Atala: Filologia

2010-10-09

Argitaratu da Humboldten euskal lanen lehen liburukia

Martxoko mezu batean iragarri nuen liburua kaleratu berri da: Bernhard Hurch hizkuntzalari austriarrak prestatutako Wilhelm von Humboldt. Schriften zur Anthropologie der Basken (Paderborn: Schöningh, 2010).

Jakina denez, Euskal Herria eta euskara izan ziren Wilhelm von Humboldten aztergai nagusietarikoak. Liburu honetan Humboldtek Euskal Herrira egindako bidaien ondoren idatzi zituen zenbait lan argitaratu ditu Hurchek, haietariko bakoitza hitzaurre eta ohar argigarriez lagundua. Liburuan bildutako lanak ezinbestekoak dira XIX. mende hasierako Euskal Herria ezagutzeko, orduko geografia, gizartea, kultura, bizimoduak, etab. ederki islatu baitzituen Humboldtek bere idatzietan. Gainera, jatorrizko bertsioa eskura izatea ere oso baliagarria da Humboldten euskal lanez interesa duen ororentzat, orain arte eskura izan ditugun zenbait itzulpen ez direlako oso fidagarriak izan (bereziki Justo Garaterenak, egia esan).

Martxoko mezuan esan bezala, orain argitaratu den liburu hau hiru liburukitatik lehenengoa da. Beste bietan Humboldtek euskarari buruz idatzi zituen lanak aterako dira.

azala


Hurchek liburuari egindako sarreran, Humboldten euskal testuak xeheki aurkezten ditu eta edizio-proiektuaren berri ematen du.

Hauek dira lehenengo liburuki honetan argitaratu diren Humboldten euskal lanak:
  • "Ankündigung einer Schrift über die Vaskische Sprache und Nation, nebst Angabe des Gesichtspunctes und Inhalts derselben": Lan honetan, Humboldtek euskararen eta Euskal Herriaren gainean burutu nahi zuen (eta inoiz amaitu ez zuen) monografia iragartzen du.
  • "Cantabrica im Wagen": Euskal Herrira egindako lehen bidaiaren (1799) kronika laburra. Kontatzen duen ibilbidean Donibane Lohizune, Oiartzun, Tolosa eta Gasteizentik pasatu zen.
  • "Die Vasken, oder Bemerkungen auf einer Reise durch Biscaya und das französische Basquenland im Frühling des Jahrs 1801 nebst Untersuchungen über die Vaskische Sprache und Nation, und einer Darstellung ihrer Grammatik und ihres Wörtervorraths": Behin baino gehiagotan gaztelaniara itzuli da. Bigarren bidaiaren (1801) kontakizun luzea da, izenburu osoan esaten duen bezala, euskal gramatika eta lexikoari buruzko oharrak ere ematen dituelarik.
  • "Tagebuch der baskischen Reise 1801": hots, 1801eko bidaiaren egunkaria. Hasieran, egunez egun non egon zen zehazten duen taula bat sartu zuen. Hurchen edizioak Humboldtek eskuizkribuan egindako irudiak tartekatzen ditu.
Gainera, liburuak zenbait eranskin ditu:
  • "Gespräch mit Xabier Eguia, Marques de Narros aus Azcoitia in Guipúzcoa": Hurchen aurreko oharrak argitzen duenez, ziurrenik Humboldten solaskidea ez zen Xabier Egia izan, Joaquín Egia baizik, eta elkarrizketa Gasteizen izan zen, ez Azkoitian.
  • "Liste von Kontaktpersonen im Baskenland": Humboldtek berak prestatu zuen pertsona-zerrenda hau, Euskal Herrirako bidaian ezagutu zuen jendea lekuaren arabera sailkatuz. Bitxikeria gisa, zerrenda bi zutabetan antolatuta dago: ezkerrekoan gizonezkoak eta eskuinekoan emakumezkoak agertzen dira.
  • "Orts- und Sachliste mit Verweisstellen": Toponimoen eta bestelako gauzen zerrenda honetan, Humboldtek 1801eko egunkariari egiten dioten erreferentziak gehitu zituen.
  • "Briefe an Caroline von Humboldt von der Baskenreise 1801": Emazteari idatzitak gutunak.
Liburuaren amaieran bibliografia, erabilitako laburtzapenen zerrenda, eta izenen eta leku-izenen aurkibide bana datoz.
----------

