Aspaldi blogeratu nuen kronika antzeko honen
bigarren emanaldia eta, bestelako zereginek denbora guztia kendu baitidate, nahi baino gehiago berandutu da hirugarren hau.
Aurreratu behar dut urriaren 10eko lehenengo hitzaldietara ez nintzela agertu (Etxeberria & Etxepare, Laka, Albizu, eta Artiagoitiaren komunikazioetara, hain zuzen ere). Beraz, biziki eskertuko nuke hitzaldi horien
laburpenak bidaltzea. Orobat, eta kronika antzeko hau arinago burutzearren, falta den beste edozein txosten edo hitzaldiren laburpena ere ongi etorria litzateke. Batzuetan zein besteetan, egile(ar)en izena(k) aipatuko n(it)u(z)ke, jakina
Bigarren eguna, urriaren 9a:
9:00 Hitzaldia - Blanca Urgell (JUMI, UPV/EHU): "Euskararen Historia eta Filologia: zer (ez) dakigu hamar urte geroago?"
Hitzaldi hau ez zen eman, baina biltzarraren aketetan testua irakurtzeko aukera izango dugu.
10:15 Txostenak - Isaak Atutxa (UPV/EHU): "Testukritika eta euskal testuen edizioaz"
Lehenik, Atutxak gainbegiratu bat egin zion euskal testuen edizioen historiari, garai eta edizio motak bereiziz. Ondoren,
Etxeberri Ziburukoaren Noelac lanaren edizio kritikoa egiteko urratsak azaldu zituen. Atutxaren ekarpen nagusietako bat
Noelac-en aleen sailkapen kronologikorako proposamen berria eta
stemma codicum-a ematea izan zen. Aleen zerrendan Vinsonen bibliografian agertzen ez den ale baten berri eman zuen Atutxak, Bonaparte printzearen liburutegian zegoen (eta, hortaz, gaur egun Chicagoko
Newberry Library-n dagoen) ale bat hain zuzen ere.
- Ane Bueno (UPV/EHU): "Nominalizazio atzizki deitutakoen azterketa historikoa eta morfologikoa"
Komunikazio honetan, Buenok
-mendu,
-men/
-pen,
-dura,
-(k)era,
-(k)eta eta
-kuntza atzizkien historiaz jardun zuen. Atzizki bakoitzetik eratorritako hitzek bai euskal testu idatzietan eta baita hiztegietan ere izandako dokumentazioari buruzko taula batzuk aurkeztu zituen, hitz horiek mende erdiko tarte bakoitzean izandako agerraldi kopuruak jasoz. Taula hauek erakusten dute, atzizki gehienen kasuan, testu idatzietako agerraldiak ugaritu zirela XVIII. mendeko bigarren erditik aurrera, eta hiztegietakoak XIX. mendeko bigarren erditik aurrera. Halaber, Buenok atzizki batzuen aldaerei eta adierei buruzko adibide eta arazo zehatz batzuk azaldu zituen, horien artean atzizkidun hitz batzuek zenbait hiztegi zaharretan duten lekua eta hitz horien iturriak.
- Aurelia Arkotxa-Scarcia (Bordele 3ko Unib., IKER-UMR 5478): "Etxeparez"
Arkotxak
Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae liburuko
paratestu batzuk (
Genette-ren terminoaz baliatuz) izan zituen aztergai, hala hitzezkoak (izenburua, amaiera aldeko
Debile principium melior fortuna sequatur) nola grafikoak (azaleko eta sarreraren ondoko grabatuak, adibidez). Haiei buruzko iruzkinak eta xehetasunak eman zituen, baita liburuaren beste alderdi material batzuei buruz, tipografiaz kasu.
11:30 Txostenak - Patxi Salaberri Muñoa (UPV/EHU): "Axularren Gero liburuaren lehen edizioa. Aleak, aldeak eta zuzenketak"
Bere komunikazioan, Salaberrik
Axularren Geroren lehen edizioaren (Bordelen, 1643) ale ezagunak aurkeztu zituen, ale batzuen arteko aldeak azaldu zituen eta, azkenik,
Koldo Mitxelena Kulturuneko liburutegian dauden aleetako baten M pleguaren berezitasunez jardun zuen (ik. orain Salaberriren beraren artikulua,
Fontes Linguae Vasconum aldizkariaren 105. alean:
"Axularren Gero liburuaren ale kasi birjinaleko "M" pleguaz", 303-323. or.).
- Koro Segurola (EHHA): "XVIII. mendeko garbizaletasuna: Larramendiren Hiztegi Hirukoitza eta eskuizkribuak"
Segurolaren txostenean, Loiolan dauden XVIII. mendeko sermoi eskuizkribatu batzuetan
Larramendik egindako zuzenketak aztertu zituen. Bereziki maileguekin izandako jarreraz jardun zuen: Larramendik zein mailegu utzi eta zergatik, zein eta nola zuzendu. Gainera, onartutako maileguak eta baztertutakoen ordez jarritako hitzak
Hiztegi Hirukoitzean agertzen diren ala ez, eta nola, ikuskatu zuen Segurolak, Larramendiren jokaeraren arrazoiak bilatze aldera.
- Gidor Bilbao (JUMI, UPV/EHU): "Lubieta, izen berri bat euskal testuen historian"
Bilbaok
Dicionario en casttellano y bazquence que sirve para la ensenanza de la bascongada (1728) eskuizkribua eta haren egile Joseph Domingo Lubieta aurkeztu zituen. Lubietaren lana euskara irakasteko eskuliburuen tradizioan sartzen da eta euskalaritzan ezezaguna zen, 2006an
Sociedad Bilbaina elkarteak bere funts bibliografikoekin antolatu zuen euskal liburuen erakusketa batean agertu zen arte.
- Ricardo Gómez (JUMI, UPV/EHU): "Astarloaren sintaxia eta hitz ordena naturala"
Komunikazio honek
Astarloaren ideia sintaktikoak aztertu zituen, garaiko testuinguruan kokatuz. Zehazkiago, erakutsi nahi izan nuen Astarloaren sintaxia XVI. mendetik aurrera arrazionalisten eta, geroago, sentsualisten artean hitz ordena naturalaren inguruan izan ziren eztabaidetan txertatzen dela. Astarloaren proposamenak sentsualisten jarreretara hurbiltzen direla erakutsi zen.
Lotutako sarrerak: