Mezua: Unibertsitateko ikasleen nortasuna

2007-10-24

Permalink 18:42:12, Atalak: Unibertsitatea/Irakaskuntza  

Unibertsitateko ikasleen nortasuna

Gaur El Correo egunkariak argitaratu duenez, Eusko Legebiltzarrak EHUri gogorarazi dio azterketen kalifikazioak argitaratzean ikasleen identitatea ezin dela agerian geratu.

Honek esan nahi du, esate baterako, kalifikazioak hormetan edo bulegoetako ateetan jartzean, ezin direla ikasleen izen-abizenak agertu, ezta NAN zenbakia ere (honek ere ikaslearen pribatutasuna hautsiko bide lukeelako). Aitzitik, ikasleak identifikatzeko kode bereziak erabili behar direla aholkatu du Datuak Babesteko Euskal Bulegoak eta, horrenbestez, EHUrekin batera ari da lanean arautegi bat ateratzeko.

Dirudienez, ez irakasle eta ez ikasleen artean ere ez dago adotasunik. Batzuek begi onez ikusi dute Eusko Legebiltzarraren eskaera; beste batzuei, aldiz, ez zaie hain egokia iruditu eta, beste batzuek, azkenik, ez dute iritzirik eman.

Niri ondo iruditzen zait ikasleen pribatutasuna gordetzea. Baina honek kalifikazioak horma eta ateetatik kentzea ekarri beharko luke, ez baitiot zentzurik ikusten norberak bakarrik uler dezakeen kodez osatutako zerrendak argitaratzeari.

Askoz egokiagoa litzateke, nire ustez, kalifikazioak GAURen (EHUren akademi gestiorako webgunean) bakarrik agertzea eta ikasle bakoitzak bertan kontsultatzea. Gaur egun, aukera hori indarrean dago; hala ere, oraindik horma eta ateetako paperezko zerrenden ohitura zaharrarekin jarraitzen dugu askok.

Beste alde batetik, oker ez banago, GAURek bakarrik balio du azken kalifikazioak argitaratzeko; beraz, azterketa partzialen edo lanen kalifikazioak ezin dira GAURen argitaratu. Honetarako, irakasleok baditugu beste baliabide batzuk (eKasi, Moodle), baina oraindik irakasle gutxik erabiltzen ditugu eta, gainera, ez nago ziur baliabide horietan ikasleen pribatutasuna ondoegi gordetzen den.

Zer uste duzue zuek?
Zein abantaila edo desabantaila ikusten diozue ikasleen kalifikazio-zerrendak horma edo ateetan argitaratzeari? Eta, hala argitaratuz gero, izen-abizenekin ala ezkutuan nahiago?

Iturria:

Erantzunak, Pingback-ak:

Bidaltzailea: Ekaitz Santazilia [Bisitaria] · http://www.blogari.net/euskofilia
Nik neuk ez dut arazorik nire izen abizenak denen aitzinean agertzearekin, baina uler dezaket egon daitekeela hori nahi ez duen inor, ikasgai batean ateratako kalifikazioa ez baitzaio jabeari baino inporta.

Halere, izenaren ordez NAN zenbakia agertzearekin aski dela uste dut (kode arrarorik gabe), ez baitzait iduri inor ibiliko denik jendearen NAN zenbakiak apuntatzen gero notetan kuxkuxeatzeko!

Nike eskertzen dut internetez gain notak horman egotea, batzuetan ez baituzu sarean sartzeko aukerarik, eta usu nota ikusi eta irakaslearekin egin biak aldi berean egin dezakezulako.

Izenak ez agertzeak badu bere desabantaila, izan ere, batzuetan pertsona ba joaten da fakultatera notak ikustera eta bere ikaskideenak ere apuntatzen ditu ahal bezain laster eta bertaratu gabe ikaskideek nota jakin ahal izateko. NAN bidezko sisteman hori ez da posible.


PD: bejondeiela bi euskaltzaingaiei!
Permalink-a mezu RSS 2007-10-27 @ 22:23
Bidaltzailea: mizpira [Bisitaria]
Nik ez nituzke tabloietatik notak kenduko. Izen-abizenak agertzea egokia ez bada, NAN-a nahikoa dela esango nuke, baina horrek ere ez badu balio, eta kode bereziren bat erabili behar bada ere, ona iruditzen zait azterketa jakin batean egon diren kalifikazio guztiak zein diren ikustea.

