Hedabideetan jakinarazi dutenez,
Eusko Legebiltzarraren eta
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren arteko akordioari esker, Eusko Legebiltzarraren Liburutegiko
1.246 liburu digitalizatu jarri dituzte sarean, denon eskura.
Digitalizatutako lan hauek
Antso Jakituna Fundazioko funtsetatik ateratakoei gehitzen zaizkie
Euskadiko Liburutegi Digitalean.
Sartu diren liburu berrien artean, Betolazaren
Dotrina Kristinaren (1596) ale ezagun bakarra edo Axularren
Geroren lehen edizioaren (1643) ale bat nabarmendu daitezke. Bidenabar esanda, ale honen beraren faksimilea askoz errazago eskuratu eta errazago irakur daiteke
Klasikoen Gordailuan (hona
faksimilea PDF formatuan).

Asmo oneko ekimena, beraz, baina
teknikoki askoz hobeto egin zitekeen eta egin behar zen.
Adibidez, nire iritziz askoz eraginkorrago eta erabilgarriagoa izan liteke,
Kataluniako Liburutegiak iaz egin zuen bezala,
Google Book Search egitasmoarekin
akordio batera iristea, liburuak Google-k digitalizatu eta sarean jarri ditzan, Eusko Legebiltzarrari (eta lehenago Antso Jakituna Fundazioari ere) kopiak utziz.
Halako beste liburutegi digital erraldoien egitasmoak daude aukeran, baina pentsatzen dut gure liburutegietako funtsak sartzeko zailtasun handiagoak egongo liratekeela. Izan ere,
The European Library-n Europako
"liburutegi nazionalak" baino ez dira sartzen, eta Euskal Herrian oraingoz ez dugu halakorik, ez izenez, ez
izanez eta ezta
ofizialtasunez ere.
Edonola ere, halako makroproiektu batean sartzeko asmorik ez balego (biba gu ta gutarrak!),
Euskadiko Liburutegi Digitalak gutxienez, digitalizatutako lanak
PDF formatuan osorik jaisteko moduan prestatu beharko lituzke. Oraingo sisteman orrialde bakoitza TIF irudi bat da, banan-banan irakurri edo inprimatu behar dena, eta zeharo deserosoa gertatzen da bai pantailan irakurtzea eta baita, jakina, testu osoa lortzea ere.
Gustatuko litzaidake digitalizazio eta liburutegi kontuei buruz gehiago dakitenen iritzia jakitea, ni ez bainaiz batere aditua gai hauetan eta bururatzen zaizkidan gogoeta arin batzuk besterik ezin dut plazaratu.
Lotutako sarrerak:Argibide gehiago: