Mezua: Phaistosko (euskal) Diskoa iruzurra ote?

2008-07-15

Permalink 15:21:00, Atalak: Hizkuntzalaritza, Filologia, Zientzia  

Phaistosko (euskal) Diskoa iruzurra ote?

Halaxe adierazi du Jerome M. Eisenberg-ek, Antzin Aroko artearen faltsutze-lanetan adituak, The Times egunkariak joan den astean argitaratutako artikulu batean:

"Phaistos Disc declared as fake by scholar"

Phaistosko Diskoa 1908an aurkitu zen eta harrezkero kultura minoikoaren misterio ilunenetarikoa izan da, bertan agertzen diren 45 ikurrak ezin izan baitira ulertu ezta irakurri ere. Areago dena, bazen hizkuntza bat islatzen ez zutela adierazi zuenik ere eta azken hau da Eisenberg-en ondorioa, iruzurra izaki.

Hara non euskararen jatorria kosta ahala kosta bilatzen duten horietako batzuek Phaistosko Diskoa euskararen bidez deszifratzen saiatu ziren, baita "lortu" ere, noski.


Eisenberg-en iritziz, diskoa Luigi Pernier arkeologo italiarrak landu zuen, Sir Arthur Evans, Kretako Knossos jauregiaren aurkitzaile, eta Federico Halbherr arkeologoak txundituta uzteko asmoz. Pernier izan zen Phaistosko diskoa "aurkitu" zuena, eta haren txostenean jauregi minoiko batean eta ikutu gabeko ingurune batean aurkitu zuela baieztatu zuen. Honek balio izan zuen diskoari K. a. 1700 urte inguruko datazioa emateko.

Eisenberg Minerva, The International Review of Ancient Art & Archaeology aldizkariaren editore nagusia da eta duela aste batzuk bidalitako mezu elektroniko batek eztabaida interesgarri bat sorrarazi zuen Langaugehat blogean. Izan ere, aldizkari horren 19:4 zenbakiak atera berri du iruzurra salatzen duen Eisenberg-en artikulua.

Gainera, aurkikuntzaren harira, aurtengo urriaren 31tik azaroaren 1era nazioarteko biltzar bat izango da Londresen, Phaistosko Diskoaren egiazkotasunaren aldekoek eta kontrakoek eztabaidatzeko. Hau guztia iruzurra salatu eta berehala.

Beste batzuek ikasiko al dute!

Iturria:


Erantzunak, Pingback-ak:

Bidaltzailea: Jurtzixabi [Bisitaria] · http://www.blogari.net/jurtzixabi
Aupa,

Filologia Klasikoa ikasten ari nintzela, orain dela 12 bat urte, Hispania aurre-erromatarreko eta oro har Mediterraneo zaharreko hizkuntzetan oso ikasia zen irakasle bati (izena ez dut aipatuko, badaezpada ere) entzun nion ditxosozko diskoa seguru aski faltsua zela... Elxeko dama bezain faltsua, behintzat.
Permalink-a mezu RSS 2008-07-16 @ 02:30
Bidaltzailea: Ricardo Gómez [Kidea]
Bai, aspalditik izan dira susmoak, baina dirudienez oraingoan Eisenberg-ek frogatu du zergatik den faltsua.

Funtsean, diskoaren ikurrak egiteko ebakidurak garbiegiak dira eta buztina "perfektuegi" egosita dago. Minoikoen zeramika ez bide zen hala egiten, baina Pernier ez zen horretaz ohartu.

Alonso eta Arnaiz nazioarteko biltzarrera joango al dira diskoa egiazkoa dela eta bertako hizkuntza euskara dela azaltzera?
Permalink-a mezu RSS 2008-07-16 @ 15:42
Bidaltzailea: Pruden [Bisitaria]
Gaiztoa zara gero, Ricardo!
Dena den, atzo alditxo batez begiratu nuen jatorrizko informazioa (Sustatu-ren bidez) eta niri arreta gehien erakarri zidan kontua izan zen froga fisikoen aferari buruz (termoluminiszentzia frogak, oker ez banago) zenbait lagunen artean zegoen eztabaida: batzuk beharrezkoak eta erabakigarriak direla, beste batzuk ez dutela ezer argitzen, dena delako museoak uko egin diola mota horretako frogak egiteari, ea zergatik, ea baietz, ea ezetz...

