2006-09-27
2006-09-18
Uda gogorra pasa ostean, parrandaz josita, irailarekin batera hasi nuen nire Ramadan partikularra, kirolez betea eta juergak alde batera utzita. Kirola egin, egin dut, baina bestea ezin izan dut alde batera utzi...
Baina gauza da pasa den astetik goizetan joaten naizela korrika egitera. Eta korrika egitean ohitura dut bidean gurutzatzen naizen jendea agurtzea. Goizez joan nintzen lehen egunean 40 urte inguruko tipo batekin gurutzatu nintzen. Agurtu nuen, eta harrituta geratu zen. Bigarren egunean nik agurtu eta berak agurtu. Hirugarrenean agurra nabarmenagoa egin zen, irrifar handi batekin bion partetik. Ostegunean jada komentario eta guzti: "Kontuz! Busti egingo haizela!". Egun oso euritsua izan zen osteguna. Ostiralean ez nuen iksi. Baina gaur goizean, obrak komentatzen egon gara bion artean!
Harrigarria da nola pertsuna batekin astebetez soilik gurutzatzea, eta jada aspaldidanik ezagutuko bagina moduan tratatzea. Egia esan ez dakit bere izena ere ez, baina erritmo hontan datorren astean afaltzera gonbidatuko nau!!
2006-09-14
Izenburu irakurtzen zaila jarri diot honi! Baina arrazoiez. Badira jada urte batzuk adsl lineak etxe ia guztietan daudela. Eta honek musikarengan eragin handia izan du dudarik gabe. Oraindik gogoratzen dut disko bat erosterako orduan sartzen zitzaidan zirrara. Askotan entzun baino lehenago liburuxka goitik behera irakurtzen nuen, ezin zelako edozein lekutan binilo bat edota CD bat ipini! Eta hau jartzean pare bat aldiz jarraian ere entzuten nituen denbara izanez gero.
Baina esan dudan moduan, gaur egun gauden informazioaren garaian gauzak asko aldatu dira. Talde berri bat ezagutu, eta zer musika egiten ezagutzeko disko bat erosi beharrean, p2p sareetan sartu eta diskografia osoa jeitsi dezakezun garaian gaude. Eta ona da, zeren eta inoiz baino musika mota ezberdin gehiagora heldu gaitezke. Gure buruak gehiago ireki ditzakegu. Baina badu bere alde beltza ere, askotan jeitsitako musika entzuteko aukerarik ere ez dugulako (denbora faltagatik, nahiz gogo faltagatik!), eta hor geratzen dira, ordenagailuko disko gogorreko izkina batean galduak, noiz entzungo zai. Horrek desbirtuatzen du musika gaur egin nire ustez. Ez zaiola duen garrantzia ematen.
Eta egia esan, ez da batere atraktiboa disko gogorrean bilatzen ibiltzea disko baten bila. Karpetaz karpeta, izenak irakurtzen... erlaxatu baino, estresatu egiten du. Akordatzen naiz ikastolan nenbilenean, nola nire anaiaren gelara joaten nintzen bera ez zegoenean (bestela jipoitu egiten ninduen!), eta han ibiltzen nintzen bere binilozko diskoen artean begira, ea zer entzun. Eta askotan diskoaren azalarengatik aukeratzen nuen. Askoz ere politagoa iruditzen zait musika aukeratzeko metodo hura.
Ba hau berriro lortzeko, ez dago zertan denboran atzera egin beharrik! Duela gutxi (pare bat egun, eta hemen izenburuaren gakoa!) atera da iTunes 7 musika entzuteko (eta ordenatzeko, erosteko, azalak ikusteko, bideoak, etab.) programa. Eta berrikuntzen artean, nabigazio mota berri bat: azalak ikusten! Niri behintzat garai haiek ekartzen dizkit gogora. Hemen uzten dut irudi bat nolakoa den ikusteko (klik haunditzeko!), eta mundu guztiari gomendatzen diot hau erabiltzea, benetan erraza baita, eta musika guztia oso ondo ordenatuta geratzen bait da.
2006-09-04
Aspaldi ez nuela herriko plazan kontzertu bat ikusten; ez herrikoan, ezta beste herriren batekoan ere! Baina lagun batek Uekekin jotzen duenez, ikusi beharra zegoen. Gaueko hamaiketan hasi zen kontzertua, gu oraindik ondoko parkeko taberna baten kafea hartzen geundelarik. Gu geunden lekutik sekulako burrundada soilik entzuten zen. Baina kafea sakratua denez, pare bat abesti berandu iritsi ginen kontzertura.
Plazara heltzean uste baino jende gutxiago topatu genuen. Beraz eskenatokitik nahiko gertu jarri ginen. Ueken ezer gutxi nuen entzunda. Abestiren bat edo beste. Ez da beste munduko ezer, baina gustora entzuten da. Kontzertuan kanta instrumentalak kanta abestuekin nahasten zituzten. Nik askoz ere gustorago entzun nituen instrumentalak, bakoitza bere instrumentuari ehuneko ehuna ateratzen. Zeren eta Keuk duen abesteko modua ez zait gustatzen, melodia gabea, denbora guztian ia tonu bera erabiltzen. Baterijoleak koruak egiten zizkionean ordea, a ze aldea! Ordu bete eskas jo zuten, eta zatitan ondo baina zatitan aspertu ere egin nintzen pixkatxo bat.
Eta Ueken kontzertua bukatzean etorri ziren barreak. Berri Txarrakentzat ekipoa prestatu bitartean jarri zuten musikak eman zigun aukera: Nat King Cole 50. hamarkadako Jazz abeslari amerikarraren gaztelerazko abesitak jarri zizkiguten! (Musika mota arraroetan murgilduta dagoen lagun batek ezagutarazi digu Nat King Cole uda hontan, kasualitatez...). Eta han ibili ginen poz pozik abesten (azento amerikarra jarriz noski): "quisas, quisas, quisas", "Aquellous Ohos Ferdes", "Ansiedad" (entzuteko utzi dut hemen) eta beste batzuk! A ze parreak. Gero gau erdi azento amerikarrarekin inglesez hitzegiten pasa genuen, azento beharrik behar izan ez genuen arte...



Zabaldu
Bildu
Twitter