Artxiboak: Maiatza 2008

2008-05-31

Permalink 18:25:52, Atalak: Urteurrenak  

FiloBlogian duela urte bat, duela urte bi...

Eta duela hiru urte:
----------

2008-05-30

Permalink 22:00:08, Atalak: Denetarik  

Arazoak Blogari.net-en. Zer egin?

Barkamena eskatu nahi dizuet atzo edo gaur blog honetan sartu nahi eta ezin izan duzuen guztioi. Egunotan, beste hainbatetan bezala, Blogari.net-en zerbitzariarekin arazoak izan bide dira, baina blogariok ez dakigu etenak noiz gertatuko diren (zaila), ez zenbat denbora iraungo duten (agian ez beti hain zaila), ez eta arazoak noiz amaitu diren ere (oso erraza izan litekeena, nik uste).

Honen harira, beste plataforma batera aldatzea pentsatzen ari naiz eta, zuen iritzia jakiteko, galdera batzuk egin nahi dizkizuet: Uste duzue aldatzea merezi duela? Aldatzekotan, zein gomendatzen didazue? (kontuan hartuta migrazioa egin beharko nukeela). Ez dakit euskarazko gainerako plataformetan halako arazoak egon ohi diren, edo bestelakoak dauden. Nire asmoa ez da plataformen arteko erkaketa sakona egitea (azken batean, nork bere iritzi eta esperientziak ditu), baizik eta laguntza pixka bat izatea erabaki bat hartu baino lehen.

Eskerrik asko aldez aurretik.
----------

2008-05-27

Euskal idazle zaharrak institutuan ate joka

Izenburu hori du EHUko XXVII. Uda Ikastaroen barruan Donostian izango den ikastaro batek. Ikastaroa ekainaren 25etik 27ra izango da, Donostiako Miramar Jauregian.

Ikastaroaren zuzendariak Gidor Bilbao eta Xabier Etxaniz irakasleak dira eta helburu hauexek ditu:

Hizkuntza guztietan eta hezkuntza-sistema guztietan egin da galdera: gazteen artean irakurtzeko zaletasuna sustatzeko, gazteentzat idatziriko literatura bultzatu behar da ala egokiagoa da idazle klasikoak irakurraraztea? Eta, neska-mutilek idazle klasikoen lanak irakurri behar badituzte, noraino erraztu behar dira zailtasunak? Noraino heldu daiteke egokitze-lana? Zenbateraino lagunduko du lan hautatuak aurkezteak? Ala oso-osorik irakurri behar dira klasikoak?

Halako galderei munduan eman zaizkion erantzunak aztertuko dira ikastaroan, eta euskal idazleen kasuan zelan aplikatu daitekeen ikusiko da, hala maila teorikoan nola praktikoan, zenbait idazlerengana hurbiltzeko proposamen zehatzak eskainiaz. Hiru helburu izango ditu, hortaz, ikastaroak:

-   Lekuko idazle klasikoek munduko hezkuntza-sistemetan izan duten tokia aztertzea.

-   Euskal idazle zaharrak batxilerreko neska-mutilekin lantzeak dituen zailtasunak aztertzea.

-   Proposamenak eskaintzea, euskarazko literatura zaharra ere irakurtzeko zaletasuna sustatzeko tresna izan dadin.

Matrikularen prezioa maiatzaren 31ra arte 70 eurokoa da eta ekainaren 1etik aurrera 84 eurokoa.

Hauxe da ikastaroaren egitaraua:
EGITARAUA

EKAINAK 25

9:00etan Dokumentazio banaketa

9:15etan “Idazle klasikoak gazteentzat munduko argitaletxeetan”
IÑAKI ALDEKOA Jn.
Irakasleen U. E. Donostia-San Sebastián. UPV/EHU.

10:30etan Etenaldia

10:45etan “Idazle zaharren edizioak adituentzat eta ez-adituentzat”
BLANCA URGELL And.
Filologia eta Geografia-Historia Fakultatea. Vitoria-Gasteiz. UPV/EHU.

12:00etan Etenaldia

12:15etan “La divulgación de los clásicos de la literatura española, y algo sobre baladas vascas y europeas”
JESÚS ANTONIO CID Jn.
Complutense Unibertsitatea. Madrid.

13:45etan Laburpen saioa

EKAINAK 26

9:15etan “Euskal literaturaren antologia bat ikasleentzat”
XABIER MENDIGUREN ELIZEGI Jn.
Elkar argitaletxea. Idazlea. Donostia-San Sebastián.

10:30etan Etenaldia

10:45etan “Manual literaturazkoa: euskal idazleak eskolara hurbiltzeko ahalegin bat”
JON ELORDI Jn.
Universitat Autònoma de Barcelona. Barcelona.

