Babexa Getariako Dendari Elkarteak badu logotipo berria. Duela hilabete pare bat lehiaketa jarri zuen abian, euren irudia berritze aldera, eta jasotako ideien artean, Ane Azkue getariarraren proposamena hautatu dute. Irabazlearen izena atzo goizean eman zuten jakitera, Alondegian, eta jarraian, 200 euroko saria eman zioten irabazleari. Elkarteko kideek adierazi zutenez, «8 lan aurkeztu dituzte lehiaketara, eta horietatik bat aukeratzea ez da erraza izan».
Babexa Getariako Dendari Elkartea irudikatzen duen logotipo berriak herriaren irudia eta kolorea erabiltzen ditu. Irudia San Anton mendian oinarrituta dagoen marroi koloreko silueta bat da eta bere barrualdean, herriko merkataritza elkartearen izena dago. Egilearen hitzetan, «irudiak merkataritza elkartea babesten du».
Sari banaketaren ondoren, merkataritza elkarteko kideek Gabonetako hirugarren eta azken zozketa egin zuten. Zenbaki irabazlea 0320 izan da; Mari Nieves arraindegian emandakoa, hain zuzen ere.
{Efekto erReiki, begiyak ezin ireki}