen ibilbidea gogoratu eta Euskaraz bai adierazpena aurkeztuko dute bihar. Ospakizun ekitaldia 19:00etan hasiko da.

Abiatzeko Kontseiluak 10 urte ikus-entzunezko emanaldia eskainiko dute. Hamarkada baten egindako urratsak agertu eta Kontseiluak bere ibilbidean bidelagun izan dituen hainbat pertsonaren iritziak jasoko dituzte. Euskararen aldeko erakundea 1997ko abenduan sortu zen eta 46 erakundek osatzen dute gaur egun. Bitartean, euskararen normalizazioa bultzatzeko hainbat ekintza sustatu ditu.

 

ALDI BERRI BAT. Bestalde, Bai euskarari aldarriaren ordez Euskaraz bai adierazpena sortu dutela iragarri du Kontseiluak. Euskara babesteko aldekotasunetik haratago euskara ikasi eta erabili egin behar dela dio erakundeak eta horretarako proposatu dute lelo berria. Xabier Mendiguren idazkari nagusiak batetik besterako igarobidea egiteko deia egingo dio gizarteari.

Arrazoizko eboluzioa da Kontseiluaren esanetan, eta era berean, ziklo berri baten hasiera. Euskararen aldeko konpromiso maila handiagoa izan behar du garai berriak euren hitzetan, «orain arteko egitasmo eta tresna juridiko eta administratiboek ez diotelako euskarari etorkizuna ziurtatu». Azaldu dutenez, «gaur arteko erritmoekin ez da helbururik lortuko». Euskaraz bai adierazpenean euskararen egungo egoeraren isla egingo dute.


Hona hemen, 10. urteurrenaren harira, Xabier Mendiguren Bereziarturi (Kontseiluko idazkari nagusia) Berria egunkariak eginiko elkarrizketa.

2008-01-13

Permalink 22:01:33, Atalak: Berriak, 198 hitz  

Lesakako EHEk Igor Portuk eta Mattin Sarasolak jasotako tratua salatu du

gaztesarea.net

Lesakako Euskal Herrian Euskarazen oharra:

Igor Portu eta Mattin Sarasola euskaltzaleen atxiloketaren aurrean, Lesakako EHEk bere kezka adierazi eta jasotako tratua gogor salatu nahi ditu.

Urtarrilak 6ko eguerdian jazotako atxiloketen berria arduraturik hartu genuen Lesakako EHEko kideok. Arduraz eta kezkaz beterik. Izan ere, azken aspaldian gure inguruan eman diren tortura salaketa eta testigantzek, okerrena pentsatzera eraman gintuen.

Tamalez, gure susmo txar guztiak baieztatzera iritsi ginen astelehen goizean, Igor Portu kidea Donostiako ospitalean larri ingresatua zegoela jakin genuenean. Inork zalantzarik bazuen, tortura inoiz baino presenteago dagoela birbaieztatu ahal izan dugu oraingoan ere.

EHEk bere kezka adierazi nahi du, batetik, Igor Portu kideak jasandako erasoengatik, eta baita ere, Mattin Sarasola sufritzen egon ahal den tratuarengatik. Igorren egoerak, Mattinen patu okerrena erakutsi ahal digu; bataren argazkiak erakutsi ahal digu, bestearen uneotako egoera zein izan daitekeen, eta hori ez dago onartzerik. Inkomunikazio egoerak, beraien egoeraren berri jakitea galarazten digu, sortu nahi duten saminean gehiago sakonduz.

Badira torturaren existentzia isilarazi edota ezkutatzen saiatzen direnak; horiei esaten diegu eraso hauekin amaitu beharra dagoela, torturekin amaitu beharra dagoela, eta bide horretan neurriak har ditzatela. Era berean, une zail hauetan, Igor eta Mattinen senitarteko eta lagunei indar eta animorik handienak eman nahi dizkio Lesakako EHEk.

:: Hurrengo orrialdea >> Azken erantzunak

EHEren logoa Herritarrok zeregin handia dugu. Euskararen ofizialtasuna, legedi berri baten aldeko aldarria eta azken batean hizkuntza eskubideak eremu eta lurralde guztietan errespetatzeko eskaerak kalean presente egon behar du. Euskal Herri osoan, herriz herri eta auzoz auzo. Historian zehar euskal jendartea izan da hizkuntzaren defentsan aitzindaria eta une horretan eta aitzinera begira ere herritarrok eta herri mugimenduak jokatzen dugun funtzioa ezinbestekoa suertatzen da. Bultza dezagun euskarak behar duen aldaketa. Jantzi ditzagun kaleak, errepideak, lantegiak eta ikastetxeak euskararen aldeko aldarrikapenekin. Euskaraz bizi nahi duen herri bat badela erakuts dezagun.hizkuntza bat, lurralde bat, legedi bat, ofizialtasuna!

Creative Commons License

| Hurrengoak >

Urtarrila 2008
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
  1 2 3 4 5 6
7 8 9 10 11 12 13
14 15 16 17 18 19 20
21 22 23 24 25 26 27
28 29 30 31      

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

free 
website stats program

powered by
b2evolution