O kilometroan hasi zen istorioa, Getariako kalean, izkina batean. Lehenengo zenbakiak eurotan kontatzen genituen. Kilometroek korrika egin ahala, euroak pisua hartu zuen, pesoa lekuko bihurtuz. Koloretakoak ziren guztiak, zuritik hasi eta beltzerainoko gama guztia osatuz. Dagoeneko Habana zaharreko kale ilun batean geunden.
Hasierako kilometroa hasia zen bere lehen koloretako fruituak ematen; mangoa, platanoa, guayaba, papaia, txirimoia, kokoa, naranja, piña eta abar…
1. Begirada bakarra goitik hasi eta beherainokoa, mami eta erliebe guztiak aztertuz. Txokolatezko tabletak, batzuk %100 kakaodunak, besteak esnearekin nahastutakoak.
2. Dantza egiteko ezinbesteko formula, kafea bientzat konpartitzeko une goxoa.
3. Trinidaden, hiru lagun bidaiari eta hiru trinitario. Margarita, Tomas eta Tomasito, hiru altxor etxepe berean, hiru doinu eta aide dantzara! Gau bakar bat hiru tragotan, ronaren beroak gorputzak kulunkan, hiru muxu masail berean eta bihar gosaritan dastatuko dugu elkar.
4. Laugarren kuadran, lau kuadratik behin CDR bat (Comité de Defensa de la Revolución), iraultzaren babeserako batzordea. Lau katu, lau, gauak bere altzoan kulunkatu nau.
5. Eremu berdean, Lucia eta Eduardok eduki nahi duten seme-alaba kopurua. Bost puntako izarra Che-ren txapelean. Paradisuko hondartzan postalak errealitate bihurtu zitzaizkigun. Egunerokotasun gordina, AEBetako bost presoak etxera, “Volverán” irakurtzerakoan.
6. Zaldi gainean, sei kilometroko gerri mugimendua prehistoriako hormairudietan barrena, txerri eta oilarren artean, koartzak begira eta idi parea lurra lantzen eguzki betean.
7. Auto-stop egiteko parada. Bideak aurrera jarraitzen du, eta zazpi ibilgailu asfaltoan biraka; kotxeak, kamioak, guaguak, bizikletak, karroak, idiak eta taxiak; kokotaxiak eta bizitaxiak.
8. Apirilak 8, Aberri Eguna Euskal Etxean, Vedadon. Trikitixa, panderoa eta bertsoak de-repentisten ahots artean. Beroa eta emozioa aterpe berean, sabroso!
9. Kontatu ezin diren hainbat kontu. Ondo hitzak ez du definitzen dena. ONDOk ez du esaten hondar zuriko hondartzetan ur gardena zein epela den, Pablo baserritarrarekin zaldian zein gustura ibili ginen gero garagardo batzuk edateko, Habanan katuak kolore guztietakoak direla, Kuban musikak amaitzen ez den errepide bat osatzen duela, aitona xarrek Gramma egunkari ofiziala garestiago saltzen dutela, eguzkiak uste baino errazago erre gintuela, mangoa eta platanoa ederki ezkontzen direla, baita naranja eta piña ere, euskaldunon gorputz-enborra salsarekin biguntzea posible dela, pertsonekin bi minutu baino gehiago egotea askoz ere emankorragoa dela, azkenean paradisura ere ohitu egiten garela, pozaren pozez malkotan urtu gintezkeela, que la revolución sólo puede nacer de un gran sentimiento de amor… Izan ere, oraindik motxila bizkarrean dugu, itzulera-bidaiko neke guztia soinean eta bizitako guztia zurrunbiloka buruan…
10. Alegia, ONDO baino HOBETO!
{Efekto erReiki, begiyak ezin ireki}