Mezua: Filologiaren armak

2008-11-20

Permalink 16:34:11, Atalak: Filologia, Euskara, Euskararen_historia  

Filologiaren armak

Izenburu horixe eman zion Joaquín Gorrochategik duela urtebete pasatxo Koldo Mitxelena Katedraren II. Biltzarrean eman zuen hitzaldiari:

"Las armas de la Filología"
(PDF, 432 KB)

Bertan, Iruña-Veleiako aztarnategian aurkitutako hainbat idazkunez eta irudiz bere zalantzak aurkeztu zituen Gorrochateguik, eta banan-banan xeheki arrazoitu zituen. Azken batean, aurkikuntza horiek egiazkoak izatera, kasualitate handien multzo ikaragarri baten ondorio izango zen eta, Gorrrochateguiren kalkuluen arabera, egiazkotasunaren probabilitatea 15/10¹°ekoa zen, hau da, hamabost aukera hamar mila miloiren artean (eta ez, orduan egunkari batek argitaratu zuen bezala, %15ekoa).

Lehenagotik ere, eta harrezkeroztik gehiago, Joaquín Gorrochategik eta Joseba Lakarrak egindako analisi filologiko eta linguistikoak kritikatu dituzte askok, uste eta iritzi hutsak zirela esanez, beren lehenagoko teoriei eusteko burugogortasuna besterik erakusten ez zutela, zientifikotasunik gabekoak zirela, tartean arrazoi politikoak zeudela, etab., etab.

Atzo arte.

Horrexegatik, atzo eta gaur argitaratu diren artikulu, mezu, iritzi eta abarren artean, bereziki eskergarria iruditu zait Alberto Barandiaranek gaur Berria egunkarian atera duen analisi-artikulua:

"Hizkuntzalarien alde"

Hortaz, aurrerantzean ere ez genuke ahaztu behar Iruña-Veleiako idazkunen faltsutasuna ez zuela itsasgarriak salatu, baizik eta Filologiaren armek.

Erantzunak, Pingback-ak:

Bidaltzailea: Joseph Ignatius [Bisitaria]
"E" egunean (hau da, filtrazioa el correon agertu zenean, duela di urte pasaaaaaaaaatxo) idazten dakien batek "arrosa", "descartes" edo auskalo zer gehiago argitaratu izan balu, behar ze bezala, feria-txinbera bat ere ez zen faltako edozein, ni neu barne, honi amaiera emateko.

Handik aurrera gertatutakoak, ordea, argi asko uzten du ze nolako "armak" dauzkagun herri honetan.

Barregarri geratu dira guztiak. Ez etorri orain koplekin. Oso ondo azaldu beharko dute gertatutakoa.
Permalink-a mezu RSS 2008-11-20 @ 17:05
Bidaltzailea: Pruden Gartzia [Bisitaria]
Harrigarria egiten zait blog honetan komentario gehiagorik ez egotea. Egia da panorama ez dela pozak zoratzen egoteko modukoa, baina isiltasun hau...

Enfin, bat nator Barandiaranekin: filologoak izan dira, funtsean, historia triste honetan neurria eman duten bakarrak. Aipatuko nuke beste salbuespen nabarmen bat edo batzuk, baina nahiago dut bazter utzi aipu pertsonalak, funtsezko egiari ez diotelako askorik eransten. Beraz, zorionak (euskal) filologoei.

Eta dena esanda dago? Inpresio hori utzi dit E. Gilen prentsaurrekoak (ETBn ikusitakoak). Ez dirudi kontra egiteko ganorazko argudiorik duenik. Ez dirudi inor haren defentsan aterako denik (esan nahi dut, maila bateko argudioak erabiliz).

Baina lintxamendurik ez, mesedez, horrelako baten aztarnak berak min egiten du. Erantzukizuna eskatu bai, lintxamendurik ez.
Permalink-a mezu RSS 2008-11-21 @ 19:45
Bidaltzailea: Blanca Urgell [Bisitaria]
Filologo bezala oso pozik egoteko modukoa da, ikusten dakienak ikusi ahal izan duelako Filologiaren armak egiazki indartsuak direla zuhurki erabiltzen direnean, eta ez direla isildu Zientziaren izena zikinduz saldu nahi diguten zenbait zientziakeriak isilarazi nahi bazituzten ere.
Arabar eta euskaldun bezala (gutxienez, baina -TAR-en batzuk gehiago ere erants nitzake), berriz, oso minduta nago, eta "lintxamendu" hitza asko iruditzen bazait ere, "eskarmentu ederra" eta "erantzunkizunak" bezalako hitzak ez nituzke ahaztu nahi.
Permalink-a mezu RSS 2008-11-21 @ 20:50
Bidaltzailea: Blanca Urgell [Bisitaria]
Berotu naiz, eta ahaztu, Ricardo, zorionak ematea, egin duzun bilkura ederragatik: makalaldietan orri honetara itzuliko naiz, berriro biak bata bestearen ondoren irakurtzeko.
Permalink-a mezu RSS 2008-11-21 @ 20:55
Bidaltzailea: jih [Bisitaria]
Eskerrik asko, Ricardo, albiste-bilketagatik. Nolabait, hemengo egunkariak (The Champaign-Urbana News-Gazette) ez du berria jaso.
Permalink-a mezu RSS 2008-11-21 @ 21:14
Bidaltzailea: Ricardo Gómez [Kidea]
Eskerrik asko zuei guztioi blog honen irakurtzaile zintzoak izateagatik.

Pruden: blog honetako (hots, nire) isiltasunak arrazoi bat du; ez dakit zuzena ala okerra den, baina nire irizpidea izan da: alegia, aspaldi esan nuen Iruña-Veleiako idazkunez-eta ez nuela iritzi gehiago idatziko material guztiak behar bezala argitaratu arte. Kostata, oso kostata, betetzen saiatu naiz eta han-hemen argitaratzen zena biltzera mugatu naiz.

Materialak oraindik ez dira argitaratu, baina bidezkoa eta beharrezkoa iruditu zitzaidan Barandiaranen artikuluaren garrantzia azpimarratzea eta, hasiera-hasieratik argi ikusi nuen blogeko mezuari ipini nahi nion izenburua "Filologiaren armak" izan behar zuela, ezin egokiagoa. Hortaz --mezua osatzeko ere ezinbestekoa iruditu zitzaidalako--, Joaquín Gorrochateguiri bere testua argitaratzeko baimena eskatu nion, eta eman zidan (eskerrik asko, Joaquín).

Gainontzekoan, orain nik beste batzuek esan dutena errepikatzeak, edota "nik banekien"-ka hasteak, edota Urlia eta Sandia lehoietara bota behar direla lau haizeetara oihukatzeak... uste dut ez diola blog honi ezta blogaren irakurleei ere ezer ekartzen. Hortaz, materialak argitaratu bitartean (inoiz argitaratzen badira) informazioa biltzen jarraituko dut eta, gehien jota, nire ustez nabarmentzea merezi duena blogean nabarmenduko dut.

Ez dut esan nahi guztiz objektiboki jokatu nahi dudala; ezin da, ezin dut eta ez dut nahi. Baina nik momentu honetan esan dezakedana beti bigarren eskuko informazioa izango da, orain arte izan den bezala, ez baitut euskarazko idazkun bat ere ikusi. Eta horregatik egon naiz isilik-edo.

Bestalde, Arabako Diputazioak erantzukizunak bilatuko ditu (Diputazioak berak izan litzakeenak barne?) eta txostenak Fiskaltzara bidaliko ditu. Beraz, nik uste, erantzukizunak eskatzeko bidea irekita dago. Noraino helduko den ikusiko.

Bien bitartean, gauza bat eskatzen jarraitu ahal dugu: material guztiak eta Gilen taldearen txosten arkeologikoa lehenbaitehen argitara ditzatela.

Gehiegi hitz egin dut, ezta?
Permalink-a mezu RSS 2008-11-21 @ 23:13
Bidaltzailea: Joseph Ignatius [Bisitaria]
Blanca, "erantzunkizunak" hitza ahaztu beharko duzu, bada. Erantzukizunak bai, ezker-eskuin. Euskaltzaindiaren "ixilak" jarri ninduen atezuan hasieratik, baina kontu hauetan ardura duten beste guztien berbek berotu zuten nire sineste-nahia. Orain hain harro Descartes-eta paseoan ateratzen dituzten horienek, hain zuzen.

