Atala: Hizkuntzalaritza

2010-06-01

Euskal Hizkuntzalaritza eta Filologiako Masterra. Izena emateko epea zabalik

Dagoeneko Euskal Hizkuntzalaritza eta Filologiako Masterrean aurreinskripzioa egiteko epea zabalik dago uztailaren 2ra arte.

Aurreinskripzioa egiteko argibideak (ez beti argiegiak) eta inprimakiak aurki daitezke UPV/EHUko master ofizialei buruzko webgunean.

Ikasleek dirulaguntzak lortu ahal dituzte graduondoko ikastaro batean matrikulatzeko.

* Master osoaren prezioa: 1.300 € inguru
* Harremanetan jartzeko:

EUSKAL HIZKUNTZALARITZA ETA FILOLOGIAKO MASTERRA (2010/2011 ikasturtea)

* Aurkezpena

Master hau eskuraturik ikasleak doktoretza-tesia egiteko aukera du.

Masterrak bost adar edo lan arlo eskaintzen ditu etorkizunean ikerketan trebatzeko:
  • Euskal hizkuntzalaritza diakronikoa eta filologia
  • Euskal gramatika edo hizkuntzalaritza sinkronikoa
  • Euskal dialektologia
  • Euskal hizkuntzalaritza aplikatua
  • Euskal literatura
Lan arlo bakoitzeko, bi ikastaro funtsezko (4’5 kreditukoa bakoitza), ikastaro aitzinatu bat (3 kreditu) eta mintegi bat (3 kreditu) eskaintzen dira. Ikasleak bost hauetarik hiru adar edo lan arlo hautatuko ditu eta eskuratuko duen “Euskal Hizkuntzalaritza eta Filologia”-ko master tituluan, hiru adar hauetarik biren izena agertuko da ikaslearen berezitasun gisa.

Ikerketa master honetan 60 kreditu eskuratu beharko ditu ikasleak: 45 eskoletan eta 15 ikerlan bat den master tesiaren bidez.

Masterreko irakasleen artean Euskal Herriko Unibertsitateko lagun ugari daude, baina badira Iruñeko, Pabeko, Bordeleko, Frantziako CNRSko, Madrileko edo Lyongo unibertsitateetako irakasleak ere.

Eskolak Gasteizko Letren Fakultatean izaten dira, urritik abendua bitarte eta otsailetik martxoa bitarte goiz eta arratsaldeetan.

* Helburuak

Egitarauaren xedea Euskal Hizkuntzalaritza eta Filologiako ikertzaile profesionalak trebatzea da. Masterra egiten duten ikasleak, doktoretza-tesi bat egin ahal izateko edo euskal gaietan kalitatezko beste zernahi ikerlan egiteko beharrezko diren gaitasunaz, trebakuntzaz eta ereduez jabetu daitezela bilatzen da masterrean. Ikaslearen prestakuntza zientifiko eta teknikoan sakontzea da helburua, ikerlan esperimentalak ontzeko gaitasuna eta metodoak garatzea, horretarako guztirako baliagarri diren alderdietan prestakuntza hobetzea. Jakintzagai sail honetan egun dagoen literatura zientifiko hoberena eskuratuko dio masterrak ikasleari; berebat, ikerlan linguistiko-filologiko enpiriko bati ekiteko behar diren bitartekoak eskainiko dizkio. Euskararen ikerketari edo euskalaritzaren adarrei litezkeen ikuspegi guztietarik ekin nahi dieten ikertzaileen trebakuntza da masterraren helburua, bertako ikasleek gorentasuneko maila zientifikoa lortzea.

* Metodologia

Ikastaroan gaindi, eskola teorikoak, ariketa praktikoak, ikerketa saio ttikiak, testuen irakurketa eta azterketak, ahozko aurkezpenak, iritzi trukaketak, taldean egindako azterketak... baliatuko dira.

