2009-03-22

Permalink 14:19:34, Atalak: filologia, eztabaida  

Euskara batuaren auzia

-
Martxoaren 13an Mikel Hernandez Abaitua idazleak euskara batua eta dialektoei buruzko bere iritzia argitaratu zuen erabili.com-en. (Irakurtzeko egin klik hemen).

Ulertu dudanez, euskara batua finkatu zenean euskalki batzuei (gipuzkerari, zehatzago esanda) garrantzia gehiago eman zitzaien eta beste batzuk (Bizkaiera eta Zuberera, adibidez) baztertu egin ziren Hernandez-en ustez. Horregatik, bizkaitarrek ikaragarrizko ahalegina egite dute batua ikasteko <<Baina gainerako guztiok zer egingo genuke halako batean esango baligute Bermeoko edo Altzürüküko euskaraz berba egiten eta izkiriatzen ikasi behar dugula?>> galdetzen du Hernandezek.

Gainera, zalantzan jartzen du euskalki guztiak protoeuskara batetik datozela eta galdetzen du ea ez liratekeen Bizkaiera eta Zuberera hizkuntzatzat hartu behar, gainontzeko euskalkietatik oso desberdinak direlako eta, Bizkaieraren kasuan, azpieuskalki asko dituelako.

Hernandezek ateratzen duen ondorioa da euskalkiak aberastasuna direla eta euskara batuaren mesedetan hauek galtzen badira altxorra galduko duela Euskal Herriak.

---

Mikel Hernandezek hau irakurriko balu noizbait, Koldo Zuazoren Euskara Batua, Ezina ekinez egina (2005) irakurtzea gomendatuko nioke, bertan aurki baitezake  euskalkien eta euskara batuaren gaineko informazio zabala eta oso erraz irakurtzen eta ulertzen baita guztia.

Hasteko, gogorarazi beharko litzateke dialektoak Euskal Herri zatitu baten isla baino ez direla Erdi Aroan gertatutako zatiketaren ondorioa. Euskal Herria zatituta zegoen Erdi Aroan eta, gainera, zati bakoitzean erdara bana zen nagusi. Horrez gain, zati batzuetakoek ez zuten hartu-eman nahikorik beste zatietakoekin. Lehen esan bezala, hauek izan ziren euskara dialekto askotan apurtzearen arrazoiak. Honek, euskara zeregin jasoetarako baztertzea ere ekarri zuen eta baita euskaldun guztiok batak besteari ulertzeko eredu bat eta bakarra ez izatea. Aspaldi jabetu ziren horretaz euskal idazleak: Leizarraga, adibidez, Testamentu Berria itzultzen hasi zenean (XVI.mendeaz ari naiz), baita Garibai (XVI.m) eta Axular (1643) ere eta denek ikusten zuten euskara batu baten beharrizana beraien lanak Euskal Herri osora iristea nahi bazuten, behintzat. Beraz, zergatik emango dugu orain pausu bat atzera?
Gainera, hizkuntzak aldatuz joaten dira denboran zehar, beraz, ez genuke euskalkien "eboluzioa" oztopatu behar eta euskalkiak euskara batuaren eraginez aldatzen badoaz, are gutxiago, hori batasunaren alde emandako pausoaren isla delako. Euskaldunak behar duena kontzientzia aldaketa bat da.


Bestalde, Bizkaiera eta Zuberera ezin daitezke hizkuntzatzat hartu, euskalkien arteko desberdintasunak uste baino txikiagoak direlako eta, gainera, desberdintasun gehienak lexiko kontua baino ez direlako. Horrez gain, ez du zentzurik euskaldunei Bermeoko edo Altzürüküko euskaraz hitz egiteko eta idazteko eskatzea, hizkera jakin batek jendartean arrakasta izateko 4 baldintza bete behar baititu (in Zuazo, 2005:33):

1.-Demolinguistikoa: ahalik eta hiztun kopuru hazienak erabiltzea. Altzürükük. 2006an 254 biztanle baino ez zituen)
2.-Sozioekonomikoa edo hizkera hori zabaltzeko azpiegitura egokia izatea: herri haziak, besteak beste. (Nik dakidala, Altzürükü herri oso oso txikia da eta Bermeo ere ez da oso handia)
3.-Soziolinguistikoa, alegia, prestigioko hizkera izatea. (puntu hau eztabaitatu daiteke)
4.-Linguistikoa, hiztun guztiendako ez bada ere, gehienendako, behintzat. ulerterraza eta ikasterreza izatea.

Gipuzkerak oinarri guzti hauek betetzen zituelako oinarritu zen euskara batua euskalki honetan. Gainera, inork ez du esan euskalkiak baztertu egin behar direnik, baina esparru batzuetarako beharrezkoa dugu euskara batu bat, euskaldun guztiok zailtasunik gabe ulertuko dugun euskara ba. Beraz, komenigarria da euskalkiak eguneroko jardunerako uztea eta ahalik eta gutxien sartzea Euskal Herri osoarentzako diren komunikabide eta esparruetan.

Euskalkien alde itsu-itsuan egiteak euskaldunon bereiztea dakar!
----------

2009-03-21

Permalink 16:42:21, Atalak: filologia  

Veleiaz eztabaida jendaurrean

-

Herenegun Joakin Gorrotxategi filologoa, Javier Velaza epigrafista eta Koenraad Van den Driessche geologoa Bartzelonako Euskal Etxean bildu ziren Veleiaz lehen aldiz jendaurrean eztabaidatzeko.


Hona hemen gaurko Berrian eztabaida honetaz agertu diren ideia nagusiak :

 

 

Gorrotxategik, argudio ezagunak errepikatu zituen: J hizkia ezinezkoa dela; komak daudela, Pluton, horrela idatzita, espainieraz bakarrik uler daitekeela; Ramses edo Nefertiti III.mendean ez zirela horrela idazten edo ezezagunak zirela; gaur egungo iruditegia dagoela…Euskarazko idazkiei dagokienez, berdin. « Inskripzio bakoitzak argudio bat baino gehiago dauka faltsuak direla frogatzeko. »

 

 

Koenraad Van den Driessche geologoak dioenez, Veleiako indusketa lanetan «ebidentzia geologikoak ukatu dituzte. Bertan ez zegoen datazioetan aditutako inor. Bitxia da». Honen ustetan, badira hainbat metodo piezen datazioa ziurta dezaketenak. Horien artean, erradiazioaren kutsadura neurtzen duen zesio 137ren froga, edo arrastoen barruan geratutako hondarraren ikerketa. «Sedimentologo on batek gehiago aza lezake txosten filologoek diotena»

 

 

 Baina Javier Velaza izan zen, dudarik gabe, ekarpen berriena, argudio epigrafiko sorta eman zuelako idazkunak faltsual direla frogatu nahian. Irizpide epigrafikoen artean, azaldu zuen Iruña-Okan agertutako ostraken idazkunetan hitzen arrastoek konkrezio zaharrak, hau da, denboraren markak ebakitzen dituztela. «Arrastoak, beraz, berriak dira».

Irizpide paleografikoen artean, Gorrotxategik azaldutako zalantza berdinak nabarmendu zituen Velazak, hau da, J, U edo Y hizkien presentzia; minuskulak –«erromatarrek ez zituzten erabiltzen»– , edo puntuazio zeinuak, esaterako komak. Hizkuntz irizpideei dagokienez,  hainbat adibide eman zituen. «Erabakigarriena, cuori, hitz hori egungo italieraren bidez soilik uler daitekeelako. ». Adibide historiko eta kultural ugari eman zituen, orobat. RIP laburduraren «ezintasun teologikoa», esaterako.

 

----------

2009-03-20

Permalink 16:51:23, Atalak: filologia  

Veleia vs. Akitania

Blog honetan, Elexpuruk egindako Veleiako euskal lexikoen zerrenda bat agertzen da.

 

Gure ikuspuntutik, interesgarria izan daiteke Akitaniako euskarazko izkribuekin konparaketa bat egitea.

 

Azken finean, Veleiako izkribuak (benetakoak badira) zein Akitaniakoak (benetakoak dira) garai beretsukoak dira. Akitaniakoak k.o. I. II. eta III. mendekoak dira eta Ipar Euskal Herria, Akitanian, Nafarroan, Gipuzkoan, Araban eta Zaragoza inguruan agertu ziren. Hauen gainean, lan bikaina egina dauka Joakin Gorrotxategik: el estudio sobre la onomástica indigena Aquitana.

 

Ikuspuntu fonetiko batetik begiratuta bakarrik, kontraesan handia erakusten dute Veleiakoek Akitaniakoekin konparaturik: Veleiakoetan <h> bakarra dago, Akitanian maiz agertzen da; <s/z> bereizketa dago Veleian, Akitanian ez. Akitanian, afrikatuak egiteko (<ts>, <tx>, <tz>) xs, ss eta x erabiltzen zuten eta askotan agertzen dira, Veleian afrikatu bakarra dago eta tx agertzen da.

 

 

Kontraesan hauek faltsuak direla froga al dezakete?

----------

2009-02-15

Permalink 12:56:27, Atalak: filologia, eztabaida  

Eztabaidak jarraitzen du

Aurreko igandean Urtzi Regueroen artikuluaren erantzunaren berri eman genuen hemen.

Dirudienez, eztabaidak aurrera jarraitzen du, gaurko Tolosaldeko Hitzan Urtzi Regueroren erantzuna agertzen da.

Hemen ere, Urtzi Reguerori idatzitako erantzuna irakur daiteke.

Eta galdera da, merezi du eztabaida honekin jarraitzeak?
----------

2009-02-08

Permalink 11:54:17, Atalak: filologia, eztabaida  

Latina gazteleraren ama?

Duela gutxi Urtzi Reguerok bidalitako artikulu bat argitaratu genuen hemen. Artikulu honen inguruko eztabaida piztu da sustatu.com-en.

Artikulu hau, lehen aldiz Tolosaldeko Hitzan agertu zen. Gaur egunkari honetan bertan Agiñalde Kultur Elkarteko kide den Angel Aranburuk erantzun luze bat argitaratu du Latina Gazteleraren ama? izenburupean.

Izan bedi ongi etorria euskarari buruzko eztabaida hau!


----------

:: Hurrengo orrialdea >>

filokolarpea

euskaraz euskarari buruz. Literaturari, hizkuntzalaritzari eta beste hainbat konturi buruzko bloga

Sortzailearen profila

Nire profila eta kontaktua

filokolarpea

Kontaktu formularioa

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Bilaketa

Blog hau sindikatu

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

free 
website stats program

powered by
b2evolution