Patxara…
Mihia lotsaren katetik askatzeko, hartu kristalezko botila bat eta patxaraz igurtzi el culo de botella gorri ilun koloreko basaran borobilez, banan-banan, patxara osoz. Ondoren ausardia elikatzeko, garrafaren barruko ur koloreko anisaren gozotasunarekin bainatu, patxaraz, boteilako basaran multzoa, ipurditik hasi eta leporaino iritsi arte, kanela zotz batekin afrodisiako bihurtuz. Kortxoaz estali lepoaren zuloa, anisaren usain gozoak ihesik egin ez dadin. Utzi botila leku ilun batean hiruzpalau hilabetez, hartu patxaraz egonaldia, eta ez ahaztu noizean behin emakume itxurazko gorputza buruz behera eta gora astintzeaz, basaranen goitibehera dantza bihurtuz. Gustuko zaporea lortzea da helburua. Dagoeneko hasierako pausoa eginda, zailena eta era berean garrantzitsuena, iritsi da benetako ordua. Edateko gogoa pizteko, ireki botilaren oztopoa, eta beste kristalezko ontzi batera irazi (filtratu) zapi bat erabiliz, basaranaren hondarra edalontzian geratu ez dadin. Sartu kafe ale bat likido gorrian.
Edan lehen tragoxka, zaporea eztarritik behera sentitu bihotzeko balbula martxan jarri arte. Orduan aurpegiko masailetan argi gorria pizten bada, txartel gorria, parranda gehiegi egin dituzu itxaronaldian, argi marroia pizten bada, zorionekoa zu, ondo egin duzu lana, urdina bada, bina-bina egin behar dituzu patxaran botilak, eta horia bada, txartel horia, alerta bizian zaude, tranpa asko egin dituzu. Dena dela, inoiz ez galdu Itxaropena. Noski, basaranaren kalitateak egiten du kalitatezko patxarana. Orain eseri patxaraz eta dastatu patxaranaren patxara. Mihia lotsaren katetik askatu, ausardia elikatu eta gogoa piztu, hori da sekretua, askatu estatxak!!
Hau izan da patxaranaren istorioa.
POSTALAK. 2007ko irailaren 22an, Matadeixen. Gariren ahotsetik.
Hitzez betetako postalak
Dohain askoren artean, Txuang Tzu ikaragarri iaioa eta abila zen marrazkiak egiten, eta egun batez, erregeak karramarro bat marrazteko eskatu zion. Txuang Tzuk horretarako sei urte behar zituela erantzun zion, eta etxe bat hamar zerbitzarirekin. Sei urteren buruan, marrazkia egiten hasi gabe zegoen. Beste zazpi urte beharko ditut, erantzun zion Txuang Tzuk. Eta erregeak onartu. Hala bada, hamahiru urte igaro zirelarik, Txuang Tzuk pintzela hartu eta, begien itxi-ireki batean, keinu bakar batez, karramarro bat marraztu zuen, sekula ikusi den karramarrorik perfektuena.
Horraino Italo Calvinok kontatu zigun ipuina, Euskaldunon Egunkariaren historia laburbiltzeko balio diguna, zeren hamahiru urte igaro baitira kazeta horren lehen aleak argitaratzen hasi zirela. Eta gaur egun, besteak beste musika, kontzertuak, Azken Portuko Taberna eta beste hainbat atal zituen Barkatu Ama! gehigarri erakargarriarekin zetorkigula, koloretsu, kasik perfektu, hara non jakin dugun Italo Calvinoren ipuina, hark jakin gabean, ez zela bere horretan amaitu.
Antza, erregea buruiritzia, bihozkabea eta harroa zen, eta luzeegi iritzi zion karramarroa marrazteko Txuang Tzuk behar izan zuen denborari; erregeak, bere ezjakintasunean, ez baitzuen sumatu ere egiten Txuang Tzuk zenbat lan, zenbat ahalegin eta proba egin behar izan zituen karramarro hura marrazteko. Antza, erregeari susmoa piztu zitzaion karramarro hura, hain perfektua izanik, ez ote zen aurrerantz ibiliko eta, hartara, bere erresumako ordenua eta ordenantzak itzulipurdikatuko. Hala bada, Txuang Tzuren marrazkia hartu, eta zati-zati egin zuen, eta bai marrazkilaria bai zerbitzariak giltzaperatu, hala nola egin berri duten Euskaldunon Egunkariarekin: egoitzetako ateak txiki-txiki egin, aleak birrindu, hamar zerbitzariak bortizki atxilotu.
