Irungo Alardearen inguruan Udaletxeak erabakiak nahi erara hartzen baditu, Arartekoaren edota Eusko Jaurlaritzaren gomendioei muzin eginez, ezin zitekeen gauza bera ez egitea jaien inguruko beste hainbat erabakirekin. Horrela demostratu du Jose Antonio Santanok gidatzen duen udala, izan ere, Irungo jaietan hiriko musika taldeek erabakitakoa aldatu du hauei ezer esan gabe. Hori dela eta, ekainaren 25ean Korumba musika taldeak protesta modura Urdanibia plazako eskenatokian jotzeari uko egin zion eta txosnek jarritako eskenatoki txikian jo zuen.
Korumba taldeko lagunekin harremanetan jarrita gertatutakoaren berri izan nuen. Esan zidatenez, "Irungo Udaletxeak musika taldeei mila traba jartzen dizkie zeozer egiteko orduan". Aurten, hainbat elkarrizketa izan ostean, erabaki bat hartu zuten musika taldeek eta udaletxeak. Erabakia telonero moduan joko zutela hiriko taldeak, baina horretarako haien hartean zozketa egin behar zuten. Nahiz eta musika taldeen helburua haiek talde nagusiak zeintzuk izan erabaki nahi izatea zen, azkenean erabakia onartu eta zozketa egin zuten.
Zozketa ostean arazoak
Beste erremediorik ez eta zozketa egin zuten. Egun bakoitzean Irungo musika talde batek joko zuen eta dena zehaztuta zegoen. Zozketaren emaitzak eraman zizkioten Irungo Udaletxeari, baina Irungo jaien egitaraua zelako sorpresa eraman zuten ekainaren 28an Mojinos Escozios taldearen teloneroa aldatua zegoela jakin zutenean. Izan ere, Irungo Udalak egun horretako teloneroa aldatzea erabaki zuen musika taldeei ezer esan gabe. Horrela, egun horretan Mojinosen aurretik Rhune Irungo taldeak joko du. Korumba taldeko lagunek salatu dutenez, "bostgarren urtez joko du Rhune Irungo jaietan". Ez dakitena zera da, "zeinek hartu duen erabakia, Irungo Udaletxeak bere aldetik edota Rhuneren managerrak bultzatuta". Hala ere, erabakia hartua dago.
Musika agenda alternatiboa
Arazo guzti horiez nazkaturik, aurten, Irungo hainbat musika taldek beren eskenatokia paratu dute txosnen ondoan. Eskenatokia soilik plastikozko estalki bat eta bozgorailu batzuk osatzen dute eta lur zoruaren mailan jo. Hala ere, egun guztietan jo du Irungo talderen batek, nahiz eta handik metro gutxitara Irungo udalak paratutako eskenatoki handia izan. Ekainaren 25ean, Korumba taldeak jo behar zuen eskenatoki handian zozketa hala suertatu zelako. Baina protesta gisa eskenatoki hori utzi eta musika taldeek antolatutakoan jo zuten.
Korumbak plazaratutako komunikatua
Ondoren irakurriko duzuena Korumba taldeak Irungo Udaletxeak prestatutako eskenatokian irakurritako komunikatua da. Komunikatua irakurri ostean, taldea eskenatokitik jaitsi eta musika taldeek antolatutakora joan ziren, kontzertua han eskainiz.
Gabon gu korumba gara. Zozketa bidez gaur eszenatoki honetan jo behar genuen taldea, udalak antolatutako kontzertu honetan. Herritarren antolakuntza alternatiboaren alde, protesta gisa, gaurko "Udal jai egitaraua" boikoteatzea erabaki dugu. Udala ere salatu nahi dugu, beraien jai egitarauaren politikarengatik. gaztetxearekiko eta Musika Elkartearekiko azaldu duen jarreragatik, non herritarron parte hartzea mugatu eta herriko jaiak pribatizatu nahi dituen.
Hemen, antza denez, Udaletxeak antolatutako ekintzak bakarrik dira balio dutenak, herritarren iharduerei trabak jarriz eta beraike nahi dutena aldatuz. Salatu nahi dugu Udaletxearen jaien aurrekontuen gestio txarra. Kriston dirutza gastatzen dute "mega-taldeak" ekartzeko, herriko taldeek txosnetan ezkutatuta jo behar dutelarik, plastiko batek tapatuta eta generadore bati entxufatuta.
Horregatik, Korumba taldeak "Udal jai egitarauean" parte hartzeari uko egiten dio. Esketanoki honen ixiltasunak Irungo taldeen ordez hitzegin dezan. Azkenik, deialdia luzatu nahi diegu Irungo taldeei "Musika taldeen elkartean" parte hartzeko eta guztion artean herriko musika panoramaren egoera aldatzeko.
Esan bezala, komunikatua irakurri ostean, Korumba taldea eskenatokitik jaitsi eta kontzertua txosnetako eskenatokian eskaini zuten, handik metro gutxitara.
Ez daude Erantzunak/Pingback-ak mezu honetan...