Blog hau idaztea, lehen musua bezala izan da. Eman eta zorabioa, hanketan dardarra, zirimola sabelean. Enfin, ez nadin poetiko jar.
Kontua da, lagunok, nire blog hau Matrakaren web orrira eramatea deliberatu dudala, ez zalantzaren mingotsa pairatu gabe, eta ez trahizioaren zaporea sentitu gabe. Baina azkenenan erabakia ekidi ezina izan da.
Nire helbide berria, hortaz, hauxe izango da: www.matraka.info.
Han laister ikusiko garelakoan...!
Bakardadea da, agian, guztietan sentimendurik zitalena. Aukera ezazu sentimenduren bat kabroia, latza, barnean geltoki egiten tematzen den horietakoa, eta esadazu ez dagoela bakardadetik oso-oso gertu.
Gaur E-k ezkontza despedida dauka, Bilbon, eta etxean bakarrik geratu naiz. Atea itxi denean, nire barruan hain ezagun dudan sentimendu 'hori' urruntzen saiatu naiz, baina urruntzeko ahalegin txepel hori, deiadarra izan da. Uretan marrazoari ihes egiteko hankak astitzen dituena naiz, txiki eta ezagauz, dorpe eta harrapakin xalo.
E joan da, eta bakardadeak aurpegian ttu egin dit, hits.
Bakardadearen inguruan entzundako azken hitzak gogoratu ditut orduan. Atxagak esan zituen, pasa den astean, ETBn. "Nahiko bakarrik nagoela esango nuke", esan zuen. Harritu ninduen esaldiak, berotasunagatik, aitorpenaren larritasunagatik. Zer pentsatu jakin gabe egon naiz egun batzuetan. Atxagak gizon maniatikoa ematen du, hitz bakar bat alperrik askatzen ez duen horietakoa, hitz egiten duen guztietan elekeriz aritzeko egiten badu ere: elekeri hori neurtutako hitzez beteta egoten da.
Ez zen, gainera, poetaren bakardedade mirestua. Poeta, hein batean, gizon mirestua eta maitaua da. Poetaren hitzak hor egongo dira, zerutik zintzilik bezala, eta urteak pasatuta ere iraun egingo dute. Guggenheim eraitsiko dute, tranbia berriro ere kentzeko erabakia hartuko dute, eta poetaren hitzak hortxe egongo dira, ikusezinezko eta temati, gerlari. Arestiren mailua, esaterako, Izagirrek gure Basque's Harbour-aren alde egindako aldarrikapena, Sarrionandiaren ama leihotik begira, edota Axagaren beraren labezomorroak, zerutik amiltzen. Horiek denak gure artean izango dira beti. Horregatik liluratzen gaitu poetaren bakardadeak.
Atxagak aitortutako bakardadea, ordea, ez zen poetarena. Atxagak gaizki esaka aritu izanaren kontzientzia gaiztoa azaldu zuen bakardadea aitortzerakoan. Eta ez zituen bere alde daudenak gogoratu -eta badira zenbait dozena-. Ez. Bere aurka daudenak gogoratu zituen, eta horiek bere bakardadearen erantzule egin zituen, hauen aurkakotasunaren eragina aitortuz, eta, bide batez, aurkakotasun hori indar berrituz.
Gaur, Interneten, albiste deigarria irakurri dut -guretzako hil ala bizikoak eta erdaldunentzako txorakeriak diren horietako bat-: Atxaga euskaltzain izateko proposatu dute.
Lehenik Txillardegi etorri zait burura. Urteak euskararen inguruan ikertzen pasatuta ere, kargua nola ukatu zioten gogoratu dut, euskaltzaindiako kideek zein bidegabe jokatu zuten berarekin, eta, nola ez, euskaldun ororekin: gure hizkuntzaren akademiatik Txillardegiren jakintza baztertu izanagatik.
Atxaga gogoratu dut berriro. Zein interes eduki dezake norbaitek bere burua biluztuz, bere mamuak handituz, kamera aurrean negar egiteko? Hauxe: entzun behar dutenei mezua helaraztea. "Zein garesti atera zaidan egia esatea, zein bakarrik nagoen!".
Euskal Herria ez da Erroma. Eta badauka Atxagak, berriro ere, bere saria. Bejondeiola.
Gaur E-k despedida zuen. Bakarrrik geratu naiz. Atxagak ez daki zer sentitzen dudan, zer sentitzen dugun.
Norbait hiltzen denean, gauza positiboak bilatzen saiatzen gara. Esaten dugu bere itzala guretzako aterpe izango dela aurrerantzean. Utzitako arrastoak aurrera egiten lagunduko digula. Izango dela gida, itsas argi.
Heriotza gauza harrigarria da, ezin kalkulatuzko sufrimendua eragiten duena. Heriotzaren pare ezin da ezer ere jarri. Heriotza amaiera da, eta amaiera guztien paradigma. Heriotzaren ondoren, ez dago ezer ere.
Hildakoa, istripuz edo era naturalean hil ez, baina erailik hil denean, are eta garratzagoa suertatzen da horren ondorengo samina. Samina amorruarekin, ezintasunarekin eta gorrotoarekin nahasten da, eta, horiek guztiak, bidaikide zitalak dira bizitza bizi ahal izateko.