12:00etan Etenaldia

12:15etan “Euskal idazle zaharrak irakaskuntzako argitaletxe batetik”
MIREN AGUR MEABE And.
Giltza argitaletxea. Idazlea. Bilbo.

13:30etan Laburpen saioa

17:00etan Mahaingurua: “Idazle zaharrak egungo literaturan”
XABIER ETXANIZ Jn.
Irakasleen U.E. Vitoria-Gasteiz. UPV/EHU.
PATXI ZUBIZARRETA Jn.
Idazlea. Vitoria-Gasteiz.
JUAN KRUZ IGERABIDE Jn.
Euskara zerbitzua. UPV/EHU.

18:00etan Saio berezia: “Euskal letrak behin betiko erreformatzeko”
IBAN ZALDUA Jn.
Filologia eta Geografia-Historia Fakultatea. Vitoria-Gasteiz. UPV/EHU.

EKAINAK 27


9:15etan “Etxeberri Sarakoak gaurko Euskal Herriko gazteriari”
GIDOR BILBAO Jn.
Filologia eta Geografia-Historia Fakultatea. Vitoria-Gasteiz. UPV/EHU.

10:30etan Etenaldia

10:45etan “Axular gazteentzat”
PATXI SALABERRI Jn.
Irakasleen U.E. Vitoria-Gasteiz. UPV/EHU.

12:00etan Etenaldia

12:15etan “Lazarraga eskolarako”
RICARDO GÓMEZ Jn.
Filologia eta Geografia-Historia Fakultatea. Vitoria-Gasteiz. UPV/EHU.

13:30etan Laburpen saioa

Argibide gehiago:

----------

2008-05-24

Permalink 16:55:24, Atalak: Euskara  

Axularren Gero-ren irakurraldi etengabea Bilbon

Ekainaren 19an, Bilboko Arriaga antzokian, Axularren Gero liburuaren irakurraldi etengabea egingo da, goizeko 8:00etatik arratsaldeko 20:00ak bitartean, Liburuaren Egunarekin bat Madrilen egin ohi den Don Kixoteren irakurraldiaren antzera.

Ekitaldia Bilboko Elkarlan euskaltegiek antolatu dute, euskara ikasleen jaiaren barruan, eta bertan 400 lagunek parte hartuko dute.

Iturriak:
----------

2008-05-22

Permalink 21:12:05, Atalak: Unibertsitatea/Irakaskuntza  

Juan Ignacio Perezek ez du EHUko errektore izaten jarraituko

Gaurko hauteskundeetan ezezko botoak gehiago izan dira, baiezkoak baino eta, ondorioz, Juan Ignacio Perez hautagai bakarrak ez du EHUko errektore jarraitzeko babesik lortu.

Honek ekarriko du hauteskunde prosezu berria zabaltzea eta Perezek adierazi zuen, hala gertatuz gero, ez zela berriro aurkeztuko.

Argibide gehiago:

----------

2008-05-16

Permalink 23:14:38, Atalak: Euskara, Internet, Euskararen_historia  

Koldo Mitxelena Kulturuneak Amilletaren dotrina erosi du

Apirilean Koldo Mitxelena Kulturuneko Liburutegiak XVII. mendeko euskuizkribu bat erosi zuen eta bertan Amilletaren dotrina dago, gaztelaniazko akta batzuekin batera.

Amilletaren dotrina bizkaieraz idatzita dago eta 1983. urtean ezagutu zen. Ondoren, Adolfo Arejitak eta Mirari Alberdik eskuizkribuaren edizioa eta azterketa argitaratu zuten Euskeraren iker atalak - Litterae Vasconicae aldizkariko 3 (1985) eta 4 (1988) zenbakietan.

Herenegun, KMK-ko Liburutegiak sarean jarri zituen Amilletaren dotrinaren irudiak, bost orrialde guztira.

Iturriak:
----------
Permalink 22:51:39, Atalak: Hizkuntzalaritza  

McGurk efektua: hizkuntza entzun ala ikusten dugu?

Patxi Goenagaren omenezko ekitaldia interesgarri eta hunkigarria gertatu zen; zorionak antolatzaileei!! Hitzaldi bikainak entzun genituen, lagun asko ikusi genituen eta elkarrekin bazkari eta bazkalondo giro ederrean egoteko aukera izan genuen.

Itziar Lakak bere hitzaldian biohizkuntzalaritzaren azken orduko ikerketa batzuk aurkeztu zizkigun. Den-dena kontatzeko gauza ez naiz, baina gustatuko litzaidake Itziarrek erakutsi zigun bideo bat hona ekartzea eta hartaz zerbait esatea: McGurk efektua erakusten duen bideoa.

