Artxiboak: Abendua 2007

2007-12-28

Permalink 16:23:46, Atalak: Denetarik, Euskara, Euskalaritzaren_historia  

Berri gehiago Iruña-Veleiako aurkikuntzen inguruan

Celtiberia.net-eko foroetan aspalditik ari dira Iruña-Veleiako aurkikuntzei buruz eztabaidatzen eta honezkero, gaiari eskaini dizkioten artikuluetan, badira 3150 bat iruzkin.

Gaur argitaratu den iruzkin batean, azkenik!, aurkikuntzekin lotutako datu berriak eskaini zaizkigu. Iruzkina luzea denez, ez dut testu osoa hona ekarri, baina astiro eta patxadaz irakurtzea gomendatzen dizuet, betiere Mateoren hitzak (2:16) buruan, noski:
Vua Hê-rốt thấy mình đã bị mấy thầy bác sĩ đánh lừa, thì tức giận quá, bèn sai giết hết thảy con trai từ hai tuổi sấp xuống ở thành Bết-lê-hem và cả hạt, theo đúng ngày tháng mà mấy thầy bác sĩ đã cho vua biết.
----------

2007-12-21

Permalink 21:31:23, Atalak: Denetarik  

Zorionak eta urte berri on!

Aurten ez zait ideia berririk bururatu eta, beraz, klasiko bat errepikatuko dut: nola esaten den izenburuko esaldia (edo antzeko zerbait) 360tik gora hizkuntzatan. Helbide honetan aurkituko duzue zerrenda osoa:

Merry Christmas from FLW in 360+ languages!


----------

2007-12-18

Permalink 18:11:58, Atalak: Filologia, Euskara, Euskararen_historia  

Julen Arriolabengoak Mikel Zarate saio saria irabazi du

Euskaltzaindiak eta BBK Fundazioak urtero antolatzen dituzten literatur sarien arten, Julen Arriolabengoak (PDF) irabazi du aurtengo Mikel Zarate saio saria, Euskara Ibarguen-Cachopin kronikan lanarekin. Saria erabaki zuen epaimahaian Adolfo Arejita, Antton Aranburu eta Iñaki Aldekoa izan ziren.

Julen Arriolabengoak iazko abenduan lortu zuen Euskal Filologian doktore titulua, Ibarguen-Cachopín kronika. Edizioa eta Azterketa tesia denfendatu ondoren.

Oraingo saria jaso duen lanean, berriz, Arriolabengoak doktorego-tesian jaso zituen euskarazko testu, esaldi eta hitzak bildu eta aztertu ditu.

Adolfo Arejita epaimahaikideak sari-banaketa ekitaldian esandako hitzetan (PDF) lanaren laburpena aurki daiteke.

Zorionak, Julen! Lana irakurtzeko irrikitan nago!!


Julen Arriolabengoa saria jasotzen
----------

2007-12-12

Permalink 19:31:37, Atalak: Hizkuntzalaritza  

Saussure: bokalak usaintzeko gai zen poeta

Azaroaren 16an, The Times Literary Supplement agerkarian John E. Joseph hizkuntzalariak Saussure-ri buruz idatzitako artikulu xarmagarri hau argitaratu zen:

"The poet who could smell vowels" ("The Secret Saussure" hautazko izenburua ere bide du)

Ferdinand de Saussure (1857-1913) hizkuntzalari suitzarra oso ezaguna da hizkuntzalaritzaren eremuan, eta zertxobait beharbada hizkuntzalaritzatik kanpo ere.

Ziurrenik, haren lan aipatuena Cours de linguistique générale (1916) da. Liburua Saussure-k Genevan 1906-1911 bitartean eman zituen ikastaroak berreraikitzeko saioa da, azken hiru urteetakoak bereziki; horretarako, haren ikasleak izan ziren Chales Bally eta Albert Sechehaye ikastaroan hartutako apunteetan oinarritu ziren.

Ferdinand de Saussure


Beste askorentzat, ordea, Saussure-ren lan garrantzitsuena beste bat da: alegia, 1877an, hogei urte zituela, Société de Linguistique de Paris delakoan aurkeztu zuen Mémoire sur le système primitif des voyelles dans les langues indo-européennes (1879an emendaturik argitaratua).

Bertan Saussure-k proposatu zuen indoeuroperak zenbait kontsonante zituela, gero hizkuntza indoeuropar guztietan desagertu zirenak, baina batzuen bokaletan aztarnak utzi zituztenak. Geroago kontsonante horiei "laringal" izena eman zitzaien eta gaur egun horrela ezagutzen dira.

Laringalen teoria hizkuntzen barne berreraiketaren saio eredugarritzat hartu izan da. Hau gutxi balitz, 50 bat urte geroago Kurylowicz-ek hititaren sistema fonologikoan aurkitu zituen laringalen zantzuak, Saussure-ren hipotesia bermatuz.

John E. Joseph-en artikuluan Saussure-ri buruzko datu ez hain ezagunak aurki daitezke (horietako batzuk 1996an aurkitutako izkribuetatik atereak), hala nola zertzelada biografiko batzuk (hemen ere oposaketak nagusi), gaztetako poemak eta, batez ere, Saussure-ren iturri britaniar eta amerikarren pisu handia.

Iturria:
----------

2007-12-10

Permalink 22:24:31, Atalak: Filologia, Unibertsitatea/Irakaskuntza  

Euskal filologoak direla-eta

Argia astekariaren 2114. zenbakian Gotzon Garatek "Euskal filologoak" izeneko artikulua argitaratu du. Bertan euskal filologoen onuraz dihardu eta euskarari egindako mesedea nabarmentzen du. Hona artikuluaren testu osoa:
Irakurri izan dut nonbait ere euskara alorrean filologiaren usain handiegia sumatzen dela. Idazleak ez zuen kontua asko “zehazten” eta ezjakinean gelditu nintzen, non edo zertan aditzen zen usain hori. “Lar, txar” esaten dute oso ongi Bizkaian. Kontua horixe da, ea filologiaren usaina gehiegizkoa denentz.

Hau ez dago ukatzerik: euskal filologoek izugarrizko mesedea egin diotela euskarari.

Besteak beste, izen ona, ohore eta ospea eman diote euskarari. Gu haur ginelarik, euskararen etsaiek puzturik, uste oker bat zabaldua zegoen: euskara boronoen, ezjakinen eta arloteen hizkuntza zela.

Horrek eta gizartean zegoen euskararen kontrako giroak kalte handia egin zigun: milaka eta milaka gurasok ez zieten seme-alabei euskaraz erakutsi. Zertarako, euskara inozoen ezaugarria bazen?

Euskal filologoek uste hori hankaz gora bota dute. Euskara unibertsitatean ere ikasten dela. Ez dela hutsaren hurrengoa. Jende ikasiek ere egiten dutela euskaraz. Jende dotorea ez dela euskaraz egiten lotsatzen.

Beste aldetik euskal filologoak jende ongi jantzia dira. Bost edo lau urtez jo eta ke, zinez euskararen erraiak aztertzeari ekin diote. Unibertsitateko karrera bukatu eta edonon jakinduria zabaltzeko gerturik daude.

Garai baten euskaraz jakinez gero, jendeak uste zuen euskarari buruzko kontu guztiak bazekizkiela. Etimologiak eta, barra-barra azaltzen zituzten, maiz gauza okerrak esanez.

Euskal filologoak, euskarari buruz ari denean, zuhur jokatzen du. Zer dakien badaki eta zer ez dakien ere bai.

Euskal filologoei esker, uste oker asko pikutara joan dira. Adibidez, Gipuzkoako euskara Bizkaikoa baino hobea dela.
Edota Eibarko eta Bermeoko euskara traketsa dela. Euskal filologoek ongi dakite herri horietako euskararen egiturak, hezurdurak ez diotela inongoari zorrik.

Eibarko euskararen aberastasuna azken aldi honetan frogatua baino frogatuago gelditu da.
Bermeoko euskara, berriz, noranahiko dela besteak beste, Eneko Barrutiak, Antonio Perez Bilbaok, Begoña Bilbaok... garbi eta argi erakutsi dute.

Euskal filologoek idatzitako liburuak asko eta estimagarriak dira.

Euskal kulturaren alor asko maisuki jorratu dituzte.

Beste aldetik euskal filologoak kargu eta postu garrantzitsuetan dabiltza: ikastetxeetan, euskaltegietan, udaletxeetan, irratietan, telebistan, itzulpen lanetan, Eusko Jaurlaritzan, lana serioski eginez.
Euskal filologoek arnasa berria ematen diote euskarari.

Zer iruditzen zaizue Garateren testua? Ados? Kontra? Bai baina ez?
----------

2007-12-04

Permalink 18:26:33, Atalak: Unibertsitatea/Irakaskuntza  

PISA txostena eta nire ikasleak

Ez dut mezu mamitsu eta gogoetatsu bat idazteko asmorik. Ez dut gaur argitaratu den PISA txostenaren emaitzak iruzkintzeko gogorik. Ezta emaitza horiek nire ikasleen mailarekin alderatzeko xederik ere (lehenengo lanak zuzentzen ari naiz eta, nahiko banu ere, ez nuke aski daturik izango).

Alabaina, ohartarazi nahi dut urterik urtera unibertsitateko lehenengo mailan ditudan ikasleei karrerako gaiei buruzko interes gutxiago sumatzen diedala, irakurtzeko zaletasun gutxiago erakusten dutela, lehengo jarrera pasiboa ez dela pedagogoek agindu ziguten bezainbeste hobetu eta ikasleek ia ez dutela galderarik egiten eta askori kostatzen zaiela eskolan parte hartzea, maiz iruditzen zaidala esaten dudana ez dutela ulertu ere egin eta,
batez ere,
bereziki,
batik bat,
nagusiki,
oroz gain...
gero eta ikasle gehiago daudela eskolan luzaz aldameneko(ar)ekin hizketan ari direnak, eta ez beti ahopean, eskola ematea nekagarri eta jasanezin bihurtzen dutenak, hamazortzi urte-edo izan beharrean zortzi urte dituztela ematen dutenak.

Iaz mota honetako dozena erdi bat ikasle izan nituen; aurten dozenatik hurbilago. Datorren urtean? Hau al da unibertsitatearen etorkizuna?

Eskerrak ikasle hauetako batzuk hurrengo urteetan hobetzen diren.

Ba al du honek konponbiderik?
----------

2007-12-03

Permalink 23:33:42, Atalak: Urteurrenak  

FiloBlogian duela urte bat, duela urte bi...

Duela urte bat: Duela urte bi: Eta duela hiru urte: Dirudienez, alfer ibili nintzen eta ez nuen ezer idatzi hilabete osoan.
----------

:: Hurrengo orrialdea >>

FiloBlogia

(euskal) hizkuntzalaritza-filologiei eta inguruko gaiei buruzko blog bat

blog sobre lingüística y filología (vascas) y temas más o menos conexos

a blog about (Basque) Linguistics and Philology, and related topics

Harpidetu Harpidetu

Creative Commons License
Lan hau Creative Commons-en baimen baten mende dago.

Add to Technorati Favorites

Sortzailearen profila

Nire profila eta kontaktua

Ricardo Gómez

Kontaktu formularioa

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Bilaketa

Blog hau sindikatu

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

free 
website stats program

powered by
b2evolution