Zergatik? Zertarako? Eta orain, zer? Gauza guztiek bere arrazoi ezkutuak badituzte ere, gauza askoren arrazoiak behin eta berriro entzuteak ez gaitu asetzen, ez gaitu asetuko. Zergatik erail zuten Kotto? Zertarako?
Bakeaz hitz egiten dute –zuten–, baina gerraren hizkuntza baino ez dute ezagutzen. Hori da arrazoia. Baina ez gaitu asetuko, ez gaitu bizitzen lagunduko. Lagunduko gaitu gure lubakian ezkutatzen, lagunduko gaitu borrokatzen, baina ez gaitu asetuko. Inoiz ez.
Kotto ez zuten ezagutzen. Bazekiten ahul zegoela, hori da dena. Ahuldadea Euskal Herritar guztiak apur bat gehiago hiltzeko baliatu zuten. Hil ditzagun itxaropena. Egin dezagun erailketa handi bilakatuko den erailketa txiki bat. Kottori tokatu zitzaion, baina ez da Kotto aurrenekoa izan.
Adibidearen formula behin eta berriro erabili izan dute Espainian, beti ere modu ankerrean aplikatzeko. Hasieran, hilotz hutsa ginenean, euskaldunak ikurrina erakusteagatik hartzen zituzten preso. Ez zen euskaldun bakan horien aurkako politika, euskaldun horiek ordezkatzen zutenaren aurkakoa baino. Izenak ez du ajola, arrazoiak ajola ez duen neurrian. Ajola duena, horren egia da, horrek islatzen duen egi zati handia. Eta hori da isilarazi behar dena.
Kartzela mehatsua da. Beti izan da. Ez da gaizkileentzako etxe. Gaizkileentzako etxe balitz, kartzelak berak ez luke gaizkileen moduan jokatuko, orain arte artez egin duen gisara. Kartzela, zer da, bada, legez kanpoko erakunde handia ez bada?
Kartzelaren eta kaleko norbanako ‘gaizkileen’ arteko alde bakarra, hauxe da: zigor gabetasuna. Norbanako batek kartzela izango du helburu, kartzelak, aldiz, inpunitatea. Aldea ez dago izaeran, kondukta jakin baten ondorioetan baino. Nork egiten duen egiten duena, horra aldagaia, horra koxka.
Kartzela da boterearen karta markatua. Maukan gordetzen duen batekoa. Boterearen aurka guda eginez gero, beraiek jendaurrean arrazoiak azalduko dituzte, justizia eta giza legea aipatuko dute –Konstituzioa, kasu–, baina jukutriarik zikinena motz geratuko zaie, esandakoaz trufa egin eta legez kanpo jarduteko. Lehenik arerioa estigmatizatuko dute, gaizkilea dela esanez, erta gero gaizkileen moldez egingo dute beraien aurka, gaizkileen legeak ere txikituz, printzipio oro uzkitik sartuz.
Kotto ez zen hil, ez, erail egin zuten; erailtzeko, hori bai, bizkarrak ongi zainduz, neork heriotza horren truk ezer ere ordainduko ez duela bermatuz. Karta markatua.
Estatuaren legea da, demokraziatik at, legearen eremutik at, estoldetako manualak ezinhobe aplikatuz, ezoinhobe betez. Ez dezatela suizidioa aipatu ere egin.
Kottori legez zegokion kalean egotea. Zertarako hartu zuten gatibu? Zertarako eraman zuten Soriara? Sendatzeko? Erailtzeko!
Norbait hiltzen denean gauza positiboak bilatzen ditugu, aurrera egin ahal izateko, bizitza ez dadin biziraute hutsarekin lotu, nahasi. Zer esan daiteke? Kotto borrokalaria zen. Kotto gure barruan borrokalaria izango da beti.
Eta borrokatzea gauza handia da, ez duzue uste?
Harkaitz Canoren 'Neguko Zirkua' liburuaren harira idatzitako gogoetatxoa:
Iaz, Pasaian eta Donostian, Manifesta izeneko erakusketa sorta zabaldu zuten. Europar kutxuko ekimena zen, asmo eta helburu ilunekoa, ustelekoa. Erakusketa sortaren barruan, batek jo zidan begira, eztakitnongo argazkilari baten lanez osatutakoa. Olinpiar Jokoetan laugarren geratutako atletak ziren argazkietako protagonistak, marra zeharkatu ondoren loria eta ahazturaren artean geratutakoen erretratuak. Argazkiak txarrak ziren, eta, era berean, izugarriak. Olinpiar Jokoetan, hirugarrenaren eta laugarrenaren artean, gehienetan behintzat, ez dago segundu bakarra ere. Ozta bi zentimetro, hiru. Gimnasioaren zoru biguinean hanka bat milimetro eskas bat desbideratu izana, edota jauzi batean bizkarra apur bat makurtu izana, horra eztiaren eta ozpinaren arteko aldea. Ñabardura bat, detaile insignifikante bat.