Baina orain badakigu ipuina ez dela oraindik amaitu eta karramarroak, ziur gaude, aurrera egin dezakeela, aurrera egingo duela.
[ 2003ko neguan, egun batzuk lehenago itxi zuten Euskaldunon Egunkariaren aldeko ekitaldi batean irakurritako testua, Villabonan ]
Anari [ aingura hegodunak ]
erori banaiz ere, gorantz erori naiz
nola urazaleratzen diren arrainak hiltzean
oroimena da urperatzen nauen beruna
ametsa, berriz, gorantz naraman zama astuna
aingura hegoduna
erortzeko beldurrez garelako eusten diogu elkarri
oinez ikasi orduko, hegan ahantzi
zu zara orain urperatzen nauen beruna
beste dena, ordea, gorantz naraman zama astuna
aingura hegoduna
erortzen bagara ere, amets berriei helduz gorantz
erortzen gara. gorantz jaitsiko gaituen aingura
hegodunari... arrain hilak bagina, hondoratu ordez
urazaleratzen gara
2003ko negu hotz eta elurtu hartan, ordea, erori baginen ere, amets berriei helduz, gorantz erori ginen.
Sasoi hartan, negua lo gelditu zitzaigun oinetan, behelainotan, eta bihotzekin baino ez genuen ikusten, itsututa, amorratuta. Nahiz eta minak habiak egin zizkigun esku ahurretan, saiak baino hurbiltzen ez zitzaizkigun arren leihora, iraun egin genuen, elkarrekin.
Hasieran, bihotza galdu genuen nonbait kolpe hartan, eta ero moduan ibili ginen, baina ez behintzat galduta, noraezean. Bagenekien zein zen bidea.
Itsasoa idatzi nahi genuen basamortuan.
Zulo handi bat genuen hemen, bularraren erdian, nekez bete zitekeen zulo sakon eta iluna. Baina itxi zuten egunkari haren hitzak gogoratzen genituen memoriaren irratian, eta udaberria antolatzeari ekin genion.
Itsasoa idatzi behar genuen basamortuan.
Itsasoa zabaldu behar genuen leku guztietara.
Oinak hautsitako zaldi baten gainean, baina lanean hasi ginen, orain hemen, orain han, kolpe hartan galdu genuen bihotza paperezko izara berrietan aurkitu nahian. Eskuak amets haziz bete, eta amets berriak erein genituen ondarretan, eta zain geratu ginen, uzta jasotzeko zain, zerura begira, ilargi berotan zain…
Anari [ habiak ]
Negua lo gelditu zaigu oinetan behelainotan,
bihotzekin baño ez dugu ikusten, itxututa.
Miñak habiak egin dizkigu esku ahurretan eta
itsasoak gainezka begietan.
Argirik ez da sartu geroztik lehiora,
udaberririk ez dute somatzen lorak gurean,
txorien zai daramagun arren urtaro osoa,
saiak baño etzaizkigu hurbiltzen lekura.
Bihotza harri bihurtu zaigu, gogortuta,
goroldioa dugu lehen azala zen lekuan.
Desertua baño ez dut orain ikusten zure begietan
eta ibai lehorrak dira gure zainak.
Nahiz eta miñak habiak egin dizkigun esku ahurretan,
saiak baino hurbiltzen ez bazaizkigu ere lehiora,
goroldioa dugun arren gorputz osoan,
hemen iraungo dugu elkarrekin ilargi berotan zai,
zai,
zai,
ilargi berotan zai…
Gaur, norbaitekin besarkatu ditugun hiri eta lekuen postalak begiratzen ditugun moduan gabiltza, Urola Kostako Hitzaren zenbaki zaharrei begira. Baina ez nostalgia izeneko hotel baten leihoetatik begira egotea bereziki gustukoa dugulako. Ez. Egindako bideari so egin, eta oraindik ere aurrean ditugun erronkek babesa eta lagun berriak behar dituztela hausnartzeko baizik.
