Martxoko mezu batean iragarri nuen liburua kaleratu berri da:
Bernhard Hurch hizkuntzalari austriarrak prestatutako
Wilhelm von Humboldt. Schriften zur Anthropologie der Basken (Paderborn: Schöningh, 2010).
Jakina denez, Euskal Herria eta euskara izan ziren
Wilhelm von Humboldten aztergai nagusietarikoak. Liburu honetan Humboldtek
Euskal Herrira egindako bidaien ondoren idatzi zituen zenbait lan argitaratu ditu Hurchek, haietariko bakoitza hitzaurre eta ohar argigarriez lagundua. Liburuan bildutako lanak ezinbestekoak dira
XIX. mende hasierako Euskal Herria ezagutzeko, orduko geografia, gizartea, kultura, bizimoduak, etab. ederki islatu baitzituen Humboldtek bere idatzietan. Gainera, jatorrizko bertsioa eskura izatea ere oso baliagarria da Humboldten euskal lanez interesa duen ororentzat, orain arte eskura izan ditugun zenbait itzulpen ez direlako oso fidagarriak izan (bereziki
Justo Garaterenak, egia esan).
Martxoko mezuan esan bezala, orain argitaratu den liburu hau hiru liburukitatik lehenengoa da. Beste bietan Humboldtek
euskarari buruz idatzi zituen lanak aterako dira.

Hurchek liburuari egindako
sarreran, Humboldten euskal testuak xeheki aurkezten ditu eta edizio-proiektuaren berri ematen du.
Hauek dira lehenengo liburuki honetan argitaratu diren Humboldten
euskal lanak:
- "Ankündigung einer Schrift über die Vaskische Sprache und Nation, nebst Angabe des Gesichtspunctes und Inhalts derselben": Lan honetan, Humboldtek euskararen eta Euskal Herriaren gainean burutu nahi zuen (eta inoiz amaitu ez zuen) monografia iragartzen du.
- "Cantabrica im Wagen": Euskal Herrira egindako lehen bidaiaren (1799) kronika laburra. Kontatzen duen ibilbidean Donibane Lohizune, Oiartzun, Tolosa eta Gasteizentik pasatu zen.
- "Die Vasken, oder Bemerkungen auf einer Reise durch Biscaya und das französische Basquenland im Frühling des Jahrs 1801 nebst Untersuchungen über die Vaskische Sprache und Nation, und einer Darstellung ihrer Grammatik und ihres Wörtervorraths": Behin baino gehiagotan gaztelaniara itzuli da. Bigarren bidaiaren (1801) kontakizun luzea da, izenburu osoan esaten duen bezala, euskal gramatika eta lexikoari buruzko oharrak ere ematen dituelarik.
- "Tagebuch der baskischen Reise 1801": hots, 1801eko bidaiaren egunkaria. Hasieran, egunez egun non egon zen zehazten duen taula bat sartu zuen. Hurchen edizioak Humboldtek eskuizkribuan egindako irudiak tartekatzen ditu.
Gainera, liburuak
zenbait eranskin ditu:
- "Gespräch mit Xabier Eguia, Marques de Narros aus Azcoitia in Guipúzcoa": Hurchen aurreko oharrak argitzen duenez, ziurrenik Humboldten solaskidea ez zen Xabier Egia izan, Joaquín Egia baizik, eta elkarrizketa Gasteizen izan zen, ez Azkoitian.
- "Liste von Kontaktpersonen im Baskenland": Humboldtek berak prestatu zuen pertsona-zerrenda hau, Euskal Herrirako bidaian ezagutu zuen jendea lekuaren arabera sailkatuz. Bitxikeria gisa, zerrenda bi zutabetan antolatuta dago: ezkerrekoan gizonezkoak eta eskuinekoan emakumezkoak agertzen dira.
- "Orts- und Sachliste mit Verweisstellen": Toponimoen eta bestelako gauzen zerrenda honetan, Humboldtek 1801eko egunkariari egiten dioten erreferentziak gehitu zituen.
- "Briefe an Caroline von Humboldt von der Baskenreise 1801": Emazteari idatzitak gutunak.
Liburuaren amaieran bibliografia, erabilitako laburtzapenen zerrenda, eta izenen eta leku-izenen aurkibide bana datoz.