Atala: Hiztegigintza

2009-11-08

Urteren gramatika eta hiztegia sarean digitalizatuta

Atzoko berri latza berri pozgarri batekin arindu nahian, estali ez inondik ere.

Iazko urrian jakin genuen Sancho el Sabio Fundazioak Pierre Urte lapurtarraren Gramaire cantabrique eta Dictionarium Latino cantabricum eskuizkribuak erosi zituela enkantean.

Aspaldi ez dela, bi eskuizkribuak digitalizatuta ditugu eta Interneten eskuragarri, Fundazioaren mende dagoen Euskal Memoria Digitala (EMD) gordetegian:
Digitalizazioaren kalitatea aski ona da (Liburutegi Digitalekoena baino askoz hobea) eta eskuizkribuen testua erraz irakur daiteke. Tamalez, EMDk ez du aukerarik ematen obra luze bat PDF dokumentu batean jaisteko; horren ordez, obra osoa zatika jaitsi behar da eta gero, pazientzia pixka batekin, zatiak dokumentu bakar batean lotu, nahi izanez gero.

Lan zahar hauen digitalizazioak, EMDko guztiak bezala, Creative Commons lizentzia baten mende daude, web orri bakoitzaren azpian agertzen den "copyright" oharra gorabehera. Izan ere, hauxe da EMDren lizentzia-oharra:

Tanto los esquemas XML y Dublin Core, como las imágenes son de utilización libre citando el copy:

EMD FUNDACION SANCHO EL SABIO FUNDAZIOA

Nire esker ona, beraz, Sancho el Sabio Fundazioari hain lan garrantzitsuak euskalari eta euskaltzale guztion eskura jartzeagatik.

Lotutako sarrerak:


Hiztegiaren lehen orrialdea
Iturria: EMD FUNDACION SANCHO EL SABIO FUNDAZIOA
----------

2009-10-10

Orotariko Euskal Hiztegia sarean dago

Atzo Euskaltzaindiak bere 90. urteurrenaren ospakizun ekitaldiei amaiera eman zien Donostian eta bertan Andres Urrutia euskaltzainburuak iragarri zuen Orotariko Euskal Hiztegia (OEH) sarean jarri zutela:
Ekitaldi honetan aukera ezin hobea dut Euskaltzaindiaren webgunean denon esku jarri dugun lan historiko eta garrantzitsua aurkezteko, hain justu ere, Koldo Mitxelena zenaren Orotariko Euskal Hiztegia. Gaur bertan, errealitate bihurtu da egitasmo hori, eta horretan partaide izan direnak aipatu nahiko nituzke, alegia, Mitxelenaren senitartekoak, hiztegia lantzen aritu den taldea, eta, berebat, Euskaltzaindiaren zuzendaritza. Guztiei esker, egia bilakatu da Euskaltzaindiaren zuzendaritzak 2005. urtean iragarri zuena, Orotariko Euskal Hiztegia izenekoaren liburukiak paperean argitaratzeari bukaera eman zitzaionean. Zer esanik ez, Euskaltzaindiak egun ere lanean dihardu, lan oparo hori gaurkotzeko ahaleginetan.
Bart Euskaltzaindiaren webgunea ordu batzuetan erorita egon zen, eta ozta-ozta heldu nintzen Urrutiaren iragarpena irakurtzera eta Twitter-en haren berri ematera.

Gaur webgunea badabil eta xehetasun gehiago azal ditzaket Euskaltzaindiak denon esku (azkenik!) jarri duen baliabide garrantzitsu honi buruz. OEHren ingurukoa hiru ataletan banatuta dago:
  • Hiztegian bilatu: bilaketak egin daitezke on line OEHren barruan.
  • Argibideak: on line bertsioari eta PDF formatukoari buruzko zertzelada batzuk. Bereziki aintzat hartzekoa da PDF bertsioaren barruan bilaketak egiteko nola gorde behar diren artxiboak, denak karpeta berean alegia.
  • Jaisteko gunea: PDF formatuko artxiboak jaisteko gunea. OEHren atarikoak eta liburuki bakoitzaren gorputza jaisteko aukera dago. Horrezaz gain, OEH guztiko PDFen barruan bilaketak egiteko ZIP artxibo bat ere bada.
Hortaz, euskalari eta euskaltzale askok aspaldidanik espero genuen baliabidea sarean dugu, azkenik. Dudarik gabe, OEHn bilaketak egiteko aukera izateak eta testu osoa formatu elektronikoan izateak asko erraztuko du hizkuntzalari eta filologo askoren lana.

Puntu beltz bat ikusten diot, haatik. Euskaltzaindiak dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons baimen baten mende jarri ditu; baina "EzKomertziala" baldintza duen lizentzia da eta, beraz, orain dela gutxi Luistxo Fernandezek argi adierazi zuen bezala, halako lizentzia bat copyright arruntetik gertu dago eta ez du balio kutur lanak libreki partekatzeko.

Gauza jakina da Euskaltzaindiak zailtasunak izan dituela OEHren eskubideekin eta, beharbada, horren ondorioa dateke jarri duten baimen mota jarri izana.

Zernahi gisaz, pozik egoteko arrazoiak daude eta Euskaltzaindiari eskerrak eman nahi dizkiot OEHrekin egindako lanagatik. Espero dut laster hiztegia zuzentzeko eta osatzeko tresnak ere abian jartzea.

Lotutako sarrerak:
----------

2009-08-29

Landuchioren hiztegia Geu aldizkarian

Geu aldizkariaren 198. alea (2009ko uda) Landuchioren hiztegiari buruzko monografikoa da.

Nicolao Landuchio (edo Landuccio, edo Landucci) italiarrak tamainako lehenengo euskal hiztegiaren egilea da, Arabako hiru berriemailez baliaturik. "Bocabularioa ezqueraz jaquiteco eta ezqueraz verba eguiteco" izeneko hiztegiak 1562ko data du eta eskuizkribua Madrilen dago.

Lazarragaren eskuizkribuarekin batera, Landuchioren hiztegia da Arabako euskara ezagutzeko testurik garrantzitsuena.

Geu aldizkariaren aleak bi sarrera labur, eskuizkribuaren orrrialde batzuen faksimilea eta hitz hautatuen edizioa dakartza. Horretaz gain, zenbait hitz irudi politen bidez azalduta agertzen dira.

Zoritxarrez, Geu aldizkariaren webgunea aspalditxotik eguneratu gabe dago eta oraingoz ez da azken ale honi buruzko ezer agertzen.

Azkenik, gaian sakondu nahi duenarentzat, hona Landuchioren hiztegiari buruzko bibliografia hautatu bat:
  • Agud, Manuel & Koldo Mitxelena (arg.), 1958. Nicholaus Landuchio: Dictionarium linguae cantabricae (1562). (ASJU-ren gehigarriak, 3). Donostia. [Berrargit. eta euskara-gaztelaniara bihurtua in Knörr & Zuazo (arg.) 1998, 201-465.]
  • Knörr, Henrike & Koldo Zuazo (arg.), 1998. Arabako euskararen lekukoak: ikerketak eta testuak. Gasteiz: Eusko Legebiltzarra.
  • Liverani, Elena, 2004. “La lessicografia bilingue di derivazione nebrisense: il dizionario di Landucci”, in D. A. Cusato et al. (arg.), La memoria delle lingue: la didattica e lo studio delle lingue della Penisola iberica in Italia. Atti del XXI Convegno, Salamanca 12-14 settembre 2002. Messina: Andrea Lippolis, II, 137-151. (PDF)
  • Urgell, Blanca, 2008. “Berriemaileen gaitasuna eta eredu lexikografikoaren eragina Landucciren hiztegian”, in X. Artiagoitia & J. A. Lakarra (arg.), Gramatika Jaietan. Patxi Goenagaren omenez. Bilbo: UPV/EHU & Gipuzkoako Foru Aldundia, 805-836.
----------

2009-05-26

Urteren gramatika eta hiztegia Sancho el Sabio Fundazioan

Uste dut honako albiste honek standby egoera une batez etetea merezi duela, laburki bada ere.

Sancho el Sabio Fundazioak Pierre Urteren gramatika eta hiztegia eskuizkribatuak erosi ditu, sei liburuki guztira, eta osteguneko inauguraziotik aurrera fundazioaren egoitza berrian ikusi ahalko dira.

Ohi bezala, hedabideek emandako informazioan ez da akatsik falta, baina EiTB Kulturarenak marka guztiak hausten ditu:
Euskal Herrian aurkitu dituzten sei gramatika liburu zaharrenak biltzen ditu erakusketak. Lapurdiko Pierer d´Urte elizgizonak 1715ean topatutako idatziak dira
Nork eman dezake gehiago hain testu labur batean?

Argibide gehiago:
Lotutako sarrera:
----------

2009-01-07

Permalink 17:45:52, Atalak: Hiztegigintza, Filologia, Euskara, Liburuak  

Liburuak katalogatzeko terminologia datu-basea

Joana Albret Bibliotekonomia mintegiak liburuak katalogatzeko terminologia datu-basea jarri du sarean. Terminologia datu-basea ez da berria, baina zeharo egokia da eskura daukagula gogoraraztea. Izan ere, oso baliabide garrantzitsua da, ez soilik liburutegi eta artxiboetako langileentzat, baita liburuaren inguruan gabiltzan beste hainbatentzat ere, hala nola filologoentzat.

Joana Albret blogeko gaurko mezuak dakarrena aldatuko dut hona:

Hemendik aurrera Joana Albret Bibliotekonomia Mintegiaren blogeko KATALOGATZEKO TERMINOLOGIA alorrean datu-basea kontsulta daiteke

Dagoeneko Katalogatzeko terminologia eremuan liburutegiei buruzko edozein termino datu-base baten bidez kontsulta daiteke, eta gaztelaniazko, frantsesezko edo euskarazko ordainak agertuko dira.

http://tresnak.kapsula.com/joana-albret/

Datu-base honen ezaugarri garrantzitsuenak hauek dira:

a) Euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez daude termino guztiak

b) datu-basean edozein terminotatik galde daiteke.

c) Zerrenda osoa euskaraz nahiz gaztelaniaz nahiz frantsesez lor daiteke.

(Gerardo Luzuriaga)

----------

:: Hurrengo orrialdea >>

FiloBlogia

(euskal) hizkuntzalaritza-filologiei eta inguruko gaiei buruzko blog bat

blog sobre lingüística y filología (vascas) y temas más o menos conexos

a blog about (Basque) Linguistics and Philology, and related topics

Harpidetu Harpidetu

Creative Commons License
Lan hau Creative Commons-en baimen baten mende dago.

Ricardo Gómez

Sortzailearen profila

Nire profila eta kontaktua

Ricardo Gómez

Kontaktu formularioa

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Bilaketa

Blog hau sindikatu

Zer da hau?

Zure bloga eraman

  1. Bloga esportatu eta txt moduan gorde.
  2. blogariak.com-era joan Tresnak > Inportatu bidez zure blog berria informazioa ekarri.
Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

powered by
b2evolution