Artxiboak: Urtarrila 2007

2007-01-31

Permalink 12:12:22, Atalak: Albisteak  

Ordoñezen hilobiaren aferagatik atxilotutako gazteek muntaia poliziala salatzen dute

Dirudienez bertsio "ofizial" osoa gezurra da, izan ere, gazteak ez ziren hilobia erasotzen ari zirela atxilotu baizik eta hilerriaren inguruan. Gainera, haiek "ez zutela egin" esan ostean askatu egin zituztela adierazi dute eta lagun taldea bertan beti batzen dela nabarmendu.

Atzo gaztesarea.net-ek jakinarazi zuenez, Egiako zortzi gazte atxilotuek Ordoñezen hilobia erasotu ez zutela nabarmendu zuten. Izan ere, haiek beti hilerriaren inguruan batzen direla esan zuten eta egun horretan kalez jantzitako bi ertzain haiengana hurreratu eta identifikatzeko eskatu ziela azaldu. Identifikatu ostean, hainbat ertzain auto ekarri eta komisaldegira eraman zituzten. Eraman baino lehen, ezagunen batek gertatzen zenaz ohartu eta haietako baten gurasoei abisatu zien.

Komisaldegiko ziegatan atxiloturik zeudela, bakoitza ziega batean isolaturik, haietako batzuk kolpeak ere jasan zituzten. Han bertan hilobiaren erasoaren inguruan galdetu eta haien "ez zutela egin" esan ostean askatu zituztela azaldu zuten gazteek prentsaurrekoan.

Beste hiru identifikatu larunbatean
Bestalde, komunikabideek igandean izan zela esan arren, 20 eta 21 urte bitarteko hiru gazteek larunbatean identifikatu zituztela esan zuten. Hiru gazte horiek beren motorrekin zebiltzatela ertzaintzako agenteek geldiarazi eta identifikatu zituztela esan zuten. Identifikatu ostean igandean komisaldegira joateko agindu zien ertzaintzak. Gainera, motorretako giltzak kendu zizkieten.

Igandean hiru gazteek abokatuaz lagundurik komisaldegira bertaratu ziren eta, berriro identifikatu ostean, Ertzaintzak terrorismo delitua egotzi zietela esan zien. Hiru gazte horiei zaborrontziak gurutzatzea egotzi die Ertzaintzak baina larunbatean Ertzaintzak ez zuen istiluen inguruko inolako informaziorik eman.





----------

2007-01-28

Permalink 22:00:18, Atalak: Gogoetak, Albisteak  

Loreak zanpatzeagatik 20 urte kartzelan

Obelix biziko bazan ez luke besterik esango: Espainiar hauek erotuta daude!

Eta halaxe izan beharko du ze, nire titularra irakurri baduzue ni neu ere eroturik nagoela pentsatuko zenuketa. Baina, tamalez, errealitateak nire erotasuna gailendu du oraingoan ze hala da. Alegia, lore batzuk zanpatzeagatik terrorista izendatu eta 20 urte kartzelan pasatzeko arriskua izanen duzu. Bestela galdetu Donostiako zortzi gazteei, Ordoñezen hilobia erasotzeagatik Espainiako Entzutegi Nazionalak terrorismo delitua egotzi nahi dizkie.

Pentsa, zortzi gazte horiek egindako "delitua" egun bat lehenago PPko kidearen hilobian jarritako loreak zanpatzea da. Ez da delitu ekologiko bat ez, delitu terrorista bat baizik. Bai lagunok, ondo entzun duzue, lore batzuk zanpatzea (hilobiak berak ez baitu inolako kalterik jasan) 20 urteko kartzela zigorra ekar lezake.

Bertsio "ofizialaren" hutsuneak
Baina bertsioak bere hutsuneak ditu. Izan ere, eraso hori larunbatean jazo zen. Hasierako informazioek, Eferen teletipo bat kasu, gazteak hilerritik gertu zeudela esaten du eta Ertzaintza hara bertaratu zela zaborrontzi batzuk gurutzatu zirela eta. Zaborrontziena ikertzen ari zirela gazteak hilerriatik gertu ikusi eta identifikatu omen zituzten, geroago hilerrian gertatutako erasoaz konturatu ziren.

Gaur ordea, bertsioak dio Ertzaintzak zortzi gazteak atzeman zituela hilerrian erasoa egiten. Gainera, beste hiru gaztek zaborrontziak gurutzatu zituztela Ertzaintza despistatzeko.

Beste eraso batzuk ez dira terroristak
Betiko moduan, politika tartean dagoenean dena aldatzen da baina alde bateko biktimen inguruan. Michel Collonen "bi pisu bi neurri" teoria ondo baino hobeto egokitzen da gurean. Izan ere, Ordoñezen hilobia erasotzeak terrorista adjektiboa merezi du baina beste hilobi edo monolitoen kontrako erasoek ez. Zerrendatzearren hiru:
  1. Donostiako hiritar Olaia Kastresanaren monolitoa apurtzea
  2. Gudarien omenez Oiartzunen jarritako monolitoa eta haritzak apurtzea
  3. Iruñeako Germanen monolitoa apurtzea
Hiru kasu horiek ez dira bakarrak, baina noski arerioen hilobi edo monolitoak direnez ez dute merezi ez ikerketarik ez terrorismo adjektiborik ere ezta komunikabideetan segundu bakar bat ere (salbuespenak salbuespen).




----------

GERRILLARI KOMUNIKATIBOA

Kazetaritzan lizentziatua naizen aldetik, komunikabideen mundua dut ikergai. Baina hori baino gehiago izan nahi du blog hau, komunikazioaren oihanean dabilen gerrillari baten arma, betiko informazioa eta beste komunikazio erak landuz (poesia, gogoetak, liburuen kritikak, argazkiak...).

Harremanak

nire helbide elektronikoa

Flickr argazkiak
Nire argazkiak Flickr gunean

Sortzailearen profila

Nire profila eta kontaktua

Aritz Garate

gerrillari

Kontaktu formularioa

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Bilaketa

Blog hau sindikatu

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

free 
website stats program

powered by
b2evolution