Jakinmin hutsagatik, agian, baina niri behintzat gustatzen zait orokorrean taldea (nota bakoitza norena izan den jakin beharrik gabe) nola moldatu den ikustea, eta neure burua (onerako edo txarrerako) kokatzea.
Permalink-a mezu RSS 2007-10-28 @ 23:46
Bidaltzailea: Antton Alberdi [Bisitaria] · http://www.euskalnatura.net
Niri, pertsonalki ez dit inolako ondoezik sortzen nire kalifikazioak horma batean azaltzeak. Ulertzen dut, ordea, forma hau atsegin ez duen jendearen jarrera. Hala ere, afera ikasle eta irakasleen artean konpontzea ez dut horren zail ikusten.

Kurtso hasieran irakasleak galdeketa bat egitea nahikoa izango litzatekela deritzot, eta bere izena kortxoan ikusi nahi ez duenak esan diezaiola, notak era pribatuan jaso ahal izateko.
Permalink-a mezu RSS 2007-10-29 @ 16:40
Bidaltzailea: Ricardo Gómez [Kidea]
Oso interesgarriak agertu dituzuen iritziak.

Orain arte azaldutakoaren arabera, ondo ulertu badut, notak hometan jartzeari abantaila gehiago ikusten dizkiozue, ez jartzeari baino.

Batzuek NAN zenbakia jartzea aipatzen duzue, baina hori ere legez kanpokoa da, dirudienez. Eta legea dena guztientzat da lege, onerako edo txarrerako. Beraz, Anttonek aipatzen duen inkestaren soluzioa ez dut uste Eusko Legebiltzarrak onartuko lukeenik.

Mizpirak aipatzen dituen estatistikak eta bestelako datu orokor horiek ere erraz eskain daitezke baliabide elektronikoen bitartez eta ikasle guztien eskura jarri.

EHUko irakasle bakoitzak, esaterako, ikasleek egin dioten ebaluazioaren datuak eskuratu ditzake. Baina, horiekin batera, baita irakasgaien txostenak, kurtso-taldeenak, sailena, titulazioenak, ikastegienak eta EHUko txostena ere eskuratzeko aukera dugu. Hala, norberaren txostena beste zenbaitekin erkatu dezakegu.

Horrelako zerbait egin liteke erraz (honezkero ez badago, ez baitakit) ikasleen notekin ere, nik uste. Eta ikasleek beren notak erreferentzia askoren arabera erka litzakete.

Alta, bada puntu bat gutxiagotan aipatzen dena eta notak hormetan jartzeak bakarrik ahalbidetzen duena: hormetan egonik, irakasleok gainerako irakasleek jartzen dituzten notak ikus ditzakegu. Honela, adibidez, ikasle batek asignatura desberdinetan ateratzen dituen emaitzak konparatu ditzakegu (nirean nota baxua atera badu eta gainerakoetan altua, edo alderantziz, gaizki kalifikatu dut? zer gertatu da?); edo talde batek irakasle batekin edo beste batekin ateratzen dituen notak alderatu; edo irakasgai batean urterik urte atera diren notak parekatu, etab.

Ikasleentzat gainerako ikasleen notak, taldearen notak, jakitea garrantzitsua izan daitekeen bezala, irakasleontzat ere datu baliagarria da (beste arrazoi batzuengatik, jakina) gainerako irakasleek jartzen dituzten notak ezagutzea.
Permalink-a mezu RSS 2007-10-29 @ 22:44

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small, img>


authimage

Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)
----------

FiloBlogia

(euskal) hizkuntzalaritza-filologiei eta inguruko gaiei buruzko blog bat

blog sobre lingüística y filología (vascas) y temas más o menos conexos

a blog about (Basque) Linguistics and Philology, and related topics

Harpidetu Harpidetu

Creative Commons License
Lan hau Creative Commons-en baimen baten mende dago.

Add to Technorati Favorites

Sortzailearen profila

Nire profila eta kontaktua

Ricardo Gómez

Kontaktu formularioa

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Bilaketa

Blog hau sindikatu

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

free 
website stats program

powered by
b2evolution