Koldo Mitxelena Katedraren II. Biltzarrean entzun genituen hitzaldi eta komunikazioen laburpenarekin jarraitzen dut.
Lehenengo eguna, urriaren 8a:
17:15 Txostenak - Mikel Martinez Areta (UPV/EHU): "Fonosinbolismoa eta euskara":
Martínez Aretak palatalizazio adierazgarria eta fonosinbolismoa bereizi zituen, eta euskaran bakoitzaren jatorri eta bilakaeraz zenbait proposamen egin zituen.
- Julen Manterola (UPV/EHU): "-a artikulu "definituaren" erabilera ekialdeko euskaretan":
Manterolak artikulu "definitua" ekialdeko hizkeretan eta zenbait posiziotan (adjektibo-predikatua, objektua) izan duen hedatze-prozesua aurkeztu zuen. Besteak beste, gaiarekin lotutako aurreko bibliografia iruzkindu zuen, azterketa sinkronikoek eta dialektologikoek diakronia ezagutzeko duten balioa nabarmendu zuen eta artikulua hartzen duten osagaien semantika aintzat hartu behar dela erakutsi zuen.
- David Peterson (Burgosko Unib.): "Onomástica y población en el antiguo condado de Castilla: la documentación conservada en San Millán":
Peterson Mitxelenaren artikulu ezagun batetik abiatu zen (
"Onomástica y población en el antiguo reino de Navarra: la documentación de San Millán", 1976; berrarg. in
Palabras y textos. Bilbo.EHU, 1987, 59-72). Baina Mitxelenaren lanean agertzen ez diren IX-XI. mendeetako zenbait toponimo azaldu zituen. Leku-izen horiek kronologikoki eta geografikoki aztertu zituen eta, halaber, garai hartako eta lurralde hartako gertakari historikoekin lotzen saiatu zen.
18:30 Txostenak - Henrike Knörr (UPV/EHU): "Revisando viejos problemas: los topónimos vascos en -ain, -ana, -ano, -iz":
Atzizki hauei buruz azaldu diren zenbait etimologia birpasatu ondoren, Knörrek honako hauek proposatu zituen:
-ain latinezko genitibotik (
[ex uilla] Antoniani >
Andoain);
-ana eta
-ano latinezko ablatibotik (
[ex uilla] Antoniana >
Antoñana);
-iz < lat.
-ici (
[ex uilla] Aiestiualici >
Estibaliz,
Estibariz). Alabaina,
-ano eta
-iz atzizkiak euskal jatorriko oinarrietara ere hedatu ziren (
Otxandio,
Marquiniz).
- Céline Mounole (UPV/EHU): "Ohar batzuk Lazarragaren aditzaz (1567)":
Mounolek
Lazarragaren eskuizkribuko aditz sistemaren aurkezpen orokorra eskaini zigun, aspektuari, denborari, moduari, komunztadurari eta laguntzaileei buruzko hainbat ohar eta adibide emanez. Lazarragaren testuak euskal aditzaren bilakaera aztertzeko duen garrantzia nabarmendu zuen eta, azkenik, bertan azaltzen den aditz sistema XVI. mendeko beste euskal testuetan agertzen denaren pareko dela ondorioztatu zuen.
Jakina da euskaraz adizki ditrantsitiboetan (NOR-NORI-NORK deitu izan direnetan) ezin dela 1. edo 2. pertsonari dagokion aurrizki absolutiborik agertu. Murriztapen hau unibertsala dela aldarrikatu da, batzuek
Pertsona-Kasu Baldintza deitu izan dutena. Hala ere, euskal testuetan baldintza hori hausten duten zenbait adibide aurki daitezke, batik bat
Leizarragaren itzulpenetan. Komunikazio honetan, 1. edo 2. pertsonako absolutiboa duten adizki ditrantsitiboen adibideak aurkeztu ondoren, salbuespen horiek azaltzeko eman diren hipotesiak birpasatu ziren (arkaismoa, lokalismoa, analogia) eta beste hipotesi bat proposatu zen: hedapen eta iraupen mugatua izan zuen berrikuntza bat izatea. Dena dela, edozein hipotesi onarturik ere, adizki horien desagerpena desgramatikalizaziotzat har daiteke eta, horrenbestez,
Haspelmath-en azterbide funtzionalistaren kontrako froga gisa ere erabil liteke.
Lotutako sarrerak: