Mezua: Euskal filologoak direla-eta

2007-12-10

Permalink 22:24:31, Atalak: Filologia, Unibertsitatea/Irakaskuntza  

Euskal filologoak direla-eta

Argia astekariaren 2114. zenbakian Gotzon Garatek "Euskal filologoak" izeneko artikulua argitaratu du. Bertan euskal filologoen onuraz dihardu eta euskarari egindako mesedea nabarmentzen du. Hona artikuluaren testu osoa:
Irakurri izan dut nonbait ere euskara alorrean filologiaren usain handiegia sumatzen dela. Idazleak ez zuen kontua asko “zehazten” eta ezjakinean gelditu nintzen, non edo zertan aditzen zen usain hori. “Lar, txar” esaten dute oso ongi Bizkaian. Kontua horixe da, ea filologiaren usaina gehiegizkoa denentz.

Hau ez dago ukatzerik: euskal filologoek izugarrizko mesedea egin diotela euskarari.

Besteak beste, izen ona, ohore eta ospea eman diote euskarari. Gu haur ginelarik, euskararen etsaiek puzturik, uste oker bat zabaldua zegoen: euskara boronoen, ezjakinen eta arloteen hizkuntza zela.

Horrek eta gizartean zegoen euskararen kontrako giroak kalte handia egin zigun: milaka eta milaka gurasok ez zieten seme-alabei euskaraz erakutsi. Zertarako, euskara inozoen ezaugarria bazen?

Euskal filologoek uste hori hankaz gora bota dute. Euskara unibertsitatean ere ikasten dela. Ez dela hutsaren hurrengoa. Jende ikasiek ere egiten dutela euskaraz. Jende dotorea ez dela euskaraz egiten lotsatzen.

Beste aldetik euskal filologoak jende ongi jantzia dira. Bost edo lau urtez jo eta ke, zinez euskararen erraiak aztertzeari ekin diote. Unibertsitateko karrera bukatu eta edonon jakinduria zabaltzeko gerturik daude.

Garai baten euskaraz jakinez gero, jendeak uste zuen euskarari buruzko kontu guztiak bazekizkiela. Etimologiak eta, barra-barra azaltzen zituzten, maiz gauza okerrak esanez.

Euskal filologoak, euskarari buruz ari denean, zuhur jokatzen du. Zer dakien badaki eta zer ez dakien ere bai.

Euskal filologoei esker, uste oker asko pikutara joan dira. Adibidez, Gipuzkoako euskara Bizkaikoa baino hobea dela.
Edota Eibarko eta Bermeoko euskara traketsa dela. Euskal filologoek ongi dakite herri horietako euskararen egiturak, hezurdurak ez diotela inongoari zorrik.

Eibarko euskararen aberastasuna azken aldi honetan frogatua baino frogatuago gelditu da.
Bermeoko euskara, berriz, noranahiko dela besteak beste, Eneko Barrutiak, Antonio Perez Bilbaok, Begoña Bilbaok... garbi eta argi erakutsi dute.

Euskal filologoek idatzitako liburuak asko eta estimagarriak dira.

Euskal kulturaren alor asko maisuki jorratu dituzte.

Beste aldetik euskal filologoak kargu eta postu garrantzitsuetan dabiltza: ikastetxeetan, euskaltegietan, udaletxeetan, irratietan, telebistan, itzulpen lanetan, Eusko Jaurlaritzan, lana serioski eginez.
Euskal filologoek arnasa berria ematen diote euskarari.

Zer iruditzen zaizue Garateren testua? Ados? Kontra? Bai baina ez?