Auzi hau guztia Gil lintxatzera mugatu behar bada, a zelako armak euskararenak...
Permalink-a mezu RSS 2008-11-22 @ 14:25
Bidaltzailea: Ricardo Gómez [Kidea]
Joseph Ignatius: kostatzen zait asmatzea zure feria-txinbera nori apuntatu nahi diozun. Edonola ere, zure lehenengo iruzkinean eman duzu gakoa:
"E" egunean (hau da, filtrazioa el correon agertu zenean, duela di urte pasaaaaaaaaatxo) idazten dakien batek "arrosa", "descartes" edo auskalo zer gehiago argitaratu izan balu
Alegia, Diputazioak batzordea eratu zuen arte eta, horrekin, Iruña-Veleiako taldeak materialak batzordekideei erakutsi behar izan zizkien arte, halako perlak ez zituzten euskal filologoek ikusi. Nola salatu orduan, ikusi ez zuten zerbaiten arabera?

Artean "Filologiaren armak" erabili behar izan ziren, besterik ezean, hedabideetan filtratutako datuak (eta haietaz izan zitezkeen zalantzak) eta Gilen taldekoek helarazitako datu bakan batzuk baliatuz.

Eta, hala ere, orduan izan zituzten susmoak geroago materialen aurrean egotean egiaztatu ahal izan dituzte eta ondorio garbietara iritsi ahal izan dira.

Nire ustez, "armek" ondo funtzionatu dute. Eta ez dira "euskararenak", "filologiarenak" baizik.
Permalink-a mezu RSS 2008-11-22 @ 16:54
Bidaltzailea: Joseph ignatius [Bisitaria]
Barregarri geratu dira guztiak. Ez etorri orain koplekin. Oso ondo azaldu beharko dute gertatutakoa. Hauxe da gakoa.

Nire (eta irakurtzen ozta-ozta dakien edonoren) txinbera argi eta garbi dago ze jopuntu izango zukeen orain barra-barra zabaltzen diren "perlak", "margaritak" edo peiokeriak lehenengo unetik zabaldu izan balira: ele zuriak bezain faltsuak zirela baieztatu eta freakykeria horrekin lehenbailehen bukatzea.

Beste armadun guztiek nahi zutena esan zezaketen: egiptokoak faltsuak dira. Bale. Latinezkoak akatsez betetakoak. Ondo. Kalbarioa marrazki bizidunetakoa. Ederto, ez naiz apaiza. Baina, nik dakidalarik, euskarazkoak "beste multzo batean" azaldu ziren, izan ere, bestelako datazioa eta guzti eman zitzaien. Zein izan zen "gure armadaren" erantzuna? Argazkian atera ziren, eta hitzaldiak ere antolatu zituzten han-hemen, neuk ikusia. Inoiz ez zuten esan idazkunak eskuan ez zituztela. Gu, bitartean, bada, pentsetan "haiek jakingo", eta Lazarragarena bezain azkar dena ez argitaratzeko arrazoi pisuak egongo zirela (esaterako, den-dena ondo-edo azalduta egon arte eusko freakyei bazka ez ematea).

Baina, mesedez, ez esan "...artean "Filologiaren armak" erabili behar izan ziren, besterik ezean, hedabideetan filtratutako datuak (eta haietaz izan zitezkeen zalantzak)...", gure hizkuntzalari baten susmoei (artikulua-eta)beste hizkuntzalari zendu bat azalpenak bilatzen ibiltzen zenean. Badakigu ze nolakoak argitaratu ziren egunkarietan, zerrenda osatua dago sareko freakypediaren batean. Jakin daiteke orain zertan zeuden zuzen eta zertan egin zuten huts? Eta orduko susmoren bat benetako soporterik ez zeukan?

Ricardo, zuk diozu orain batzordea eratu arte, hots, aurtengo urtarrilera arte,(http://www.elcorreodigital.com/vizcaya/20080119/sociedad/comision-asesorara-sobre-hallazgos-20080119.html), filologoek ez zutela halako perlarik ikusi, eta zuk hala badiozu, sinetsi beharko da, baina iruzkin hauei sarrera ematen dien PDFan dagoen edukia eta bertan aipatzen den irakurtze data,
(Vitoria-Gasteiz, a 11 de octubre de 2007,
vigésimo aniversario de la muerte de Koldo Mitxelena)ez datoz oso bat horrekin.