Beheko bideoa ikusi (bolumena piztuta) eta ea zein silaba entzuten duzuen; behin baino gehiagotan ikusi ahal duzue, noski:


Orain, bideoa berriro erreproduzitu, baina begiak itxita edo beste alde batera begiratuta. Zer entzuten duzue oraingoan?

Azken saio bat egin daiteke: bideoa piztu eta begiak ireki eta itxiz erreproduzitu. Orain zer?

Hauxe da McGurk efektua izenarekin ezagutzen dena, lehenengo aldiz 1976an Harry Mc Gurk eta John MacDonald-ek Nature aldizkarian deskribatu baitzuten.

Efektu honen arrazoiak eta errege magoak nortzuk diren jakin nahi baduzue, hona argibide gehiago (sarean aurki daitezkeen hainbaten artean):
----------

2008-05-12

Gramatika Jaietan: Patxi Goenagari omenaldia Gasteizen

Patxi Goenagak 60 urte eta Gramatika bideetan haren liburu famatuak 30 urte bete dituztela ospatzeko, Gramatika Jaietan. Patxi Goenagaren omenez liburua kaleratuko da "ASJUren gehigarriak" sailean.

Gainera, bi urtemugak ospatzeko ekitaldi bat izango da ostegunean, maiatzaren 15ean, Gasteizko Letren Fakultateko Areto Nagusian.

Han izango dugu, Patxirekin egoteko eta, haren liburua irakurri genuenean, zenbat ikasi eta gozatu genuen gogoratzeko.

Ekaitzek utzi duena baino irudi hobeagorik ezin izango dudanez aurkitu, hona besterik gabe ekitaldiaren egitaraua:

EGITARAUA

11:30 AURKEZPENA

11:45 "GRAMATIKA BIDEETAN: Bide barrijak"
Itziar Laka (UPV/EHU)

12:45 "GRAMATIKA BIDEETAN liburuaren lilura: ikuspegi pertsonal bat"
Jon Ortiz de Urbina (Deustuko Unibertsitatea)

13:45 GRAMATIKA JAIETAN. PATXI GOENAGAREN OMENEZ liburua ematea

Antolatzailea:
Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Saila
Babeslea: Arabako Campuseko Errektoreordetza

Eguneratzea (2008-05-13):

Xabier Artiagoitiak, omenaldi-liburuaren argitaratzaileetariko eta ekitaldiaren antolatzaileetariko batek, Sustatun argitaratu du artikulu bat:

"Gramatika Bideetan liburuaren 30. urteurrena dela eta"

----------

2008-05-11

Koldo Mitxelena Katedraren II. Biltzarra: kronika antzeko zerbait (III)

Aspaldi blogeratu nuen kronika antzeko honen bigarren emanaldia eta, bestelako zereginek denbora guztia kendu baitidate, nahi baino gehiago berandutu da hirugarren hau.

Aurreratu behar dut urriaren 10eko lehenengo hitzaldietara ez nintzela agertu (Etxeberria & Etxepare, Laka, Albizu, eta Artiagoitiaren komunikazioetara, hain zuzen ere). Beraz, biziki eskertuko nuke hitzaldi horien laburpenak bidaltzea. Orobat, eta kronika antzeko hau arinago burutzearren, falta den beste edozein txosten edo hitzaldiren laburpena ere ongi etorria litzateke. Batzuetan zein besteetan, egile(ar)en izena(k) aipatuko n(it)u(z)ke, jakina

Bigarren eguna, urriaren 9a:


9:00 Hitzaldia
  • Blanca Urgell (JUMI, UPV/EHU): "Euskararen Historia eta Filologia: zer (ez) dakigu hamar urte geroago?"
Hitzaldi hau ez zen eman, baina biltzarraren aketetan testua irakurtzeko aukera izango dugu.

