FiloBlogian iragarri nuenez, uztailaren 7 eta 8an "Lazarraga, XVI. mendeko autore berria" uda ikastaroa izan da,
UPV/EHUko
XXIX. Uda Ikastaroen barnean.
Monumenta Linguae Vasconum ikerketa-taldearen asmoa da ikastaroan aurkeztu ziren materialak (PowerPoint aurkezpenak, laburpenak, esku-orriak, etab.) ahal den lasterren
bere webgunean denon eskura jartzea.
Hurrengo lerroetan ikastaroan azaldu ziren gai eta arazo nagusiak laburbildu nahi ditut. Aldez aurretik barkamena eskatzen diet hizlariei beren hitzaldien laburpen egokia eman ez badut, ohar bakan batzuk baizik ez baititut izan oinarri.
Uztailaren 7aLehenengo hitzaldi honetan,
Lazarragaren bizitzari buruzko datu batzuk azaldu ziren, baita Lazarragaren beste lan ezaguna (
Relación genealógica...) laburki aurkeztu ere.
Lazarragaren eskuizkribuaren aurkikuntza eta haren ondorengo ibilbidea birpasatu ziren. Ondoren, eskuizkribuaren deskribapen fisikoaz, haren edukiaz, ezaugarriez eta interesaz jardun zen. Amaitzeko, eskuizkribuak dituen arazo nagusiak deskribatu ziren.
- Jesús Antonio Cid (Complutense Unibertsitatea), “Géneros de poesía popular –y semipopular– en el Cancionero de Lazarraga”:
Cidek erakutsi zuen Lazarragaren eskuizkribuko poemetan genero, subgenero eta motibo herrikoiak eta kultuak erabili zirela. Baina, era berean, batzuetan poema kultuetan motibo herrikoiak sartzen dira, eta alderantziz. Cidek Lazarragaren poemetatik hainbat pasarte iruzkindu zituen, beraietan erabilitako genero eta motiboak literatur tradizioan dituzten aurrekari eta paraleloekin erkatuz.
- Gidor Bilbao (UPV/EHU, JUMI Mintegia), “Lazarragaren poemak: bigueleaz cancio baten cantaetan”:
Bilbaok Lazarragaren poemetako gai eta generoen sailkapenetik abiatu zen. Orobat, erakutsi zuen Lazarragaren poema batzuk, ondo puntuatzen badira, ez direla hain zailak ulertzen, Mendebaldeko euskara ezagutuz gero. Poema batzuek, iturri batetik hartu arren, Lazarragak bere ingurura eta bizitzara egokitu zituen. Gidor Bilbaok poema batzuk irakurri eta iruzkindu zituen.
Rodríguezek azaldu zituen artzain-literaturaren tradizioaren oinarriak; funtsean, artzain-liburuak bi tradizioren uztartzetik sortu ziren: artzain komiko bat, azken buruan Ebanjelioko artzainetatik abiatzen dena, eta artzain idealizatu bat, Virgilio eta neoplatonismoa oinarri dituena. Ondoren, Lazarragaren artzain-nobela hiru zatitan banatu zuen, bakoitzean jorratzen diren motibo eta gai nagusiak zein diren azalduz (nobela sentimentala, artzain-liburua eta zaldungo-nobela batik bat), eta Europako beste testu batzuetatik adibideak ekarriz. Honela, Lazarragaren artzain-liburua testu hibridotzat jo zuen.
- Julen Manterola (UPV/EHU, Euskaltzaindia), “Lazarragaren artzain-liburua: Silbero, Silbia, Doristeo ta Sirena”:
Manterolak Lazarragaren artzain-liburuaren edukia xeheki azaldu zuen, pasarte hautatu batzuen bidez gaiak eta bereziki hizkuntza-arazoak iruzkindu zituelarik. Testuak dituen grafia, fonologia, izen eta aditz morfologia, joskera eta lexikoari dagozkion hainbat puntu aztertu zituen.
Uztailaren 8a- Joseba Lakarra & Céline Mounole (UPV/EHU, JUMI Mintegia), “Lazarragaren hizkuntzaren ezaugarriak”:
Lakarra eta Mounole-ren hitzaldian Lazarragaren eskuizkribuaren grafia, fonologia, izen eta aditz morfologia, sintaxia eta lexikoa aztertu ziren, alderdi bakoitzaren hainbat arazo interesgarri agerraraziz. Horien bidez, bistan da Lazarragaren euskara, funtsean, Mendebaldeko euskaran kokatzen dela, nahiz eta zenbait ezaugarri ez zeuden lekukoturik Lazarragarena agertu arte ezagutzen genituen mendebaldeko testu zaharretan (batzuk bai ekialdekoetan, ordea). Lazarragaren euskararen poliformismoa ere nabarmendu zen, Arabako euskaran ohikoa. Hitzaldian zehar, euskalkien banaketa modu pankronikoan egiteko arazoa eta, hori konpontzeko, sailkapenean ikuspegi diakronikoa egoki sartzeko beharra azpimarratu zen.
- Jesús Antonio Cid (Complutense Unibertsitatea), “Los textos del manuscrito Lazarraga en castellano”:
Bigarren hitzaldi honetan, Cidek Lazarragaren eskuizkribuan dauden gaztelaniazko testuak eta paratestuak (guztiak gaztelaniaz) izan zituen hizpide. Paratestuek (izenburuak-eta) ematen duten informazioaren garrantzia azpimarratu zuen, Lazarragaren testukoak banan-banan aztertu zituelarik. Gaztelaniazko testuen azterketatik Lazarragaren metrika funtsean tradizionala dela, eta ez italianizantea, ondorioztatu zuen. Bestalde, B9
Maior que mi sufrimiento poemaren iturria azaldu zuen, Lazarragak bere kopian zehazki zein plegu erabili zuen erakutsiz. Azkenik, B9 poema horrek eta beste batzuek Lazarragaren izaerari buruz ematen diguten informazio baliagarriaz jardun zuen.
- Ricardo Gómez & Gidor Bilbao (UPV/EHU, JUMI Mintegia), “Lazarragaren ediziorako bidean”:
Azken hitzaldian,
Monumenta Linguae Vasconum ikerketa-taldea prestatzen ari den
edizio digitala aurkeztu zen.
Lazarraga.com webgunearen egitura atalez atal azaldu zen, bertan nabigatzeko aholku eta ohar batzuk ere eskainiz. Gaur egun webgunean zein eduki dauden eta zein egongo diren iragarri zen. Aldi berean, edizio-laneko zeregin batzuk nola egin diren xeheki azaldu zen, alegia testuaren grafia gaurkotzea eta testuaren
konkordantziak prestatzea.