2010-08-21

Permalink 16:58:23, Atalak: Filologia, Argitalpenak  

Erromantzeen bila. D. Catalánen "El archivo del Romancero" sarean

Uztailaren hasieratik Romancero de la Cuesta del Zarzal blogean Diego Catalán zenaren El archivo del Romancero, patrimonio de la humanidad. Historia documentada de un siglo de historia lan liluragarria argiaratzen ari da, zatika.

Lana liburu gisa kaleratu zen 2001ean, bi liburukitan, Ramón Menéndez Pidal Fundazioak argitaratua. Liburuan kontatzen da zein lan egin zuten Menéndez Pidal eta Maria Goyri senar-emazteek Espainian zehar, eta Espainiatik kanpo ere, erromantzeak jasotzen eta aztertzen. Halaber, Menéndez Pidal familiaren ukitu biografiko ezin interesgarriagoak eskaini zizkigun Diego Catalánek, dokumentazio aberatsa erabiliz. Interes berezia dute blogean erantsi diren garai hartako argazkiek eta agiriek.

Diego Catalán filologo bikaina Ramón Menéndez Pidal hispanistaren biloba izan zen, baita honen izena daraman Fundazioaren buru ere, 2008an hil arte.

Dagoeneko liburuaren aurkezpena eta hamazazpi kapitulu argitaratu dira. Hamaikagarren kapituluak Menéndez Pidalek 1921ean Gernikako neska batzuei bildu zizkien kantuen berri ematen du.

Uda honetako irakurgai gomendagarria filologiaz eta herri literaturaz interesa duen ororentzat.

Lotutako sarrera:


R. Menéndez Pidal eta M. Goyri eztei-bidaian, Cid-en ibilbidea eginez
[cc-by-nc-nd - Romancero de la Cuesta del Zarzal]
----------

2010-07-29

Hiru artikulu utzi ditut Artxikerren

Nire hiru artikulu utzi berri ditut Artxikerren, denon eskura:
----------

2010-07-10

Lazarragari buruzko uda ikastaroaren kronika antzeko zerbait

FiloBlogian iragarri nuenez, uztailaren 7 eta 8an "Lazarraga, XVI. mendeko autore berria" uda ikastaroa izan da, UPV/EHUko XXIX. Uda Ikastaroen barnean.

Monumenta Linguae Vasconum ikerketa-taldearen asmoa da ikastaroan aurkeztu ziren materialak (PowerPoint aurkezpenak, laburpenak, esku-orriak, etab.) ahal den lasterren bere webgunean denon eskura jartzea.

Hurrengo lerroetan ikastaroan azaldu ziren gai eta arazo nagusiak laburbildu nahi ditut. Aldez aurretik barkamena eskatzen diet hizlariei beren hitzaldien laburpen egokia eman ez badut, ohar bakan batzuk baizik ez baititut izan oinarri.