Bego. Hizkuntzalariei ziria sartu zieten, ez zekiten gauza handirik (herri xehearen ustearen kontra), eta bi urte eta erdi gero"xe"ago behar izan diren arma guztiak erabili dituzte amarrua agerian uzteko. Ederrak, armak. Orain bezain "ederto" funtziona zitezkeen armok hamar edo ehun urte barru, hartara jarrita.

Ez dut uste autobonborako unea denik. Nire ustez badaude hiru galdera, lehenbailehen argitu behar direnak: zer gertatu den, nola(tan) gertatu den/zaigun eta nor saiatu(ko) da auzi hau bere alde probesten.

Nago, ordea, "erantzunkizunak" bilatzen hasita, batto ere ez dela aurkituko. Hiztegi Batuan ez, behintzat.

Qui prodest galderari erantzuteko, ordea, aski da Vocentoko e-berriei darizkien iruzkin guztiz haluzinatuak ikustea, "tontonchu campos" edo "NAZIonalistak" barregarri erabili nahi dituzten horiek guztiak, alegia.

"Lehenago eta argiago hitz egin izan banu..." dio baten batek orain. Aukera dauka oraindik. baina argi gera bedi guk ez dugula koplabururik onartuko. Saltsa honetan gatzemale asko ibili da.

Bestalde, oso ona zure bloga. Zuzenean diru publikoz eutsitako zerbaiten faltan, eskertzekoa da. Ea inoiz gure unibertsora ere iristen den sistematizazioa.
Permalink-a mezu RSS 2008-11-22 @ 23:04
Bidaltzailea: Blanca Urgell [Bisitaria]
Argi dago, Joseph Ignatius linboren batean bizi izan zarela, ez baduzu ikusi nork zer salatu duen, nork zer esan duen eta non.
Hiru urte pasatxotan izan dudan/dugun moskeoarekin, horixe da falta genuena!
Permalink-a mezu RSS 2008-11-22 @ 23:36
Bidaltzailea: Ricardo Gómez [Kidea]
Joseph Ignatius: Hori da kontua, material guztiak kontuan hartu arte ezin dela ondorio erabatekorik atera. Zeren, bestela, irakurriko baitzenuen Gorrochateguiren PDFaren 4. oin-oharrean (5. orrialdean) dioena:
Al igual que en aquella ocasión [El Correo-n atera zuen artikuluaz ari da], también esta vez me limitaré en las páginas que siguen al comentario de los textos que se han hecho públicos, tanto en la prensa como en presentaciones habidas por parte de los arqueólogos de Iruña-Veleia.
Beraz, bistan da orduan, 2007ko azaroan, ez zituela oraindik pieza guztiak ikusterik izan. Eta orduan atera zituen ondorio guztiak ezagutzen zituen puska horietan oinarritzen zirela, ezinbestean.

Ez litzateke ahaztu behar Gorrochateguik bere hitzaldia eman ondoren, Eliseo Gilek eta Idoia Filloyk konpromezua hartu zutela materialen aurkezpen bat egiteko Fakultatean, hizkuntzalari, filologo, historialari eta arkeologoen aurrean. Handik gutxira, eta oraindik batzordea eratu gabe zegoela, atzera egin zuten.

Gauza batean arrazoi osoa duzu, diozularik:
Orain bezain "ederto" funtziona zitezkeen armok hamar edo ehun urte barru, hartara jarrita.
Egia da, materialak hamar edo ehun urte pasa arte ikusi ahal izango ez balituzte, hamar edo ehun urte barru izango genituzke ondorio orokorrak. Baina hori ez da filologoen errua izan, materialen jabetza zuenaren errua baizik, lehenago eta geroago. Bestalde, zure ustez argitu behar diren hiru galderak niri ere argitu beharrekoak iruditzen zaizkit. Hor ez dakit filologoek lagundu ahal duten, ala Grissom-i deitu beharko dioten.