Erantzunak, Pingback-ak:

Bidaltzailea: Benito [Bisitaria] · http://karrajua.org
Bakoitzari berea, filologoek horrelako loreak ere merezi dituzte.
Dena ez da egurra izango.
"Fabrikan" pozik egoteko motiborik ere badaukazue, ezta?
Baina lar sinistu barik gero! ;-)
Permalink-a mezu RSS 2007-12-11 @ 02:18
Bidaltzailea: Luistxo [Bisitaria] · http://http.//www.tagzania.com
Ez bakarrik euskal filologia: filoblogia ere maite dugu eta behar dugu! (eibartarrok zorretan Gotzon Garaterekin, bestalde)
Permalink-a mezu RSS 2007-12-11 @ 08:43
Bidaltzailea: Eibartik [Bisitaria] · http://eibar.org/blogak/sarasua
Ez da, ba, egia izango? Eibarko euskararen inguruan dioena, behintzat, egia borobila :-)

Euskarak azken 30 urteotan izan duen gorakada izugarria izan da, zalantzarik gabe: hizkuntza modernizatu egin da, corpusean, statusean, baliabideetan, egituran... Pentsa: Euskaltzaindia ere modernizatu egin da azken "fitxaketekin".

Orain, erabilera eta kalitatea hobetu beharko ditugu...

Eta nik, lortuko ote dut egunen batean filologoen klubean sartzea? Bospasei ikasgai geratzen zaizkit, tartean Ricardo zorrotzaren gairen bat... kostako zait! :-)
Permalink-a mezu RSS 2007-12-11 @ 10:15
Bidaltzailea: Ricardo Gómez [Kidea]
Aupa, Asier: uste dut falta zaizun ikasgai hori dagoeneko ez dela zorrotz honena, beste zorrotz bat(zu)ena baizik. Zorte on, beraz!!
Permalink-a mezu RSS 2007-12-11 @ 16:15
Bidaltzailea: Pruden Gartzia [Bisitaria]
Gaiztoa zara, Ricardo, horrelako amuak jarrita.

Eta bai, Oscar Wilden esaera famatu hari segituz, utziko dizut nire burua tentaldira eramaten.

Esateko behin baino gehiagotan esan dudana: euskararen ikuspegitik Filologia da, ziur aski, erabateko normalkuntza lortu duen diziplina unibertsitario bakarra.

Eta hori txarra da?

Utz ditzagun koplak. Bai, txarra da, euskararen auzia (Villasanteren hitzetan esateko) distortsionatu egiten duelako.

Txarra da hainbat jenderentzat euskara "filologoen kontua" dela pentsatzeko bidea eskaintzen duelako. Eta ez. Euskara gizarte osoaren auzia izango da, ala ez da deus izango. Zulora joango da.

Baina euskal filologoentzat eurentzat ere txarra da. Areago, perbertsoa dela esango nuke. Dilista plater baten truke zuen herentzia naturalaz gabetzen zaituztetelako. Hots, azken bi hamarkadatan (alegia, une konkretu eta iheskor batean) euskal kulturaren esparruan gehiegizko protagonismoa izatearen truke (dilista platera) euskaraz osoki funtzionatuko duen gizarte batez gabetzen zaituztetelako, epe luzera txoko marginal batera kondenatuz.

Honez gero ez dakit gaineratu beharko nukeen euskal filologoek, kolektibo gisa, sortarazten didaten miresmena eta inbidia. Baina auziari bere osotasunean begiratu behar zaio.

Bukatzeko: ez da zaila izango inorentzat nire analisia sinplista eta eskematikotzat salatzea (manikeotzat ere, agian). Ziur naiz arrazoia izango dutela. Baina uste dut egiaren zati txiki bat jaulki izana inork ez didala ukatuko.
Permalink-a mezu RSS 2007-12-11 @ 18:16
Bidaltzailea: othermin [Bisitaria]
Filologoak behar ditugu, bai horixe.

Hitza(k) maite d(it)uen jendea, eta bahitutako hitzak berbereganatzen trebatua den euskalduna.

