Artxiboak: Ekaina 2006

2006-06-27

Permalink 11:02:16, Atalak: Albisteak  

Irungo Udaletxeak jaietako musika agenda inposatzen du

Irungo Udaletxeak eta hiriko musika taldeek urte nahikotxo daramatzate arazoak izaten, batez ere jaietan zein taldek jo behar duen inguruan. Aurten Udaletxeak esan die taldeen artean zozketatzea zeinek joko duen telonero gisa egun bakoitzean. Erabakia hartu ostean, ordea, Irungo Udaletxeak Mojinos Escozios taldearen teloneroa aldatu du eta bostgarren urtez Rhune taldea jarri musika taldeen zozketan hautatutakoa baztertuz.

Irungo Alardearen inguruan Udaletxeak erabakiak nahi erara hartzen baditu, Arartekoaren edota Eusko Jaurlaritzaren gomendioei muzin eginez, ezin zitekeen gauza bera ez egitea jaien inguruko beste hainbat erabakirekin. Horrela demostratu du Jose Antonio Santanok gidatzen duen udala, izan ere, Irungo jaietan hiriko musika taldeek erabakitakoa aldatu du hauei ezer esan gabe. Hori dela eta, ekainaren 25ean Korumba musika taldeak protesta modura Urdanibia plazako eskenatokian jotzeari uko egin zion eta txosnek jarritako eskenatoki txikian jo zuen.

Korumba taldeko lagunekin harremanetan jarrita gertatutakoaren berri izan nuen. Esan zidatenez, "Irungo Udaletxeak musika taldeei mila traba jartzen dizkie zeozer egiteko orduan". Aurten, hainbat elkarrizketa izan ostean, erabaki bat hartu zuten musika taldeek eta udaletxeak. Erabakia telonero moduan joko zutela hiriko taldeak, baina horretarako haien hartean zozketa egin behar zuten. Nahiz eta musika taldeen helburua haiek talde nagusiak zeintzuk izan erabaki nahi izatea zen, azkenean erabakia onartu eta zozketa egin zuten.

Zozketa ostean arazoak
Beste erremediorik ez eta zozketa egin zuten. Egun bakoitzean Irungo musika talde batek joko zuen eta dena zehaztuta zegoen. Zozketaren emaitzak eraman zizkioten Irungo Udaletxeari, baina Irungo jaien egitaraua zelako sorpresa eraman zuten ekainaren 28an Mojinos Escozios taldearen teloneroa aldatua zegoela jakin zutenean. Izan ere, Irungo Udalak egun horretako teloneroa aldatzea erabaki zuen musika taldeei ezer esan gabe. Horrela, egun horretan Mojinosen aurretik Rhune Irungo taldeak joko du. Korumba taldeko lagunek salatu dutenez, "bostgarren urtez joko du Rhune Irungo jaietan". Ez dakitena zera da, "zeinek hartu duen erabakia, Irungo Udaletxeak bere aldetik edota Rhuneren managerrak bultzatuta". Hala ere, erabakia hartua dago.

Musika agenda alternatiboa
Arazo guzti horiez nazkaturik, aurten, Irungo hainbat musika taldek beren eskenatokia paratu dute txosnen ondoan. Eskenatokia soilik plastikozko estalki bat eta bozgorailu batzuk osatzen dute eta lur zoruaren mailan jo. Hala ere, egun guztietan jo du Irungo talderen batek, nahiz eta handik metro gutxitara Irungo udalak paratutako eskenatoki handia izan. Ekainaren 25ean, Korumba taldeak jo behar zuen eskenatoki handian zozketa hala suertatu zelako. Baina protesta gisa eskenatoki hori utzi eta musika taldeek antolatutakoan jo zuten.

Korumbak plazaratutako komunikatua
Ondoren irakurriko duzuena Korumba taldeak Irungo Udaletxeak prestatutako eskenatokian irakurritako komunikatua da. Komunikatua irakurri ostean, taldea eskenatokitik jaitsi eta musika taldeek antolatutakora joan ziren, kontzertua han eskainiz.

Gabon gu korumba gara. Zozketa bidez gaur eszenatoki honetan jo behar genuen taldea, udalak antolatutako kontzertu honetan. Herritarren antolakuntza alternatiboaren alde, protesta gisa, gaurko "Udal jai egitaraua" boikoteatzea erabaki dugu. Udala ere salatu nahi dugu, beraien jai egitarauaren politikarengatik. gaztetxearekiko eta Musika Elkartearekiko azaldu duen jarreragatik, non herritarron parte hartzea mugatu eta herriko jaiak pribatizatu nahi dituen.

Hemen, antza denez, Udaletxeak antolatutako ekintzak bakarrik dira balio dutenak, herritarren iharduerei trabak jarriz eta beraike nahi dutena aldatuz. Salatu nahi dugu Udaletxearen jaien aurrekontuen gestio txarra. Kriston dirutza gastatzen dute "mega-taldeak" ekartzeko, herriko taldeek txosnetan ezkutatuta jo behar dutelarik, plastiko batek tapatuta eta generadore bati entxufatuta.

Horregatik, Korumba taldeak "Udal jai egitarauean" parte hartzeari uko egiten dio. Esketanoki honen ixiltasunak Irungo taldeen ordez hitzegin dezan. Azkenik, deialdia luzatu nahi diegu Irungo taldeei "Musika taldeen elkartean" parte hartzeko eta guztion artean herriko musika panoramaren egoera aldatzeko.

Esan bezala, komunikatua irakurri ostean, Korumba taldea eskenatokitik jaitsi eta kontzertua txosnetako eskenatokian eskaini zuten, handik metro gutxitara.

----------

2006-06-20

Permalink 15:50:54, Atalak: Curriculuma  

Nire Curriculum Vitaea

Curriculum argazkia
ARITZ GARATE ARANDA

KAZETARI LANAK

2004-2006 MATRAKA Erredaktore kolaboratzailea

2006 ETECE aldizkari kulturalean kolaboratzailea

2006 DEIA egunkarian erredaktore praktikak

2005 BIDASOAFOLK JAIALDIA Komunikazio arduradun moduan lan egiten Bidasoa-Txingudi Nazioarteko Partzuegoak 2005ean antolatu zuen Folk jaialdiarentzako.

2004 BERRIA Praktikak erredaktore moduan, hilabete bat Interneteko edizioan eta beste hilabete bat paperezko edizioan Gaiak atalean.

2002-2005 MEDIABERRI Euskal Herria ataleko arduraduna eta erredaktorea.

2004 GITE-IPES Kazetaria eta komunikazio teknikaria, bekadun moduan.

2005 ARGIA Erreportaia baten argitarapena, erredaktore eta argazkilari.

 

2003-2006 FOTOKAZETARIA Fotokazetari moduan hainbat lan eginak:

  •  Irun eta Hondarribiako Alardeak, hiru urtez lan egin dut fotokazetari moduan Alardeetako argazkiak ateratzen.
  •  KABIGORRI Bidasoaldeko Ateneoan argazki erakusketa bat.
  •  Ekitadi politiko, kultural zein kirol ekitaldietan argazkiak atera ditut. - Bidasoaldeko Alardeak: Herria vs Hiria liburuan argazki baten argitarapena.


FORMAKUNTZA

Kazetaritza, komunikazioa eta memoria aro digitalean Doktoregotzan matrikulatuta.

Kazetaritzan lizentziatua EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzietako Fakultatean.

EGA



FORMAKUNTZA GEHIGARRIA

Kazetaritzatik literaturara Jardunaldietan parte hartzaile (2003. urtean, EHUko Leioako Campusean)

Euskal Kazetaritzaren I. Kongresuan ponentzia baten argitarapena eta parte hartzailea (2004. urtean, Bilboko Euskalduna Jauregian).

Medios de Comunicación Alternativos Jardunaldietan hizlari eta parte hartzailea (2005. urtean, EHUko Leioako Campusean).

Erakundeari egokitutako oinarrizko eskumenak ikastaroa Bilboko Lan-Ekintzaren partez.

Ingurumen sentsibilizaziorako ikastaroa Eusko Jaurlaritzaren eskutik

Lan segurtasunaren inguruko oinarrizko ikastaroa ENKEN enpresaren eskutik.

Informatika Ikastaroa Ikassoft Irungo akademian.

----------

2006-06-08

Permalink 12:35:38, Atalak: Argazkilaritza, Albisteak, Batzarre Etxea  

Gorriti, zurezko artista

Agian irakurle askok ez duzue ezagutuko Juan Gorriti eskultore eta artisaua. Artista araitztar honek Euskal Herriari, batez ere baserri eta naturari, dion maitasuna izugarria da. Berak dioenez, Baserri batean jaiotakoa izanik, "galeria batean" jaio zela konturatu zen. Egurra du materiale nagusia bere obratan, lan biziak "denboraren laugarren dimentsioa dutenak" dio Gorritik. Gorriti, hitzen bidez baino obren bidez adierazten dela dio "niretzat nire obrak idazteko manera bat dira" nabarmenduz. Hori dela eta, bere etxearen barnean eta ondoan duen galerian dituen obrak agertzen dizkizuet ondoren, haren "hitzak" baitira.

Argazki gehienak nire neskak eginikoak dira hara egindako bisitetako batean ateratakoak. Batzarre Etxeaz gain, Araitzko bailararen paisaia ere gomendatzen dizuet bisitatzea.

Baserriaren argia egur serietako hainbat obren irudi artistikoa

Gorritiren obrak 1

Baserriaren argia argilunean

Gorritiren obrak 2


Obra batzuen irudi artistikoa

Gorritiren obrak 3

Taoli txakurra

Taoli txakurra

Egurrezko obra egurrezko markoan

Gorritiren obrak 4

Tamaina txikiko obrak

Gorritiren obrak 5

Txalaparta serieko artelanak

Gorritiren obrak 6

Oihanaren bihotza serieko artelanak

Gorritiren obrak 8
----------
Permalink 12:03:23, Atalak: Poesia  

MUNDUAZ BI HITZ

Munduaren birika berdeak
hauts beltza bihurturik
urrezkoa den ur likidoa
zabor atomikoz beterik
eta animali basatiak
zoologikoetan sarturik.
Aiton amonek ez dute ezagutzen
zapaltzen duten zorurik
gaurko munduak ez baitu
jaio zirenen garaiko itxurarik
ez eta, telebistako dokumentaletan
agertzen denaren antzik.
----------

2006-06-07

Permalink 14:12:54, Atalak: Albisteak  

Hedabideak eta Internet amodio eta gorrotozko istorioa

Gaur egungo gizartea "Informazioaren Gizartea" da, munduko edozein txokotan gertakari nagusiren bat badago bere berri izango dugu instant batean. Egunkariak gertakariaren analisi sakona eta argazkiak agertuko dizkigu, telebistak irudi grabatuak eta ahotsa eta irratiak orduoro albistearen garapena eta gertakarien ahotsa. Baina Internetek minutuoro analisia, argazkiak, irudi grabatuak eta ahotsa eskaintzeko gai da. Hedabideen azkeneko iraultzak, ordea, ez du oraindik duen potentzial guztia garatu. Hala ere, beste hedabideek beldurra diote.

Internet agertu denetik egunkarien desagerpena iragarri dute askok. Prentsa da, hortaz, arrisku handiena somatu duena. Aldi berean, ordea, ez dago egun paperezko ediziorik ez duena edizio digital bat. Askok itxura ezberdina eta web orriak eskaintzen dituen baliabideak aprobetxatu dituzte (Berria adibidez) Internet etsai baino lagun moduan ikusten dutelako. Beste askok, ordea, egunkariko edizioa Interneten igotzeko baino ez dute erabiltzen, noski Interneterako zerbitzu konkretu batzuk gaineratuz baina oinarrian egunkaria kode binarioan baino ez dira (Deia esaterako). Bi ikuspegien arteko aldea ez da soilik formala, internautak ere gehiago jotzen dute web 2.0-a uztartzen duten prentsa edizio digitaletara webgune klasikoetara baino.

Bestetik telebistak ditugu, berriro ere ikuspegi ezberdinak uztartzen dituztenak. Alde batetik, telebistarekin lotura duten baina produktu autonomoak diren webguneak ditugu (ikusi eitb24.com) non infografikoak, atal bereziak, bideo pastilak... aurki daitezkeen beste batzuek katearen propaganda moduan erabiltzen dute nahiz eta baliabide batzuk erabili (telecincoren kasua). Berriro ere 2.0 vs 1.0 ikuspegiak.

Benetako iraultza informazio alternatiboan

Interneten benetako iraultza, ostera, ez da hedabide "ofizialetik" etorri, baizik eta hedabide alternatibotik. Sorreratik bertatik egon dira, potentzialaz oharturik, interneten informazio alternatiboa eta garatzen joan diren baliabide berriak uztartzen joan diren pertsonak,taldeak,gizarte mugimenduak... Horien "begi zorrotzari" esker eta Teknologia Berrien inguruan egin duten erabilerari esker ezagutu ditugu hedabide nagusiek ezkutatzen zituzten hainbat errealitate. Batzuk web 1.0an gelditu dira (indymedia sarea kasu) beste batzuek azkeneko aurrerapenak erabili dituzte (EZLN adibidez) eta lehenengo aldiz, hedabide pertsonalak sortu dira. Blogak eta blog komunitateak (blogari dugu adibidea euskeraz).

Blogen arriskuak

Azkeneko aurrerapena hedabideen inguruan blogek sorrera izan da. Komunikazio pertsonalaren boom-a da bloga, izan ere, informatikaz gutxi dakien baina informatzeko nahi handia duen pertsona bati hedabidea sortzeko aukera eman baitio. Testu idatzia izan, podcast-a izan edo bideoak izan, ciberkazetaria sortu da. Edozein izan daiteke gaur informatzaile, baina abantaila arrisku da aldi berean. Askok, hedabide nagusiek askotan egiten duten antzera, propagandarako baino ez baitute erabiliko.

Bestetik, erraztasunak eragin duen blogen kantitateak desinformatzea dakar. Gehiegizko informazioak ez baitu kalitatezko informazioa ikusten ahalbidetzen. Azken hori da ziberkazetariaren erronka nagusia, benetazko informazioa ezagutaraztea propaganda-informazioaz ezberdinduz.

Ziberkazetaritza iritsi da, abantaila eta arriskuekin. Baina informazioaren teknologia berri honek oraindik ez du dituen baliabideen potentzial osoa erakutsi.

----------
Permalink 13:07:15, Atalak: Irakasgaia  

Misterioaren espaziontziaren barna

Azken aldian, Cuatro telebista katean famatu egin den Cuarto Milenio programa misterioaren inguruko gaiak jorratzen ditu (mamuak, UFOak [Objektu Hegalari Ezezagunak]...). Aren aurrekari Ser katean ostiral eta igande gauetan Milenio Tres irratsaioa dugu, izan ere, bietan parte hartzen duten pertsonak berberak baitira. Espaziontziaren gidariak bi dira, bat gizonezkoa Iker Jimenez eta bestea emakumezkoa Carmen Porter. Bada, irratias eta telebistaz gain, lagun bi horiek Interneten ere paratu dute haien espaziontzia, Ikerjimenez.com.

Webgunea oso interesgarria da, bertan denetarik aurki daiteke, irratsaioen grabazioak, elkarrizketak, misterioaren inguruko erreportaiak, bideo pastilak... Hori da berezi egiten duena, teknologien aurrerapen guztiak webgunean sartu dituela misterioaren alde guztiak uztartuz. Irakurle/bisitarien partaidetza ere sustatzen du haiek bidalitako argazkiak argitaratuz.

Dena misterioaren menpe

Elementuak, banan-banan beste webgune askotan aurki daitezke agian hobeto uztartuak. Baina hainbeste elementu batzen dituen webguneak ia ez daude, hori da berritasunetako bat. Bestea, hori guztia misterioaren mesedetara jartzen duela. Misterioa kazetaritza ikuspegi serio batetik hartuta, inolako titular sentsazionalistarik gabe, misterioari ateak irekita utzita baina baieztapen kategorikorik gabe eta montaiak salatuz.

Hasieran, izenburuaren azpian hainbat atal daude, espaziontzi birtual honen barnean paseotxoa ematea ahalbidetzen dutenak:

  • Editoriala
  • Elkarrizketak
  • Erreportaiak
  • Albisteak
  • Multimedia: irratsaioen grabazioak, telebista saio batzuen grabazioak eta Google Earth-era lotura
  • Liburu gomendatuak
  • Denda birtuala
  • Gai baten inguruko Dossier bereziak
  • Harremanetarako helbidea

Bloga noizko?

Ikusten duzuenez denetarik du, portadari begirada azkar baten emanez zertxobait nahasia dirudi baina era berean erakargarria da (koloreen nahasketa, irudiak, letra tamaina ezberdinak... nahiko ondo kokatuta daude nahiz eta nahasgarria dirudien).

Espaziontziak baina beharrezkoa du nabigazio bitakora bat. Ez du egunero, edo behintzat aldian behin, eguneratzen den egileen blogik eta hori tamalgarria da. Nire ustez oso egokia litzateke haien gogoetak eta ikerketar jasotzen dituen bitakoren atala izatea (bat programaren partaide eta kolaboratzaile bakoitzeko) benetan interesgarria izango delakoan bainago. Bestalde, bitakora horiek eztabaidarako aukera emango lukete irakurle/bisitarien partehartzea handiagotuz. Foro tipiko baten ordezko egokia litzateke, nahiz eta Webguneak fororik ere ez izan.

Web 1.5 adiera emango nioke webgune honi, izan ere, web klasiko baten aurrean gaude baina aldi berean parte hartze minimo bat eta teknologia aurrerapen batzuk erabiltzen dituena (google video esaterako) baina ez da podcast bat nahiz irratsaioen inguruko grabazioak izan edota ez du RSS lotura egiteko aukerarik ematen. Horregatik Web 2.0-raino ez da iristen baina ez da Web 1.0 bat, erdibideko zertxobait baizik.

Hala ere, misterioaren jarraitzaileei gomendatzen diedan webgunea da dudarik gabe.
 

----------
Permalink 12:13:56, Atalak: Irakasgaia  

Tesia gora eta behera

Doktoregotza ikastaro batean sartzen zarenean, "ustez" Tesi bat egin nahi duzulako da. Nire kasuan hala da, gaiak hiru nituen buruan bueltaka:
  1. Bidasoaldeko Alardeetako genero gatazkak egukarietan izan duen islada
  2. Euskal Herriko Interneteko informazio alternatiboa
  3.  Fermin Muguruzaren irudia eguneroko prentsan
Buelta anitz eman ondoren, lehenengoa aukeratzea erabaki nuen duela aspaldi. Izan ere gaia oso "gertukoa" dut, Irundarra bainaiz. Gaiaz zeozer badakit eta egunkariak zertxobait jarraitu ditut. Bakoitzaren ildo editoriala zein izan den eta zergatk aztertzea beti izan da nire helburuetako bat eta Tesia da horretarako aukerarik paregabea. Horregatik azkenean Bidasoaldeko Alardeetako genero gatazkak egukarietan izan duen islada izango du tesiak izenburu.

Gaiaren inguruan izan ditudan hasierako hurbilpenak bide onean nabiltzala ondorioztatu dute. Izan ere, ezagutzen dut gatazkaren inguruko hainbat hurbilpen uztartzen dituen Bidasoaldeko Alardea: Herria VS Hiria  liburua koordinatu duen pertsonetako bat eta ideia ona zela esan zidan. Hortaz gain, gaia hainbat unibertsitateko irakasleei interesatzen zaiela jakin izan dut, gaia baino horren inguruko ikerketa egitearena alegia. Beraz, gaia egonkortuta ikerketaren oinarriak zeintzuk diren erabaki behar nuen, eta halaxe egin dut:

  • Denbora espazioa 10 urtekoa izango da, data biribila eta iaz bete zena (1996-2005).
  • Ikerketa hemerografikoa izango da batez ere, egunkariak
  • Agian Irungo kazetariekin elkarrizketak mantenduko ditut, haiek izan duten hurbilpena ezagutzeko
  • Egunkariaren atalak batez ere Gizartea eta Iritzia izango dira, baita agertzen diren argazkien kantitatea eta abar
  • Bi zatitan banatuko ditut egunkariak: alde batetik "lokalak" (Euskal Herrikoak) eta bestetik orokorrak (Espainiako egunkari nagusiak)
  • Egunkarietan azterketa kuntitatibo (albisteen kantitatea, argazki kantitatea...) eta kualitatiboa egingo dut (Iritziak, albisteetan adjektibazioa, alde biei ematen dieten tratamendua...)