Pozten nau bloga gustukoa duzula ikusteak eta espero dut aurrerantzean ere berton argitaratzen dena irakurtzen jarraitzea.
Permalink-a mezu RSS 2008-11-22 @ 23:47
Bidaltzailea: Blanca Urgell [Bisitaria]
Ados, Ricardo, diozun guztiarekin, eta eskertzen dizut tonoa ematzeko daukazun trebezia.
Erantsiko nuke materialak ezagutu gabeko garai luze hartan, egunkarietan irakurritako hitz solteekin jokatu behar genuenean, kanporatzen ziren eragozpenen aurrean behin baino gehiagotan entzun behar izan genuela "hori ez dago ostraketan" edo "ez du hori zehazki ipintzen". Zer esan/egin genezakeen, egin zena baino gehiago? Jostailua eurena zen eta!
Permalink-a mezu RSS 2008-11-23 @ 14:13
Bidaltzailea: Ricardo Gómez [Kidea]
Blanca: Arrazoia duzu; eta hortxe dago garai bateko batzuen "zuhurtasunaren" arrazoia, hein handienean. Irudi luke orduan filtratzen zen/zuten datu bat zalantzan jarri orduko, datu hori ez zela egiazkoa edo ez zela inoiz existitu, a ze panorama!

Nik horregatik erabaki nuen, besteak beste, material guztiak behar bezala argitaratu arte idazkunei buruzko jendaurreko eztabaidan ez sartzea. Bestela, ematen zuen xake partidan aritu bitartean, arauak aldatuko balizkigute bezala.

Izan ere, zuk diozun bezala, zenbait hilabetetan datu bat bai, gero ez, aspertzen ibili ondoren, nire erabakia adierazi nuen bai blog honetako iruzkin batean, bai Celtiberia.net foroan eta baita Bizkaien egin zidaten elkarrizketan ere.
Permalink-a mezu RSS 2008-11-23 @ 16:44
Bidaltzailea: Pruden Gartzia [Bisitaria]
Ez, ez da autobonborako ordua, hori garbi baino garbiago dago.

Baina nabarmena da, baita ere, historia triste honetan batzuk beste batzuk baino paper duinagoa jokatu dutela.

Dena den, Zientzia (horrela, maiuskulaz) da eztabaida honetan atera den kategorietako bat. Nire uste apalean, errakuntza bat: Zientziarekiko gehiegizko fedea izan zen, bere momentuan, iruzurraren sinesgarritasun publikorako zutabe nagusietako bat, hots, ez-dakit-nongo laborategietan egindako froga "fisikok". CSIko frogak, bada, horixe.

Ez dakit zer den Zientzia. Baina behin Karl Marxi galdetu omen zioten ea marxista zen; ezetz; ea zein zen, beraz, bere oinarri intelektuala: de omnibus dubitandum (edo horrelako zerbait, barka nire latin makarronikoa). Zalantza, kritika, bada, horixe.

Nire uste apalean hori izan da gakoa. Kritikarako gaitasun eskaxa.

Eta oraintxe bertan, berdin segitzen dugula dirudi. Hasierako aurkikundeak onartu genituen akritizismo berbera ikusten dut nik iruzurraren salakuntza onartzeko unean. Adibidez, "Descartes"-en kontu hori, barkatu, ez zait oso sinesgarria egiten (gutxiago, horren berri eman omen zuenaren ahoan). Eta hortik aurrera, berriz ere "prentsa-filtrazioen" errota zoroa: Ad Maiorem Gloriam... noren?

Ez gabiltza ondo, ez.

Agian, nire lagun batek dioena: aldian-aldian Ramadan informatibo bat beharko genuke.

Permalink-a mezu RSS 2008-11-24 @ 08:20

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small, img>


authimage

Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)
----------

FiloBlogia

(euskal) hizkuntzalaritza-filologiei eta inguruko gaiei buruzko blog bat

blog sobre lingüística y filología (vascas) y temas más o menos conexos

a blog about (Basque) Linguistics and Philology, and related topics

Harpidetu Harpidetu

Creative Commons License
Lan hau Creative Commons-en baimen baten mende dago.


Ricardo Gómez(r)en Facebook soslaia

Sortzailearen profila

Nire profila eta kontaktua

Ricardo Gómez

Kontaktu formularioa

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Bilaketa

Blog hau sindikatu

Zer da hau?

Zure bloga eraman

  1. Bloga esportatu eta txt moduan gorde.
  2. blogariak.com-era joan Tresnak > Inportatu bidez zure blog berria informazioa ekarri.
Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

powered by
b2evolution