* Ikerketa ildoak
  1. Euskararen gramatika eta tipologia alderdi fonikoan (gertakari suprasegmentalak barne), alderdi morfosintaktikoan eta semantikoan, gramatika unibertsalaren hatsarre eta parametroak aintzat harturik
  2. Euskalki geografikoak, hala euskalki zaharrak nola egungoak; hizkuntza-geografiaren alderdi teoriko-metodologikoak; baldintza soziolinguistikoak eta hiztunen aldaera diastratikoak
  3. Hizkuntzen aurrehistoria eta historiarekin lotura duten hatsarre teorikoak; hizkuntzen iragana berreraikitzeko teknikak; alderdi filologikoa, testukritika barne
  4. Euskal literatura zaharra; egungo euskal literatura egungo mundu literarioaren baitan; idazleak eta garaiak; literatura-kritikaren eredu estandarrak; literatura konparatua eta beste herrialde batzuetako literatura-korronteak
  5. Hizkuntzalaritza aplikatua: pragmatika, diskurtsoaren azterketa, hizkuntzaren didaktika, hizkuntza-ukipena, soziolinguistika, psikolinguistika, neurolinguistika
* Ebaluatzeko prozedurak

Proposatu diren ikasketa ekintzen arabera, honela ebaluatuko da:
  1. eman diren ikasgaien eta irakurri diren ikerketa artikuluen gaineko idatzizko azterketak, etxean eginik; eskoletan edo tutoretzetan zuzenduko dira; helburua, ikasleari ezagutzak eskaintzea eta ikerketa prozedurak irakastea da;
  2. irakaslearekiko elkar hizketak eginen dira, erdietsi diren ezagutzak eta trebetasunak baloratzeko eta hauek ahoz transmititzeko gaitasuna ezagutzeko;
  3. eskoletako iritzi trukaketetan parte hartzea ere aintzat hartuko da.
Ikastaroa hasi baino lehen ikasleari ebaluazio hauen berri xeheki emanen zaio eta egutegi zehaztu bat ere edukiko du bere gobernurako.

* Sailak
  • Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak (nagusiki)
  • Ikasketa klasikoak (laguntzaile)
  • Hizkuntzaren eta Literaturaren didaktika (laguntzaile)
* Masterrera sartzeko baldintzak
  • Euskal Ikasketen lizentziatura
  • Edozein Filologiaren lizentziatura
  • Hizkuntzalaritzaren lizentziatura
  • Literaturaren Teoria eta Literatura Konparatuaren lizentziatura
  • Itzulpengintza eta Interpretazioaren lizentziatura
  • Lehenengo Hezkuntzako maisu-maistraren espezialitatea
  • Atzerriko Hizkuntzarako maisu-maistraren espezialitatea
  • Filosofiaren lizentziatura
  • Geografiaren lizentziatura
  • Historiaren lizentziatura
  • Arte Ederren lizentziatura
  • Artearen Historiaren lizentziatura
  • Gizarte eta Kultur Antropologiaren lizentziatura
  • Giza Zientzien lizentziatura
* Masterraren egutegia

Lehen lauhilabetea

10 astetan 3 orduko saioak urritik aurrera: 4 + 5 + 1 aste (galtzen dira: urriak 12 asteartea, 25 astelehena eta azaroak 1 astelehena).
  • urriak 4-9; urriak 11-15; urriak 18-22; urriak 25-29
  • azaroak 2-5; azaroak 8-12; azaroak 15-19; azaroak 22-26; azaro & abendu 29-3
  • abenduak 13-17 (+ 20 ikasle batzuek)
Goizetan funtsezkoa I (10’30-1’30) eta arratsaldeeetan funtsezkoa II (4’30-7’30)

Bigarren lauhilabetea

7 astetan 3 orduko saioak otsailetik aurrera: 4 + 3 aste.
  • urtarrilak 31, otsailak 1-4; otsailak 7-11; otsailak 14-18; otsailak 21-25
  • otsailak 28, martxoak 1-4; martxoak 7-11; martxoak 14-18

Euskal Hizkuntzalaritza eta Filologiako Masterra 2010/2011. Egitaraua

Euskal Herriko Unibertsitatea / Gasteizko Letren Fakultatea

Funtsezko ikastaroak (4’5 kreditu)

