Obelix biziko bazan ez luke besterik esango: Espainiar hauek erotuta daude!
Eta halaxe izan beharko du ze, nire titularra irakurri baduzue ni neu ere eroturik nagoela pentsatuko zenuketa. Baina, tamalez, errealitateak nire erotasuna gailendu du oraingoan ze hala da. Alegia, lore batzuk zanpatzeagatik terrorista izendatu eta 20 urte kartzelan pasatzeko arriskua izanen duzu. Bestela galdetu Donostiako zortzi gazteei,
Ordoñezen hilobia erasotzeagatik Espainiako Entzutegi Nazionalak terrorismo delitua egotzi nahi dizkie.
Pentsa, zortzi gazte horiek egindako "delitua" egun bat lehenago PPko kidearen hilobian jarritako loreak zanpatzea da. Ez da delitu ekologiko bat ez, delitu terrorista bat baizik. Bai lagunok, ondo entzun duzue, lore batzuk zanpatzea (hilobiak berak ez baitu inolako kalterik jasan) 20 urteko kartzela zigorra ekar lezake.
Bertsio "ofizialaren" hutsuneak
Baina bertsioak bere hutsuneak ditu. Izan ere, eraso hori larunbatean jazo zen. Hasierako informazioek, Eferen teletipo bat kasu, gazteak hilerritik gertu zeudela esaten du eta Ertzaintza hara bertaratu zela zaborrontzi batzuk gurutzatu zirela eta. Zaborrontziena ikertzen ari zirela gazteak hilerriatik gertu ikusi eta identifikatu omen zituzten, geroago hilerrian gertatutako erasoaz konturatu ziren.
Gaur ordea, bertsioak dio Ertzaintzak zortzi gazteak atzeman zituela hilerrian erasoa egiten. Gainera, beste hiru gaztek zaborrontziak gurutzatu zituztela Ertzaintza despistatzeko.
Beste eraso batzuk ez dira terroristak
Betiko moduan, politika tartean dagoenean dena aldatzen da baina alde bateko biktimen inguruan. Michel Collonen "bi pisu bi neurri" teoria ondo baino hobeto egokitzen da gurean. Izan ere, Ordoñezen hilobia erasotzeak terrorista adjektiboa merezi du baina beste hilobi edo monolitoen kontrako erasoek ez. Zerrendatzearren hiru:
- Donostiako hiritar Olaia Kastresanaren monolitoa apurtzea
- Gudarien omenez Oiartzunen jarritako monolitoa eta haritzak apurtzea
- Iruñeako Germanen monolitoa apurtzea
Hiru kasu horiek ez dira bakarrak, baina noski arerioen hilobi edo monolitoak direnez ez dute merezi ez ikerketarik ez terrorismo adjektiborik ere ezta komunikabideetan segundu bakar bat ere (salbuespenak salbuespen).