Uztailaren 7a

Lehenengo hitzaldi honetan, Lazarragaren bizitzari buruzko datu batzuk azaldu ziren, baita Lazarragaren beste lan ezaguna (Relación genealógica...) laburki aurkeztu ere. Lazarragaren eskuizkribuaren aurkikuntza eta haren ondorengo ibilbidea birpasatu ziren. Ondoren, eskuizkribuaren deskribapen fisikoaz, haren edukiaz, ezaugarriez eta interesaz jardun zen. Amaitzeko, eskuizkribuak dituen arazo nagusiak deskribatu ziren.
  • Jesús Antonio Cid (Complutense Unibertsitatea), “Géneros de poesía popular –y semipopular– en el Cancionero de Lazarraga”:
Cidek erakutsi zuen Lazarragaren eskuizkribuko poemetan genero, subgenero eta motibo herrikoiak eta kultuak erabili zirela. Baina, era berean, batzuetan poema kultuetan motibo herrikoiak sartzen dira, eta alderantziz. Cidek Lazarragaren poemetatik hainbat pasarte iruzkindu zituen, beraietan erabilitako genero eta motiboak literatur tradizioan dituzten aurrekari eta paraleloekin erkatuz.
  • Gidor Bilbao (UPV/EHU, JUMI Mintegia), “Lazarragaren poemak: bigueleaz cancio baten cantaetan”:
Bilbaok Lazarragaren poemetako gai eta generoen sailkapenetik abiatu zen. Orobat, erakutsi zuen Lazarragaren poema batzuk, ondo puntuatzen badira, ez direla hain zailak ulertzen, Mendebaldeko euskara ezagutuz gero. Poema batzuek, iturri batetik hartu arren, Lazarragak bere ingurura eta bizitzara egokitu zituen. Gidor Bilbaok poema batzuk irakurri eta iruzkindu zituen.
Rodríguezek azaldu zituen artzain-literaturaren tradizioaren oinarriak; funtsean, artzain-liburuak bi tradizioren uztartzetik sortu ziren: artzain komiko bat, azken buruan Ebanjelioko artzainetatik abiatzen dena, eta artzain idealizatu bat, Virgilio eta neoplatonismoa oinarri dituena. Ondoren, Lazarragaren artzain-nobela hiru zatitan banatu zuen, bakoitzean jorratzen diren motibo eta gai nagusiak zein diren azalduz (nobela sentimentala, artzain-liburua eta zaldungo-nobela batik bat), eta Europako beste testu batzuetatik adibideak ekarriz. Honela, Lazarragaren artzain-liburua testu hibridotzat jo zuen.
  • Julen Manterola (UPV/EHU, Euskaltzaindia), “Lazarragaren artzain-liburua: Silbero, Silbia, Doristeo ta Sirena”:
Manterolak Lazarragaren artzain-liburuaren edukia xeheki azaldu zuen, pasarte hautatu batzuen bidez gaiak eta bereziki hizkuntza-arazoak iruzkindu zituelarik. Testuak dituen grafia, fonologia, izen eta aditz morfologia, joskera eta lexikoari dagozkion hainbat puntu aztertu zituen.

Uztailaren 8a
  • Joseba Lakarra & Céline Mounole (UPV/EHU, JUMI Mintegia), “Lazarragaren hizkuntzaren ezaugarriak”:
Lakarra eta Mounole-ren hitzaldian Lazarragaren eskuizkribuaren grafia, fonologia, izen eta aditz morfologia, sintaxia eta lexikoa aztertu ziren, alderdi bakoitzaren hainbat arazo interesgarri agerraraziz. Horien bidez, bistan da Lazarragaren euskara, funtsean, Mendebaldeko euskaran kokatzen dela, nahiz eta zenbait ezaugarri ez zeuden lekukoturik Lazarragarena agertu arte ezagutzen genituen mendebaldeko testu zaharretan (batzuk bai ekialdekoetan, ordea). Lazarragaren euskararen poliformismoa ere nabarmendu zen, Arabako euskaran ohikoa. Hitzaldian zehar, euskalkien banaketa modu pankronikoan egiteko arazoa eta, hori konpontzeko, sailkapenean ikuspegi diakronikoa egoki sartzeko beharra azpimarratu zen.
  • Jesús Antonio Cid (Complutense Unibertsitatea), “Los textos del manuscrito Lazarraga en castellano”:
Bigarren hitzaldi honetan, Cidek Lazarragaren eskuizkribuan dauden gaztelaniazko testuak eta paratestuak (guztiak gaztelaniaz) izan zituen hizpide. Paratestuek (izenburuak-eta) ematen duten informazioaren garrantzia azpimarratu zuen, Lazarragaren testukoak banan-banan aztertu zituelarik. Gaztelaniazko testuen azterketatik Lazarragaren metrika funtsean tradizionala dela, eta ez italianizantea, ondorioztatu zuen. Bestalde, B9 Maior que mi sufrimiento poemaren iturria azaldu zuen, Lazarragak bere kopian zehazki zein plegu erabili zuen erakutsiz. Azkenik, B9 poema horrek eta beste batzuek Lazarragaren izaerari buruz ematen diguten informazio baliagarriaz jardun zuen.
  • Ricardo Gómez & Gidor Bilbao (UPV/EHU, JUMI Mintegia), “Lazarragaren ediziorako bidean”:
Azken hitzaldian, Monumenta Linguae Vasconum ikerketa-taldea prestatzen ari den edizio digitala aurkeztu zen. Lazarraga.com webgunearen egitura atalez atal azaldu zen, bertan nabigatzeko aholku eta ohar batzuk ere eskainiz. Gaur egun webgunean zein eduki dauden eta zein egongo diren iragarri zen. Aldi berean, edizio-laneko zeregin batzuk nola egin diren xeheki azaldu zen, alegia testuaren grafia gaurkotzea eta testuaren konkordantziak prestatzea.
----------

2010-06-01

Euskal Hizkuntzalaritza eta Filologiako Masterra. Izena emateko epea zabalik

Dagoeneko Euskal Hizkuntzalaritza eta Filologiako Masterrean aurreinskripzioa egiteko epea zabalik dago uztailaren 2ra arte.

Aurreinskripzioa egiteko argibideak (ez beti argiegiak) eta inprimakiak aurki daitezke UPV/EHUko master ofizialei buruzko webgunean.

Ikasleek dirulaguntzak lortu ahal dituzte graduondoko ikastaro batean matrikulatzeko.

* Master osoaren prezioa: 1.300 € inguru
* Harremanetan jartzeko:

EUSKAL HIZKUNTZALARITZA ETA FILOLOGIAKO MASTERRA (2010/2011 ikasturtea)

* Aurkezpena

Master hau eskuraturik ikasleak doktoretza-tesia egiteko aukera du.

Masterrak bost adar edo lan arlo eskaintzen ditu etorkizunean ikerketan trebatzeko:
  • Euskal hizkuntzalaritza diakronikoa eta filologia
  • Euskal gramatika edo hizkuntzalaritza sinkronikoa
  • Euskal dialektologia
  • Euskal hizkuntzalaritza aplikatua
  • Euskal literatura
Lan arlo bakoitzeko, bi ikastaro funtsezko (4’5 kreditukoa bakoitza), ikastaro aitzinatu bat (3 kreditu) eta mintegi bat (3 kreditu) eskaintzen dira. Ikasleak bost hauetarik hiru adar edo lan arlo hautatuko ditu eta eskuratuko duen “Euskal Hizkuntzalaritza eta Filologia”-ko master tituluan, hiru adar hauetarik biren izena agertuko da ikaslearen berezitasun gisa.

Ikerketa master honetan 60 kreditu eskuratu beharko ditu ikasleak: 45 eskoletan eta 15 ikerlan bat den master tesiaren bidez.

Masterreko irakasleen artean Euskal Herriko Unibertsitateko lagun ugari daude, baina badira Iruñeko, Pabeko, Bordeleko, Frantziako CNRSko, Madrileko edo Lyongo unibertsitateetako irakasleak ere.

Eskolak Gasteizko Letren Fakultatean izaten dira, urritik abendua bitarte eta otsailetik martxoa bitarte goiz eta arratsaldeetan.