Ordea, Olinpiar Jokoen ondoren, bata eta besteen arteko aldea, jatorrian segundu, edota zentimetrotakoa, amildegi bilakatuko da. Batzuek heroiak izango dira beraien herrialdeetan, eta beraien herrietako plazetan brontzezko pieza pisuak egingo dizkiete. Laugarrenei, aldiz, errukiz begiratuko diete. Zer moduz? Galdetuko diete auzotarrek –jatorrenek bakarrik–, eta ia erantzueko astirik eman gabe alde egingo dute, malkoen beldur, edota malkoen lotsaz. Noizbait, taberna ilunen batean atleta horrek, norbaiti ‘x’ urtean, ‘x’ proban, laugarren izan zela gogoraraziko dio, eskubiko eskuaz basoa helduz. Ia lortu nuen, esango dio. Edo, akaso, gezurra esango du. Akaso herriz aldatuko du, bere gezurrari bidea emateko asmoz. Hirugarren izan nintzen, brontzezko domina, esango du, aldarrikatuko du. Laugarrenaren eta hirugarrenaren arteko alde laburra, izan ere, berak baino hobe ez du inork ezagurtzen. Bere baitan, badaki, nolabait, domina dagokiola, domina hura merezi izan zuela. Bere lepoan domina sentitzen du, ‘x’ proba horretan metalezko altxorra ukatu zitzaion arren. Podiuma, beraz, berea da; zergatik ez? Nork oka diezaioke lasterkari horri egindako esfortzuaren ondoren horrelako konfusio txiki bat? Zeini egiten dio kalte?
Nik, gogoeta hau, ez nuen erakusketa egiterakoan egin, Harkaitz Canoren liburua irakurtzerakoan baizik. Canoren lana deskubritzerakoan, tira, pentsatu nuen, han, mundua deitzen dugun horretan bada lehen begi kolpean ihes egiten digun zerbait, eta zerbait horretan egongo da, agian, beti bilatu izan dugun alde interesgarri eta ezkutu hori.
Literaturak ez du deus aldatzen, esaten zuen Sarrionandiak. Literaturak ez ditu mendiak mugitzen. Ozta balio du ezertarako. Baina literatura, ona denean, zerbait aldatzen du irakurlearen baitan. Canok oso argi dauka literaturaren ahalmen txiki eta bikain hori. Noizbait, izan ere, bizitzaren lasterketa luze honetan laugarren izan garela deskubrituko dugu, eta orduan, beste begirada horren beharra benetakoa dela deskubrituko dugu. Sikiera gure buruari gezurra esateko izango bada ere.
E-rekin izan nintzen Donostian, O-rentzako eta N-rentzako kulero pare bat erosteko asmotan. Jendea batera eta bestera, poltsaz zamatuta, astoak bezala. Eguberrietako "dindandon" madarikatua, "txintxin" soil bilakatuta, batere erakargarritasunik gabe dagoeneko, batere egiarik gabe. Fnac ondoko denda batean aurkitu genuen bilatzen genuena, eta E-k, beti bezala, kuleroak eskutan, egokienak zein ote ziren itaundu zidan: "Zein hartzen dugu?", galdetu zuen. Kulero denda inpernu bilakatu zitzaidan: "Hartu zuk gustokoen duzuna, arren, ez niri gauza inkonprensiblerik galdetu", erantzun nion. Ez zuen ulertu, ez nau ulertzen, ez gaituzte ulertzen. Kulero denda barruan, denbora izoztu zen, E-k mehatsukor begiratu ninduen. Gaur egungo denda fashion guzti horiek, galimatias hutsak dira niretzako. Sartu orduko horditzen naute, itsutu. Ez arren niri begiratzeko galdetu, masa bat baino ez baitut ikusten. Zer da guzti hori? Zergatik dago horrenbeste arropa? Zergatik dabil horrenbeste jende? Mundu guztia ote dabil kuleroak erosten? E: "Zergatik erantzuten didazu 'horrela'?". Amaitu da, amildegia handitu da, arrazoiketa ezinezko izango da.
Mafaldaren marrazkiz apainduta kulero parea erosi genituen O-rentzako eta N-rentzako, eta Ez dakit, zinez, muduko kulerorik politenak, edota munduko kulerorik txepel eta infantilenak ote diren.
Dendatik atera ginen, eta kalean poltsak dantzan, jendea batetik bestera, ziztuan, Zara, Bershka, Minimil, Homless: zergatik ez dut ezer ere ulertzen?
:: Hurrengo orrialdea >> Azken erantzunak
Benetako larru jotzea, bestearen eskularrua nire gibelean, nire larru gorri hau bestearen giltzurrinean.
| Ast | Ast | Ast | Ost | Ost | Lar | Iga |
|---|---|---|---|---|---|---|
| << < | > >> | |||||
| 1 | 2 | 3 | 4 | 5 | ||
| 6 | 7 | 8 | 9 | 10 | 11 | 12 |
| 13 | 14 | 15 | 16 | 17 | 18 | 19 |
| 20 | 21 | 22 | 23 | 24 | 25 | 26 |
| 27 | 28 | 29 | 30 | |||