  • Gramatikako funtsezko ikastaroa (I): Arantzazu Elordieta
  • Gramatikako funtsezko ikastaroa (II): Aritz Irurtzun
  • Diakronia eta filologiako funtsezko ikastaroa (I): Joseba A. Lakarra
  • Diakroniako eta filologiako funtsezko ikastaroa (II): Ricardo Gómez
  • Hizkuntzalaritza aplikatuko funtsezko ikastaroa (I): Maitena Etxebarria
  • Hizkuntzalaritza aplikatuko funtsezko ikastaroa (II): Gontzal Aldai, Itziar Idiazabal, Ignasi Vila
  • Dialektologiako funtsezko ikastaroa (I): Iñaki Camino
  • Dialektologiako funtsezko ikastaroa (II): Koldo Zuazo
  • Literaturako funtsezko ikastaroa (I): Gidor Bilbao (3) & Iñaki Aldekoa (1’5)
  • Literaturako funtsezko ikastaroa (II): Iñaki Aldekoa (1’5) & Marijo Olaziregi (3)
Ikastaro aitzinatuak (3 kreditu)
  • Gramatikako ikastaro aitzinatua: Ricardo Etxepare & Myriam Uribe-Etxebarria
  • Diakronia eta filologiako ikastaro aitzinatua: Denis Creissels
  • Hizkuntzalaritza aplikatuko ikastaro aitzinatua: Luis Mari Larringan
  • Dialektologiako ikastaro aitzinatua: Gotzon Aurrekoetxea
  • Literaturako ikastaro aitzinatua: Jon Kortazar
Mintegiak (3 kreditu)
  • Gramatikako mintegia: Xabier Artiagoitia
  • Diakronia eta filologiako mintegia: M. Lourdes Oñederra & Joseba A. Lakarra
  • Hizkuntzalaritza aplikatuko mintegia: Juan Carlos Moreno Cabrera
  • Dialektologiako mintegia: Txipi Ormaetxea
  • Literaturako mintegia: Ur Apalategi
----------

2010-05-10

Permalink 19:38:47, Atalak: Hizkuntzalaritza  

Code-switching-i buruzko hitzaldia Baionan

Bangor-eko ESRC Centre for Research on Bilingualism laborategiko ikertzaile Carmen Parafita Couto maiatzaren erdialdean izango da, astebeterako, IKER ikerketa-gunean. Aukeraz baliaturik, aurkezpen bat egingo du IKERen.

Aurkezpena maiatzaren 18an izango da, goizeko hamarretan hasita, eta bi parte izango ditu:
  • lehen partean code-switching corpus batzuk erakutsiko ditu (hala nola galesa-ingelesa, galesa-gaztelania, ingelesa-gaztelania hizkuntza pareei dagozkienak),
  • bigarrenean code-switching datuak lortzeko metodoez ariko da, bereziki metodo esperimentalez.
Hitzaldia irekia da gaiaz interesa duen edonorentzat.

Hitzaldia: "Code-switching: bridging corpus based and experimental approaches" (aukeran, "publikoak" hala nahiagoko balu, gaztelaniaz egingo luke).
Noiz: maiatzaren 18an (asteartea).
Zer ordutan: goizeko 10etan.
Non: IKEReko dokumentazio gelan.
----------

2010-04-08

Permalink 19:39:28, Atalak: Hizkuntzalaritza, Filologia, Euskara, Deialdiak  

Euskara-Erromantze Hizkuntzalaritza III. Jardunaldien deialdia

Euskara-Erromantze Hizkuntzalaritza III. Jardunaldiak azaroaren 23-25 bitartean izango dira Bilbon, Eusko Ikaskuntzako Hizkuntza eta Literatura Sailak antolaturik, Kultura Ondareko Zerbitzuaren hitzaldi aretoan.

Jardunaldietako ildo nagusiak hauexek dira:
  • Harremanetan dauden hizkuntzak - Soziolinguistika
  • Dokumentu iturriak eta corpusak: edizioa eta/edo azterketa (Tipologia-fonetika, morfosintaxia, lexikoa, diskurtsoaren azterketa)
  • Historiografia
  • Onomastika
  • Lexikografia
  • Arlo horietako hizkuntzalaritza eta filologia ikerkuntzara aplikatutako metodologia eta teknologiak
Komunikazio-proposamenak aurkezteko epea irekita dago. Laburpenak ekainaren 1a baino lehen bidali behar dira posta elektronikoz jardun[a bildua]eusko-ikaskuntza[puntu]org helbidera. Laburpenetan honako datu hauek adierazi behar dira:
  • Komunikazioaren izenburua (hizki xehetan)
  • 500 hitz inguruko laburpena, Eusko Ikaskuntzako hizkuntza ofizialetakoren batean: euskaraz, gaztelaniaz edo frantsesez.
  • Egilearen edo egileen izen-abizenak, lanbideko edo etxeko helbidea eta helbide elektronikoa.
Dagoeneko argitaratu dute jardunaldien lehen zirkularra. Interesatuak bertan aurkituko ditu argibide gehiago.

Lotutako sarrera:
----------

2010-04-06

ASJU aldizkariaren 42:1 (2008) zenbakia argitaratu da

Anuario del Seminario de Filología Vasca "Julio de Urquijo" aldizkariak ale berri bat kaleratu du, 2008. urteari dagokion 42:1 zenbakia hain zuzen ere.

Hauexek dira 42:1 (2008) zenbakian argitaratu diren artikuluak:
  • Jesús Antonio Cid, “La balada ‘Urthubiako alhaba’: Problemas y conjeturas”, 1-60
  • Jabier Kaltzakorta, “Notas sobre el texto vasco de ‘Urthubiako alhaba’”, 61-81
  • Joseba A. Lakarra, “Vida con/y libertad: sobre una coordinación arcaica y la autenticidad de ‘Urthubiako alhaba’”, 83-100
  • Iñaki Camino, “Nafarroa Behereko euskara zaharra”, 101-169
  • Iván Igartua, “La aspiración de origen nasal en la evolución fonológica del euskera: un caso de rhinoglottophilia”, 171-189
  • Koldo Ulibarri, “Orozkoko euskararen azterketa diakronikorantz hurbiltze bat”, 191-207
  • Gorka Elordieta, “An overview of theories of the syntax-phonology interface”, 209-286
  • Karlos Cid Abasolo, “Egitura kausatiboak euskaran, eslaboan eta erromantzean: konparaketa tipologiko baterantz”, 287-307
  • Leticia Pablos, “Filled-gap effects in sentence procesing: different accounts compared”, 309-332
  • Ricardo Gómez, “Berriz Aizkibelen Euskera eskuizkribuaz: Edizioa eta iturriak”, 333-380
  • Jon Andoni Fernández de Larrea Rojas, “Bandidaje y épica: Los orígenes históricos del Cantar de Sandailia”, 381-386
  • Mari Jose Olaziregi, “Mapping the nation in contemporary Basque literature”, 387-398
  • José Andrés Alonso de la Fuente, “Notas sobre lingüística histórica (II)”, 399-412
Liburudendetan aurkitzen ez baduzue, edo horrela eskuratzea nahiago baduzue, helbide hauetara idatziz egin ditzakezue eskariak:
----------

2010-03-20

Argitaratzear dago Humboldten euskal lanen lehen liburukia

Batzuek aspalditik espero genuen lana laster hasiko da kaleratzen; Wilhelm von Humboldt hizkuntzalari eta euskalari prusiarrak euskarari eta Euskal Herriari buruz idatzi zituen lan guztien edizioaz ari naiz.

Halaxe da. Uda honetan argitaratuko da Bernhard Hurch irakasleak prestatutako edizio-lanaren lehenengo liburukia:

Wilhelm von Humboldt. Schriften zur Anthropologie der Basken (Paderborn: Schöningh, 2010)

Guztira hiru liburuki izango dira euskarari eta Euskal Herriari eskainiak, eta bigarren atala osatuko dute Humboldten hizkuntzalaritza lan guztien edizioa helburu duen proiektu handiaren barruan.

Azala
----------

:: Hurrengo orrialdea >>

FiloBlogia

(euskal) hizkuntzalaritza-filologiei eta inguruko gaiei buruzko blog bat

blog sobre lingüística y filología (vascas) y temas más o menos conexos

a blog about (Basque) Linguistics and Philology, and related topics

Harpidetu Harpidetu

Creative Commons License
Lan hau Creative Commons-en baimen baten mende dago.

Ricardo Gómez

Sortzailearen profila

Nire profila eta kontaktua

Ricardo Gómez

Kontaktu formularioa

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Bilaketa

Blog hau sindikatu

Zer da hau?

Zure bloga eraman

  1. Bloga esportatu eta txt moduan gorde.
  2. blogariak.com-era joan Tresnak > Inportatu bidez zure blog berria informazioa ekarri.
Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

powered by
b2evolution