* Helburuak

Egitarauaren xedea Euskal Hizkuntzalaritza eta Filologiako ikertzaile profesionalak trebatzea da. Masterra egiten duten ikasleak, doktoretza-tesi bat egin ahal izateko edo euskal gaietan kalitatezko beste zernahi ikerlan egiteko beharrezko diren gaitasunaz, trebakuntzaz eta ereduez jabetu daitezela bilatzen da masterrean. Ikaslearen prestakuntza zientifiko eta teknikoan sakontzea da helburua, ikerlan esperimentalak ontzeko gaitasuna eta metodoak garatzea, horretarako guztirako baliagarri diren alderdietan prestakuntza hobetzea. Jakintzagai sail honetan egun dagoen literatura zientifiko hoberena eskuratuko dio masterrak ikasleari; berebat, ikerlan linguistiko-filologiko enpiriko bati ekiteko behar diren bitartekoak eskainiko dizkio. Euskararen ikerketari edo euskalaritzaren adarrei litezkeen ikuspegi guztietarik ekin nahi dieten ikertzaileen trebakuntza da masterraren helburua, bertako ikasleek gorentasuneko maila zientifikoa lortzea.

* Metodologia

Ikastaroan gaindi, eskola teorikoak, ariketa praktikoak, ikerketa saio ttikiak, testuen irakurketa eta azterketak, ahozko aurkezpenak, iritzi trukaketak, taldean egindako azterketak... baliatuko dira.

* Ikerketa ildoak
  1. Euskararen gramatika eta tipologia alderdi fonikoan (gertakari suprasegmentalak barne), alderdi morfosintaktikoan eta semantikoan, gramatika unibertsalaren hatsarre eta parametroak aintzat harturik
  2. Euskalki geografikoak, hala euskalki zaharrak nola egungoak; hizkuntza-geografiaren alderdi teoriko-metodologikoak; baldintza soziolinguistikoak eta hiztunen aldaera diastratikoak
  3. Hizkuntzen aurrehistoria eta historiarekin lotura duten hatsarre teorikoak; hizkuntzen iragana berreraikitzeko teknikak; alderdi filologikoa, testukritika barne
  4. Euskal literatura zaharra; egungo euskal literatura egungo mundu literarioaren baitan; idazleak eta garaiak; literatura-kritikaren eredu estandarrak; literatura konparatua eta beste herrialde batzuetako literatura-korronteak
  5. Hizkuntzalaritza aplikatua: pragmatika, diskurtsoaren azterketa, hizkuntzaren didaktika, hizkuntza-ukipena, soziolinguistika, psikolinguistika, neurolinguistika
* Ebaluatzeko prozedurak

Proposatu diren ikasketa ekintzen arabera, honela ebaluatuko da:
  1. eman diren ikasgaien eta irakurri diren ikerketa artikuluen gaineko idatzizko azterketak, etxean eginik; eskoletan edo tutoretzetan zuzenduko dira; helburua, ikasleari ezagutzak eskaintzea eta ikerketa prozedurak irakastea da;
  2. irakaslearekiko elkar hizketak eginen dira, erdietsi diren ezagutzak eta trebetasunak baloratzeko eta hauek ahoz transmititzeko gaitasuna ezagutzeko;
  3. eskoletako iritzi trukaketetan parte hartzea ere aintzat hartuko da.
Ikastaroa hasi baino lehen ikasleari ebaluazio hauen berri xeheki emanen zaio eta egutegi zehaztu bat ere edukiko du bere gobernurako.

* Sailak
  • Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak (nagusiki)
  • Ikasketa klasikoak (laguntzaile)
  • Hizkuntzaren eta Literaturaren didaktika (laguntzaile)
* Masterrera sartzeko baldintzak
  • Euskal Ikasketen lizentziatura
  • Edozein Filologiaren lizentziatura
  • Hizkuntzalaritzaren lizentziatura
  • Literaturaren Teoria eta Literatura Konparatuaren lizentziatura
  • Itzulpengintza eta Interpretazioaren lizentziatura
  • Lehenengo Hezkuntzako maisu-maistraren espezialitatea
  • Atzerriko Hizkuntzarako maisu-maistraren espezialitatea
  • Filosofiaren lizentziatura
  • Geografiaren lizentziatura
  • Historiaren lizentziatura
  • Arte Ederren lizentziatura
  • Artearen Historiaren lizentziatura
  • Gizarte eta Kultur Antropologiaren lizentziatura
  • Giza Zientzien lizentziatura
* Masterraren egutegia