Filologoak behar ditugu, orain ditugun baino filologo askoz ere gehiago, "oinarrizko ikasgai" izendatuko nuke nik filologia ikastetxe eta eskola guzti-guztietan, ume-umetatik euskaldun orok ikas dezagun hitza onerizten, maitatzen, gozatzen, gozatze horretan hizkuntzaren jarioak berak eraman gaitzan.

Hitzari, hizkuntzari, batzuek jarri nahi dioten gerruntzetik libratzeko modu bakarra horrexetan ikusten baitut, gure hitzen nondik norakoak eta noiz-nongoak ezagutuz gero ez baikenuke Euskaltzaindiaren beharrik izango, esate baterako.

Jakina, 'filologo' izatea ez du tituludun izate hutsak ematen.

(Bidenabar esanda -bazter-ohartxotzat jo dezakezu hau, Pruden-, ea noiz erbesteratzen dugun 'normalkuntza' hori.)
Permalink-a mezu RSS 2007-12-11 @ 20:53
Bidaltzailea: blanca urgell [Bisitaria]
Bistan da bakoitzak bere erara ulertzen duela "filologo" hitza. Euskal Herria filologoz (areago filologo salduz) beteta ikustea bezain beldurgarria, filologoz bete nahi izate hori, baina hain adiera ezberdinetan ulertu ahal bada, eta gainera titulurik gabe ere filologo izan ahal bada... hemendik aurrera neuk errebindikatuko dut euskaldun guztiak piloto izatea, tituluarekin zein ez: hain da polita hegan egitea eta! Pilotoek ere badakite dilistak ederki irabazten, gainera...
Permalink-a mezu RSS 2007-12-12 @ 14:50
Bidaltzailea: Ricardo Gómez [Kidea]
Bistan da, bai, bakoitzak bere erara ulertzen duela "filologo" hitza.

Adibide eta kontrapuntu gisa, hona herenegun El País-en argitaratu ziren Luis Landero idazle eta Hispaniar Filologian lizentziatuaren adierazpenak:

"Creamos monstruos, pequeños filólogos analfabetos"
Permalink-a mezu RSS 2007-12-12 @ 16:31
Bidaltzailea: Pruden Gartzia [Bisitaria]
Ez dakit arazoa den "filologo" hitza bakoitzak bere erara ulertzea edo, besterik gabe, filologo tituludunak ez direnei isiltzeko gonbita egitea. Ez dakit, benetan.

Egia da, halaber, metafora bibliko bat (Has 25, 29-34)erabili dudala goiko mezuan nire proposamena "ilustratzeko", eta metaforak, badakigu, hitz arruntak baino ekibokoagoak dira oraindik. Baina Blancaren irakurketan ez dut nire burua ikusten: euskal filologoen kolektiboak gaur egun gizartearen baitan duen irudiaz ari nintzen, ez beste ezertaz. Irudi puztuegia nire uste apalean, luzera filologoen euren kaltetan joango dena (eta Gotzon Garate beti miretsiaren artikulua ez zait iruditzen laudagarria, bistan denez).

Dena den, ulertzen dut beste batzuk beste era batera ikustea arazoa (Otherminek, adibidez). Baina "filologo saldu"-en aipamen hori injustua iruditzen zait. Barkatu ezer "beldurgarririk" esan badut; ez da nire asmoa izan inor gutxiestea.
Permalink-a mezu RSS 2007-12-14 @ 23:20

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small, img>


authimage

Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)
----------

FiloBlogia

(euskal) hizkuntzalaritza-filologiei eta inguruko gaiei buruzko blog bat

blog sobre lingüística y filología (vascas) y temas más o menos conexos

a blog about (Basque) Linguistics and Philology, and related topics

Harpidetu Harpidetu

Creative Commons License
Lan hau Creative Commons-en baimen baten mende dago.

Add to Technorati Favorites

Sortzailearen profila

Nire profila eta kontaktua

Ricardo Gómez

Kontaktu formularioa

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Bilaketa

Blog hau sindikatu

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

free 
website stats program

powered by
b2evolution