Behin etxearen oinarriak zehaztuta, adreilu metodologikoa zehaztu eta egonkortu beharko dut ondorioen teilatura iritsi arte. Baina guzti hori etorkizuneko gauza da. Urte beteko ikerketan etxearen maketatxoa egingo dut, ostean Tesia Village lau urtez edo gehiagoz eraikitzen joateko.

Honen guztiaren inguruan informazio gehiago eguneratzen joango naiz  Tesiarentzako  prestatu dudan blogean.

----------

2006-06-01

Permalink 11:58:33, Atalak: Poesia  

DROGA

Infernuko autobidea
marrez eta pastilaz
markaturik
Ketamina bihotzean
eragiten duen
abiadaz
Joan eta etorriko bidaiak
infernura gehiago
hurbilduz
Bi hankatako gameluak
ibilbide luzearen
surtidore
Gazte gaztetik hasiz
zure lagunak
bidaide
Baina familia da
egoera horren
sufritzaile


Ezagutzen ditudan eta droga munduak harrapatu dituen lagunei eskainia. Ea noizbait zulotik ateratzen diren.
----------
Permalink 11:27:47, Atalak: Irakasgaia  

Loturen salda

Azkenaldian nahiko abandonatua izan dut nire bitakoratxo maitea, izan ere, gerrillarien antzera, momentu egokiaren zain egon naiz berriro oihanetik atera eta erasoak hasteko. Hau da, lana dela, doktoregotzan eskatutako lanak direla... denborarik ez dut izan egia esateko. Baina gaur aitzakia ezin hobea dut, izan ere, Palazioren ikasgairako hainbat lan egin behar ditut oraindik eta hau horren inguruko beste bat baino ez da.

Egin beharrekoa erraza, irakasgaiaren inguruko lotura interesgarriak aurkeztu. Bada bat baino gehiago baditut, batzuk irakasgaian zehar ikusitakoak eta beste batzuk nik nabigatzen aurkitutakoak.

Alde batetik argazkiak edota bideoak sarean jartzeko programak:

- Flickr argazkiak sarean

- Bideoa interneten

Kazetaritza lanean zabiltzala eta datuak edo hemeroteka behar duzula, ba beste bi webgune hauek oso erabilgarriak dira:

- Vizu nahi dituzun datuak, estatistikak edo galdetegiak kontsultatzea ahalbidetzen du.

- Internetarchive baldin eta web orrialdeen garapena ikusi nahi baduzu. Hau da, web hemeroteka bat.

Teknologia berrien inguruko informazioa nahi duzula? Ondoko orrialdeetara jo:

- Lifehacker

- Cnet

- Bestela Ibrujularen atal teknologikoa bisitatu edota El País egunkarikoa.

Adituek gai zehatz baten inguruan zer dioten jakin gura duzunean, hoberena About-era jotzea duzu.

Kode irekiko programak egin, ikusi, jaitsi edo landu eta garatu nahi badituzu, informatika afizioa baituzu. Bada hurrengo webgunean zu bezalako lagunak beren elkartrukerako gunea badute:

- Sourceforge

Baina zer da ziberkazetaritza? zeinek azaldu dezake horren ingurukorik. Hurrengo esteketan sakatu:


Chasqui
aldizkarian agertutako albistea irakurri. Edota,
Razón y palabra
hegoamerikako aldizkarian agertutakora jo.

Eta informazio gehiagorik nahiko bazenu, Interneten nabigatu (badaezpada flotadorea eta GPSa eraman).

----------

:: Hurrengo orrialdea >>

GERRILLARI KOMUNIKATIBOA

Kazetaritzan lizentziatua naizen aldetik, komunikabideen mundua dut ikergai. Baina hori baino gehiago izan nahi du blog hau, komunikazioaren oihanean dabilen gerrillari baten arma, betiko informazioa eta beste komunikazio erak landuz (poesia, gogoetak, liburuen kritikak, argazkiak...).

Harremanak

nire helbide elektronikoa

Flickr argazkiak
Nire argazkiak Flickr gunean

Sortzailearen profila

Nire profila eta kontaktua

Aritz Garate

gerrillari

Kontaktu formularioa

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Bilaketa

Blog hau sindikatu

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

free 
website stats program

powered by
b2evolution