Euskaldunon Egunkaria itxi eta urtebetera aurkeztu genuen eskualdeko euskarazko egunkaria, Zarautzen. Txuang Tzu marrazkilaria kartzelan zuten oraindik, eta gogoan dut lore sorta eman geniola haren gurasoei, Gurutzeri eta Inaxiori. Euri asko egin du 2004ko otsailaren 20 hartaz geroztik. Eta 1.000 zenbaki eta 1 gehiago argitaratu ditu Urola Kostako Hitzak. 1.000 zenbaki eta 1 gehiago. Erraz esaten da. Albiste ederrekin batzuk, gertaera ilun eta tristeekin besteak, baina Azkoitian, Zarautzen, Azpeitian, Getarian, Zestoan, eta eskualdeko gainerako herrietan gertatu izan den guztia ahalik eta egokien biltzeko asmoarekin beti ere. Euskaraz, noski.
Ilun ez da dena ilun, leihotik begiratu, eta basoa berdatzen ikusi dugu denborarekin. Orain arte eguneroko prentsa euskaraz irakurtzeko ohiturarik ez zuen jende asko hasi da euskaraz irakurtzen Urola Kostako Hitzari esker. Badakigu, eta ezin dugu ahaztu. Antzeko erronka berriak baititugu datozen urteotarako. Euskarazko hedabideek eta komunikazio taldeek hamaika egiteko dugu oraindik, eta ahalegin horretan kalitatea, bidelagunen laguntza, eta helburuak argi izatea ezinbestekoa dugu.
Bide horretan, laster beste urrats bat egingo du Hitzak, baina iritsiko da hori ere. Izango dugu elkarren berri. Eskualde hau ere ederregia baita postalak hitzez betetzeko tentazioan ez erortzeko.
Nahiz eta oraindik, hitzez betetako gure postalak, ahulak diren euripean irauteko. Ahulak, hauskorrak, buztinezkoak…
Anari [ buztinezko bihotz ]
Bihotz, buztinezko bihotz,
etxe txiki bat zara, ahula, hauskorra, lau gelatako.
Bihotz, jauzitako bihotz,
ari zara intzirika, kexu zara, negar zara, oi bihotz.
Bihotz antzinako bihotz,
ez al zara zaharregi, eta ilun eta itsu, barregarri.
Ilun ez da dena ilun,
begira ezazu leihotik
ikus ezazu baso hori berdatzen.
Berde, zein berde daude, basoko garo zuhaitzak
zein ixil eta lasai arratsean.
Arrats, arrats hontan, baso
har ezazu nire bihotza
buztinetik sortua da
zu bezala...
Orain badakigu ipuina ez dela amaitu. Karramarroak, ziur gaude, aurrera egin dezakeela, aurrera egingo duela. Basamortuaren gainean itsasoa idatzi genion horretarako, buztinetik sortua, ahula, hauskorra, baina hazten, sendotzen, eta berdatzen ikusi duguna. Dagoeneko, ura amets hutsa baino gehiago da hemen. Udaberria iristen da orain postontzietara. Eta txoriak kableetan, gure hitzetatik zuenetaraino…
Hitzak sugeak bailiran lotzen zaizkigu, eta ezin askatu.
Hitzez beterik baititugu ametsak eta bihotza. Hitzez betetako postalak, egunero zuen habietan errotzeko. Eta pintzelak eskuetan. Eta marrazkilari berriak. Eta karramarroak bezala, atzera begira, aurrera egiteko gogoa. Atzoko suen hausterrek oraindik erretzen badute ere, segi aurrera. Ilargi berrien bila, elkarrekin beste mila gau eta bat gehiago konpartitu arte behintzat, zurekin, zuekin.
Zuen laguntzarik gabe, ezin baitugu eguzkia piztu. Zuen laguntzarik gabe, izozkiak izango gara. Badakizue…
Bandera trapu bat da, haizerik ez badabil.