10:15 Txostenak
  • Isaak Atutxa (UPV/EHU): "Testukritika eta euskal testuen edizioaz"
Lehenik, Atutxak gainbegiratu bat egin zion euskal testuen edizioen historiari, garai eta edizio motak bereiziz. Ondoren, Etxeberri Ziburukoaren Noelac lanaren edizio kritikoa egiteko urratsak azaldu zituen. Atutxaren ekarpen nagusietako bat Noelac-en aleen sailkapen kronologikorako proposamen berria eta stemma codicum-a ematea izan zen. Aleen zerrendan Vinsonen bibliografian agertzen ez den ale baten berri eman zuen Atutxak, Bonaparte printzearen liburutegian zegoen (eta, hortaz, gaur egun Chicagoko Newberry Library-n dagoen) ale bat hain zuzen ere.
  • Ane Bueno (UPV/EHU): "Nominalizazio atzizki deitutakoen azterketa historikoa eta morfologikoa"
Komunikazio honetan, Buenok -mendu, -men/-pen, -dura, -(k)era, -(k)eta eta -kuntza atzizkien historiaz jardun zuen. Atzizki bakoitzetik eratorritako hitzek bai euskal testu idatzietan eta baita hiztegietan ere izandako dokumentazioari buruzko taula batzuk aurkeztu zituen, hitz horiek mende erdiko tarte bakoitzean izandako agerraldi kopuruak jasoz. Taula hauek erakusten dute, atzizki gehienen kasuan, testu idatzietako agerraldiak ugaritu zirela XVIII. mendeko bigarren erditik aurrera, eta hiztegietakoak XIX. mendeko bigarren erditik aurrera. Halaber, Buenok atzizki batzuen aldaerei eta adierei buruzko adibide eta arazo zehatz batzuk azaldu zituen, horien artean atzizkidun hitz batzuek zenbait hiztegi zaharretan duten lekua eta hitz horien iturriak.
  • Aurelia Arkotxa-Scarcia (Bordele 3ko Unib., IKER-UMR 5478): "Etxeparez"
Arkotxak Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae liburuko paratestu batzuk (Genette-ren terminoaz baliatuz) izan zituen aztergai, hala hitzezkoak (izenburua, amaiera aldeko Debile principium melior fortuna sequatur) nola grafikoak (azaleko eta sarreraren ondoko grabatuak, adibidez). Haiei buruzko iruzkinak eta xehetasunak eman zituen, baita liburuaren beste alderdi material batzuei buruz, tipografiaz kasu.

11:30 Txostenak
  • Patxi Salaberri Muñoa (UPV/EHU): "Axularren Gero liburuaren lehen edizioa. Aleak, aldeak eta zuzenketak"
Bere komunikazioan, Salaberrik Axularren Geroren lehen edizioaren (Bordelen, 1643) ale ezagunak aurkeztu zituen, ale batzuen arteko aldeak azaldu zituen eta, azkenik, Koldo Mitxelena Kulturuneko liburutegian dauden aleetako baten M pleguaren berezitasunez jardun zuen (ik. orain Salaberriren beraren artikulua, Fontes Linguae Vasconum aldizkariaren 105. alean: "Axularren Gero liburuaren ale kasi birjinaleko "M" pleguaz", 303-323. or.).
  • Koro Segurola (EHHA): "XVIII. mendeko garbizaletasuna: Larramendiren Hiztegi Hirukoitza eta eskuizkribuak"
Segurolaren txostenean, Loiolan dauden XVIII. mendeko sermoi eskuizkribatu batzuetan Larramendik egindako zuzenketak aztertu zituen. Bereziki maileguekin izandako jarreraz jardun zuen: Larramendik zein mailegu utzi eta zergatik, zein eta nola zuzendu. Gainera, onartutako maileguak eta baztertutakoen ordez jarritako hitzak Hiztegi Hirukoitzean agertzen diren ala ez, eta nola, ikuskatu zuen Segurolak, Larramendiren jokaeraren arrazoiak bilatze aldera.
  • Gidor Bilbao (JUMI, UPV/EHU): "Lubieta, izen berri bat euskal testuen historian"
Bilbaok Dicionario en casttellano y bazquence que sirve para la ensenanza de la bascongada (1728) eskuizkribua eta haren egile Joseph Domingo Lubieta aurkeztu zituen. Lubietaren lana euskara irakasteko eskuliburuen tradizioan sartzen da eta euskalaritzan ezezaguna zen, 2006an Sociedad Bilbaina elkarteak bere funts bibliografikoekin antolatu zuen euskal liburuen erakusketa batean agertu zen arte.
  • Ricardo Gómez (JUMI, UPV/EHU): "Astarloaren sintaxia eta hitz ordena naturala"
Komunikazio honek Astarloaren ideia sintaktikoak aztertu zituen, garaiko testuinguruan kokatuz. Zehazkiago, erakutsi nahi izan nuen Astarloaren sintaxia XVI. mendetik aurrera arrazionalisten eta, geroago, sentsualisten artean hitz ordena naturalaren inguruan izan ziren eztabaidetan txertatzen dela. Astarloaren proposamenak sentsualisten jarreretara hurbiltzen direla erakutsi zen.

Lotutako sarrerak:
----------

:: Hurrengo orrialdea >>

FiloBlogia

(euskal) hizkuntzalaritza-filologiei eta inguruko gaiei buruzko blog bat

blog sobre lingüística y filología (vascas) y temas más o menos conexos

a blog about (Basque) Linguistics and Philology, and related topics

Harpidetu Harpidetu

Creative Commons License
Lan hau Creative Commons-en baimen baten mende dago.

Add to Technorati Favorites

Sortzailearen profila

Nire profila eta kontaktua

Ricardo Gómez

Kontaktu formularioa

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Bilaketa

Blog hau sindikatu

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

free 
website stats program

powered by
b2evolution