Mezua: izuaren hitzak

2006-01-02

Permalink 19:37:53, Atalak: garronago, 487 hitz  

izuaren hitzak

Aurrera egin nahi, eta, ez erortzearren, bidea utzi, eta galdu. Silvio Rodriguez abeslari kubatarrak kantatzen zuen zuhurtziaren arriskuez, gogoratuko duzuenez. Zuhurtziaren eta beldurraren arteko tartea oso laburra da. Sarritan, zuhurtziaz jokatzen ari garelako sentimenduz obratzen dugu, eta, zinez, ikararen agindupean ari gara, izuaren izuz. Zuhurtziak joandakoaren baitan etorri daitekeena susmatzen uzten digu, bizirauteko xedean lagunduz. Ikarak, aldiz, joandakoaren oihartzuna biderkatu egiten du, Cervantesen liburuan legez, errotak erraldoi bilakatuz. Eta bizirauten bai, baina ez gaitu bizitzen uzten. Zuhurtziak tarteka burua zutitu eta bidearen bihurguneak ikusten uzten digu; ikarak, aldiz, zuhaitzaren atzean bizitzera kondenatzen gaitu, edota lurrean etzanda egotera, sustraietara gogorki helduta, aurpegia lokatzetan ezkutatuta.
Erroten haditasunak –ikarak– sentimenduak zein neurritaraino forma gabetzen dituen jakitea ez da erraza. Sentimenduak norberaren patrimonioa dira, norberaren jabetza, eta, urkoaren sentimenduaren hesia gainditzea beti da ezinezko. Saiatuko gara, atrebentziaz gehienetan, haien inguruko kabalak egiten, saiatuko gara asmatzen, saiatuko gara norberaren sentimendu ondaretik besteak senti dezakeena asmatzen, baina beti ariko gara alferrik. Psikologia ez da zientzia, esoterismoa da.
Bidean aurrera laguna lurrean etzanda, zuhaitzaren sustraietara helduta aurkitzen badugu, ordea, sentimenduak irudi bilakatuta ikusiko ditugu, eta, irudiak berak, hitzek baina gehiago azalduko digute. Izua gardena da, izan ere, eta halako irudi esanguratsuak erakusten dizkigu, horren argi eta ezkuta ezin.
Atxagaren ahotik, Atxagak esaten dituenak entzutea, laguna bide bazterrean etzanda ikustea bezalakoa da. Eta irudiak, esoterismoaz eta psikologia antzuaz at, gauza asko ulertzen utziko dizu.
Ez da kasualitatea. Euskal Herrian izua zoko guztietan dago. Autobusera igo eta txartela euskaraz eskatzeko lotsa ez da lotsa, izua da. Autoa hartzerakoan kontrolen beldurrez kartera miatzea, ez da zuhurtzia, izua da. Alacanteko taberna batean euskaraz ia ahapeka egitea, ez da diskreziaoa, izua baino. Izuak gure jokamoldearen ezaugarri asko menperatzen ditu, guk uste eta aitortu baino gehiago.
Izua duintasunez laguntzen dugunean bilakatzen da zuhurtzi. Duintasunik gabe izua etxe barrura sartutako txoria bezalakoa da: hegalak astinduko ditu ihesbidearen xerka, baina talka etengabea egingo du hormen aurka, leihoa aurkitu ezin. Izuak, esan dugun bezala, lurrera begira egotera kondenatzen gaitu, eta bidea non hasi zen, eta non amaituko den betiko ahaztera kondenatuko gaitu.
Atxagak, Lekuak liburuan, modu diskretoan, “ni”-aren aldarrikapena egiten zuen. “Gu” baino errazago menperatzen du, Atxagaren bihotzak, “ni”-a. Gizartean bizi denaren baitan beldurrak ahalmen birrintzailea badu, zer esan bakardadean bizi denaren barruaz…
Ostera, hitz egiteko beldurrik gabe, iraintzeko beldurrik gabe agertzen da izuak menperatutako gizonttoa, urkoarekiko ikuspegia galduta. Horrela mintzo da Atxaga bera. Zer esaten duen, eta nola esaten duen kontuan hartu gabe. Entzunda, badirudi, txerri bodarako bezala, hitz egiteko Atxagak bezperan hitzen ahoa zorrozten duela, ahalik eta kalte handiena eragiteko, urkoa –abertzaleak, azken batean– ahalik eta ondoen odolusteko.
Euskal idazle bat mikrofono arrotzen aurrean hitz egiten ikusten baduzu, atzerrian ere kaso egiten diotela entzuten baduzu, egizu kontu, seguru aski zure buruaren gainean gorotza botaka ariko baita. Horretarako jartzen dizkiote mirkofonoak, eta horregatik uzten dituzte bozgorailuak piztuta. Zure gainean loreak botatzeko balitz, mikrofonoen jabeek alde egingo lukete, Pancorbotik behera.
Zure buruan gorotza sentitzen baduzu, ez egin jaramonik: izuaren hitzak dira.

Erantzunak:

Bidaltzailea: Amelie [Bisitaria] · http://www.blogari.net/azkenportu
Hori dek hori! Zorionak blog berriagatik. Aurrerantzean hemen egingo diagu topo. Lehenengoa, txapa luzea, baina interesgarria! Atxagaren literatura ulertzeko izututa dagoen norbaiten literatura dela jakin behar dela aipatu zidan bere lagun handi batek. Eta gainera, agian hobe ulertzeko esaten diat... izu hura, guardia zibilek gauez etxera sartu ondoren anaia eraman ziotenetik omen zatorkiok...
Permalink-a mezu RSS 2006-01-02 @ 20:03
Bidaltzailea: Gabiria [Bisitaria] · http://www.eibar.org/blogak/gabiria
Aupa Lander!

Izenburu itzela blogerako eta kontuan hartzeko moduko testua inauguraziorako.

Emaik egurra han eta hemen. Eta segiduzak garro!
Permalink-a mezu RSS 2006-01-02 @ 20:47
Bidaltzailea: gorka [Bisitaria] · http://www.blogari.net/boligorria
Ni ere nahiko harrituta (ez dakit harridura den hitzik egokiena) geratu izan naiz Atxagarekin sarritan. Azkena Bertsolaritza Txapelketaren finalaren egunean Berrian kaleratutako elkarrizketan egiten zituen adierazpen batzuekin. Nahiko tonu ernegatua zerabilen batez ere politikaren inguruan ari zenean... Ez dakit, hala ere, izua ote den horren kausa edo hainbeste urteren buruan erreta bukatu duen mundu guztiarekin.
Permalink-a mezu RSS 2006-01-02 @ 20:51
Bidaltzailea: ptx [Bisitaria] · http://www.irratia.com
Garro egoteko moduan, noski!

Aupa Lander, blogaria zaren bitartean, ez duzu blogen kontra gehiagoko barik berba egingo, ez da txarra hori ere.

Idazle bezala, zutabegile bezala entrenatzeko modu txukuna izan daiteke bloga.

Hemen deskubrituko duzu, besteak beste, zenbat irakurle dituzun. Eta beraiekaz tratuan ibiliko zara. Baina gogoan izan, irakurlea norbera baino finago ibili ohi dela, kritikoa da, zalantzak ditu, gogor jotzen du, gogoeta eragin ezik paso egingo du zutaz....

Irakurlearen figura, inon ikusten bada, blogintzan da hori. Irakurle izatea beti da plazerra, orain plazerrago, garro!

Permalink-a mezu RSS 2006-01-03 @ 12:59
Bidaltzailea: Astrud [Bisitaria]
Azkenean letren artean idatzirik (pintzelkaden azpian margoturik, bertsoen arteko isiltasunean kantaturik) gelditzen da idazlea (margolaria, bertsolaria...) zer den, eta Atxagaren kasuan, ere bai. Izua mina da, horregatik dira literarioki interesgarriak bere lan batzuk. Baina izua izua da. Eta berak izuaren aurrean hartutako jarrera, izua artifizio literario gisa erabiltzea, tranpa da izu hori sentitzen ez dugunon begietara bederen. Ez gaude garenaz garro, baina ezta lotsaturik ere. Are gutxiago izuturik. Garenak gara.
Segi mihiari oztopoak kentzen, garrotasunez.
Astrud
Permalink-a mezu RSS 2006-01-04 @ 10:49

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small, img>


authimage

Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)

Azken erantzunak

eta garro nago!

Benetako larru jotzea, bestearen eskularrua nire gibelean, nire larru gorri hau bestearen giltzurrinean.

Iraila 2010
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
    1 2 3 4 5
6 7 8 9 10 11 12
13 14 15 16 17 18 19
20 21 22 23 24 25 26
27 28 29 30      

Sortzailearen profila

Nire profila eta kontaktua

lander garro

garronago

Kontaktu formularioa

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Bilaketa

Atalak


Estekak

    Blog hau sindikatu XML

    Zer da hau?

    Zure bloga eraman

    1. Bloga esportatu eta txt moduan gorde.
    2. blogariak.com-era joan Tresnak > Inportatu bidez zure blog berria informazioa ekarri.
    Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
    Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

    powered by
    b2evolution