Buruz ari naiz....
Permalink-a mezu RSS 2008-07-17 @ 08:41
Bidaltzailea: Ricardo Gómez [Kidea]
Gaiztoa ni, zergatik?

Pruden, zuk diozunak niri ere atentzioa eman zidan. Izan ere, maizegi prozedura "zientifikoak" (letra larriz idatzi behar?) egia absolutua balira bezala hartzen ditugu, kuantifikatu daitekeen edozer ezin da zalantzan jarri, zientzia da (eta ez "letretakoen" metodo ziztrin horiek bezala).

Eta badirudi ez direla beti hain fidagarriak...
Permalink-a mezu RSS 2008-07-17 @ 12:22
Bidaltzailea: Pruden [Bisitaria]
Zientzia « gogorren" eta "bigunen" arteko bereizketa hori aspaldian dago pipiak jota, edozein tokitan arakatzen hasiz gero nabarmena denez. Alegia, bai kasu batean zein bestean "frogek" ez dute berez ezer "frogatzen", aitzitik, dena delako komunitate zientifikoak "froga" horiei kasuan kasu egiten dien "harrera" da beren "frogagarritasuna" neurtzeko bide (ia) bakarra.
Beraz, eta hauxe da nire aspaldiko proposamena, interesgarriagoa (eta praktikoagoa?) da dena delako komunitate zientifikoaren funtzionamendua arakatzea, "frogak" eurak "frogatzen" ibiltzea baino...
Kontu eztabaidagarria da, jakina, baina horixe da nire ikuspuntu apala.
Eta horrek, batzuetan behintzat, ondorio garbi batzuk ditu, adibidez, fijatu zarete nolako jendetasunez eztabaidatzen duten kontu hau blog horietan? Lekutan daude gure inguruko blog batzuetan irakurtzen diren gangarkeriak!

(Bide batez, Ricardo, "gaizto" hitza, "sorgin" bezala, konnotazio desberdinekin erabil daiteke... nireak adeitsua izan nahi zuen, eta Alonso eta Arnaizi egiten diezun aipuaren haritik zetorren)
Permalink-a mezu RSS 2008-07-18 @ 08:34
Bidaltzailea: Jurtzixabi [Bisitaria] · http://www.blogari.net/jurtzixabi
Teoriez gain, kasu jakintsuen bihurrikeriei.

Aspaldi ez dela, oso argitaletxe ezagun batean poesia latindarraren antologia bat argitaratu zen. Antologiagile eta itzultzailea poeta-filologo bat zen (orain, eskuinaren intelektual organiko gisa aritzen da batez ere). Bada, beste olerki askoren artean bere poema bat tartekatu zuen... Antologia hainbat aldiz berrargitaratu da, seguraski institutu frankotan "Kultura Klasikoa" ikasgaiaren beharrezko irakurketa baita, baina inor ez bide da "iruzurraz" konturatu.

Bizkitartean, Lauaxetaren olerkien bilduma ososetan hor dirau laukiztar mungiartuak hil baino ordu batzuk lehenago idatzi omen zuen erdal olerkiak, berea ez izan arren (gainera, nork eta Atxagak aurkitu zuen...).

Ez dakit ba, hainbat lan eta literatur-lan arretaz arakatuz gero,sorpresa galantak aurkituko genituzkeelakoan nago.
Permalink-a mezu RSS 2008-07-19 @ 15:36
Bidaltzailea: Esku nabarrak [Bisitaria] · http://www.eskunabarra.org
Beste erantzun batzuk, eskerrik asko.

http://www.zabaldu.com/4466/phaistosko_euskal_diskoa_iruzurra_ote/
Permalink-a mezu RSS 2008-07-20 @ 00:44

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small, img>


authimage

Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)
----------

FiloBlogia

(euskal) hizkuntzalaritza-filologiei eta inguruko gaiei buruzko blog bat

blog sobre lingüística y filología (vascas) y temas más o menos conexos

a blog about (Basque) Linguistics and Philology, and related topics

Harpidetu Harpidetu

Creative Commons License
Lan hau Creative Commons-en baimen baten mende dago.

Add to Technorati Favorites

Sortzailearen profila

Nire profila eta kontaktua

Ricardo Gómez

Kontaktu formularioa

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Bilaketa

Blog hau sindikatu

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

free 
website stats program

powered by
b2evolution