Lehen lauhilabetea

10 astetan 3 orduko saioak urritik aurrera: 4 + 5 + 1 aste (galtzen dira: urriak 12 asteartea, 25 astelehena eta azaroak 1 astelehena).
  • urriak 4-9; urriak 11-15; urriak 18-22; urriak 25-29
  • azaroak 2-5; azaroak 8-12; azaroak 15-19; azaroak 22-26; azaro & abendu 29-3
  • abenduak 13-17 (+ 20 ikasle batzuek)
Goizetan funtsezkoa I (10’30-1’30) eta arratsaldeeetan funtsezkoa II (4’30-7’30)

Bigarren lauhilabetea

7 astetan 3 orduko saioak otsailetik aurrera: 4 + 3 aste.
  • urtarrilak 31, otsailak 1-4; otsailak 7-11; otsailak 14-18; otsailak 21-25
  • otsailak 28, martxoak 1-4; martxoak 7-11; martxoak 14-18

Euskal Hizkuntzalaritza eta Filologiako Masterra 2010/2011. Egitaraua

Euskal Herriko Unibertsitatea / Gasteizko Letren Fakultatea

Funtsezko ikastaroak (4’5 kreditu)

  • Gramatikako funtsezko ikastaroa (I): Arantzazu Elordieta
  • Gramatikako funtsezko ikastaroa (II): Aritz Irurtzun
  • Diakronia eta filologiako funtsezko ikastaroa (I): Joseba A. Lakarra
  • Diakroniako eta filologiako funtsezko ikastaroa (II): Ricardo Gómez
  • Hizkuntzalaritza aplikatuko funtsezko ikastaroa (I): Maitena Etxebarria
  • Hizkuntzalaritza aplikatuko funtsezko ikastaroa (II): Gontzal Aldai, Itziar Idiazabal, Ignasi Vila
  • Dialektologiako funtsezko ikastaroa (I): Iñaki Camino
  • Dialektologiako funtsezko ikastaroa (II): Koldo Zuazo
  • Literaturako funtsezko ikastaroa (I): Gidor Bilbao (3) & Iñaki Aldekoa (1’5)
  • Literaturako funtsezko ikastaroa (II): Iñaki Aldekoa (1’5) & Marijo Olaziregi (3)
Ikastaro aitzinatuak (3 kreditu)
  • Gramatikako ikastaro aitzinatua: Ricardo Etxepare & Myriam Uribe-Etxebarria
  • Diakronia eta filologiako ikastaro aitzinatua: Denis Creissels
  • Hizkuntzalaritza aplikatuko ikastaro aitzinatua: Luis Mari Larringan
  • Dialektologiako ikastaro aitzinatua: Gotzon Aurrekoetxea
  • Literaturako ikastaro aitzinatua: Jon Kortazar
Mintegiak (3 kreditu)
  • Gramatikako mintegia: Xabier Artiagoitia
  • Diakronia eta filologiako mintegia: M. Lourdes Oñederra & Joseba A. Lakarra
  • Hizkuntzalaritza aplikatuko mintegia: Juan Carlos Moreno Cabrera
  • Dialektologiako mintegia: Txipi Ormaetxea
  • Literaturako mintegia: Ur Apalategi
----------

:: Hurrengo orrialdea >>

FiloBlogia

(euskal) hizkuntzalaritza-filologiei eta inguruko gaiei buruzko blog bat

blog sobre lingüística y filología (vascas) y temas más o menos conexos

a blog about (Basque) Linguistics and Philology, and related topics

Harpidetu Harpidetu

Creative Commons License
Lan hau Creative Commons-en baimen baten mende dago.

Ricardo Gómez

Sortzailearen profila

Nire profila eta kontaktua

Ricardo Gómez

Kontaktu formularioa

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Bilaketa

Blog hau sindikatu

Zer da hau?

Zure bloga eraman

  1. Bloga esportatu eta txt moduan gorde.
  2. blogariak.com-era joan Tresnak > Inportatu bidez zure blog berria informazioa ekarri.
Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

powered by
b2evolution